Zelaia
Edonor ohartzen da zelaia izenaren esanahiaz. Edota belardi, leku lau edo zabalune bat, edota kiroletako lekua, futbol zelaia, esaterako. Zumadi-Erroilabururako bidearen ezkerretik, bide honen eta Martindegi etxearen tartean dago Zelaia baserria...
Bi etxebizitza omen zituen lehen Zelaia etxeak, hauetarik bakarra, ordea, baserria. Baserriak, aldiz, sukaldea eta ukuilua behean, lehen solairuan bizilekua eta gorago ganbara. Bi zatitan banatua zen goitik behera: sukaldea eta goian bizilekua; ukuilua eta goian belar ondua edukitzeko etxe ordekoa. Eta bi zation gainetik, alderik alde, ganbara.
Orain erabat berritua daukagu Zelaia etxea. Beheko solairuan garaje eta trastegela, uraren arriskuari begiratuz moldatu dena. Duela bost urte izandako uholdea sukaldean su gaina pasatzeraino iritsi zela, dio Joxe Antonio etxeko jaunak. Gainean etxebizitza eta gorago beste berri bat egiteko gai den lokala bere terrazarekin.
Izatez Idiazabalgoa (Lastaurte baserria) eta handik etorria zen familia: aitona Joxe Antonio Gainzerain eta amona Prudentzi Aldasoro eta aita zena, Joakin, hau hilabetetakoa zela. Aitaren beste senideak hemen jaio ziren: Lukas, Klaudia, Bixenta, Julian, Felisa eta Andresa.
Joakin etxean gurasoekin, Ines Zapiain Portugal, Txandre-Enea baserriko alaba emaztetzat harturik. Hona hauen seme-alabak: Ines eta Joxe Antonio. Joxe Antonio semea orain etxean, Jaione Santxo Armendariz, tolosarra, emazte eta Oihana, Maialen eta Jaione hiru alabekin, eta Pepita, emaztearen ama.
Idiazabalen baserria saldu eta hemen baserria erosi, Zelaia baserria. Martindegi auzo bereko etxe nagusia barne, bertako laubost baserriak (Lizardi, Txalaka, Zelaia....) erabat aidrebes eta traketsak direla dio Joxe Antonio nire solaskideak lurren antolaketari buruz. Lursailak oro banaturik, denak han-hemenka puskaka zatikaturik, noia Añoa bideko lurrak, Urbieta eta Santio aldekoak, hala etxe ingurukoak eta erriberak. “Ulertezina benetan!”.
Lauzpabost behi, idia eta behia uztarrian, soro lanerako eta azpigarria etxeratzeko. Aberea ere bai gero, besaberako. Lau gurpileko orga zuten zaldiarentzat barazkiak eta esnea Ergobiara (tranbia), Bretxara eramateko. Baratze ona beti, Martindegiko etxe guztietan bezala.
Zaldi eta organ joan ohi zen familia jaiegunetan mezetara, Zinko-Eneko etxearen alboan leihoko burdin hesiari zaidia lotuta utzi ondoren. Ongi oroitzen da Joxe Antonio, orduan autorik ez, noia familia osoa San Antoniotan, Astigarraga, Aitza eta beste leku askotako familiak bezalaxe, zaldi karroan Ereñotzura joan eta etxerakoan Trubide edo Fagollagan zer merienda goxoa egiten zuten. Egun berezia!.
Aita hainbat urtetan Trin Fabrikan lanean ibilia zen. Joxe Antonio seme bakarra zalantza handiei aurpegi eman beharrean gertatu zen bere aldetik, mundu guztia baserria bertan behera utzi eta industriara zihoanean. Herri gaztedi edo baserri mugimenduan zebilen (Balentin Zamora) eta bi bide planteatu zizkion bere etorkizunari soldadutzatik etorri ondoan: negutegiak eta baratzegintza ala sagardogintza. Bigarren bide honi ekin zion. Hala, sagastiak landatzera jo zuen. Berehala ohartu zen urrats berrien beharraz eta sagastiak are gehiago birmoldatzera jo zuen. Sagarra, etxekoaz aparte, kanpotik ekartzen hasi ziren (Asturias eta Galizia) eta azkeneko 15 urteotan, Britainiarako bidea urratu dute, jakina, beti ere etxeko sagarra oinarritzat.
Duela 30 bat urtetik hasita arrakasta bereganatzen joan da sagardoa. Txotxeko sagardoa sustatzearekin, jatetxe, denda eta elkarte gastronomikoetara sagardo eskea zabaldu baitzen, ondorioz, katean bezala etorri zen gainerakoa.
—Sagardoaren nortasun propioa, sagardoa deitu molde berriko botila, hiru txikikoa.
—Etiketa eta informazioa (garbitasuna zein kalitatea).
—Sagardogintzako makineriaren modernizatzea, betiere edari honi zor zaion nortasuna mantenduz.
—Sagarrondo eta sagar mota berezien lantzea: gazi, gozo eta gezamina orekatuz.
Ororen buru, baikor ageri zaigu Joxe Antonio “Zelaia” etorkizunari buruz, sagardoa alkohol gutxiko edaria dela esanez eta edari sendagarria (diuretikoa bereziki). Beronen arrakasta eta zabalkundea geroz areago doala Europa guztian, eta hemen, Euskal Herrian. Ikusi besterik.