Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020

 

26
EPELEKO
BURDINOLA ETA ERROTA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani; Astigarraga

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 585575, y 4789407, z 22,60

IBAIA: Epele erreka

 

      Epelako multzoa izen bera daraman auzoan kokatzen da. Sarrera Nafarroako errepidetik (GI-3410) egiten da, izen bera duen auzoraino, eta handik Epele errekaren paraleloan doan pista hartzen da.

      Zonaldean ekoizpen industrialaren aztarna oso desberdinak mantentzen dira, bai tipologia aldetik eta bai kronologia aldetik ere (Epele burdinola eta errota, Zementu fabrika).

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Egoera onean dago

BABESA: HHPASB (Arkitektura). IV. Motako Babes Erregimena: Fitxa IV.13 Epele Errota

 

      Multzoa industriaurreko eraikin batzuek osatzen dute. Denak datoz bat Epele errekako ura aprobetxatzerakoan beren gurpilak mugitzeko. Eraikuntza horien artean goiz desagertutako bi burdinola eta irin errota-bat daude. Aipatutako bi burdinoletaz aparte ez daude beraiekin lotu daitezkeen inongo aztarnarik. Ustezko kokapena besterik ez dugu bi burdinolentzat, bata gaur Epele errota baserria kokatzen den tokian (Goiko burdinola), eta bestea Epeleko jatetxearen inguruan (Beheko burdinola) edo Epeletorre inguruan. Azken honetan ingurua oso eraldatuta aurkitzen da, oso zaila delarik ekoizpen azpiegitura horrekin lotutako arrastorik topatzea.

      Elementu hauetako antzinako elikatze azpiegitura aztarna bakarra presa bat da, Paretazarra bezala ezagutzen den ingurunean kokatutakoa. Puntu honetatik Epele errota baserriraino 1.500 m-ko tartea dago, eta gaur egun Hernani eta Astigarraga arteko mugan dago. Presak trapezio-formako ebakidura du, aurrealde zuzenarekin ur behera eta ezpondan ur gora, 2,50 m-ko garaiera du eta 8 bat luze. Erdialdean lehertuta dago uholdeen ondorioz, eskuineko aldea soilik mantenduz. Jatorrizko ubidea ezkerreko bazterretik igaroko zen ziur aski, baina ez da inongo aztarnarik gelditzen.

      Errotari dagokionez, eraikin zaharra mantendu da (egungo Epele errota), baina bere iraganarekin zerikusirik duen elementurik gabe eta etxebizitza bihurtuta. Eraikinak, azken mende honetan bere jatorrizko itxura aldatu duten bi konponketa handi jasan ditu (1990 aldera, ia osoa berreraiki zenean, eta 2010ean). Oinplano karratua du (10 m albotik) eta bistako harri-hormaz egina dago. Aipatu daitekeen elementu bakarra, Hego-mendebaldeko aurrealdearen azpian kokatzen diren arku xumeak dira, estoldarekin bat datozenak eta bere azpian goiko solairuan zegoen makineria martxan jartzen zuten gurpilak zituztenak (kasu honetan ardatz bertikalarekin). Bere makineri guztia desegin zen azkeneko berrikuntzan, 1995ean egindako bisitaldian beheko solairuan bi errotarri zeuden arren. Errotarri hauek bere tokian zeuden, 1,40 m-ko diametroa eta 20 cm-ko zabalera zuten, garabi-besoa, kutxa eta beste elementuez gain, hala nola metalezko bi kapete bere ardatzekin bere garaian ezin izan zirenak bisitatu, ezta gaur egun ere. Kanpoaldetik konglomeratuz egindako bi errotarri zeuden hormaren kontra ipinita eta gaur egungoak izango direnak seguru aski.

      Bere garaian horniketa ubidea jarraitu zitekeen, baina gaur egun zonaldea oso aldatuta dago eta trazadura antzeman daiteke soilik. 1995ean egindako bisitaldian 60 cm-ko zabalera zuen ubide bat dokumentatu zen, trazaduraren zati handi bat lurrean zulatuta zuen eta alboak hormigoiarekin berrituta. Datu historikoen arabera ubidea Ipar-ekialdeko aurrealdearen ondoan zegoen antepara batean bukatzen zen, harri-hormazko horma sendoz egina. Honi itsatsita bigarren antepara bat zegoen errekak ur nahikoa ekartzen ez zuenean aparteko ura jasotzeko. Egun, betelan desberdinek bi egitura horiek estali dituzte. Presa Epele errekan kokatzen zen errotatik 100 metro ur gora. Presa zuzena zen eta errekako ibilguarekiko zeharka jarritakoa, harri-hormazkoa eta hormigoizko errefortzuekin, 4,40 bat m luze, 1 zabalera eta 0,80 garaiera. Bere eskuineko horma-bularretik ubidea ateratzen zen. Horma-bularretik gertu hustubide uhate txiki bat zegoen.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa/Aro Garaikidea Beheko burdinola (1401/1621...)

            Goiko burdinola (XV. mendearen bukaera/1530...)

            Errota (...1577-1957)

BESTE IZENAK: Epele de Suso; Epele de Yuso; Herreria de Epelsayesa; Herreria de Hepela; Argintxu errota

 

      Epela edo Epele burdinolari buruzko datuek XV. mende hasierara garamatzate, Urumea Bailarako zaharrenetako batean bihurtuz horrela.

      Dauden datuen arabera bi burdinola izan omen ziren, Epele de Yuso edo Behekoa eta Epele de Suso edo Goikoa. Zaharrena Beheko burdinola dela dirudi, edo gutxienez hori ondorioztatu daiteke 1401eko dokumentu baten arabera, García Ramírez de Enciolak baimena lortu zuenean eraikitzeko “una casa de ferreria maçona” tierra e terreno e solar de ferreria maçonera” batean Aranibarko ingurunean (Diez de Salazar 1997: 85-89). Honek 1556an kalte larriak jasan zituen Bailara suntsitu zuen uholde bortitzarengatik. Hori dela eta, obra batzuk egin ziren “adreçar la dicha herreria de Hepela de todo lo a ella e a su presa y anteparas e pertrechos neçesario de obra de carpenteria”[76]. Hurrengo mende hasieran berriro ere utzita zeuden instalazioak (burdinola “estaba caida y destruida” —1621—). Une horretatik aurrera ez dirudi berriro martxan jartzen direnik. XVIII. mende erdialdean lursailen jabeen ondorengoek burdinola berreraiki nahi izango dute, eta horretarako Rocaverdeko markesak 1777an Errege-Zedula bat lortuko du 100.000 errealeko hipoteka-errolda bat baimenduz berreraikitzeko “la Ferreria en los Epeles, llamada en el día Mezquita Epeliano”, azkenik aurrera eramango ez dena[77].

      XV. mende bukaeran badirudi beste burdinola bat eraikitzen dela aurrekoaren ur gora, Pelayo Martín Ayerdik 1549an aurkeztutako testigantza batean azaltzen denaren arabera. Antza denez bere aitonak, Joan Martínez Ayerdi, Epela etxeko Jaunak eraiki zuen (hizo y hedifico en el dicho suelo ...ferreria llamada de Epela de Suso una ferreria con sus presas y açequias e servidumbres”)[78]. Burdinola hau 1530. hamarkada-arte lanean aritu zen eta orduan “se deshizo la dicha ferreria” ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Ondoren berreraiki nahi izan zuten eta berriro martxan jarri.

      Ez dakigu azken burdinola hau azkenik berreraiki zen edo ez, baina badirudi baietz. Epele Goikoa burdinolaren aztarnak eta azpiegitura baliatuz badirudi “molino de moler çebera” eraiki zela, 1577an martxan azaltzen zena eta mende bat aurrerago aipatuta azaltzen dena (“su molino de dicha casa fabricado desde los cimientos donde antes no lo habia” —1695—)[79]. Martxan jardun zuen, gorabehera batzuekin, Bigarren Karlistada (1872-1876) arte, armada karlistak erre zuen arte. Errota honek 100 bat egun urtean egiten zuen lan eta errotarri bakarra zuen arto irina ehotzeko (1862). Errota urte batzuk beranduago berreraikia izan zen, hala nola bere presa eta ubidea (1885), baina eraikina oso egoera txarrean gelditu zen[80]. Horren ondorioz, 1900ean Rocaverdeko markesak eraikina eta bere makineria berreraiki zituen. Jatorrizko eraikinetik Ipar-ekialdeko horma eta Hego-mendebaldekoaren zati bat (1,30 m garaiera) besterik ez zen mantendu eta beste biak eraitsiak izan ziren berriak altxatzeko. Halaber, aprobetxatuko da “la bobeda de silleria que cubre el lugar que ocupaban los rodetes y que sirve para apoyo de las piedras molineras” (125 l/seg-ko desbideratze emaria). Eraikin berrian ardatz bertikaleko turbina jarri zen Planas, Flaquer y Gironako enpresak emandako indar elektrikoa ekoizteko, aurreko eraikinak zuen ehotzeko bi errotarri-pareen artean kokatuta. Obren kostua 10.300 pezetakoa izan zen[81]. Errota 1957 arte lanean egon zen.

      XX. mendearen hasieran instalazioak behin-behinean zementua ekoizteko erabili ziren (Ikusi 27. Fitxa: Epeleko Zementu-fabrika).

      Orain dela gutxi eraikina zaharberritua izan da eta bere makineria zaharra desegina.

 

 

[76] GAO. PT. 1.502 sorta, 18-19 orr. (1556.03.20).

[77] RSBAP. Rocaverdeko markesaren Artxiboa. Ayerdi Funtsa, Kutxa 2, Esp. 64 (1777.02).

[78] RSBAP. Rocaverdeko markesaren Artxiboa. Ayerdi Funtsa, Kutxa 1, Esp. 11 (1549.08.24).

[79] GPAH. Gipuzkoako Hipoteka Kontularitza. H 593, 229 orr, 297 zk (1695.03.07).

[80] RSBAP. Rocaverdeko markesaren Artxiboa. Moyua Funtsa, Kutxa 15, Esp. 508 (1885.07.29).

[81] RSBAP. Rocaverdeko markesaren Artxiboa. Moyua Funtsa, Kutxa 15, Esp. 510 (1901).

 

 

 

Epeleko burdinola eta errotaren kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Epeleko burdinola eta errotaren aurrealde nagusia eta estolda

 

Epeleko burdinola eta errotako baserria azken obra aurretik (1995)

(ITURRIA: HUA)

 

Epeleko burdinola eta errotaren presa eta ubidea (1995)

(ITURRIA: HUA)

 

Epeleko burdinola eta errotaren Paretazarrako presa (1995)

(ITURRIA: HUA)

 

Epeleko errota berritzeko egitasmoa (1900)