Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Tabla-Enea | Teileri Zahar | Teileria

 

Teileri Zahar

 

      Izenak ez du buruhausterik ematen, nola Teileria hala Teileri Zahar, bi baserriak teileria izanak baitira aitzina, teilagintzan jardunak, eta hortik datorkie izena. Zumadi-Erroilaburuko bidean, Santio mendirako bidea, ezkerrera hartzen den puntu hau baino goraxeago dago Teileri Zahar baserria. Etxea osoki berritua gaur egun, lehengoaren antz apurrik ere ez duena. Baserri etxe dotorea eta erosoa guztiz, atze aldetik artegi eder bat duelarik.

      Etxeko alaba dugu Iñaxi oraingo etxekoandrea. Gurasoak, Tomas Imaz Aduriz eta Hilari Etxeberria Etxeberria izan ziren, eta senideok: Joxe Mari, Joakina, Joxe Migel, Esteban, Joxepa, Iñaxi eta Patxi.

      Hauetarik, Iñaxi gelditu zen etxean, senide arteko arazoak zirela medio, nahiko bizimodu zailari aurpegi eman behar izan ziolarik. Ezkondu, senarra Karlos Mugertza Tolosa, nafarra, Uztegikoa jaiotzaz eta lau seme-alaba izan: Karlos, Ramon, Ana Mari eta Esther. Orain, Ramon etxean gurasoekin, eta Karlos bere familiarekin baina etxearen goiko bizitzan hau.

      Baserrian, bospasei behi, zekor batzuk, zerri bat etxerako, baina zerramak (aldi batean zerri eta ume hirurogei bat izanak dira). Esnea Gurelesari eta aita lanera erreleboan (Policloro) baserriko lana tartekatuz. Ardi ale batzuk beti. Hortik Ramon semeari artzaintzako afizioa.

      Baratzea izan dute, “baina baratzeak lan asko du eta etekin gutxi” dio Iñaxik. “Zaku baina dendara eraman eta litro olioa trukean, horrelaxe ibiltzen ginan”.

      Gero, behiak kendu eta ardiak jarri zituzten, Ramon semearen ardurapean. Artalde handia, lan asko ardiak umatzeko garaian batik bat. Zorrak alde batetik eta buruhaustea franko badute ardiekin. Esaterako, iaz eta aurreko bi urtetan 127 ardi ito dizkiete zakurrek eta oraino apenas laguntzarik jaso. Diputazio eta beste erakundeek agindu bai baina...

      Udan artaldea Andi Mendira, goizetik ardietara joan-etorria egin, eta baserrietan belar bolak egiten. Behemendiren ardurapean, ari izaten da Ramon pezeta batzuk etxeratuko baditu.

      Dena den, orain eroso bizi direla, etxe berrian, esan diet. Lehengo etxe zaharraz ez dutela oroitu ere egin nahi erantzun didate. Beldurra franko pasatuak dira, “etxea noiz eroriko, etxeak azpian noiz hartuko”. Haize bolada edo ekaitz zakarretan, zenbait egunetan, haurrak manta zaharretan bildu eta ukuilura jaisten zirenekoa dute gogoan. “Hura mixeria hura!”.

      Orain, semeari lagunduz, eta lehen hainbateko esturarik gabe, gizona jubilaturik, bizi dira aiton-amonak.

 

Tabla-Enea | Teileri Zahar | Teileria