Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Antziola | Antziola Txiki | Arizmendi

 

Antziola Txiki

(desagertua)

 

      Hernanitik Donostiara zihoan errege-bidearen ondoan, ezkerraldera, Montes fabrikaren aldamenean. Ez zuen auzoan oraingo etxe pilaketarik. Aipatzen hasita, Artonea, Galletera (Villa Agirre, gaileta fabrika, hortik izena), Imaz-enea, Kurtido fabrika, Pablo Schroeder fabrika eta beste etxe-lehorren bat edo beste.

      Bi isuriko etxe errektangeluar oso luzea, sarrera bide aldera, hau da, hegoaldera duela. Sukaldea halako eraikin atxiki baten modukoa, atzera eta behean ukuilua eta goian logelak zituela.

      Joxe Arruti bertako semea, Emilia Erdozio Hernaniko Añoa baserriko alabarekin ezkondu eta jarri zen bizitzen. Semea eta alaba izan zituzten, Andres eta Mari Karmen. Semea ezkondutakoan etxearen beheko oina egokitu zuten beretzat. Aita artean sasoiko zela hila, 54 urterekin, ama-alabak bizitu ziren urte askotan. Alaba ezkondutakoan bertan jarri zen bizitzen, eta hantxe jarraitu harik eta ama hil (94 urterekin) eta etxea saldu zuten arte. Bertan eraiki nahi zuten eurentzako etxebizitza baina ez zioten horretarako baimenik eman. Halarik ere, ez daukate auzoa hala-hala uztekotan, eta gaur egun jaiotetxetik gertu bizi dira.

      Ama-alabak aritu ziren urte askotan lanean, baserrian, behi bat edo bi, beste zekorren bat, eta baratzea batez ere. Auzoko baten laguntza izaten zuten, baina ama aritzen zela bai segan, bai behiak jezten esan dit Mari Karmen alabak. Antziola baserria izaki auzoari izena ematen ziona eta horregatik edo, etxean hamaika eskutitz jasotzen zituztela dio, hurrengo egunean tranbian edo autobusean, plazan edo bidean auzokideen artean banatzekoak. Gogoan ditu bai, tomate, patata, kalabazin eta antzekoen garaian tranbiaren geltokira egindako joan-etorriak ere. Etxean astorik ez, eta ama-alabak barazkiak edo dena delakoak saskietan hartu eta xestera betetzera joaten zirenekoak.

      Egunero Donostiara esnea saltzera, baita Eguberri, Aste Nagusi nahiz San Sebastianetan ere, “alfonbraren azpian uzten ziguten giltza; atea ireki, sukaldean esnea utzi, txerrijana hartu eta buelta etxera, eurak lo zeuden bitartean”.

 

Antziola | Antziola Txiki | Arizmendi