Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022

 

2.
HILDAKOAK

 

Arbelaitz eta Elizondoren gorpuak
[Diario Vasco, 1980ko irailaren 9a).

 

      1960tik gaur egunera arte, zehazki, 1973 eta 2012 artean, euskal gatazkaren testuinguruan motibazio politikoko indarkeriak eragindako 34 hildako identifikatu dira (Hernanin hildako pertsonak edo herritik kanpo hildako hernaniarrak).

      Heriotza horien kausei dagokienez, 34tik 16etan bizitzeko eskubidea urratu zen eta, hortaz, giza eskubideen urraketa larria gertatu zen, nazioarteko zuzenbide penalaren ildoen eta kontsiderazioen arabera eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera. Zentzu horretan, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (GEAU) “funtsezkotzat” jotzen du giza eskubideak babestea, eta honako hau jasotzen du hirugarren artikuluan: “Denok dugu bizitzeko, aske izateko eta segurtasuna izateko eskubidea”[199]. Gerora, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak (GEEH) ospea eman zion eskubide horri[200]. Dena den, Angoitia eta Lasagabasterren arabera, “konbikzio zalantzagarriarekin”; izan ere, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hirugarren artikulutik urrundu eta modu zuhurragoan deskribatu zuen eskubide hori, legearen baldintzapean utzita[201].

      Gainerako 18 hildakoak, berriz, Euskal Herriko indarkeria politikotik eratorritako gertakarietan hil ziren, baina ezin dira bizitzeko eskubidearen urraketa baten biktimatzat hartu. Hala ere, aurrerago ikusiko dugun moduan, 18 kasu horietako batzuetan zalantza handiak daude heriotza eragin zuen gertakariaren gainean. Kasu horietan, polizia-kidegoek eta Espainiako agintariek sortutako dokumentuak eskuratuta argi liteke behin betiko heriotzaren arrazoiak.

      Bestetik, bizitzeko eskubidearen urraketari eta gatazka politikoaren ondoriozko beste heriotza batzuei dagokienez, azken urteetan zehar hainbat enuntziatu proposatu dira, batez ere, bi faktoretan oinarrituta: gertakariak zer modutan gertatu ziren eta nork eragin zituen. Gainera, “heriotza eragin duen indarkeria kolektibotik eratorritako” hildako biktimak aintzat hartzen dituen kategoriak proposatu dituzte erakunde batzuek, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiak[202].

      Laburpen gisa, 2008an Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak txosten bat argitaratu zuen, 1968az geroztik izandako giza eskubideen motibazio politikoko urraketen biktimei buruzkoa. Gainera, kategoria batzuk ezarri zituen heriotzak zer zirkunstantziatan gertatu ziren kontuan hartuta, arduradunak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren (TBLZ) zerrendan sartuta ez zeuden Estatuko Segurtasun Indarretako kideak eta talde parapolizialak ziren kasuetarako[203]:

1. Segurtasun-indarren esku-hartzeen ondorioz.

      — Poliziaren zaintzapean. Tortura

      — Espetxeak

      — Errepideko kontrolak edo antzekoak

      — Nahasteen, abusuen eta beste arrazoi batzuen ondorioz

      — Istiluetan edo zerbitzuz kanpo

      — Manifestazio eta mobilizazioetan

2. Talde parapolizialen, ultren eta TBLZren zerrendak kontuan hartzen ez dituen beste batzuen aldetik.

      — Atentatuak

      — Bahiketak

      — Sexu-erasoa

      — Manifestazioetan

      — Mehatxuak eta ondasunak

3. Heriotza-zigorra aplikatuta

4. Desagertzeak

 

      Gero, 2013an, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak beste txosten bat egin zuen, “euskal kasuan izandako giza eskubideen urraketei buruz (19602013)”. Bizitzeko eskubidearen urraketei dagokienez, sailkapen ezberdina ezarri zen biktimagilearen arabera[204]:

1. ETA eta indarkeria erabili duten beste talde batzuk

      — Atentatuetan

      — Bahiketak, heriotzekin

2. Estatuaren eta Estatuko Segurtasun Indarren aldetik

      — Poliziaren zaintzapean hildako pertsonak

      — Errepideko kontrolak edo antzekoak

      — Nahasteen, abusuen eta beste arrazoi batzuen ondorioz

      — Istiluetan edo zerbitzuz kanpo zeuden agenteen aldetik

      — Manifestazio eta mobilizazioetan

3. Talde parapolizialak eta eskuin muturreko taldeak

      — Heriotza eragin duten erasoetan eta atentatuetan

      — Manifestazio eta mobilizazioetan

 

      Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean egindako giza eskubideen urraketen kategorizazioaren kasuan, heriotzetan fokua jarrita, honako hauek bereizten ziren: bizitzeko eskubidearen urraketa jasan zuten pertsonak, eta “indarkeria kolektiboak eragindako beste gertakari batzuetan hildakoak”[205]:

1. Bizitzeko eskubidearen zapalketa

      — Atentatuak

      — Tiroak

      — Bonba

      — Bonba-paketea

      — Beste batzuk: molotov koktelak, granada-jaurtigailuak...

      — Heriotza-zigorra aplikatuta. Fusilamenduak

      — Poliziaren zaintzapean

      — Torturak kausa posible gisa

      — Tiroak

      — Baldintza gizagabeengatik (hotza, gosea, nekea...)

      — Bahiketak, heriotzan amaitu direnak

      — Desagertzeak

      — Egiaztatze eta ikerketa sakonagoa behar duten kasuak

2. Indarkeria kolektibotik eratorritako beste gertakari batzuk, heriotza eragin dutenak

      — Suizidioak

      — Estatuko Segurtasun Indarrak, erasan psikologikoarengatik

      — Espetxeen barruan

      — Preso ohiak eta hirugarren gradukoak

      — Arrakastarik gabeko suizidio-saiakerak

      — Ikerketa sakonagoa behar duten kasuak

      — Askotariko zirkunstantzia eta/edo istripuetan

      — Polizia-kidegoen arteko tiroen ondorioz

      — Espetxeetara egindako bisitetan izandako trafikoko istripuak

      — Pertsekuzioan edo liskar armatuetan

      — Norbere lehergailuak lehertuta edo armak manipulatzean

      — Erbesteratze-egoeran hilak

      — Beste kasu batzuk

 

      Gerora, 2016an, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak 1960 eta 2010 arteko “bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri” egin zituen. Hala, honako hauek bereizi zituen: bizitzeko eskubidearen urraketa gisa ziurta zitezkeen kasuak eta “behar adinako argitasunik ez zutenak”[206]. Hernaniri dagokionez, ageri den argitu gabeko kasu bakarra Antonio Murillo Chacónena da. Ez dago zalantzarik heriotza eragin zuen gertakariaren inguruan, baina bai egiletzaren gainean[207].

      Azkenik, gizarte zibileko 17 erakunderen partaidetza duen Foro Sozialak “sufrimenduaren kategoria” batzuk ezarri zituen 2018ko urrian. “Bizitzeko eskubidearen urraketatik eratorritako sufrimenduen” kategorian daude sartuta heriotzak. Era berean, kategoria horrek barne hartzen ditu zauriekin edo mutilazioekin lotutako “gaixotasuna”, “mina” eta “ondorio fisikoak”[208].

— Indarkeriaz jokatu duten agenteek eragindako heriotzak (ETA, estatua, talde parapolizialak, GAL, Batallon Vasco-Español...).

— Salbuespenezko espetxe-politikak eragindako heriotzak.

— Exekuzioak.

— Judizioz kanpoko exekuzioak.

— Polizia-abusuek eragindako heriotzak.

— Liskarrek eragindako heriotzak.

— Nahitaezko desagerpenek eragindako heriotzak.

— Droga modu kalkulatuan erabiltzeak eragindako heriotzak.

— Sakabanaketak eta salbuespeneko neurri politikoek eragindako heriotzak.

— Suizidioak.

 

      Nolanahi ere, dokumentu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean egindako kategorizazioa erabiltzen da.

      Bestetik, giza eskubideen urraketa sistematikoen aurrean, egiak, justiziak eta erreparazioak (eta errepikatuko ez den bermeak) izan behar dute hiru oinarriak, arauak egiteko orduan kontuan hartu behar direnak[209]. Hori kontuan izanik, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren eskuragarritasuna oso ezberdinak dira kasuen artean. Hala, BVEk eta ETAk Hernanin (edo beste herri batzuetan hernaniarren aurka) egindako atentatu guztiak ikertu, epaitu eta zigortu egin zituzten, BVEk egindako kasuetan, guztiak Ladislao Zabalari eta Ignacio Iturbideri egotzi zizkieten. 1981ean guztira 231 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, zazpi heriotza eragiteagatik. GALek egindako atentatuak largetsi egin dituzte[210]. Polizia-agenteekin izandako liskarretan hildako ETAko bost militanteen kasuan, kasu bakar batean ere ez ziren agente arduradunak judizialki auzipetu agian neurrigabe jokatu izanagatik, salaketa publikoak eta epaitegietan jarritako salaketak izan arren. Gainera, kasurik gehienetan, lehen unetik gertakariaren gaineko informazio ofiziala falta izan zitzaiela salatu dute familiartekoek[211].

      Erreparazio-ekintzei dagokienez, Gonzalo Wilhemik estatuko indarkeria politiko gisa definitu duenak (barne hartzen ditu eskuin muturreko taldeak edo talde parapolizialak eta estatuaren terrorismoa[212]) eragindako giza eskubideen urraketen biktimek, orokorrean, aitortza eta babes sozial zabala izan dute Hernanin, lehen unetik. Dena den, haien familiartekoek bigarren mailako biktimak direla sentitzen dute, hiru faktore hauen ondorioz: aitortza ofiziala eta kalte-ordaina jasotzeko egin behar izan duten bide luzea, aldi historiko bakoitzean eskumena zuen administrazioak ikerketarik egin ez izana eta motibazio politikoko beste hildako biktima batzuekin alderatuta tratu ezberdina jaso izanaren sentipena. Beste kasu batzuetan gertatzen den moduan, erakundeen (Hernaniko udalarena izan ezik) aitorpena berandu iritsi zaie, eta ez beste biktima batzuei bezainbesteko intentsitatean eta erreparazio mailan[213].

      Aldiz, ETAren biktimak irainduak izan dira eta, gainera, Hernaniko gizartearen zati handi baten mespretxua jasan dute hamarkadatan zehar. Hala ere, 90eko hamarkada amaieratik aurrera aitortuak, osatuak eta babestuak izan ziren (Hernaniko udalarena izan ezik), Gorte Orokorretan onartutako berariazko legedi bati jarraiki[214].

 

Arbelaitz eta Elizondoren gorpuak
[Diario Vasco, 1980ko irailaren 9a).

 

      Azkenik, polizia-agenteekin izandako liskarretan hildako ETAko militanteek eta estatuko indarkeria politikoaren ondorioz bizitzeko eskubidea urratu dieten biktimek antzeko aitortza soziala izan dute. Liskarretan modu ofizialean hildako pertsonak izan arren, ez dute inolako aitortzarik jaso erakundeen aldetik, Hernaniko udalak babestutako sari eta erabakiak izan ezik[215].

      Hortaz, erakundeen eta gizartearen aitortzari dagokionez erantzuna ezberdina da biktimaren estatusaren arabera, baina, batez ere, biktimagilearen arabera. Dena den, kasu guztietan, Aranzadik zein beste erakunde batzuek eta komunikabideek egindako elkarrizketek erakusten dutenez, erakundeen edo gizartearen (kasuaren arabera, aurreko paragrafoetan azaldu bezala) aitortzarik jasotzen ez denean edo aitortza hori hainbat hamarkadaren buruan iritsi denean, hildako pertsonen familiartekoak ere biktima bihurtzen dira eta gehiago sufritzen dute.

 

 

 

[199] Nazio Batuen Batzar Nagusia, 1948.

[200] Kontseilu Europarra, 1950.

[201] Angoitia eta Lasagabaster, 2009, 23-45. or.

[202] Aranzadi et al., 2015.

[203] Landa, 2008, 27. or.

[204] Carmena, 2013, 9-10. or.

[205] Aranzadi et al., 2015.

[206] Ez dago “herriz herriko argazki” horiei dagokien dokumentu bakar bat. Herri bakoitzak bere dokumentua du, Eusko Jaurlaritzaren webgunetik pdf formatuak deskarga dezakeena: https://www.euskadi.eus/retratos-municipales/web01s1lehbak/es/

[207] Gogora, 2016.

[208] Foro Sozial Iraunkorra, 2018.

[209] Nazio Batuen Batzar Nagusia, 2005.

[210] Fonseca (koord.), 2014. Zabala eta Iturbideren aurkako kondena-epaiari dagokionez, epaimahaiak ondorioetan adierazi zuen “bere kabuz jardutea” erabakiko zutela, eta, beraz, ezkutatu egiten zela BVEk Estatuko segurtasun-aparatuarekin bat egiten zuela (Baby, 2021, 547. eta 592. or.).

[211] Beste batzuen artean: Juan Mari Ormazabalen kasurako haren arrebaren lekukotza jaso dugu, Goreti Ormazabalena. Halaber, gainerako kasuetan, argitaratutako albisteek (batez ere, Egin egunkarian) salaketa horien berri ematen zuten.

[212] Wihelmi, 2016, 393-395. or.

[213] Ikus 5.1. atala

[214] Ibidem. 32/1999 Legea, urriaren 8koa, terrorismoaren biktimekiko elkartasunari buruzkoa. BOE, 1999ko urriaren 9koa, 242. zk.

[215] Ibidem.