Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Oianume

 

      Etxeak Oialume dauka, eta Koro bertako etxekoandrea hala den ustetan dago. Oihalume (zapia/haurra) bi gauzak bata bestearekin ikustekorik baduten arren, ez dirudi horrelakorik. Paralelismoz Sagastume sagasti gaztea baldin bada, “Oihan ume” ohian edo baso gaztea izan behar. Ez dago sobera zalantzarik horretan. Gainera, lehen-lehenago Litzartxueta omen zuen izena. Hernani-Astigarragako mugaren gain-gainean kokaturik dago historia bitxiko Oianume baserria.

      Agidanez, Martindegi auzoko seme bat, beste asko bezala, Ameriketara joana, handik sos batzuk eginda etorri eta etxekoek:

      —Zer egin behar dek orain?

      —Hortxe, etxe bat altxa.

      “Leon Castillo” bota eta Hernanira suertatu. Halatan bada, sukaldea Hernaniko partean eta gainerakoa Astigarragan daukala eraikia dago etxea.

      Alabaina, orain Diputazioak edo erakunde horretako teknikariek, hori eta horrenbestez, etxekoekin deus kontatzeke, etxe ondoko erreka hartu dute mugatzat. Auzia, begibistan, puntu honetan datza: familiak betidanik hernaniartzat jo duela bere burua, hernaniar izan direla betidanik. (Ikus artxiboa). Zera ailegatzen dute:

      —Hernanin jaio eta Hernaniko parrokian bataiatuak izan direla.

      —Zergak Hernanin ordaindu.

      —Gorputz bidea Hernanira, hildakoak

      Hernaniko hilerrian.

      —Hernanira botoak ematera.

      “Arrazoi gehiago behar ote?”

      Etxeak oraingo egitura bera zuen, planta bat gutxiagorekin. “Aita zenak altxatu zuen hau”. Garai batean, Hernani aldetik sarrera nagusia, behean ukuilua iparraldetik eta, taberna edo denda koxkor bat denetarik (janari eta edari) zuena hegoaldetik.

      Asentsio etxeko nagusia solaskide, Joan Joxe aitonaz oroitzen da. Gurasoak, aita Jabier Barrenetxea Aizpurua, Lonja baserriko semea eta ama, bertako alaba, Kristina Agirrezabala Lete. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Iñaxio, Joan Joxe, Pedro, Joana, Asentsio, Manoli, Margari eta Joxe Mari. Gurasoekin Asentsio gelditu eta Koro Lasarte Garmendia emaztea, Urnietako Aierdi baserriko alaba, eta Ander eta Estitxu seme-alabak. Orain, senar-emazteak, seme-alabak eta izeba Joana bizi dira etxean.

      Baserria ez zen handia. Hiruzpalau behi, zaldia (orga, lera, saskiak), zerria etxerako eta baratze puska bat izaten zuten. Esnea eta barazkiekin Donostiara. Beharrik, aita herriko basozain zela, etxerako sos batzuk bildu ahal izateko. Horretaz aparte, taberna koxkor bat, eta bilera igande nahiz jaiegunetan. Aski ezaguna da inguruotan bilera deitu gazte festa hau, 58 denboraldi bete dituena. Agidanez, datorren San Josetan beteko ditu 59 urte, apustu bat bitarteko sortu zen bilera edo gazteriaren biltoki honek Oianumen.