Urumea bailaran zehar
5
“MENDIA/LA URUMEA”
PAPER-FABRIKA
KOKAPENA
UDALERRIA: Hernani
KOORDENATUAK (U.T.M.): x 583793, y 4791413, z 8,36
IBAIA: Urumea ibaia; Karapote erreka
Sagastialde auzoan dagoen multzoa da, Hernaniko iparraldeko muturrean. Eremura iristeko, herriko erdigunetik Ergobia auzora doan tokiko errepidea hartu behar da, Floridako Poligonoa zeharkatuz.
Elementu honen kokapena aldatu egin da Urumea ibaia urbanizatzeko eta kanalizatzeko duela urte gutxi egindako obren ondorioz. Cominter Tisu, S.L. enpresa katalanak ustiatzen ditu oraindik ekoizpen-instalazioak (2014an jarri zen martxan, hainbat urtez itxita egon ondoren).
DESKRIBAPENA
KONTSERBAZIO EGOERA: Fabrika martxan dago, baina aprobetxamenduak desagertuta
BABESA: Babesik gabe
Antzinako Papelera Mendia-Lal Urumea-ko industria-instalazioak duela mende bat pasatxo jarri ziren leku berean daude. Fabrika aktibo eta etengabe berritzen ari denez, ezin izan da fabrikaren barrura sartu instalazioak ikusi ahal izateko.
Jatorrizko instalazioek 9.800 m2 inguruko lursaila hartzen zuten 1914an (fabrikak 5.500 inguru hartzen zituen), eta bertan sartzen ziren ekoizpen-pabiloiak, makineria, pasten, ikatzaren eta beste lehengai batzuen biltegiak, galdara-gelak, ebakitzeko eta manipulatzeko makinak, lurrun-makina bere tximiniarekin, eta abar. Eraikin horiek guztiak harlangaitzezko hormez eta hormigoizko zolataz eginak ziren, burdinazko egitura eta teila lauko estalkiekin.
Ura hornitzeko, fabrikak bi aprobetxamendu desberdin zituen. Bata, 35 l/s-koa, Urumea ibaitik zuzenean ura ateratzeko, Arbiza Portuko “La Urumea” irin-fabrikako presak sortutako gerakina aprobetxatuz, jabeek baimenduta. Ura, 10 metroko luzera zuen lurpeko galeria batetik, biltegi erregulatzaile txiki bateraino eramaten zen, eta, handik, putzu nagusira. Bigarren aprobetxamenduak Karapote errekaren 12 l/s-ko emaria zuen, non presa txiki bat ezarri baitzen fabrikatik 30 bat metrora. Ura, kanal baten bidez, lehen aipatutako putzuraino bideratzen zen. Bertan bilduta, bi aprobetxamenduetako urak biltegi batera ponpatzen ziren, ondoren fabrikako geletara banatzeko[12]. 2003an, irin-fabrikaren presa eraitsi zuten lehenik, eta, ondoren, Antziolako Poligonoa eta Atletismo Pista egikaritzeko lanetan, Karapote errekaren ibilgua urbanizatzeko eta aldatzeko lanek, bi aprobetxamendu horiek funtzionamendurik gabe utzi zituzten.
Gerra Zibilaren ondoren, 1944an, inguruko zenbait industrialariek eskatuta, Karapote errekasto zaharraren trazadura bideratu eta lurperatu zen, horrek libre utzi zuen azalera aprobetxatuz ondoren urbanizatzeko. Errekasto horrek luzetara zeharkatzen zituen Papeleraren instalazioak, 170 metroko luzeran eta 3,70 metroko zabaleran (630 m2 inguru); kanalizazioa hormigoizko horma batekin egin zen, 2,50 m zabal eta 1,80 m altuerako tartea utziz eta hormigoizko lauza batekin estaliz.
1950eko hamarkadatik aurrera, zur-orea, zelulosa eta papera fabrikatzeko prozesurako ur garbia edukitzeko beharra asetzeko, industria-instalazioen barruan putzu batzuk egin ziren. Jabeak kexu ziren putzu horiek egiteko Urumeatik ateratako uraren kalitate eskasagatik (“la adulteracion de las aguas del río Urumea ha llegado a un grado tal, que a la altura de la derivacion de las aguas fluviales para esta fabrica, estas resultan totalmente inservibles”)[13]. Putzu horiek 2,50 metroko diametroa eta 14 metroko sakonera zuten, eta lortutako ura hodi nagusiraino ponpatzen zen. Guztira, ezaugarri horiek zituzten sei putzu egin ziren.
DATU HISTORIKOAK
GARAIA: Garaikidea (1913/Gaur egun martxan)
BESTE IZENAK: Mendia, S.A.-Papelera del Urumea; Gureola Scott, S. A.; Scott Iberica, S.A.; Celulosas de Hernani, S.A.; Cominter Tisu, S.L.
“Papelera Mendia/La Urumea” izeneko paper jarraituaren fabrika 1913. urte inguruan eraiki zuen Mendia, S.A. merkataritza-elkarte tolosarrak. Urte horretako azaroan, helburu horretarako eratutako elkartea zen[14]. Honek 1912 eta 1913 bitartean lursail ezberdinak erosi zituen 9.800 m2 inguruko lursail bat osatuz eta bertan ekoizpen-instalazioak eraikiz.
Hurrengo urteetan, instalazioak berritu eta zabaldu egin ziren, ekoizpen-premien arabera (pausatze eta poltsaratze gela bat eta birrintze eta fintze beste gela bat prestatu 1934an; ur garbia hornitzeko putzuak egin 1952 eta 1961 artean; galdara-gela berria 1965ean; transformazio elektrikoko zentral bat egin 1965ean; adreiluzko tximinia zaharra eraitsi 1968an; etab.).
Ekoizpen-jarduerak beste urrats bat eman zuen 1965etik aurrera, Scott Paper Company multinazional iparramerikarrak bereganatu ondoren, Gureola Scott S.A. bihurtu eta bere eskubide guztiak transferitzerakoan. Bere ekoizpena nagusiki birziklatutako tixu paperaren ekoizpenera bideratu zuten, urtean 35.000 tona inguruko kantitatea lortuz. 1986an Scott Iberica bihurtu zen eta, ondoren, Celulosas de Hernani, S.A. Azkenean, 2012an eten zen ekoizpena, eta hiru urte geroago ekin zion berriro ere, Cominter Tisu, S.L. katalanak erosi ondoren, egungo instalazioen jabea.
[12] GAO. JD-IT. 1.823/9.569 sorta (1913).
[13] HUA. Administratiboa. 2.131-13 esp.
[14] GPAH. III/4.475 sorta, 255 zk., 1.261-1.290 orr. (1913.11.29).
“Mendia/La Urumea” paper-fabrikaren kokapena
(ITURRIA: Geoeuskadi)
“Mendia/La Urumea” paper-fabrikaren instalazioen ikuspegiak
“Mendia/La Urumea” paper-fabrikaren garapena
urte ezberdinetako planoen arabera
(ITURRIA: HUA)
“Mendia/La Urumea” paper-fabrikak erabilitako
gutun anagrama ezberdinak
(ITURRIA: HUA)