Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ilarreta | Limuri (Limoi) | Ollo

 

Limuri

(Limoi)

(hondakinak)

 

      Inguruan gehienek Limoi bezala ezagutua da. Bere lurrek Donostiarekin muga egiten dutenez, mapetan Limuri ere agertzen da. Iñaki Linazasorok idatzitako “Caseríos de Guipuzcoa” liburuan, 204. orrialdean Limoi (Juanategui) agertzen da.

      Zesareo Ormazabal zenak esana (lau belaunaldiz etorritako deitura) 130 urte bazituela 1929. urtean. Obra batzuk auzokoen laguntzarekin egin eta alabak Joana izena zuenez, aitak sarrerako atearen gainean “Juanategui” jarria ote zen dio nire solaskide Eulali Aranburuk. Hala izanda ere, auzokoek Limoi esanda ezagutzen dute gaur oraindik.

      Hernaniko erdigimetik kilometro pare batera. Galarreta aldeko errepidea hartu, Estubegiko malda eskuinera utzi, eta Lasarte aldera doan bidean eskuinera, Zabalegi, Nekazaritza Eskolako bidean sartu eta honen azpialdean zegoen. Iparraldera Oriamendi, hegoaldera Santa Barbara mendia bere ermitarekin, ezker aldetik Santio-mendi eta eskuin aldera Lore-Toki eta Zabalaga baserria (egun Txillida-Leku).

      Bi isuriko eraikin garbia zen. Sarrera nagusia hegoaldera begira. Hiru solairu zituen, sarreran ukuilua eta sukaldea. Bigarrenean logelak eta komuna eta goian ganbara garaiko uzta jasotzeko. Atzetik ukuiluko irteera ganadua, hauentzako janaria eta azpigaia sartu eta simaurra ateratzeko.

      “Sarrerako fatxada nagusian bazuen mahastia alde batetik besteraino luzatzen zena. Udazkenean mahats-mordo zuriak zintzilika izaten zituen gure atsegingarri”.

      “Fuerteventura kondearena zen garai batean Limuri baserria, eta hor bizi izandako familia guztiak maizterrak ginen. Antza, 1929. urte hasieran atera zen hemendik Ormazabal-Gaston familia alaba batekin Añorgako Amasorrain baserrira. Honetan, 1932ko maiatzaren 13an Juanainaxi Urkizu Altuna, Elduaingoa, eta Felix Aranburu Garmendia, Hernaniko Agerre baserriko semea ezkondu ziren, eta Limuri baserrian jarri bizitzen. Bi alaba izan hemen: Eulali eta M. Rosa. Hiru urte egon zen hutsik baserria hauek etorri aurretik eta halaxe gelditu zen hauek 1935. hasieran aitaren jaiotetxera itzuli zirenean ere. Gerra zibilaren garaian Santa Barbaran bonbardaketak zirela eta, bertako Justo Izagirreren familia eta ganaduak egon ziren Limuri baserrian”.

      Gaur egun ez dago baserririk. Gorago aipatu bezala, 1977an eraitsi zuten apurka-apurka goitik behera zetorrela eta norbait azpian harrapatzeko arriskua zegoela argudiatuz. Bertako lurrak saldu berriak dira, agidanez.

      Eulali solaskidearen garaian hiru bat behi, oilo batzuk eta baratze koskor bat izaten zuten. “Ama 16 bat litro esne eta barazki apur batzuk astoan hartu eta Donostiara oinez Estubegiko maldan gora. Orduan ez zen artean autobusik. Aitak, berriz, anaia bat zuen Donostian, okina bera, eta harekin hasi zen ogi partiketan, baita txofer ikasi ere”.

      “Limurik ez zuen urik ez eta argirik, baina etxetik atera eta berrehun metrotara txokogunean Marijoandegiko iturria zegoen. Han garbitzen genuen arropa eta behiak edanaztera eramaten, eta bertatik etxerako ura ekarri ere. Gu bezala inguruko baserrietakoak etortzen ziren. Aska ederra zegoen ganaduentzako eta alboan harria gobara astindu, harraskatu eta marruskatzeko. Rocandio jaunak ederki margotu eta jaso zuen iturri hau koadrotxo polit batean”.

      “Hara, 1932. urtean egin zen auzolanean Jauregiko eskola. Artean hiru urte egin gabe nintzela, goiz batez hor alde egin nuen eskola horretara, haurren jolas hotsa entzunda. Iritsi nintzen eskolara eta atea itxita. Arbustu tartetik pasatzen hasi eta han gelditu nintzen ez atzera ez aurrera trabatuta. Negarrari eman nion eta barruan zeuden neska-mutilek señoritari esan. Joanita Setien zen orduan hango maistra. Atera kanpora eta ni (Eulalitxo) negarrez. Haur guztien artean, eta mimo guztiekin, ederki pasa nuen goiza. Bestetik, asko joan eta ibiliak gara bi ahizpok Marijoandegi baserrian ere, amak Donostiako buelta egin bitartean. Ez baitzen gaur adina automobil ibiltzen orduan!”.

 

Ilarreta | Limuri (Limoi) | Ollo