Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Arkaizpe | Barkaiztegi (Barriola) | Belasko-Enea

 

Barkaiztegi

(Barriola)

 

      Barriola izenez ezagutzen da normalean baserri hau, baina Barkaiztegi (Behe-harkaiztegi esanahia, agian) du jatorrizko izena. Oholtxo kraskatu batean begi bistan dauka oraino etxeak “Barcaiztegui” izena. Barriola deitu goierritarren bat maizter egon ote zen aurretik noizbait eta hortik datorkion zantzua edo entzutea izan dute beti.

      Santa Barbara atzean, mendiaren magalean, bidez azpitik eta aldapan kokaturik daukagu Barkaiztegi baserria. Belardi eta sagasti ederrak izaniko lurrak etxez goiti, eta zelai zabal txukun eta aberatsa, labore lur eta baratzea izateko egokia etxe barrenetik beherakoa.

      Nahikoa zaharkitua ageri da kanpotik bi isuritako etxe hau. Mendialdeko isuria luzatua edo luzeagoa du. Funtsean etxe-ordeko bat da luzapen hau, betidanik Artegiya deitu izan dutena. Gainera, nire solaskideen esanetan (Joan eta Antonio bi anaiak) etxea bera baino lehenagokoa zela borda edo artegia entzun izan zioten aurrekoei. Etxearen aurrean, zerbait alderaturik, borda koxkor polita, dolare izana eta dena. Azpialdetik terraza dauka etxeak, azpian oilategia duela.

      Aitona, Ilarratsuetako semea (16 senideren artekoa bera), Joxe Antonio Iradi Urkia, eta Lasarteko Satsueta Handiko alaba amona, Joxepa Zuaznabar Arrieta. Lau seme-alaba izari zituzten: Joxe (soldadutzan zela hila), Maria (lekaime Gironan), Iñaxi eta Anttoni. Anttoni ezkondu zen etxera, senartzat Joan Bautista Beloki Zubeldia, jaiotzaz Bedaiokoarekin, eta sei seme-alaba izan: Joan, Guadalupe, Benantxi, Antonio, Joxe eta Ramon. Joan, zaharrena, ezkonge, dugu etxean orain.

      Aitona zenaren garaian sagasti handiak ziren nonahi eta Barkaiztegin ere bai. Eta dolarea zeukaten. “Inguruko baserrietako eta etxeko sagarrarekin sagardoa egin eta Donostiako Antigua auzoko upelategi batera eramaten zuan, behiak uztarrian eta sagardoa barrikan gurdi gainean hartuta. Bestetik, amona ere egunero, astoa hartuta, esnea eta tratuarekin Donostiara, gero amak bide bera jarraitu zuan. Hona nola zan, diote nire solaskideek, garai haietan hemengo bizimodua”.

      Sei-zazpi behi eta idi-parea izan dira hauen gogoan Barkaiztegi baserrian. Orain, nahiz eta Joan urteetan aurrera doan, baratze eder bat beheko zelaian, hiru behi, hiru zekor eta... ardi multzo bat daukate, laurogeiren bat badituzte. Esan behar da, Antonio anaia, honen emaztea eta Ramon anaia gazteenaren laguntza ere ez dela txantxetakoa.

 

Arkaizpe | Barkaiztegi (Barriola) | Belasko-Enea