Lizarregi
(hondakinak)
“Tokitan zeok ua, baina aixa asko ibiltzen ginan gu garai haietan” dio Margarita Etxegoien (74 urte) bertako alaba nire solaskideak. Arina? Oraintxe ere hala iruditu zait niri eta zenbat pisatzen duen galdegiteko ausardia izan dut. Erantzuna: 50 kg, horra. Zaldi lasterketan aurkezteko moduan dagoela esan diot.
Ugaldetxotik gora etxera joateko, ezker-eskuin, bi bide zituzten. Ezkerrekoa lasaiagoa, aldapatsuagoa bestea. Aparraindik barna, berriz, ibaia zeharkatuz Benta Berrira edota ibaia itzulikatuz Argorrira eta Askatxu nahiz Aranora. “Oraingo gazteak nekatuta jaio dirala iruditzen zait. Gu oso betizuak ginan”. Eta hala-hala gaztetako pasadizo bat kontatu dit. Errenterian lehengusuak omen. Madalenetan hiru egun pasa han festan, osabarekin mendiz etxeratu, bazkaldu, Santiago eguna, dantzara Benta Berrira.
Etxea nahiko polita bere garaian, Lizarregi baserria. Mendietxea, urruti, hori bai. Hegi batean dago eta lizarra ere inguruan izango zuela ez da dudarik (lizar-hegi). Duela hamabost bat urte joan omen zen azkenekoz Margarita hara eta oraino zutik omen zegoen. “Orain, jakin det, arrunt desegiña eta erorita dagoela. Zer egingo dezu? Ni ere ondo nabil oraingoz, baina bista eta belarria bajatzen hasita nago.” Fagoagan eskola, baina 9-10 urtera bitarte. Ez omen orduan gogo eta modu handirik, “baina gure umeak bezala ibili banintz, esaten diet, nik ere zerbait egingo nuela”.
Gurasoak, Joan Bta. Etxegoien Perurena bertako semea aita (aurrez Arantzakoak) eta Fausta Ollokiegi Perurena ama, Aparrain baserriko alaba, ama. Seme-alabak: Luis, Lazaro (gerrakoan soldadutzan hila), Seberiano, Manuel, Julian, Joxe eta Joan (zazpi mutil segidan) eta Mertxe eta Margarita.
Etxean, gero, Seberiano ezkonduta. Emaztea, Bittori Errazkin Zubiarrain, Putro-Eneko alaba. Duela berrogei urte Lizarregi saldu eta Benta Berrira (Arano) jaitsi ziren eta hor jarri bizitzen.
Aita lineako guarda zen, Lizarregitik (Aparrain-Argorri-Abaño) Abañoko zentralera, Santiagokoa, etab. bisitatu, tramankulu bat (telefonoa) bizkarrean hartuta eta agiriekin egunero Akolara eta hemen Ximelaneko (Ergobia) bere kideari agiriak entregatu, hark Donostiara, eta eguerdirako etxera. Arratsaldea baserriko lanetan. Luis eta Seberiano ere kanpora lanera eta geroago Joxe ere bai.
Hiru edo lau behi izaten zituzten eta hirurogei bat ardi. Belardi ederrak etxetik aurreragoko gain zabalean, “belar mox-motxa eta bista ederrekin”. Etxe azpian artasoroa, patata, arbia...
Taloa nahikoa, gazta beti, “ogi puska bezala” jaten, zerri bat eta urte batzutan bi, eta dolarea pitarra egiteko. “Dirurik ez baina jatekoa ez zitzaigun faltatu”.
Ugaldetxora esnea, esku bakoitzean zazpi litroko marmitak hartuz. Ugaldetxotik olioa, xaboia eta etxerako gauzak. Behin bere aurreko anaia bai omen zetorren, astoa kargatuta nonbait, eta astoari lepoan hiru litroko ontzi olioa ezarrita etxera, eta Aparraingo gizonak “Astoari joale handia erantsi diok”. Horrelaxe ibiltzen zirela dio Margaritak.
Iturria aipaturiko ardien gain zabal hartako larrearen ondoan eta hor etxerako hura eta beste bat handik beherago aska eta guzti, bere harri zabalarekin hornitua, gobara egiteko.
Astoa mozkortuta ere ibili omen zuten egun batean. Bezperan patsa prentsatu eta pertza handi batean utzi sagardoa. Gauean astoak dena edan eta hurrengo egunean “zer du asto honek balantzaka”? Zer izango eta sagardoaren mozkorra, hara.