Belasko-Enea
Granadako dukeen, Velasco jaunen, jabegoa izaki Jauregi baserria eta inguruko lursailak, egungo Belasko-Enea eta Belasko-Enea Berri (borda izandakoa) baserriak ere eta hortik datorkio izena, egun grafia aldatu baldin bazaio ere. Gauza normala bestetik, zeren eta euskal deitura baita Belasko bete-betean, Otxoto, Olaskoagoa, etab. izan daitezkeen bezala. Are gehiago, berauek dira euskal deiturarik antzinakoenak (Ik. Mitxelena, “Apellidos Vascos”, 69 or.).
Galarretako bidegurutzetik Errekaldera doan errepidetik ehun metrora dago, Jauregi jatetxea baino lehentxeago, Galarreta baserriaren eta iparraldeko txokoan dagoen lantegiaren erdian, bide ertzean eskuinetik.
Bi isuriko etxea, erabat berritua, teilatua konpontzerakoan goiko ganbara zertxobait altxatua. Behean sartu eta ezkerretara sukaldea, bide aldera begira, goiko terrazak babesturik. Atzean, ukuilua zena, egun baratzeko produktuak jasotzeko hotz-kamera jarri dute, eta garai batean aldamenean bertako alabaren eraikina atxikita bazuen ere, orain isolatua dago eta hutsik.
Jauregi baserriko Antonio Etxeberriak erosi zuen baserria ezkontzerakoan. Emaztea gazterik hil zen tifus gaitzarekin, baita 15 eta 17 urteko semea eta alaba ere, eta Pellorekin bakarrik gelditu zen Antonio. Aipatzekoa, emaztea eta alaba zortzi egunen barruan galdu zituela. Hala, berriro ezkondu eta Felipe, Anttoni eta Joana jaio ziren. Anttoni ezkondu eta aldameneko etxean jarri zen bizitzen, eta Joana gelditu zen etxean Hernaniko Arrieta baserriko Pako Izagirre senartzat hartuta. Bi seme-alaba izan zituzten Maria Jesus eta Joxe. Felipe, ezkonge, baserrian bizitu zen beti. Joxe semea etxerako, Urnietako Maria Anjeles Belaunzaran Egia, Ormazarreta baserriko alabarekin ezkondu, eta alaba bat izan dute, Karmele, eta horiexek bizi dira egun baserrian ama Joanarekin batera Belasko-Enean.
Garai batean Felipe, bertako semeak behi eta zekor, oilo eta beste zituen baserrian, baita baratzea ere. Arreba, Joana, joaten zen etxeko produktuak Donostiako merkatuan saltzera. Senarra, Pako kanpoan lanean, eta bizikletan egiten zuen joan-etorria. Gaur egun, ordea, ganadu guztiak atera eta negutegiak jarri ditu semeak, etxearen beheko aldean, garai batean Butano biltegia zegoeneko aldamenean.
Aurten, esaterako, tomatea jarri du alderik alde, eta hantxe dihardute lanean Joxe eta Maria Anjeles senar-emazteek eta hauen alaba Karmelek. Ukuiluan behi eta zekorren lekuan hozkailua jarri du baratzeko uzta egoera onean mantentzeko, eta oraingoz ez du damurik egindako aldaketaz.