Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020
24. Tolareetako saltoa | 25. Lastaolako zentral hidroelektrikoa | 26. Epeleko burdinola eta errota

 

25
LASTAOLAKO
ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 585005, y 4790049, z 12,15 (Zentrala)

                                x 585252, y 4789460, z 17,00 (presa)

IBAIA: Urumea

 

      Lastaolako multzoa Epele auzoan kokatzen da, Urumea ibaiaren ezkerraldeko bazterrean. Lastaola eta Ibarluze industrialdeen artean oso aldatuta dagoen eremu batean kokatzen da. Nafarroarako errepidetik (GI-3410) sartzen da eremura, Ibarluze poligonoa eta Urumea ibaiaren gaineko zubia zeharkatuz.

      Multzoa elementu bakarrak osatzen du, Lastaolako Zentral Hidroelektrikoak edo indarretxeak. Eraikin honek garrantzi handia izan zuen baina gaur egun oso egoera txarrean mantentzen da, eraikin nagusia edo makina-etxea eta elikatze azpiegitura (presa eta ubidea) soilik mantentzen dituelarik. Barrualdeko makineria, aldiz, zeharo deseginda aurkitzen da nahiz eta elementuren bat mantendu tokiz kanpo.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Zentrala hutsik dago. Presa egoera onean dago

BABESA: HHPASB (Arkitektura). III. Motako Babes Erregimena: Fitxa III. 13 Lastaola Zentral Hidroelektrikoa

 

      Lastaolako Zentrala edo Makina-etxea Urumea ibaiaren bazterrean kokatuta dago, elkar itsatsita dauden bi eraikuntzek osatzen dute multzoa.

      Zentrala bera neurri txikiko eraikina da, laukizuzen-formako oinplanoarekin (8x10 m), sotoa, beheko solairuarekin, hormigoi armatuz egina. Barrualdea zeharo hustuta dago, biltegi bezala erabiliz. Jatorrizko makineriatik bakarrik bolazko alternadore bat dago, marka frantsesa batena baina tokiz kanpo aurkitzen dena, eta berriagoa den turbina bat. Sotoan, ibai mailan, ubidearen irteera nabarmentzen da, harlanduzko dobeladun erdi-puntuko bi arkuekin egina. Mendebalderago kokatuta dagoena berritua izan zen eta handitua jatorrizkoa antzeratuz baina zementuz. Gaur egun barruko elikatze ahoak adreiluekin eta zementuarekin itxita daude eta ezin izan dira turbinak aurkitu nahiz eta lokatzaren azpian egon daitezkeen.

      Eraikuntzaren beste gorputza aurrekoari itsatsita dago Mendebaldetik, eta biltegia eta Zentraleko langileen etxebizitza izango zen. Oinplano karratua duen eraikina da (10 m alde bakoitza), eta txikiagotzen doazen hiru solairu ditu. Hormigoizko hormekin eraikita baina ibaian zimendatuta dagoen harri-hormazko hormatzar baten gainean. Beheko solairuan, ibaira begiratzen duen aurrealdean, bi leiho zabal ditu arku beheratuekin. Lehenengo solairuak balkoi txiki bat du.

      Atzealdean, mendi-mazela eta makina-etxearen artean, elikatze sistema kokatzen da: hodiak, egurrezko uhateak gurpilekin, garbiketa saretoa eta gainerako mekanismoak mantentzen ditu. Elementu asko berrituta daude, jatorrizko makina ordezkatuz.

      Horniketa ubideak 762 m-ko luzera du eta 400 bat metro tunela barrutik doaz. Ubide hau lurrean zulatuta dago eta albotako hormak harri-hormaz estalita daude, 4 m-ko zabalera hartuz. Azkeneko zatian, tunelaren irteeran eta makina-etxearen gainean, ubidea zabaltzen da eta andela txiki bat sortzen da uraren abiadura mantsotzeko.

      Presa, Epele Etxeberria baserritik 150 m-tara ur behera kokatzen da, Intsusadi baserriaren parean, 36 m-ko luzera, 1,50 garaiera eta 1,50 m oinarrian eta 1,10 goiko aldean duen trapezio-formako ebakidurarekin. Harri-hormaz egina, ur behera duen aurrealdea harlanduzkoa izanik eta goiko aldea hareharrizko lauzekin. Goiko alde horretan bertikalki ipinitako burdinazko barra batzuk mantendu dira, egurrezko altxak eusteko sistemarenak udaldian emaria handitzeko. Barra hauek 35-40 cm-ko garaiera dute. Presatik ur behera erdiko aldean, bakarrik dagoen harri-hormazko ostiko bat du. Ezkerreko horma-bularraren ondoan izokinentzako hormigoizko eskailera jarrita dago, nahiko berritua. Ezkerreko horma-bularraren goiko aldean hustubidearen kontrol-etxea kokatzen da, harri-hormazko hormekin egina. Ubidearen hasiera presatik 15 m-tara ur gora kokatzen da, oso egoera txarrean aurkitzen den egurrezko uhate bikoitza sistemarekin, landarediaz estalirik.

      Zentral hidroelektrikorako sarbidea errazteko, Urumea ibaia zeharkatzen duen zubi bat jarri zen. Zubia Urumearen ibilguarekiko zeharka dago, erdian zutabe bakarra du eta zubi-bularrek eta ezproiek hiruki-formako oinplanoa dute.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Garaikidea (1898/2008)

BESTE IZENAK:

 

      Lastaolako Zentral hidroelektrikoa Hernaniko Udalak aginduta eraikia izan zen, biztanleria argiztapena eta industriarako energia elektrikoaz hornitzeko beharrezko baliabideak lortzearren. Egitasmoa Ramon Celaya ingeniariak idatzi zuen eta 1896ko azaroan Ebazpenaren bitartez onartuta izan zen. Ustiapenak 4.000 l/seg-ko emaria izango du, 4,50 m-ko ur-jauzi baliagarria izanez. Zentrala 1898ko martxoan zabaldu zen, hasierako egitasmoa arrazoi desberdinengatik aldatuz: Zentrala azkenik Lastaoaldia bezala ezagutzen den ingurunean kokatu zen (Lizarraga etxaldeko lursailetan) jatorrizko kokapenaren jabeek obra hau egiteko lursailen salmenta ukatu eta gero; presa jatorrizko kokapenetik 80 bat m-tara ur gora jarriko da, zimendu eta bideratze hormak hobetu eta txikiagotzeko; ubidearen trazadura desbideratua izan zen Urumearen ibilgutik aldentzeko, inguruko baserrietan kalterik ez sortzearren, horretarako ubidearen luzera 20 m-tan luzatuz; ezkerraldeko harri-hormazko babes-horma ordezkatua izango da mendiaren ebaketetan ateratako lurrarekin egindako lubetarekin; ubideari zabalera gehiago emango zaio 3 m-tik 4 m-tara handituz. Bere funtzionamendurako makina-etxeari ardatz horizontaleko bi turbina biki jarriko zaizkio, La Maquinista Guipuzcoana (Beasain) enpresak sortuak, eta Alemaniako Siemens&Halske etxeko bi alternadore[72].

      1902an Ateliers de Constructions Mecaniques (Vevey) etxe suitzarrak, makineria hein batean berritu zuen, Francis motako gurpil bateko eta ardatz horizontaleko bi turbina jarriz. 1903-1905ean industria-instalazioetarako sarbide berria egin zen, Nafarroako errepidetik Urumea ibaia zeharkatuz[73]. Berrikuntza lan garrantzitsuenak 1925 inguruan egin ziren: Otto Deutz etxeko uhal transmisio bidez eragindako Diesel motor bat jarri zen, udaldian ekoizpen elektrikoa bermatzeko; presan 35 cm-ko altuera gehigarria emango dioten oholez eginiko altxa batzuk jarriz osatuko da; eta motorraren pisu handiak (1.500 kg baino gehiago) biltegirako pabiloia ibairantz handitzera behartu zuen, hormigoizko horma bat eginez harri-hormazko beste baten gainean, eta barruko horma batzuk bota behar izanez[74].

      1924an, Udalak hainbat gestio egin zituen Lastaola eta Fagollagako jauziak bateratzeko, herritarren hornitzeko gaitasuna handitze aldera, baina azkenean huts egin zuen[75].

      Hasiera batean Iberduero enpresak erosi zituen instalazioak, 1961ean Epela industrialdean zegoen Anticorrosión, S.A. enpresari salduko dizkionak (egungo Electroquímica). Azken honek 1986an makineriaren berrikuntza handi bat egin zuen ekipo zaharrak ordezkatzen. Ustiapen honen kontzesioa 2008an amaitu zen, ondoren instalazioak Aguas del Añarbe enpresak erosi zituen, bertan, Añarbeko presaren aldizkako ubidera lotutako ponpaketa-gunea kokatzeko.

 

 

[72] HUA. H 168-4, H 169-3 eta H 170 esp; GAO. JD-IT. 1.816/7.931 sorta.

[73] HUA. D-5-3-6.

[74] HUA. H 171-1 eta H 172 esp; GAO. JD-IT. 1.853/10.089 sorta.

[75] HUA. H 169-8 esp.

 

 

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren ikuspegiak

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren
Makina-gelako begiratokia eta ur-horniketa erregulatzeko
sistemaren saretoa, bolantak eta uhateak

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren
gordetako bolen alternadore orginala

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren
1986an jarritako turbina

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoaren
Presaren ikuspegia (1990 eta gaur egun)

(ITURRIA: EJ-GV)

 

Lastaolako zentral hidroelektrikoa eraikitzeko egitasmoa (1896)

(ITURRIA: HUA)

 

La Maquinaria Guipuzcoana-k aurkeztutako proposamena
Lastaolako zentral hidroelektrikoaren turbina
eta alternadore ekipoak antolatzeko (1897)

(ITURRIA: HUA)

 

Diesel motorra kokatzeko egitasmoa (1925)

(ITURRIA: HUA)

 

24. Tolareetako saltoa | 25. Lastaolako zentral hidroelektrikoa | 26. Epeleko burdinola eta errota