Txilibita Fanfarrea / Santa Barbara
2023
1. SANTA BARBARA
Isidro Ansorena
Gerra ondoren, Hernanin ez zen elkarterik geratu eta, biltzeko lekuren baten bila, lagun talde batek Santa Barbara elkartea sortu zuen 1947an. Isidro Ansorenak ordurako bazeramatzan 30 urte Donostiara ezkonduta, hiriburuko txistularien buru, baina jakina da herriko lagunekin harreman estua mantendu zuela gero ere.
Haiek eskatu edo gonbidatuta egingo zuen noski, elkartearen abestia. Doinu xume eta atsegina da, ohi zuenez Isidrok berak beste hainbatetan ere erabilitakoa (bere txistu metodoan ere argitaratu zuen, zortziko itxuran). Bertsoa ere jarri zion, baina Hernanik eman duen txistulari handiena ez zen hain bikaina bertsotan eta, elkartearen 60. urteurrenean, 2007an, Unai Agirrek paratu zituen orain dituen biak:
1
Lagun arte bat ere jaio zan
Santa Barbara jaiotzian.
Zenbat histori ta tanborrada
galduko zan gañontzian!
Hango giroa soma liteke
pasatu aldi bakoitzian:
udan terraza freskoa eta
epel neguko hotzian.
Bidez eskubi aldera dago
Iturriagatik igotzian;
hauxen da gure kabi goxua
Hernaniko bihotzian.
2
Mokadu finak izaten dira
hogei eta hamaika hillian.
Santa Barbaran bazkide nor den
seinale du perfillian.
Txuleta brasan, almejak plantxan
eta ollaskuak grillian,
legatza saltsa berdian eta
bakaillua pil-pillian,
Esaera da pertsonak oinez
ikasten dula ibillian:
soziedadeko bizimodua
mahai bueltan ta parrillian.
2. ERIKA
Iñaki Eguren
2016ko maiatzean beste zorigaiztoko auto istripu batek kolpatu zituen Hernani eta Txilibita Fanfarrea: Erika lagun eta soinujole maitea kendu zigun. Geroztik, fanfarreak haren izenean ondutako kalejira honekin hasi nahi izaten ditu bere saioak, Erikaren umoreak eta soinuak gure artean jarrai dezaten.
3. OILO DANTZA
Ezezaguna
Pasodoble hau Azkoitiko Montte baserrian jaso zien 1980ko hamarkadan Juan Mari Beltranek XX. mendeak eman dituen Gipuzkoako dultzainero sonatuenetakoei, Montteko sudupetarrei alegia. Izena guk jarri diogu, fanfarrerako egindako moldaketak ematen dion aireagatik edo.
4. MUXIKOAK
Herrikoia
Gaur egun, berriz ere, Lapurdi eta Nafarroa Beherean dantza jauzirik ospetsuenetakoa da hauxe, Luzaiden bizi-bizirik mantendu dutena beste batzuen artean. Bere luze bezain ederrean, jauzien dantza generoari berari izena ematera ere iritsia da.
5. URRESTILAKO FESTETAN / TRANTZIRUNA
Antonio Aranaga “Auntxa” / Herrikoia
Auntxak, Iturbide pandero jotzen ondoan zuela, handi egin zuen soinu txikia. Urtetan alaitu zituen, beste askoren artean, bere auzoko festa eta erromeriak, eta haien izena darama urrestildarraren fandangorik ezagunenak.
Arin-arina berriz, arras zabaldua da soinujole, dultzainero, txistulari eta gainerakoen artean. Lau, lau, lau izenez ere ezaguna, Beltranek Orioko Jose Peñari jaso zionaren arabera deitu dugu hemen, hala kantatu baitzion: Trantziruna trantziru, trantzirunarena, trantziruna trantziruna trantzirunarena...
6. ASKATASUNA
Telesforo Monzón / Ezezaguna
1990eko hamarkadan, Egiako Trebeska dantza taldeko fanfarreak bi martxa hauekin bakarra egin zuen. Telesforo Monzonen Askatasunaren ibilkuntza da lehenengo zatia, eta bigarrenaren jatorririk jakiterik izan ez badugu ere, Bizkaia eta Gipuzkoako dultzaineroek jotzen zituztenen taxu handia du jitean. Oso ezberdinak izanagatik, ederki ezkonduta daude.
7. BASO URKA
Herrikoia - Auvernia
XIX. mendearen hondarrean egundainoko arrakasta izan zuten Europa guztian polka, bals, kontradantza, mazurka, txotis eta tankerako dantzek, baita Euskal Herrian ere, batzuk gure tradizioan sustraitzera iritsi arte.
XX. mendearen amaieran berriz, Frantziako zenbait jaialdi eta dantza ikastaro hasi ziren berriro hauen sona hedatzen, eta ostera iritsi ziren gurera, Patxi Perez eta beste batzuen lan handiari esker. Jaialdi horietan eredutzat erabili izan dituzten doinu horietakoa da mazurka hau (masurca okzitanieraz), Auvernian jatorria duen doinu ederra, John Ryan’s Polka irlandarra eta beste zenbait bezala, erabiliaren erabiliaz ia herrikotzat dute gure belarriek. Izena guk jarria da (bistakoa da).
8. LUMBIER
Ezezaguna
Iruñeko Gaiteroek, beste askori bezala, Irunberriko txarangari doinu mordoska jaso zioten 1970eko hamarkadan, urte askotan izan baitziren bertako gaitero.
Murga horietako batzuk argitaratu zituzten eta berriro hedatu dira gaiteroen artean. Hau ordea, oso ezaguna gertatzen zaigun arren, ez dugu aurkitu horien artean. Juan Mari Urruzola tolosarrak pasa zigun, hark iruindarrei entzunda.
9. SAIBURURENA
Herrikoia / Iñaki Eguren
Bertso doinu ezaguna, bals tankeran osatu eta moldatua. Doinua bera Aita Manuel Lekuonak jaso zuen eta badirudi Saiburuk bertsotan maiz erabilia zuela.
Juan Jose Lujanbio Zabaleta Saiburu (1874-1954) Hernaniko bertsolari handia izan zen: Txirrita beraren lehengusu eta oso maizeko bertso laguna izateaz gainera, hura bezalaxe Ereñotzun jaioa zen eta gero Errenteriara aldatua.
10. ZAPA
Joakin Ortega “Kanario”
Felipe Sagarna Zapa, oso gizon ezagun eta maitea zen Hernanin, 1980an etxeko atarian BVEkoek tiroz erail zuten arte. Santa Barbara elkarteko kide eta Incansables txarangako danborreroa, festa jarri zale galanta zen, eta seguru asko horregatik hil zuten, herriaren poza isil arazi nahian.
Kanario lagunak eskaini zion pasodoble hau, Incansablesen errepertorioan ezinbesteko bilakatu zena berehala, eta Hernanin bereziki, herriko festen soinu bandaren oinarrian dagoena geroztik.
11. SANTA BARBARAKO KUNBIA
Imanol Iribarren
Imanol Iribarren adiskideak osatu digu doinu berri hau, Santa Barbara elkartearen 75. urteurrena. Kunbia airez (sanjoan usaia ere baduelakoan gaude), beste hainbeste urtean dantzan jarraitzeko aproposa.
Santa Barbara elkartearen 75. urteurrenean (1947-2022)
Ereñotzuko Aieka estudioan grabatua, 2022ko abenduan.
Musika moldaketa guztiak Iñaki Egurenek eginak dira, Baso urka salbu, hau Manex Zabaleta eta bien artekoa; eta Santa Barbara, Isidro Ansorenaren jatorrizkoa.
ESKERTZAK:
Santa Barbara elkartea izan dugu bide lagun disko honetan, lehen ere mokadu eta aldarte ederrak eskaini dizkiguna.
Pellok, Txilibita baserriaren itzalean duen estudio txiki eta goxoan, erraz jarri digu bidea.
Eneko eta bere helikoiak, baxuak jarri dizkigute eta pistoidun txilibituak pito-tronbon izena duela erakutsi.
Kanariok Zaparen partitura utzi zigun eskatu orduko, bazterretik serio-serio begira, baina beti laguntzeko adi. Imanolek piztu eta poztu egin gaitu bere kunbiarekin, ez da gauza txikia. Denak ere Beti Prest komandokoak, haiek eta beste askoren laguntzari esker gaude hemen.
Txistulariak: Iñaki Eguren Etxabeguren (1. txistua), Iker Apaolaza Avila (2. txistua), Julen Beraza Peña (silbotea) eta Iñigo Arzallus Sagardia (atabala).
Txilibita Fanfarrea: Aitor Aiestaran Trevijano (dultzaina), Idoia Ansorena Mujika (txirula), Aitor Ariztegi Gainza (dultzaina), Andoni Arzallus Sagardia (perkusioa), Iñigo Arzallus Sagardia (perkusioa), Estebe Atorrasagasti Irulegi (akordeoia), Aloña Beraza Peña (akordeoia), Julen Beraza Peña (perkusioa), Iñaki Eguren Etxabeguren (bonbardinoa, dultzaina eta txirula), Beñat Elizegi Rodriguez (perkusioa), Imanol Garcia Gerra (saxofoia), Iker Jauregi Baro (saxofoia), Josu Macicior Laguardia (perkusioa), Mikel Ortiz Arbaizar (dultzaina), Mikel Prieto Merino (saxofoia), Manex Zabaleta Ugalde (txirula)
Artista: Eneko Hartsuaga Jauregi (helikoia)
Soinu teknikaria: Pello Gorrotxategi Oiartzabal
Txilibita+: ...2009an sortu zenetik, Txilibita Fanfarrekoak izan dira hauek ere: Erika Macicior Marin, Iñigo Montero Zabaleta, Aitor Ortiz Arbaizar, Ander Berrondo Urruzola, Ane Macicior Laguardia, Maddi Pedro Melchor, Lander Gaspar Hernandez, Mikel Alvarez Recio, Saioa Patxe Genbelzu, Aitor Zabaleta Aginaga, Ander Arandia Mitxelena, Eneko Ortiz de Luzuriaga Sevillano, Jokin Ruiz Rekondo, Julen Elizegi Aierza, Erik Ramos Melchor