Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Balantxa | Buskando | Etxerreaga

 

Buskando

 

      Ez dakite nondik datorkion izena, noizbait erre izan zela bai, horren berri badute. Antziolatik abiatu eta kilometro ingurura dago, mendi kaskoan, harkaitz gainean, Hernaniko herriari aurrez aurre begira. Arizmendi, Balantxa eta Larrabide baserrietako bide berbera erabiltzen du, guztiak ere bidegurutze beretik banatzen baitira.

      Garai batean bi bizitzako etxea izan zen Buskando, behean ukuilua eta goian etxebizitza gehi ganbara dituela. Gaur egun, atzean, etxea bezain bateko etxe-ordekoa dauka ormigoiz egindako mandioarekin, eta aurrean ere badu beste oilategi edo antzeko lehorpe bat.

      Albizturko Bixente Jauregi eta Leaburuko Manuela Zabala senar-emazteak etorri ziren Buskando baserrira. Antza denez, Albizturko baserri deseroso batean bizi ziren eta Bizentek esana izaki “nik hurrena ematen dudan pausua, urak bezala behera egingo det”. Hala, Mutrikun bi arreba moja zituen eta haiek eman zioten Hernaniko baserria saltzeko zegoenaren berri. Ordurako bazituzten hiru seme-alaba, baina guztira bederatzi izatera iritsiko ziren: Dolox, Joxepa, Pedro, Joxe, Anttoni, Maria Enkarna, Asentsio (ezkonge), Joanita eta Migel Benardo (ezkonge). Amaren anaia Migel gerra ostean bala galdu batek jo eta odolustuta hildakoaren oroimenez jarri omen zioten haren izena Benardoren aurretik.

      Bixentek ez zuen zorte handirik izan, artean sasoiko zela hanka txikitu omen zuen ezbehar batean, eta erietxean luzaro egon arren ez zitzaion inoiz bere onera etorri, okerrera baizik. Eta horrengatik ez bazen ere, seme gazteenak urte pare bat zituela etorri zitzaion heriotza; gerra ondoren fiskalekoek egiten zituzten miaketak zirela eta, bere burua estutu eta handik aurrera ez zuen, agidanez, onik izan.

      Geroztik, batzuk ezkondu eta beste batzuk hil, anaia Benardo esaterako, gazteena, traktorearekin lanean ari zela duela gutxi hila; egun Asentsio bakarrik bizi da bertan.

      Gaur egun ia inon ikusten ez den esne-marmita ikusi dut lehortzen. Garai batean ohikoa zena, harrigarria bilakatu da egun. Bestelakoan, Buskandon ere baserriaren bere-bereak direnak landu izan dituzte, bai ukuiluan bai sagasti eta baratzean. Baserri egokia eta lurrik gehienak etxe inguruan dituela, martxa handia hartu zuen Asentsiok sasoia zuenean. Berak diseinatu zuen, esaterako, etxe-ordeko berria, behi eta zekor gehiago jarri eta lana erosoago egin ahal izateko.

      Manuela, ama, joaten zen Antziolan tranbia hartu eta Donostiara esnea eta gainerakoak saltzera. Lanerako sasoia eta gogoa zuela esan dit nire solaskideak, eta jendearen berriketa guztien gainetik lana egitea zuela helburu aitortu dit. “Baita orain ere, sasoia izanez gero, baina belaunek ez didate erantzuten, eta gauzak horrela ukuilua hustu eta lanak geroz eta gehiago arindu beharra daukat. Gauza badago baina ez naiz gauza lan egiteko. Hara hor mizpirak ere hondatzen, baina nik ezin ditut bildu eta gustuko baldin badituzu, zerorrek hartu beharko dituzu...” esanez egin dit gonbita.

 

Balantxa | Buskando | Etxerreaga