2.1.
FRANKISMOA
(1939-1975)
1936ko altxamendu faxista II. Errepublikaren baitan ematen ari ziren aurrerapauso guztiak eten zituen. II. Errepublika lorpen handiko garaia izan zen emakumeentzat, jendartean, politikan eta hainbat esparrutan beren lekua lortzen ari baitziren pixkanaka.
Ezin daiteke esan, Errepublika garaian egoera guztiz positiboa zenik, eta emakumeen eskubideen aldeko aldarria indartsu zegoenik, baina egoera soziopolitiko berriak aukera ematen zuen jendarte berri baterako oinarriak ezartzeko; esperantza ugari zegoen bertan jarria. Hala ere, aukera berri ñauen kontra agertzen ziren, besteak beste, tradizioaren pisua, hezkuntza, jendartean sexuen araberako ezberdintzea, eliza kontserbadorearen eragina, eta alderdi progresistenen interes falta. Itxaropen aldi honek ibilbide motza izan zuen baina; 1936. urtean Espainiako Gerra Zibila hasi zen; hemen ere emakumeek hainbat eginkizunetan hartu zuten parte.
1939. urtean bukatu zen gerra, bando nazionalaren garaipenarekin eta Francoren erregimen diktatoriala hasi zen. Hemen hasi eta 1975. urtera arte iraun zuen. Denbora horri deitzen zaio Frankismoa. Frankok estatu berri bat eraiki zuen, guztiz estruktura hierarkizatua zuena; bere zutabe nagusiak nazionalsindikalismoa eta nazionalkatolizismoa izanik.
Erregimen berri honek errepresio bortitza erabili zuen eta aurreko garaian lortutako eskubide politiko eta indibidualak ezabatu zituen. Diktaduraren errepresioak emakumeek hartuta zuten emantzipaziorako bidea itxi zuen; desagertu egin zituen eremu publikotik eta euren ahotsa isilarazi. Errepublikak onarturiko lege aurrerakoi guztiak bertan behera geratu ziren eta 1889ko Kode Zibila berrezarri zuen. Horrez gain, lan eremuko hainbat lege onartu ziren, emakumeak lan merkatutik urruntzeko helburuz, ezkontza eta amatasunaren aldeko pizgarriekin batera. Lan merkatuarekin zuen harremanaz gain, sexuen arteko harremanak ere eraldatu zituen honek guztiak. Errepresioa bortitza izan zen esparru guztietan. Aipatutakoez gainera, garrantzitsua, euskara eta euskal kulturak jasandakoa ere. Laburbilduz, esan daiteke, Frankismoak atzerapausoa suposatu zuela zentzu eta arlo guztietan. Eta honetan izugarrizko pisua izan zuen eliza katolikoak; erregimenarekin batera bizitzako arlo guztietan bere doktrina inposatzeari ekin baitzion, moralaren eta jainkoaren izenean.
Errepublika garaian emakumeak bozkatzeko itxaroten,
Hernaniko Biteri eskola aurrean, 1933.
Iturria: Kutxa Fototeka.
Bozkatzerako garaian, emakumeak alde batetik
eta gizonek bestetik egiten zuten.
Frankismoaren barruan bi etapa bereiz daitezke: lehen etapa 1939-1959 urte bitartekoa gutxi gorabehera eta bigarren etapa 1960-75 artekoa. Lan honetan, gehienbat lehen etapa honetan jarriko da indar-gunea, garai honetan ezarri baitzituen Frankismoak bere diktadura ezaugarritu zuten oinarriak. Esan dezakegu, lehen etapan, erregimenak genero politiken hari ideologikoa mantendu zuela; bigarrenetik aurrera aldiz, gauzak pixkanaka aldatzen hasi ziren, gehienbat ekonomia irekitzeak ekarritako ondorioei esker.
2.1.1. Frankismoaren lehen etapa (1939-1959):
emakumeak “etxeko aingeruak”
Francoren erregimenarentzat emakumea azpitik zegoen izakia zen, ez jendarte ez politikan, lekurik ez zuena, eta beraz, etxekoandre eta ama izatera bideratua zegoena. Ideia hau tradizionalismo katolikoan eta biologian oinarritzen zen. Emakumeak etxeko zereginetara mugatu eta gizonen menpe egon behar zuen (lehenengo aita eta ondoren senarraren menpe), etxetik kanpo ezin zuen lanik egin, eta bizitza publikoan ezin zuen parte hartu. Biologia oinarri hartuta, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak agerian jarri eta emakumeak ama izatera mugatu behar zuela defendatzen zen. Helburu honek, emakumea alor ekonomiko, sozial eta juridikoan diskriminatuta egotea justifikatzen zuen.
Faxismoak emakumea “arrazaren tenplu” kontsideratzen zuen, haurrak ekarri eta hauek erregimenaren baloreen arabera heztea eta sozializatzea izanik bere ardura nagusia. Gainera, etxetik kanpo lan egitea estatuari eta aberriari traizioa egitea zen; ulertzen baitzen ezinezkoa zela etxetik kanpo lan eginda, etxe barruko funtzioak ondo betetzea.
Ideia hauek berretsiz, Frankismoak emakume idealaren eredua garatu zuen; nazionalismoaren printzipioetan oinarrituta, eta diskurtso medikoa erabiliz. Aipatu moduan, II. Errepublikak emakumearen ereduan aldaketak ekarri zituen eta beraz, emakume eta gizonek bete beharreko paper eta rolak zalantzan jarri. Honek ekarri zezakeenaren beldur, diktadura Frankistak “emakume idealaren eredua” bultzatu zuen eta ondorio larriak eragin zituen sexuen arteko harremanetan. Eredu hau, emazte eta ama on eta eredugarri izatean zegoen oinarrituta, etxeko aingerua edo ángel del hogar deritzanean. Katolizismoak pisu handia izan zuen emakume kristauen osaketa honetan; morala eta emakume dezentearen inguruan irakurketa zorrotza egin zuen, eta baita mugak ezarri ere. Balore sistema jakin bat bultzatzen zen gai ezberdinen inguruan: etxeko lanak janzkera... Hala ere, aipatu behar da ideologia eta eredu honek ez zuela eragin maila berbera izan jendarte klase guztietan.
Lan pedagogiko honetan garrantzi handia izan zuen propagandak, emakumeentzako aldizkariak, batez ere, klase ertainekoei zuzenduak izaten ziren eta hainbat gai “femenino” lantzen ziren bertan: etxerako aholkuak, seme alaben heziketa, moda, emakumeen portaera zuzena, edertasuna... Aldizkari hauek erabili zituen erregimenak, besteak beste, ezarri nahi zituen emakume eta gizon rolak zabaldu eta barneratzeko. Emakumearen ideal honetan eragin nabarmena izan zuen 1934an sortutako “Sección Femenina” delako erakundeak. Hau emakume frankisten erakunde ofizial bakarra izan zen.
Erakunde honek emakumearen lekua etxea zela defendatzen zuen; eta senarra eta haurrak zaindu ahal izateko eta emakume perfektua izatera iritsi ahal izateko saiakera bizia egin zuen. Horretarako Gizarte Zerbitzua (servicio social) delakoa egitea derrigortu zuten, ezkongabeak edo alargunak ziren 35 urtetik beherako emakumeentzat. Halere, 50eko hamarkadatik aurrera, erakundea pixkanaka indarra galtzen hasi zen; eta botere hau eliza eta talde katolikoetara pasatu zen.
Frankoren diktadurak langileen bizi baldintzen okertzea ekarri zuen; lan baldintzetan atzerakada nabarmena gertatu zen eta langileen eskubideak ordezkatzen zituzten erakunde politiko eta sindikatuetan aurkako errepresio bortitza indarrean jarri zen. Langileen zapalkuntza bermatzen zuten arauak jarri ziren indarrean, interes kolektiboak defendatzea galarazten zutenak. Emakumeak lan merkatuan parte hartzea ekiditen saiatu zen erregimena; horretarako hainbat lege eta arau onartu ziren. Horien helburua emakumeak etxeko jardueretara mugatzea zen; are gehiago emakumea ezkondua bazegoen. Esate baterako, 1942tik aurrera lanaren inguruko araudiek “Reglamentaciones de Trabajo” deiturikoek, ezkontzekoan emakume langileek euren postua utzi behar zutela ezartzen zuten, aurrez ezarritako dote baten trukean. Estatuaren menpe zeuden enpresek, esaterako, emakumeak idatzi bat sinatzera behartzen zituzten eta ezkondutakoan lanari uko egitea beste aukerarik ez zuten. Nabarmentzekoa da halaber, emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasuna hainbat legetan jasotzen zela. Ezin aipatu gabe utzi 1946ko legea, familia laguntzari zegokiona, zeinak emakume ezkonduaren lana zigortzen baitzuen, aparteko diru kopuru edo plus familiarra kentzearekin, suposatzen baitzen emakumeak amari zegozkion lanetan (etxean) jardun behar zuela.
Erregimenarentzat oso garrantzitsua zen emakumea etxean egotea. Lan merkatuan jardutea feminitatearen eta amatasunaren aurkako jarrera zela argudiatzen zen. Halere, etxetik kanpo lan egiteko jarritako traba guztien gainetik, emakume ugari izan ziren, etxeaz gain, lan merkatura jo zutenak, legeak zioenaren aurka; familiako biziraupenerako beharrezkoa baitzuten, batez ere, klase ertain eta baxuko familiek. Bestalde, ohikoak ziren etxean egitekoak ziren lanak (“trabajos a domicilio” delakoak). Lan hauek gehienbat emakumeek egiten zituzten soldata eskasen truke. Jarduera hauek errejimenak ontzat ematen zituen, baita lanaldi erdiko jardunak ere, ulertzen baitzen bi lan mota hauek etxeko eginbeharrekin bateragarriak zirela. Beraz, Frankismoak bultzatutako familia nuklear eredu hori errealitatea baino, erregimenak lortu nahi zuen eredu ideala izan zen, errealitatetik urrun.
Nekazal giroan emakume eta neska gazteak landa eremuko lan guztiez arduratzea ohikoa zen. Garai honetan gainera, herri eta hirietan lantegi asko sortzearekin batera, familietako gizon askok baserriko lana utzi eta lantegietara jo zuten. Emakumeak baserriko arduradun nagusi bilakatu ziren, etxeko gaztetxoen laguntzarekin. Hiri guneetan gailentzen zen lana aldiz, neskamearena zen, (jostunak, plantxadorak, labanderak), baita fabriketakoa ere, nahiz eta gizonek baino askozaz ere gutxiago kobratu eta inolako ardurarik ez zuten behe postuetan jardun. Oso emakume gutxi iristen ziren unibertsitatera, ez zuen zentzurik, estatuak emakumeei hainbat lanbidetan aritzea debekatu baitzien. Soilik tradizionalki emakumeei lotutako lanbideetarako formazioa ahalbidetzen zitzaien: irakaskuntza, erizaintza, puerikultura... Letretako ikasketak goi mailako emakumeei soilik ahalbidetzen zitzaizkien, beren senarrei atseginarazteko asmoz.
Horrez gain, aipatu beharra dago erregimenaren hasieratik generoaren araberako lan ezberdinak ezarri zirela eta ondorioz, “emakumeen karrerak” edo “emakume lanbideak” terminoak erabiltzen ziren. Determinismo biologikoak eta erregimenak sustatzen zituzten generoen arteko ezberdintasunek emakumeentzako egokiagoak ziren lanbide hauek justifikatzen zituzten. 1973. urtera arte emakumeek ez zuten lortu lanbide guztietan jarduteko eskubidea (Falcon, 1981).
Argi eta garbi ikusten da, Frankismoaren aburuz, nork izan behar zuen etxera ogia ekarri behar zuena. Emakumeek etxetik kanpo lan egiten bazuten, behin eta berriz errepikatzen zen etxeko ekonomiari “laguntzatxo” bat eskaintzeko zela, baina lan produktiboa gizonak egiten zuela. Aipatzekoa da lana eta emakumearen alor hau estrategia moduan erabili izan dela denboran eta leku ezberdinetan. Komeni izan denean, emakumeek lanbide ezberdinetan jardun baitute (gerra garaitan esaterako); eta beste garai batzuetan, gerra ondorenean, edota krisi ekonomiko garaietan, emakumeak lanetik bota edo uztera behartu zituzten, “etxera bueltatzeko” propagandaren laguntzaz.
Emakumeen lan eremua baldintzatzearekin batera, seme-alabak izatera bultzatzeko mota guztietako neurriak ere martxan jarri ziren: haurrak izateagatik diru laguntzak, antisorgailuen erabileraren debekua, abortuaren debekua, adulterioa zigortzeko irizpideak...
2.1.2. Frankismoaren bigarren etapa (1960-1975):
aldaketetarako bideak irekitzen
Frankismoaren bigarren etapa honetan, gauzak pixkanaka aldatzen hasi ziren eta emakumeen egoera hobetzen. Erregimenak ekonomia arloan ezarritako autarkiarekin amaitzea erabaki zuen, eta honek liberalizazio prozesu bat eragin zuen arlo guztietan. Ekonomia arloko aldaketekin batera, hainbat aldaketa soziopolitiko garatuz joan ziren paraleloki. Horrela, 50. hamarkada bukaeran, emakumeen inguruko legedia eta errealitatearen arteko ezberdintasuna nabarmena zen. Pixkanaka hainbat ahots entzuten hasi ziren, lege aldaketak eskatzeko, baita Frankismo barruan ere. Garai honetan dagoeneko emakumeak ez ziren gizonen azpitik kokatzen; ezberdin baizik. Emakumeak arlo profesionalera eta alor publikora txertatzearen beharraz hitz egiten hasi zen. Hori bai, lanbide eta ikasketa jakin batzuetara bideratzen saiatu ziren. Autarkiaren ondoren, erregimenak bizi zuen garaiak, eta herrialdearen irudi moderno bat emateko beharrak, aldaketa legalak eta eraldaketak ekarri zituen, emakumeei ere eragin zielarik. Legearen onarpenarekin, teorian, emakumeek gizonen eskubide berak zituzten lanbide baten jarduerarako eta jarduera politikorako, baina mugak oraindik ere handiak ziren. Adibidez, karrera judizial batera sartzeko galarazpena, lanpostu batean jarduteko edota soldata kobratzeko, aita edo senarraren baimenak bere horretan mantentzen baitziren.
Hezkuntzari dagokionez, 1960. hamarkadatik aurrera, pixkanaka haziz joan zen emakumeen presentzia unibertsitate ikasketetan eta hainbat lanpostutan (kualifikazio eskasekoak gehienak). Erregimenaren politika ere aldatuz joan zen, analfabetismoa murriztera bideratu zelarik. Hala ere, mutilen formazioari neskenari baino garrantzi gehiago ematen zitzaion bai hezkuntza formalean baita familia barnean ere.
Oro har, Frankismoaren azken aldi honetan emakumeak askatasun handiagoz bizitzen hasi ziren, debekuak leunduz joan ziren eta espazio publikoa gehiago erabiltzen hasi ziren, baita beraien jarrerak, janzkera modua... ere, nahiz eta emandako aldaketa asko, azalekoak izan.
Amatasunaren arloan ere aldaketak eman ziren, jada amatasuna ez zen betebehar bat bezala inposatzen. Erregimenaren ikuspegi aldaketa honek ekonomiarekin izan zuen zerikusia. Espainiaren politika ekonomikoa industriaren garapenean zentratu zen. Hori lortzeko langile kopurua areagotu beharra zegoen eta gizonezkoen esku lanarekin ez zen nahikoa, gehiago behar zen, beraz, emakume langileen kopurua handitu beharra zegoen. Emakumeei erraztasunak jartzearren, haurtzaindegi eta zahar etxeak eraikitzen hasi ziren. Etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeen kopurua igo bazen ere, Europakoarekin alderatuz, baxua izaten jarraitzen zuen. Gainera, gehienak gaizki ordaindutako eta espezializatu gabeko lanpostuetan jardun zuten. Hala ere presentzia nabarmen igo zen, industrian eta zerbitzuen sektorean gehienbat.
Propaganda arloan ere nabaritu ziren aldaketa hauek; emazte-ama onaren ereduak nagusi izaten jarraitu bazuen ere, pixkanaka gai ezberdinak lantzen hasi ziren: musika, moda, edertasuna, lanbideak... Hamarkada hauetan, kontsumismoa ere zabaltzen hasi zen jendartean, eta beraz, emakumeen soldata ongi baino hobeto zetorren familiako ekonomiarentzat. Immigrazioak eta turismoak ere ohiturak aldatzean eragin zuten herritarren artean eta aldaketak bultzarazi maila politikoan.
Gainera, bigarren garai honetan aipatzekoa da, greba orokorretan emakumeek jokatu zuten papera, bereziki Asturias, Katalunia eta Euskal Herrian. Urte hauetan zehar eman ziren mugimendu sozialen aldarrikapenetan geroz eta parte hartze handiagoa izan zuten: lan baldintza hobeak lortzeko borrokan, bizitzaren garestitzearen aurkakoak, preso politikoen aldeko borrokan...
Emakumeen aldarrikapen propio eta borroka tresna modura Movimiento Democrático de Mujeres (MDM) sortu zen, lehen emakumeen mugimendu autonomoa garatzen saiatu zena. Elizak eta “Sección Femenina” delakoak sortutako emakume irudiaren kontra egin zuen, gai sozial eta politikoetan sentsibilizatuz.
Euskal Herriari dagokionez, hegoaldean, egoera politikoa dela medio, mugimendu feministak ez zuen garapen antolaturik eduki 1975. urtera arte. Urte honetatik aurrea oso indartsu ekin zion emakumeen eskubideen aldarriari, herrialde ezberdinetan asanbladak sortuz. Ezaguna da Basauriko 11 emakumeen epaiketa (1979),abortu askearen aldeko borrokan aitzindari. Bestalde, 1977an Euskadiko I. Topaketa Feministak egin ziren.
Ipar Euskal Herrian aldiz, ideia feministen agerpena lehenago eman zen, Frantziako mugimendu feminista erreferentzia izanik. Malla teorikoan nahiko garatua zegoen nazio eta klase askapenerako ereduaren barnean, errotutako ikuspuntu feminista hasi ziren bultzatzen. Lehenagotik funtzionatu arren, Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde-ko kideak 1976an hasi ziren EEBAA siglak erabiltzen. Ezker Abertzalearen barnean eratu zen lehen talde burujabea izan zen. Bere helburua, nazio eta gizarte askapenerako borroka eduki ez patriarkalaz hornitzea zen.
Frankismoko 40 urte hauen eragina oso handia izan da jendartean, Europako beste herrialdeak aurrera pausu garrantzitsuak ematen zituzten bitartean, erregimen Frankistak aldaketa oro galarazi baitzuen; eta atzerakada nabarmena eragin zuen bizitzako esparru guztietan.