Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
BIKTIMAK
Azpiatal honetan, bizitzeko eskubidearen biktimak baino ez dira aipatzen, baldin eta haien heriotza, zalantzarik gabe, motibazio politikoko indarkeria-ekintza batekin lotzen bada, hargatik eragotzi gabe abian diren ikerketek dokumentu honetan aipatutako biktimen kontsiderazioa aldatzea.
Demetrio Lesmes Martin
Salamancan jaio zen eta Hernanin bizi zen. Ezkonduta zegoen, 55 urte zituen eta lau seme-alaba zituen. Orbegozo enpresako zinpeko zaindari gisa lan egiten zuen, Hernaniko Florida auzoan. Isilpeko mandataria zela adierazi zuen ETAk, segur aski ezaguna zelako Francoren Guardiara atxikita zegoela. Egitura paramilitar frankista hori Mugimenduaren Buruzagitza Nazionalaren mende zegoen, eta 1977ra arte ez zuten desegin. 1975eko uztailaren 15ean jasan zuen lehen atentatua; zauritu egin zen ordukoan[230]. Guardia Zibilaren txostenak honela kontatzen du gertatutakoa:
“Demetrio Lesmes Martin, Orbegozo enpresako zinpeko zaindaria, lanera zihoan. Lantokitik gertu zegoen Caravel gasolindegiaren parera iritsi zenean, martxan zihoan ibilgailu bateko hiru pertsonak tiro egin zioten, beste ondoriorik gabe. Dena den, aipatutako gizonak salaketan adierazi zuenez, autoa urruntzen ari zela, tiro egin zuen pertsonak metraileta astindu zuen atzeko beiratik”[231].
Gerora, handik hilabete ingurura, zehazki, abuztuaren 8ko 14:00etan, berriro ere tiro egin zioten enpresako atarian. Kasu honetan ere Guardia Zibilaren txostenak gerturatzen gaitu gertakarira:
“Hilaren 8ko arratsaldean, ETA euskal erakunde terroristako kideek, Morris-MG ibilgailu batean zihoazela, metrailetaz tiro egin zioten 55 urteko Demetrio Lesmes Martini, Florida auzoan. Orbegozo enpresako zinpeko zaindaria zen, eta laneguna amaitu eta lantokitik etxera zihoala egin zioten tiro. Berehala hil zen, eragindako zaurien ondorioz. ETAk salataria izatea egozten zion aipatutako gizonari, eta horregatik hil zuen (Frankoren Guardiako kidea zen)”[232].
Kasu hori amnistiatu egin zuten 1977ko Amnistiaren Legearen bidez[233]. Halaber, terrorismoaren biktimatzat aitortu dute, eta haren senideek kalte-ordaina jaso dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[234].
David Salvador Bernardo-Jonio
Bilbon jaio eta Hernani bizi zen. Taxi-gidari gisa lan egiten zuen, 45 urte zituen eta bi seme-alaba zituen, 8 eta 10 urtekoak. Haren ibilgailu barruan aurkitu zuten gorpua 1977ko urriaren 7an, 07:30 inguruan, Kaletxikin, Renfeko geltokitik gertu (Andoain). Gutxienez, balaz egindako bi zauri zituen buruan, baina 9 mm-ko sei bala-zorro topatu zituzten.
Atentatuaren zergatien eta zirkunstantzien gainean polizia-kidegoek emandako bertsioak kontraesankorrak ziren. Zergatiari dagokionez, hasiera batean pentsatu zuten lapurtzeko asmoz hilko zutela, baina taxiaren barruan topatu zuten diru-zorroa. Gertakariei dagokienez, bi aukeraren gainean espekulatu zuten. Batetik, Salvador Hernaniko Foruen plazako geltokitik atera zela bezero bat hartzeko; eta, bestetik, geltoki horretan bertan bezero bat sartu zela taxian, gazte bat, “26 urte ingurukoa, lau hilabeteko bizarrarekin eta jaka ilun bat jantzita”. Dena den, lekuko batzuek adierazi zutenez, gorpua topatu zuten leku berean aparkatuta zegoen autoa 01:00etatik, hau da, identifikatu baino zortzi ordu lehenagotik, ia[235].
Bestetik, kontsultatutako iturri guztiek adierazi zuten Salvadorrek ez zuelako inolako lotura politikorik, baina Triple A-k “ETArentzat lan egitea” leporatu zion[236].
Hala, Andoain, Astigarraga eta Hernani udalerriek osatzen duten eta “heriotzaren triangelua” izenez ezagutzen den eremuan eskuin muturreko taldeek eta talde parapolizialek egindako eta heriotza eragindako lehen atentatua izan zen. Dena den, nabarmentzekoa da kasu hau ez dagoela Gipuzkoako Gobernu Zibilaren memorian txertatuta, ezta polizia-kidegoen txostenetan ere. Horrekin lotuta, gehien hurbiltzen den aipamena Espainiako Polizia Nazionala (Poliziaren Kidego Nagusia, PKN) txostenaren azpiatal batean egiten da. Bertan, “eskuin muturra” izenburupean, beste erakunde batzuen artean, Triple A aipatzen da, eta honakoa dio guztien gainean: “lehen aldiz, 1977. urtean zehar, mehatxutik ekintzara edo delitu-egintzak egitera pasatu dira alderdi terrorista horren baitan”[237].
Halaber, aipatu beharrekoa da ez dagoela gertakari horrekin lotuta prozesu judizialik martxan jarri izanaren gaineko daturik[238].
Terrorismoaren biktimatzat aitortu dute, eta haren senideek kalte-ordaina jaso dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[239].
Jose Fernando Artola Goikoetxea
Hernanin jaio zen eta Antzuolan bizi zen hil baino 15 urte lehenagotik, gutxi gorabehera. ETAren atentatu batean hil zen, 1979ko urtarrilaren 30ean. 54 urte zituen, saltzailea zen ogibidez, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak Hernaniko eta Antzuolako “herriz herriko argazkietan” jasotzen duenez, Artola UCDko kidea zen[240]. Halere, “eskuineko ideologia” zuela eta UCDko Luis Candendo Perez militantearen “lagun mina” zela baino ez zuten aipatu garai hartako prentsan. 1978an hil zuen ETAk Candendo[241].
Heriotza eragin zuen atentatua 22:00ak inguruan gertatu zen Antzuolako Antigua auzoan, biktima Ongi etorri tabernatik atera eta lagun batekin etxera zihoanean. Diario Vascoko kronikaren arabera, hainbat pertsonak tiro egin zioten martxan zihoan ibilgailu batetik[242]; hainbat tiro jaso zituen, eta gibela eta diafragma zulatu zizkioten[243]. Bergarako anbulatoriora eraman zuten eta han hil zen. Antza denez, ETAm erakundeak atentatua justifikatu zuen, biktimari poliziaren isil-mandataria izatea egotzita[244].
Aurrez, “Artolak eta bere kuadrillako kide batzuek heriotza-mehatxuak jaso zituzten, betiere, haien eskuin muturreko ideologia zela eta”[245]. Eta, Vidas rotas. Historia de los hombres, mujeres y niños víctimas de ETA liburuak jasotzen duenez, heriotza eragin zion atentatua bano bi egun lehenago arrakastarik gabeko beste saiakera bat egin zuten komando horretako kide berberek[246].
Atentatuaren egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[247]. Halaber, terrorismoaren biktimatzat aitortu dute, eta haren senideek kalte-ordaina jaso dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[248].
Felipe Sagarna Ormazabal
Lanbidez zapataria zen Felipe Sagarna, eta Los Incansables txarangako musikaria zen. Hernanin jaio zen hil baino 42 urte lehenago, eta Kardaberaz kalean bizi zen.
1980ko apirilaren 19an, 05:00ak inguruan, etxera sartzera zihoala, Kardaberaz kaleko 36. atarian, kontrako noranzkoan zihoan auto bat Sagarnaren aurrean geratu zen. Autoan zihoazen BVEko kideek bi tiro egin zizkioten, eta hil egin zen. Tiro batek lokian jo zion, eta besteak garondoan. Sagarnari etxe ingurura lagundu zioten lagunak, berehala, laguntza ematera joan ziren. Donostia ospitalera (lehen Arantzazuko Erresidentzia zena) eraman zuten, baina medikuek haren heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin[249]. Hil aurretik, Urnietako ostalaritza-establezimendu batean mehatxatu egin zuten gero hil zuten pertsona berberek. “Frankoren hilobian danborra jotzen amaituko duzu” esan zioten[250].
Gertakariaren ondoren, hiru eguneko greba orokorrerako deialdia egin zuten Hernanin. Halaber, hilaren 21ean, astelehenean, ezohiko osoko bilkura egin zuten; bertan, atentatua gaitzetsi zuten eta herriko kale bati Felipe Sagarna “Zapa” izena jartzea erabaki zuten, baita haren oroimenez plaka bat jartzea ere[251].
Guardia Zibilaren txostenaren arabera, BVEren “Luis Berasategui” komandoak aldarrikatu zuen gertakaria. Gerora, 1985ean, 231 urteko espetxe-zigorra ezarri zieten atentatuaren egileei, baina 11 urteren buruan hirugarren gradua eskuratu zuten.
Halaber, Felipe Sagarna terrorismoaren biktimatzat aitortu dute, eta haren senideek kalte-ordaina jaso dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[252]. Dena den, elkarrizketatutako familiartekoek nabarmendu dutenez, zailtasunak izan zituzten Sagarna terrorismoaren biktima gisa aitor zezaten. Zehazki, aitortza hori eragingarria izan zedin 36 urte pasatu behar izan zirela salatzen dute; aurretik ukatu egiten zieten aitortza, hildakoa ETAko militantea zela arrazoituz, argumentu hori gezurrezkoa izanik. Familiakoak, prozesu horren ondorioz, “bigarren mailako biktima” sentitu dira[253].
Felipe Sagarna ez zen inolako alderdi politiko edo sindikatutako militantea, baina prentsako hainbat artikulutan aipatzen da “Herri Batasunaren jarraitzailea”[254] edo “HBko botoemailea”[255] zela. Halaber, hil baino hiru urte lehenago, ikastolen aldeko manifestazio batean Armadun Poliziako polizia-agenteek jaurtitako gomazko pilota baten kolpearen ondorioz larri zauritu zen[256].
Miguel Mari Arbelaitz Etxeberria
Miguel Arbelaitz Donostian jaio zen 1946ko abenduaren 26an. Hernanin bizi zen, Cintas adhesivas Ubis SA enpresako langilea zen eta LAB sindikatuko militantea. Enpresa berean lan egiten zuen Trini Cuadrado emazteak. 1978an ezkondu ziren eta 1979an alaba bat izan zuten[257].
1980ko irailaren 7an, 05:30 inguruan, Miguel Arbelaitzi eta Luis Mari Elizondori tiro egin zioten BVEko kideek Hernaniko Balantzako aldapan, Zikuñagako jaietatik bueltan zetozela. Biak hil ziren. Arbelaitzen kasuan, heriotza-aktaren arabera, garuneko “nerbio-zentroen suntsipena” izan zen heriotzaren kausa[258], hiru bala-inpaktuen ondorioz[259].
Unean bertan hil ziren bai Arbelaitz eta bai Elizondo. Hurrengo egunean greba orokorrerako deialdia egin zuten eta hiletak egin zituzten. Guardia Zibilak kontrolak jarri zituen errepidean, herrira sartzea galarazteko, baina ehunka lagun joan ziren hiletara. Bost apaizek parte hartu zuten hiletan. Apaiz horietako batek baieztatu zuenez, Sagarnaren heriotzaren ondoren esan zuen moduan, horrelako ekintzek “Hernaniko herritarrak are gehiago elkartzea” lortzen zuten; eta honakoa gehitu zuen: “gure artean hiltzeko tresnak erabiltzen jarraitzen dugun bitartean ez da bakerik egongo”[260].
Ondoren, herri-batzarrak eta manifestazioak egin zituzten, eta horietan polizia jotzen zuten arduraduntzat edo estaltzailetzat. Horrekin lotuta, Hernaniko udalean egindako ezohiko osoko bilkura batean “terrorismo instituzionalaren eta errepresio ofizial eta paraofizialaren hazkundea” gaitzetsi zuten. Halaber, “Guardia Zibilaren jarrera susmagarria” salatu zuten. Izan ere, kuartela gertakaritik 500 metrora egon arren, ez ziren bertaratu udaltzainek jakinarazi eta handi ordubetera arte. Gainera, aipatu zuten Hernanira sartzea zailtzeko baino ez zituztela jarri kontrolak hurrengo egunean, jendeak hiletan eta mobilizazioetan parte har ez zezan, eta ez biktimagileak topatzeko[261].
Atentatuan senarra hil ondoren, Trini Cuadradori telefono bidezko heriotza-mehatxuak egin zizkioten hainbat aldiz. Halaber, dei horietan haren heriotzaz pozten ziren[262].
Arbelaitz terrorismoaren biktimatzat aitortu dute, eta haren senideek kalte-ordaina jaso dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[263]. Egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[264].
Luis Elizondo Arrieta
Luis Elizondo ere unean bertan hil zen. Arbelaitzek 3 tiro j aso bazituen ere, Elizondoren gorpuak bi bala-zauri zituen, garezurraren zati ezberdinetan.
Hernanin jaio eta bertan bizi zen Elizondo. 34 urte zituen, eta harakina zen lanbidez. Ez zuen seme-alabarik. Aurrez aipatu moduan, Arbelaitz eta Elizondo hil zituen atentatu honen egiletza BVEko kideei leporatu zieten[265]. 1980ko irailaren 9ko (asteartea) La Vanguardia egunkariak jaso zuenez, komunikatzaile anonimo batek Radio
Bilbao irratira deitu zuen talde armatu horren izenean, eta honako hau esan zuen:
“Monzonek gerra nahi badu, guk ere bai. Bergarako gure burkide Luis Bergaretxeren hilketaren erantzuna da hau. Gora Espainiaren batasuna!”[266].
Ez da inon ageri Elizondo alderdi politiko edo sindikaturen batean afiliatuta zegoenik edo militatzen zuenik, baina Herri Batasunaren jarraitzailetzat hartzen zuten[267].
Hau ere terrorismoaren biktima gisa aitortu eta indemnizatu dute, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[268]. Hala ere, Eskuin muturreko taldeen eta talde parapolizialen biktimen senide gehienek bezala, Elizondokoek ere uste dute ez dituztela beste biktima batzuen moduan tratatu. Naiz egunkariari emandako elkarrizketa batean, honako hau esan zuen Ana Isabel Elizondok, Luis Mari Elizondoren arrebak.
“Hilketak 1980an gertatu ziren. 2001ean jaso genuen indemnizazioa, hogei urtera. Terrorismoaren biktima gisa indemnizatzen gintuzten, teorian. ETAk armak utzi zituenean, badirudi terrorismoaren biktima guztiak berdin tratatzen saiatzea izan zela Gobernuaren lehen ideietako bat, nolabaiteko normalizazioaren bila. Antza denez, gainerakoei ordaindu zietenaren erdia ordaindu ziguten. Eta hogei urtera, falta zen zatia eman digute. Arraro samarra da. Berrogei urte pasatu dira hilketak gertatu zirenetik, eta hogeita hamar urte baino gehiago behar izan ditugu indemnizazioa jasotzeko”[269].
Jose Maria Perez Lopez de Orueta
Bilbon jaio zen Perez Lopez de Orueta, eta Donostiako Azpeitia kalean bizi zen. 30 urte zituen, ezkongabea zen eta abokatu kriminalista gisa lan egiten zuen Gipuzkoako hiriburuan, ETAm-k haren aurkako atentatua egin eta hil baino bi urte lehenagotik, gutxi gorabehera[270].
Prentsak jaso zuenez, 1980ko urriaren 31n, 19:00 aldera, ETAm-ko hainbat kide biktimaren etxean agertu ziren, bahitu egin zuten eta Ereñotzura eraman zuten. Auzitegi Nazionalaren 1990eko martxoaren 16ko 20. epaiaren arabera,
Perezi galdeketa egin zioten biktimagileek, narkotrafikatzailetzat eta droga-trafikoarekin lotutako pertsonen defendatzailetzat jotzen zutelako[271]. Ondoren, 9 mm-ko Parabellum bala baten tiro bat jaso zuen gutxienez, eta hil egin zen.
22:00ak aldera topatu zuten gorpua Ereñotzun, Txirrita bertsolariaren oroimenezko eskulturatik gertu[272]. Atentatua publiko egin ondoren, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak gaitzespen-ohar bat igorri zuen. Gainera, adierazi zuten hainbat elkargokidek haien bizilekua utzi behar izan zutela haien filiazio politiko-ideologikoagatik jasotako mehatxuen ondorioz[273].
Terrorismoaren biktima gisa aitortu eta indemnizatu dute Perez Lopez de Orueta, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[274]. Egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[275].
Joaguin Altimasbere Escoz
Joaquin Altimasbere Irungoa zen jaiotzez, 31 urte zituen eta seme bat zuen. Hernaniko ijito-komunitateko kidea zen. 1980ko azaroaren 14an Urnietako gaueko lokal batetik gertu zegoen Andres Echeverria Echeverria lehengusuarekin batera, Salesiarren ikastetxetik gertu. Une horretan, BVEko kideek tiro egin zieten. Altimasbere hil egin zen jasotako hiru bala-tiroen ondorioz. Echeverria, berriz, larri zauritu zen lepoan eta bizkarrean jasotako bala-inpaktuen eraginez. Lesio horiek zirela eta, 192 egun behar izan zituen sendatzeko eta aurrerantzean disnea eragin zioten[276].
Hilaren 15ean, 06:00ak aldera, dei anonimo bat egin zuten Diario Vasco egunkarira eta atentatua aldarrikatu zuten BVEren izenean; ETAko kideak izatea leporatzen zieten biktimei. Gerora, hilabete batzuk lehenago ijito-komunitateak Hernaniko bizilagun batzuekin izandako gertakari batekin lotu zuen gertaera Juan Jose Roson barne ministroak. Hernaniko alkatetzaren eta familiartekoen ustez, “ikertu beharrean, atentatuaren lotura politikoa ukatu eta kasu honen arreta desbideratzeko saiakera” bat baino ez ziren izan adierazpen horiek[277]. Halaber, Arbelaitz eta Elizondoren kasuan bezala, gertakarien lekura iristeko poliziak bi ordu baino gehiago behar izan zituela salatu zuten[278].
Atentatuaren biharamunean 5.000 pertsona inguru bildu ziren Altimasbereren hiletan, eta herriko ia denda guztiek ateak itxi zituzten. Ondoren, 20:00ak aldera, manifestazio bat egin zuten eskuin muturreko atentatuen aurka eta talde horiek zuten inpunitatearen aurka protesta egiteko[279].
Terrorismoaren biktima gisa aitortu eta indemnizatu dute Altimasbere, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[280]. Gainera, egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[281]. Dena den, erakundeek urte askotan alde batera utzi dituztela sentitu dute Altimasbereren familiartekoek:
“Erakundeek alde batera utzi gaituztela sentitu dugu. Babestu gaituztenak herritarrak izan dira beti”[282].
Antonio Murillo Chacón
Puebla de la Reina (Badajoz) herrikoa zen jaiotzez Antonio Murillo. Hil baino urte batzuk lehenago joan zen herri hartatik Hernanira bizitzera, familiarekin batera. Florida auzoan bizi zen, ezkongabea zen eta, gertakariaren unean langabezian bazegoen ere, noizbehinka zerbitzari gisa lan egin izan zuen[283].
1981eko ekainaren 26an, goizeko 04:15 inguruan, tiro bat jaso zuen buruan etxeko atarian zela, auzoko festetatik bueltan. Donostia ospitalera eraman zuten eta han hil zen. 25 urte zituen.
Hernaniko jaiak bertan behera geratu ziren hiletarako, baina gero berriro ireki zituzten txosnak, ez zela “atentatu politikoa” izan baitzen. Aldi berean, mila pertsona inguru manifestatu ziren Hernaniko kaleetan zehar, atentatuaren aurka[284].
Bi urte lehenago atxilotu egin zuten drogak izateagatik. Dena den, hasiera-hasieratik, familiak ukatu egin zuen biktima edonolako jarduera politikorekin lotuta zegoenik[285].
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Komando Autonomo Antikapitalistei (KAA) egotzi zien atentatua; COVITEk, berriz, “eskuin muturrari”, baina orain “ETA-KAA”-ri egozten dio. Terrorismoaren Biktimen Fundazioak (FVT) uste du KAA izen zela. Eta Calleja eta Sanchez-Cuencak, Arartekoaren txostenak, Belen Pulgarrek eta Guardia Zibilak ere KAA izan zela uste dute. Comandos Autónomos. Emboscada en Pasaia. Un crimen de Estado liburuan Grupo Autónomo de Autodefensa de Euskadi (GAAE) taldea aipatzen da, baina kasu hau ez. Bestetik, Euskal Memoria Fundazioak, Estatu-terrorismoa Euskal Herrian lanean, gerra zikinaren biktimen artean sartu zuen[286]. Azkenik, Vidas rotas. Historia de los hombres, mujeres y niños víctimas de ETA argitalpenean aipatzen denez, “ordura arte ezezaguna zen Grupo Autonomo de Autodefensa de Euskadi (GAAE) taldeak bere gain hartu zuen atentatua hurrengo egunean. Hala ere, ETAren biktima gisa zenbatzen dute[287].
Hala, kasua ebatzi gabe dagoen arren eta, hortaz, judizialki kasua artxibatuta dagoen arren[288], ziur asko aldarrikapena egin zuten horiek izango ziren egileak, GAAEko militanteak. Gainera, erakunde hura ezezaguna zen ordura arte, eta ez dago jasota geroztik jardun duenik[289].
Terrorismoaren biktima gisa aitortu eta indemnizatu dute Murillo, 13/1996 eta 32/1999 legeen babespean[290].
Arturo Quintanilla Salas
Burgosen jaioa zen Arturo Quintanilla. Hernanira etorritakoan familia bat osatu zuen, hiru seme-alaba izan zituen eta Jose Mari tabernaren jabea zen[291] Vidas rotas. Historia de los hombres, mujeresy niños victimas de ETA liburuak jasotzen duenez, ETAm-ren estortsioak jasan zituen hainbat aldiz. 10 milioi pezeta ordaintzeko eskatzen zioten. Biktima “Frantziara joan zen ETArekin harremanetan jartzen saiatzeko, baina ez zuen lortu. Atentatua baino bi hilabete lehenago, ostalariak beste estortsio-gutun bat jaso zuen, diru gehiago eskatuz”[292].
1983ko irailaren 5ean, taberna itxi eta emaztearekin eta alabetako batekin autoan zela, autoa martxan jarrita, hainbat tiro jaso zituen eta hil egin zen. Arturo Quintanillak 44 urte zituen[293].
Alabak, atentatuan bertan zegoenak, honela adierazi zuen:
“Aita autoa martxan jartzen ari zela, auto ilun bat gerturatu zen, urdina edo beltza; gure alboan zirenean, gidariaren ondoan eserita zegoenak leihoa jaitsi zuen, burua eta besoa atera zituen, eta tiro egiten hasi zen, oso gertutik, kalea oso estua baita eta justu sartzen baitira bi auto. Lehen tiroarekin, aita albo batera erori zen, eta balek aurpegia igurzten zigutela sentitu genuen amak eta biok; hiruok hil gintzaketen. Tiro egiten ari zenak jaka ilun bat eta betaurreko beltzak zituen jantzita, eta ile motza zuen”[294].
ETAm-k aldarrikatu zuen heriotza eragin zuen atentatu hura. “Bingoen eta txanpon-makinen azpiegitura aprobetxatuz” narkotrafikoan aritzea eta poliziaren laguntzailea izatea leporatzen zioten biktimari. Halaber, estortsio ekonomikoa egin ziotela onartu zuen ETAm-k, eta Quintanilla “Marcelino Orejaren lagun mina” zela zioten[295].
Gerora, 1985ean, ETAko militante bati 23 urteko espetxe-zigorra egotzi zioten “talde armatuko kidea” izateagatik eta “aurrez pentsatutako hilketagatik”. Era berean, familiari 12 milioi pezetako kalte-ordaina ordaintzera behartu zuten[296].
Terrorismoaren biktima gisa aitortu dute Quintanilla, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[297]. Egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[298].
Juan Jose Pulido Pavon
Juan Jose Pulido Extremadurako Montanchez, herrian jaioa zen, baina hainbat urte zeramatzan Hernanin bizitzen. Lanbidez kofratzailea bazen ere, gaixotasunak tratatzen zituen sendabelarren bidez. Hori dela eta, “doctor hierbas” (belar-medikua) izenez ezagutzen zuten Hernanin[299].
Pulidok hiru seme-alaba zituen. Hil zen unean Pulidok zuen adinari dagokionez, datuetan kontraesanak daude. Izan ere, Diario Vascok 50 urte zituela argitaratu zuen[300], El Paísek 32 zituela[301] eta Vidas rotas. Historia de los hombres, mujeres y niños víctimas de ETA liburuan aipatzen zenez, 38 urte zituen[302].
Heriotza eragin zion atentatua 22:00ak aldera gertatu zen, Hernaniko Orkolaga plazan. Biktima bi lagunekin zihoan gertakariaren unean, Juan Carlos Valdes Valdes eta Jose Echevarria Urrutiarekin. Lehena arin zauritu zuten, eta bigarrena ez zuten zauritu. Antza denez, ETAm-ko militanteek tiro egin zioten biktimari. Donostia ospitalera eraman zuten, eta han hil zen bi ordu geroago, ebakuntza bat egin ondoren[303].
Biktima narkotrafikatzailea zela esanez arrazoitu zuen ETAm-k atentatua[304]. Ondoren, egileak epaitu eta zigortu egin zituzten[305]. Terrorismoaren biktima gisa aitortu dute Pulido, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[306]. 2008az geroztik, Montánchez-eko (Caceres) kale batek haren izena du.
Rafael Goikoetxea Errazkin
Rafael Goikoetxea Zikuñaga auzoan jaio zen 1954ko urtarrilaren 19an. Hainbat enpresatan lan egin zuen, horien artean Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga S.A. faktorian. Gero baxurako ontzietan lan egin zuen, soldadutza egiteko deitu zioten arte. Gerrako itsas armadan sartu zen. Espainiako armadan urte eta erdi pasatu ostean, kamioi-gidari gisa lan egin zuen Hernaniko enpresetan eta Pasaiako kooperatiban[307].
Kooperatiba horretarako lanean ari zela, bere kamioia batzuetan irekita agertzen zela ohartzen hasi zen, hau da, erabili egin zutela. Poliziak berak “txakurraren kamioilaria” deitzen zion[308]. Bestealde, Arbelaitz eta Elizondo hil zituztenean (harekin egon ziren gau hartan) lur jota utzi zuen. Azkenik, 1981eko otsailean, lana eta bikote-harremana bertan behera utzi eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, lehenago Pedro Mari anaiak egin zuen moduan (1976az geroztik)[309].
1984ko maiatzaren 3an, 17:00ak inguruan, lanean ari zen Denek (Arrosa) kooperatibaren fabrikatik irten eta Baigorrirantz zihoazela, GALeko bi kide Rafael Goikoetxea eta Jesus Zugarramurdi zeuden ibilgailuaren ondoan jarri ziren eta biak tirokatu zituzten. Goikoetxeak bi tiro jaso zituen eta, ondorioz, hil egin zen. Zugarramurdi, berriz, zauritu egin zuten[310]. Hurrengo egunean manifestazioa egin zuten atentatuaren aurka protesta egiteko, eta polizia oldartu egin zen manifestazio hartan. Maiatzaren 6an hileta jendetsua egin zuten Hernanin, eta ondoren ekitaldi politiko bat eta manifestazio bat egin zituzten PSE-PSOEren Herriko Etxearen aurrean; tentsio-uneak izan ziren[311].
Egiletzari dagokionez, maiatzaren 3an bertan GALek atentatua aldarrikatu zuen Soud-Ouest egunkarira egindako dei baten bidez[312]. Gainera, atentatuaren biharamunean, biktimagileek erabilitako motorra topatu zuten. Ondoren, Segundo Mareyren bahiketaren inguruan irekitako ikerketan, Jose Amedok eta Michel Dominguezek aurkeztutako dokumentuetako bat Goikoetxearen eta Zugarramurdiren aurkako atentatua aldarrikatzeko egindako deiarekin lotutako idatzia izan zen. Dominguezek onartu zuen berak irakurri zuela komunikatua, baina adierazi zuen Miguel Planchuelo polizia arduratu zela idazteaz[313].
Gerora, Planchuelok onartu zuen dokumentuan ageri zen letra berearen oso antzekoa zela, baina ez zuela gogoratzen idatzi izana. Idatzia Planchuelorena zela baieztatu zuten grafologoek. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak sumario bat ireki zuen hilketa argitzeko (19/95 sumarioa), baina kasua artxibatu egin zuten 1999an[314].
Dena den, kasu honen gainean argitzeko daude alderdi batzuk; batez ere, ez dago argi GALen helburua Rafael Goikoetxea ote zen benetan. Batetik, Goikoetxeari Pedro Mari anaiak parte hartutako ekintza armatuak egozten zitzaizkion. Bestetik, Goikoetxea eta Zugarramurdi zeuden kotxea ETAko beste kide batena zen, Pedro Martikorenarena, hortaz, posible da GALen asmoa azken horri eraso egitea izatea.
Barne Ministerioak terrorismoaren biktima gisa aitortu du Goikoetxea, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[315].
Inaxio Astiasuinzarra Pagola
Hernanin jaio zen, 1950eko uztailaren 30ean. Lanbide Heziketako ikasketak egin ondoren, Hernaniko tailer batean lan egin zuen. Irunen soldadutza egiten ari zela atxilotu egin zuten, baina Donostiako Loiolako kuarteleko zeldatik ihes egin eta Baionara joan zen (Lapurdi).
Baionan zela, 1985eko irailaren 25ean, GALek Inaxio Astiasuinzarra hil zuen Baiona Ttipiko Pannecau kaleko Monbar hoteleko tabernan, suzko armekin egindako atentatu batean[316]. Harekin zeuden beste hiru pertsona ere hil ziren: Jose Maria Etxaniz, Agustin Irazustabarrena eta Sabino Etxaide.
Atentatua egin eta handik hamar minutura atxilotu zituzten bi erasotzaileak (Pierre Frugoli eta Lucien Mattei) . Jakin ahal izan zenez, Donostiako Orly hotelean ostatu hartu zuten bi egun lehenago, GALekin lotutako bi polizia-agenterekin batera. Gerora, CESID talde eragileko buru ohia eta CESIDeko zuzendari ohia Espainian epaitu zituzten[317].
Lau euskal erbesteratuen heriotzari erantzuteko, greba orokorra eta hainbat mobilizazio egin zituzten Gipuzkoan. Goikoetxearen kasuan bezala, Astiasuinzarrari harrera jendetsua egin zioten Hernanin[318].
Inaxiok 35 urte zituen. Barne Ministerioak terrorismoaren biktima gisa aitortu zuen, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[319].
Iñaki Totorika Vela
Iñaki Totorika Portugaleten jaio zen 1975ean. Ertzaina zen eta Hernanin zuen lanpostua. Ezkongabea zen, eta EAJko eta UGT sindikatuko afiliatua[320].
2001eko martxoaren 9an, 00:40 aldera, Zinkoenean plazan sutan zeuden edukiontzi batzuk eta plaza hartan bertan gurutzatuta zegoen auto bat egiaztatzera joan ziren Totorika eta haren kidea. Agenteek garabiari deitu zioten, ibilgailua kentzeko. Orduan, ibilgailuari atxikitako bonba aktibatu zuten handik gertu zegoen atari batetik, urruneko agintearen bidez[321]. Leherketaren ondorioz, Totorika hil egin zen Donostia ospitalera iritsi baino lehen. Lankidea, bestetik, larri zauritu zen; izandako ondorio fisikoek galarazi egin zioten lanbide hartan jarraitu ahal izatea[322].
Atentatua gertatu eta ordubete ingurura DYAra deitu zuten ETAren izenean, eta haien gain hartu zuten heriotza eragin zuen atentatua. Hurrengo egunean hileta jendetsua egin zuten Portugaleten, eta Ricardo Blázquez Bilboko apezpikuak eman zuen meza. Milaka pertsonaz gain, ordezkari politiko ugari ere joan ziren. Egun hartan bertan, arratsaldean, manifestazio bat egin zuten Portugaleteko kaleetan zehar, “Por la libertad. ETA no” (Askatasunaren alde. ETA ez) lelopean[323].
2003an, atentatuaren erantzuleak ziren ETAko militanteak zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Terrorismoaren biktima gisa aitortu eta indemnizatu dute Totorika, eta 32/1999 legeen babespean[324]. Halaber, 2001eko azaroaren 20an Eusko Jaurlaritzak Totorika omendu zuen Arkauteko Akademian, eta poliziaren merituaren domina gorria eman zioten[325].
Ertzaintzaren aurka bonba-autoz egindako lehen atentatua izan zen Totorikaren eta lankidearen aurka egin zutena. Dena den, Totorika ez zen izan ETAk hildako lehen ertzaina. Ordura arte, bederatzi ertzain hil ziren ETAk egindako 12 atentatutan[326].
Joseba Pagazaurtundua Ruiz
1957ko abenduaren 27an jaio zen Hernanin, eta Andoainen bizi zen. Udaltzainen sarjentua zen Andoainen. Joseba Pagazaurtundua, gaztetan, ETApm-ko eta Euskadiko Iraultzaile Alderdiko (EIA) militantea izan zen. Ondoren, Euskadiko Ezkerran sartu zen eta, PSErekin bat egin ondoren, Andoaingo PSE-EEren udal-taldean sartu zen. UGTko kidea ere bazen[327].
2003ko otsailaren 8an, 09:55ean, ETAko militante batek hiru tiro egin zizkion Pagazaurtunduari, hura Andoaingo Daytona tabernan zegoenean. Larri zauritu zen eta Donostia ospitalera eraman zuten. Han hil zen, ZIUn sartu eta 9 ordura[328]. Hil ondoren, udalak atentatua gaitzetsi zuen udaleko osoko bilkura batean, eta tentsio-uneak bizi izan zituzten. Halaber, Andoaingo udaltzainek udaletxea itxi zuten 24 orduz, haien lankidearen heriotza eragin zuen atentatuaren kontra protesta egiteko[329].
45 urte zituen, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen, 9 eta 14 urtekoak. Atentatua baino apur bat lehenago, honako hau idatzi zuen Pagazaurtunduak: “Gero eta gertuago ikusten dut nire amaiera, ETAren eskuetan”[330].
Atentatua gertatu zenean, Basta Ya! herri-plataformako kidea zen Pagazaurtundua. Plataforma horrekin batera, Sarajov saria jaso zuen Europako Parlamentuan 2000. urtean[331]. Aurretik, 1994an, Andoaingo udaltzainen sarjentua zenean, Arabako Guardia herrira bidali zuten Ertzaintzari zerbitzuak ematera, ETAren aldetik jasotako mehatxuen ondorioz.
ETAk hilabete batzuk geroago aldarrikatu zuen atentatua, biktima Guardia Zibilaren laguntzaile izateaz egotzita. Ildo horretan, Vidas Rotas argitalpenean aipatzen da Basta Ya!-ko kideek atentatuaren ondoren argitaratutako komunikatua “Urte hauetan zehar, Josebak jarduera terroristei buruzko datu ugari ematen ditu, Ertzaintzaren zuzendaritzak ezagutzen ez dituenak, baina Guardia Zibilaren eskuetan komando bat atxilotzera eramaten dutenak”[332]. Terrorismoaren biktima gisa aitortu zuten, eta haren familiartekoak biktima gisa indemnizatu zituzten, 13/1996, 32/1999 eta 29/2011 legeen babespean[333]. Halaber, Auzitegi Nazionalak atentatuaren egileak epaitu eta zigortu zituen 2011n eta 2015ean[334].
Bestetik, gertatutakoa aitortu eta Joseba Pagazaurtundua gogoratzeko, Andoaingo udalak hilondoko merituaren domina eman zion 2004an. Urte hartan bertan, Agustin Ibarrolak hura oroitzeko egindako eskultura bat inauguratu zuten eta udaletxearen aurrean jarri zuten[335].
[230] Gogora, 2016, 10. or. Alonso, 2010, 59-60. or.
[231] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua, 1975.
[232] Ibidem.
[233] Fonseca, 2014. 46/1977 Legea.
[234] 13/1996 Legea.
[235] Egin, 1977ko urriak 8. Diario Vasco, 1977ko urriak 8. La Voz de España, 1977ko urriak 8. Gogora, 2016, 18. or.
[236] Agirre (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 578. or.
[237] Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Poliziaren Kidego Nagusiaren Probintziako Komisaria, 1977.
[238] Fonseca, 2014.
[239] 13/1996 Legea.
[240] Gogora, 2016, 11. or. Gogora (Antzuola), 2016, 26. or.
[241] Diario Vasco, 1979ko urtarrilak 31. Alonso, 2010, 188-189. or. Gogora (Antzuola), 2016, 26. or.
[242] Diario Vasco, 1979ko urtarrilak 31.
[243] Alonso, 2010, 188. or.
[244] Alonso, 2010, 189. or.
[245] Diario Vasco, 1979ko urtarrilak 31.
[246] Alonso, 2010, 188. or.
[247] Fonseca, 2014.
[248] 13/1996 Legea.
[249] Isabel Sagarna Ormazabal eta Marijose Aizpurua Sagarnaren lekukotza. Gogora, 2016, 19. or. Kronika, 1980 (Felipe Sagarnari buruzko erreportajea). Egin, 1980ko apirilak 20. El País, 1980ko apirilak 20. Diario Vasco, 1980ko apirilak 20.
[250] Familiako lekukotza.
[251] Kronika, 1980 (Felipe Sagarnari buruzko erreportajea). HUA, 1980-1981, Akten liburua 1980-1981. Ezohiko osoko bilkura, 11/80 zk.
[252] 13/1996 Legea.
[253] Familiako lekukotza.
[254] El País, 1980ko apirilak 20.
[255] “Euskadi 1977-1982”. Egin, 83. or.
[256] El País, 1980ko apirilak 20.
[257] Trini Cuadradoren lekukotza. GOGORA, op. cit., 2016, 20. or. Diario Vasco, 1980ko irailak 9. Egin, 1980ko irailak 9. Naiz, 2020ko azaroak 14.
[258] Heriotza-akta
[259] Diario Vasco, 1980ko irailak 9.
[260] Egin, 1980ko irailak 9.
[261] Diario Vasco, 1980ko irailak 9. / HUA, 1980-1981, Akten liburua. Ezohiko osoko bilkura 21/80 zk.
[262] Trini Cuadradoren lekukotza. Naiz, 2020ko azaroak 14.
[263] 13/1996 Legea.
[264] Fonseca, 2014.
[265] Gogora, 2016, 20. or. Diario Vasco, 1980ko irailak 9. Egin, 1980ko irailak 9.
[266] La Vanguardia, 1980ko irailak 9.
[267] Diario Vasco, 1980ko irailak 9. La Vanguardia, 1980ko irailak 9.
[268] 13/1996 Legea.
[269] Naiz, 2020ko azaroak 14.
[270] Diario Vasco, 1980ko azaroak 1.
[271] Alonso, 2010, 333-334. or.
[272] Diario Vasco, 1980ko azaroak 1.
[273] Alonso, 2010, 333-334. or.
[274] 13/1996 Legea.
[275] Fonseca, 2014.
[276] Egin, 1980ko azaroak 15. El País, 1980ko azaroak 15. Diario Vasco, 1980ko azaroak 15. Gogora, 2016, 22. or.
[277] Egin, 1980ko azaroak 15.
[278] Ibidem.
[279] El País, 1980ko apirilak 16.
[280] 13/1996 Legea.
[281] Fonseca, 2014.
[282] Naiz, 2020ko azaroak 14.
[283] Diario Vasco, 1981eko ekainak 27. Alonso, 2010, 374-375. or.
[284] Punto y Hora, 232. zb., 6. or.
[285] Diario Vasco, 1981eko ekainak 27.
[286] Gogora, 2016, 26. or.
[287] Alonso, 2010, 374-375. or.
[288] Fonseca, 2014.
[289] Lopez, 2021, 2. liburukia, 70-71. or.
[290] 13/1996 Legea.
[291] Gogora, 2016, 13. or.
[292] Alonso, 2010, 447. or.
[293] Diario Vasco, 1983ko irailak 6.
[294] Alonso, 2010, 447. or.
[295] Egin, 1983ko irailak 7. El País, 1983ko irailak 10.
[296] Alonso, 2010, 447. or.
[297] 13/1996 Legea.
[298] Fonseca, 2014.
[299] Diario Vasco, 1983ko urriak 9.
[300] Ibidem.
[301] El País, 1983ko urriak 9.
[302] Alonso, 2010, 450. or.
[303] Diario Vasco, 1983ko urriak 9.
[304] Alonso, 2010, 450. or.
[305] Fonseca, 2014.
[306] 13/1996 Legea.
[307] Berria: GAL, 30 urte (2021eko ekainaren 10ean kontsultatuta): https://www.berria.eus/GAL/nagusia.php#section-4
[308] Feli Goikoetxeari jasotako lekukotza.
[309] Feli Goikoetxeari jasotako lekukotza. Berria: GAL, 30 urte.
[310] Gogora, 2016, 23. or.
[311] Egin, 1984ko maiatzak 7.
[312] Egin, 1984ko maiatzak 4. El País, 1984ko maiatzak 4. Berria: GAL, 30 urte. Agirre, (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 589. or.
[313] Berria: GAL, 30 urte.
[314] Ibidem.
[315] 13/1996 Legea.
[316] Berria: GAL, 30 urte. Agirre, (koordinazioa eta erredakzioa), 2010, 591. or. Egin, 1985eko irailak 29.
[317] Gogora, 2016, 24. or.
[318] 13/1996 Legea.
[319] Gara, 2015eko irailak 24.
[320] Gogora, 2016, 15. or.
[321] La Vanguardia, 2001eko martxoak 9.
[322] Alonso, 2010, 1108. or. Intxaurbe, 2016.
[323] Ibidem.
[324] 13/1996 Legea.
[325] Ibidem.
[326] La Vanguardia, 2001eko martxoak 9.
[327] Argituz, 2018, 44. or.
[328] Ibidem.
[329] Ibidem.
[330] Alonso, 2010, 1153. or.
[331] Ibidem.
[332] Alonso, 2010, 1153 or., Argituz, 2018, 44. or.
[333] 13/1996 Legea.
[334] Ibidem.
[335] El Mundo, 2004ko otsailak 8.