Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
HERNANI 1960-2021
Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak
Javier Buces Cabello, 2022
 METODOLOGIA | HERNANIKO KRONIKA 1960-2021 | 1. TESTUINGURU HISTORIKOA 

 

HERNANIKO KRONIKA
1960-2021

 

Jesús M. Gómez

 

      Ez da erraza azken hirurogei (60) urteetako Hernaniko kronika orrialde gutxi batzuetan azaltzea; hau da, 1960tik 2021era demografiaren, ekonomiaren, hirigintzaren, gizartearen, kulturaren... arloetan herrian gertatu dena. Arlo horietako bakoitzean, eta beste batzuetan, Hernanik izan duen bilakaera XX. mendearen bigarren erdian baldintzatuta egon da España-ko, Vascongadas-eko eta Guipúzcoa-ko testuinguru politikoagatik, ekonomikoagatik...; eta Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako testuinguruagatik, XXI. mendeko lehen bi (2) hamarkadetan.

      Bigarren Frankismoa (1960-1975; Frankismo berantiarra deitzen zaio 1968tik 1975erako tarteari) deritzona da kontakizun honen abiapuntua, nahiz eta, halabeharrez, 1950eko hamarkadako azken urteak ere aipatu behar ditugun. Francisco Franco Bahamonde hil zenean (1975eko azaroaren 20) Trantsizioa deritzon aldia hasi zen, 1982ra arte iraun zuena, zehazki, 1982ko urriaren 28ra arte. Data horretan hauteskunde orokorrak egin ziren, PSOEk irabazi zuen eta Frankismoaren oinordekoek Espainiako Gobernua utzi zuten (egile batzuek kronologian lehenago kokatzen dute amaiera-data, eta beste batzuek beranduago ere bai). Orduan hasi zen aldi demokratikoa deritzona, ia berrogei (40) urte, gaur egunera arte.

      Hortaz, aldi horietan banatuko dugu 1960tik 2021erako Hernaniko kronika, lan honetan ezarritako aldiekin bat etorriz.

      Dena den, uste dugu kontakizun honen kasuan egokiagoa izango litzatekeela bi (2) alditan banatzea. Batetik, 1960tik 1979ra; 1960tik, lan honen hasieratik, 1979ra, II. Errepublikaren (1931-1936) ondoren lehen udal-hauteskundeak egin eta udal-korporazio berriak eratu ziren datara. Eta, bestetik, ordutik (1979) 2021era, gaur egunera. Hain zuzen ere, une hartatik aurrea, 1979tik aurrera, erabat aldatu zen herriko bizitzaren “norabidea”. Hori dela eta, Hernaniko kronika hau aurkezteko orduan ez gatzaizkio estuki lotuko hasieran proposatutako aldien banaketari. Izan ere, tematikoki, erreferentzia asko lotuta daude aurreko aldiekin, eta asko aurreko aldietako egoeren eta gertakizunen ondorioak dira. Gainera, badakigu lan honetan gorabehera, efemeride, erreferentzia... asko esan gabe geldituko direla.

 

Hernani, ikuspegi orokorra (1960). Hernani, vista general (1960).

 

 

Hernani, 1960 - 1975

 

      1960an hasiko dugu Hernaniko kronika, zehatzago esanda, 1950eko hamarkadako azken urteetan. Eta Francisco Franco diktadorearen heriotzara arte luzatuko dugu, 1975eko azaroaren 20ra arte.

      1960ko hasieran, 1959eko abenduaren 31n, 12.591 biztanle zituen Hernanik. Urte hartako udalaren lehen Osoko Bilkura 1960ko urtarrilaren 13an egin zen, Tiburcio Aguirre Zumalacarregui presidentea zela, 1954 eta 1966 artean alkate izan zena. Aldi honetako hurrengo alkatea Fermin Altuna Aguirresarobe izan zen (1966-1976).

      Udalbatzak tratatu beharreko lehen puntuetako batek “egungo” txistularien kontratua berritzeari egiten dio erreferentzia: “actuarán en todas las recepciones de personas oficiales y tocarán alborada y en el kiosko los días previstos”. Paseo de los Tilos berritzeko deitutako ideien lehiaketaren epaiaren berri eman zen: 10.000 pezetako saria eman zioten Miguel Alvarez Torresi (proiektu hura ez zen inoiz gauzatu); eta ezohiko “F” aurrekontua onartu zen (949.578,75 pezeta) zilegiak erosteko. Eta, presazkotzat jo ondoren, Ispizua kalea luzatzea onartu zuten, carretera del Circuito-ranzko norabidean. Han kokatuko ziren anbulatorioa eta, lursailak Auxilio Social erakundeari laga ondoren, haurtzaindegi bat. 1961eko ekainaren 24an, San Joan egunean, inauguratu ziren bi eraikinak[45].

 

Anbulatorioa (edo “Casa del Médico”), 1961eko San Joan egunean,
ekainaren 24an, inauguratu zena.

 

      Horrela hasi da Hernaniko kronika 1960. urtean. Eta ezinezkoa da kronika hori ulertzea, testuingurua azaldu gabe.

      Frankismoak iraun zuen ia berrogei (40) urteak (1936/1939-1975) ez ziren berdinak izan. Bizirauteko, testuinguruko zirkunstantzietara egokitzen joan zen, batez ere, nazioarteko eskaeretara. Dena den, une bakar batean ere ez zion uko egin haren izaera erreakzionarioari, ezta azken urteetan ere. Eta, noski, ez zion erantzun gizartea aldarrikatzen ari zen askatasun-nahiari. Baina 1960ko hamarkadan benetako haustura historikoa gertatzen hasi zen Espainian eta, hortaz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edo Hernanin. XX. mendeko eraldaketa ekonomiko eta sozialik erabakigarriena gertatzen hasi zen, urte horietan jaio baitziren gizarte industriala, hiritarra...

      Gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, “euskal berezitasuna” izan behar dugu kontuan. Euskal gizarteak, hau da, euskal nazionalismoak, Frankismoan bizirautea lortu zuen, hasiera batean modu ezkutuan (zirkulu pertsonaletan eta/edo familian), eta gero apur bat modu irekiagoan, nortasunarekin lotutako alderdiak hedatzeko saiakerari esker, hala nola hizkuntza (vascuence / euskara) eta euskal kultura. Horretarako, beste batzuen artean, talde kultural-artistikoak, abesbatza-taldeak, dantza-taldeak, mendi-taldeak... sortu ziren. Kasu askotan, antzeko ideologia zuten apaizen laguntza izan zen horretarako. Haien laguntzarekin, galarazpen ofizialak saihestu ahal izan zen eta, aipatu dugun moduan, ideologia hori eta nortasunarekin lotutako sentimendu horiek bizirik mantentzea lortu zen.

      Gipuzkoan, bigarren Frankismoko mugarririk garrantzitsuenetako bat 1950eko eta 1960ko hamarkadetan gertatutako boom demografikoa izan zen. 1950eko hamarkadan, espainiar eta euskal gizarteen eraldaketa-prozesua hasi zen. “Espainiar mirari ekonomikoa” deritzonaren gerizpean, ordura arte ezagutzen ez zen garapen demografiko migratzailea gertatu zen. Hala, Espainiako eskualde ugaritako milaka pertsona etorri ziren euskal lurretara, baita Hernanira ere.

 

HERNANIKO BIZTANLERIA, 1900 - 1975

URTEA

BIZTANLE KOPURUA

1900

3.671

1910

4.214

1920

5.291

1930

6.078

1940

7.570

1950

8.501

1960

12.591

1970

23.481

1975

28.088

 

HERNANIRA IRITSITAKO
HERNANIARREN JATORRIZKO PROBINTZIAK

 

      Hernaniko biztanleria pixkanaka hazten ari zen XX. mendeko lehen hamarkadetatik, eta hazkunde hori nabarmenagoa izan zen mendearen erdialdean[46].

      XX. mendeko lehen sei (6) hamarkadetan ia laukoiztu egin zen Hernaniko biztanleria, 3.671 biztanletik 12.591ra. Hazkunde hori uniformea izan zen lehen bost (5) hamarkadetan, eta apartekoa 1950etik aurrera. 1950-1960ko hamarkadan Hernaniko biztanleria 8.501 izatetik 12.591 izatera pasatu zen (+4.090 biztanle); 1960 eta 1975 artean, aldi honetako azken hamabost (15) urteetan, Hernanik nabarmen bikoiztu zuen bere biztanle-kopurua: 12.591tik 28.088ra pasatu zen (+15.497)[47].

      Bi dira biztanleriaren hazkunde horren arrazoiak: hazkunde naturala bera eta, batez ere, herrira etorritako mugimendu migratzailea. Biztanle kopuruak gora egitearen eta Hernanira ailegatutako mugimendu migratzailearen arrazoiak, beste faktore batzuen artean, herriko egitura ekonomikoan gertatutako eraldaketan izan zuen jatorria, Gipuzkoako eta Hernaniko ehun industrialak sortzen zuen erakarpenean. Ehun industrial hori hamarkada batzuk lehenago ezarri zen. 1950eko hamarkadaren amaierara arte ez zion mesederik egin Frankismoko politika ekonomiko autarkikoak, baina mantentzen eta garatzen jakin zuen, batez ere, ekimen pribatuari esker.

 

Garai ezberdinetan herrian finkatutako bi industria hernaniar:
Santiago Carrero jantzigintza tailerrak (XX. mendearen hasieran),
eta Electroquímica de Hernani (1950eko hamarkadan).

 

      Hernaniko gizartea industrializatzen hasi zen XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen hasieratik. Orduan, herrian fabrikak edo industria-establezimenduak jartzen hasi ziren, hasten ari zen iraultza industrialaren gerizpean. 1898an Lastaolako zentrala funtzionatzen hasi zen. XX. mendearen hasieran, askotariko fabrikak zeuden Hernanin: burdin-galdategiak, zurratuak, almidoia, ehunak, adreiluak edo paper-fabrikak... Industria txikiak, kasu batzuetan garrantzi handia izatera iritsiko zirenak: “Fundiciones del Norte”, “La Perfecta” zurratuen fabrika, “Montes y Cía.” “Remy” almidoi-fabrika, “Fábrica de Tejidos del Pirineo”, “Cerámica de Hernani” eta “Cerámica San Miguel” (gero “CHAYVA S.A.” edo “ARISTEGUI Material Refractario”, 1916an adreilu erregogorrak fabrikatzen hasi zena), “Biyak bat” eta “Mendia - Papelera del Urumea” paper-fabrikak. 1936ko Gerraren ondoren, 1940ko hamarkadan, “Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga”, edo “Papelera del Norte”-ren txanda izango zen; industria kimikoak, hala nola “Policloro S.A.” edo “Electroquímica de Hernani S.A.”; eta, 1950eko hamarkadan, “Danak Bat S.A.”, “Transpacar S.A.” eta “Pedro Orbegozo y Cía” galdaketa-enpresa. (1953)[48]. Enpresa horiez gain, aurrerago, beste industria eta tailer batzuk sortzen joan ziren, batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak.

      Ehun industrial horren ondorioz gertatu zen halako hazkunde demografikoa. Arrazoi horrengatik etorri ziren hainbeste pertsona askotariko probintzietatik, batzuk gertutik eta beste batzuk urrutiagotik.

      Mugimendu migratzailea eragin zuen garapen industriala azaltzean aintzat hartu behar dugu Frankismo “garatzaileak” sustatutako “espainiar mirari ekonomikoa” deritzona. Fenomeno hark eraldaketa sozial handia ekarri zuen, baina gizarteak aldarrikatzen zituen aldaketa politiko desiratuak ez ziren iristen.

 

Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA, 1940ko hamarkadatik Hernanin.
Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cía,
1950eko hamarkadaren erdialdean Hernanin kokatu zena.

 

      1950eko hamarkadaren amaieran, hogei (20) urtez autarkia eta interbentzionismoa gailendu ondoren, espainiar ekonomia amildegiaren ertzean zegoen. Egoera horri aurre egiteko, 1957an izendatutako teknokraten gobernuak (Opus Deirena) “Egonkortze eta Liberalizazio Plana” jarri zuen martxan. Espainiar politika ekonomikoari norabide berri bat ematea zen xedapen horien helburua, mendebaldeko europar ekonomiekin lerrokatzen saiatzeko. Une hartatik aurrera espainiar ekonomiak aurrekaririk gabeko hazkundea izan zuen, eta gizartea eraldatu egin zen. Eskulana eskura egoteak lagundu zuen horretan, batez ere, bizi-baldintza hobeak behar eta horien bila etorritako landa-inguruneko pertsonen eskulana.

      Lurraldeko garapen ekonomikoari (industriala) lotutako modernizazio-prozesu honek lehen sektorearen atzerakada ekarri zuen, eta hirugarren sektorearen garapena, baita azpiegituretan esku-hartze ugari ere. Gipuzkoako bigarren industrializazioa deitzen zitzaion horretan, nabarmentzekoak ziren ekoizpen metalurgikoaren gailentasuna (Gipuzkoako industriaren % 50), paper-industria indartsua eta, migratzaile horien etxebizitza-beharraren ondorioz, eraikuntza. Horren isla ikus dezakegu Hernanin. Esaterako, herrian ezarri zen Aceros y Fundiciones del Norte Pedro ORBEGOZO y Cía. (1953), edo lehen aipatutako paper-fabrikak, esaterako, Papelera del Norte edo Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga S.A. (1940 eta 1975 artean, Hernanin ekoitzi zen Espainiako paperaren heren bat, Tolosa eta Errenteriako paper-ekoizpenarekin batera)[49].

      Baina Gipuzkoako industria gabeziak pilatzen joan zen, eta diktaduraren amaieran agerian geratu ziren. Politika ekonomiko autarkikoaren ondorioa izan zen hura, isolamendu komertziala, gabezia teknologikoa eta ekoizpen baxua ekarri baitzituen hark. Ondorioz, XX. mendearen azken laurdena zaila izan zen Gipuzkoako enpresentzat. la mende batean zehar eraikitako industria-ehuna behera zioan. Bizitzaren kostuaren igoera izan zen krisialdiaren lehen sintometako bat, eta langabezia-tasak ordura arte ezagutzen ez ziren mailetara igo ziren.

      Hirugarren sektoreari dagokionez, errenta maila eta lurraldearen garapen ekonomikoa kontuan hartuta, legokiokeena baino garapen-maila txikiagoa zuen. 1970eko hamarkadaren hasieran, hirugarren sektoreari Gipuzkoako BPGaren % 39 baino ez zegokion. Egoera defizitarioa zen azpiegituretan, ekipamenduetan, osasungintzan, hezkuntzan... Diktaduraren ondorengo lehen udal-hauteskundeetan aukeratutako udal-korporazioek egin behar izan zioten aurre egoera horri, 1979tik aurrea.

      Merkantzien zein ibilgailuen errepideko zirkulazioak gora egin zuen eta, horren aurrean, bide-sarearen modernizazioa izan zen garai hartako beste alderdi nabarmen bat. N-1, N-634 eta bigarren mailako hainbat ardatzetan oinarritu zen modernizazioa[50]. Lan nagusiak N-1 zabaltzea (Hernaniko Lasarte auzoan ere bai), biztanle gehien zituzten herrietan saihesbideak eraikitzea eta A-8 autobidea irekitzea izan ziren. Hernanin, XX. mendearen hasieran carretera del Circuito ireki ondoren, 1949ko azaroaren 2an Karabelgo biaduktua inauguratu zen[51]; biaduktu horrek Florida auzoko Norteko Trenbideko trenbide-pasabidea saihesteko balio zuen, eta Astigarraga eta Hernani lotzen zituen (“Proyecto de supresión del paso a nivel con el F.C. del Norte en Hernani. Camino vecinal de San Sebastián por Astigarraga a Hernani”, Jose M. Gabarain ingeniariarena, 1945). Urtetan ez ziren hobekuntza gehiago edo inbertsio berririk egin eskualdeko bide-sarean. Ondorioz, Zinkoenean eta herriko bide askotan pilatu zen herriko errepideko zirkulazioa. Gainera, kontuan izan behar da merkantzien garraioa eta ibilgailu kopurua hazi egin zirela. Hernani inguruko trafikoa hobetuko zuketen proiektuak idatzi, idatzi ziren, baina ez ziren gauzatu: beste batzuen artean, “Proyecto de empalme de la carretera de Astigarraga con la carretera de Goizueta” (1980an idatzi zen horren aldaera bat), “Proyecto de variante para la supresión de la travesía de Hernani” (1973), “Anteproyecto de un tramo de la Autovía de San Sebastian a Urnieta por Astigarraga” (1974).

 

Karabel-Orbegozo biaduktua, eta Zinkoenea plaza, 1960ko hamarkadan.

 

      Garapen ekonomiko-industrial horren ondorioz, eta gertatutako boom migratzailearen ondorioz, migratzaileak ailegatzen ziren herrietan, esaterako Hernanin, eraikuntza-jarduera indartu zen. Migratu zuen pertsona kopuru handi hori hartzeko, etxebizitzak eta bizilekuak behar ziren. Horrek, gutxi planifikatutako hirigintza-garapen espekulatzailea eragin zuen; garapen desordenatua, kaotikoa ez esatearren. Joera horren ondorioz, Hernaniren gisako herriak nabarmen hazi ziren: Hernaniko biztanleria % 125 inguru hazi zen 1960-1975 artean. Arazo horiei aurre egiten saiatzeko, 1950eko hamarkadaren amaieran etxebizitza babestuak eraikitzen hasi ziren, eta 1960ko hamarkadatik aurrera ekimen pribatuak ugaritu ziren. Sortzen hari zen kontrolik gabeko hirigintza arautzen saiatzeko asmoz, hirigintza-antolamendurako planak idatzi ziren probintzia eta udalerri mailan (Hernaniko Antolamendurako Plan Orokorra 1953-1954koa da, eta 1966-1967an berrikusi zen). Plan horiek ez ziren inoiz guztiz bete.

      Ordurako, 1950eko hamarkadaren amaierarako, eraikita zeuden “Grupo Jose Antonio” (Sagastialde auzoa), Barrio del Puerto eta Plaza Jabier Ibarrolaburu (Portu auzoa / Ibarrolaburu plaza). Eta, beste batzuen artean, Lizeaga, Zikuñaga, Antziola (“Cuesta de la Muerte”)... auzoak eraikitzen joan ziren, eta kale hauek zabaldu eta/edo luzatu ziren: Ispizua, Elkano, Travesía del Mercado (Txirrita), Orkolaga... Familia ugarik topatu zuten bizilekua toki horietan. Ondoren, 1970eko hamarkadaren hasieran, Florida auzoko (Etxeberri auzoa) edo Karabel auzoko (Karabel kalea, Aingura/Oleta plaza...) etxebizitza-blokeak eraiki ziren. Bloke horietako batzuk lotuta zeuden une horretan oraindik ere garrantzitsua zen Aceros y fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cía fabrikari.

 

Lizeaga auzoa (“Catanga”), 1964 urtean eraikitzen ari zen garaian.
Geroago, Antziola auzoa (“Cuesta de la Muerte”) eraiki zen.

 

      Horrek guztiak, gainera, ondorio sozialak (sustraitzekoak), kulturalak eta abar ekarri zituen. Migratzaileak lanera etorri ziren, ondoren haien familiak ere ekarri ahal izateko. Alokairua edo erositako etxebizitza ordaindu ahal izateko lan egin zuten. Orduko hartan Gipuzkoara eta Hernanira iritsi ziren pertsona guztiak ez ziren arrazoi beragatik etorri, eta ez zituzten zailtasun berak izan, ezta ibilbide bera ere. Batzuk oinarrizko beharrengatik etorri ziren, lanik eta etxebizitzarik ez zutelako; beste batzuek haien bizimodua eta/edo ekonomia hobetu nahi zituzten... Batzuk haurrak zirela etorri ziren, beste batzuk gazte eta heldu zirela... Batzuk, urteak igaro ondoren, sorlekura itzuli ziren. Beste batzuk, gehienak, Hernanin finkatu eta integratu ziren behin betiko; haien itxaropenak eta haien ondorengoenak ase zituzten.

      Beste alderdi batzuei dagokienez, iritsitako gehienek gaztelaniaz hitz egiten zuten, ohitura ezberdinak zituzten, etab. Horrek nolabaiteko bereizketa soziala eta kulturala sortu zuen “bertakoen” eta etorkinen artean; bi taldeak “erasotuak” sentitzen ziren, eta batzuetan elkarren aurka jartzen ziren (“baserritarrak” vs. “maketoak” - “belarrimotzak” - “(man) txurrianoak”). Horrek isla izan zuen harreman sozialetan, gaztelaniaren ezagutzan, euskararen ezagutzan... Urteak eta belaunaldiak igarota, egoera horiek gainditzen joan ziren, (elkar)bizitzarako eremuak berdinak izan baitziren: ikastetxea, lan arloa, aisialdia...

      Bestetik, Frankismoak gelditu egin zuen XX. mendearen hasieratik espainiar gizartean gertatutako “eraldaketa sozial handia”. Gerraren ondorengo lehen bi hamarkadetako espainiar gizartea “erreprimitua, katolizatua eta autarkikoa” zen. Erreprimitua, Frankismoak errotik erauzi nahi izan zuelako XX. mendearen hasierako hamarkadetan gizarteak lortu zuen guztia, eta jarduera guztiak (ekonomikoak, sozialak, kulturalak...) zorrotz kontrolatzen zituelako Alderdi Bakarrak (Falange Española Tracionalista de las JONS) eta haren mendeko erakundeek. Gizarte katolizatua, Eliza katolikoak ordurako galduta zuen eragin soziala berreskuratu baitzuen hezkuntza-sistema eta eremu publikoak menderatuta, zeremonia zibiko-erlijiosoen agertoki iraunkorrak izanik. Gizarte autarkikoa, kanpoko mundutik isolatua; gose- eta miseria-garai luzea eragin zuen horrek, eta biziraupen mailara eraman zuen gizartea.

 

Frankismoaren zehar, Eliza katolikoak bere eragin soziala
berreskuratu zuen, eta horren adierazle
izan zen espazio publikoak menderatzea,
zeremonia zibiko-erlijiosoen agertoki iraunkorrak.
“Ariketa espiritualak”, orduko Plaza de Españan.

 

 

      EMAKUMEA DIKTADURA FRANKISTAN ZEHAR

 

      Emakumeak ere izan ziren Frankismoaren errepresioaren biktimak. II. Errepublikan lortzen joan ziren eskubideei dagokienez, atzerapena ekarri zuen erregimenak. Emakumeen eskubideak indargabetu edo mugatu egin zituen, bai eremu publikoan, bai eremu pribatuan. Familia-eredu katoliko tradizionala gailendu zen, non emazteak senarraren mende egon behar zuen guztiz; emakumea etxeko eremura “mugatu” zuen. Oztopo ugari jarri zituen emakumeek lan egin zezaten, bereziki, ezkonduek; horiek senarraren baimena behar zuten norbaitek kontrata zitzan. Emakumeak lana utzi behar zuen ezkondutakoan; neurri horiek ez zuten galarazi emakumeek lan egitea, baina “familia mantentzeko” bakarrik (senarraren baimena indarrean egon zen diktadorea hil ondoren arte).

      Sección Femenina-ren Patronato de Protección de la Mujer zeritzonaren bidez, emakumeen moralitatearen “kontrol zorrotza” egiten zen, eta “moralki onartezinak” ziren jarrerak jazartzen zituen. Eta Eliza katolikoak ahaleginak egin zituen balio tradizionalak ezartzeko, arlo pribatuan zein publikoan.

      1950eko hamarkadan hasi zen aldatzen emakumeen egoera eta, batez ere, 1960ko hamarkadan, urte horietako eraldaketa ekonomiko eta sozialen ondorioz. Aldaketa horien eraginez, emakumeen soldatapeko lan “legala” areagotu egin zen, familia-egiturak pixkanaka aldatzen ari baitziren.

 

Hezkuntza frankista sexista zen, nesken eta mutikoen arteko bereizketa
zorrotza ezarri baitzuen. Mojen eskolako “femeninoa” klasea (1960),
eta Viteri eskoletako ikasleak, mutikoak (1968).

 

 

      HEZKUNTZA-SISTEMA FRANKISTA

 

      Frankismoko hezkuntza-sistema autoritarioa, katolikoa, sexista, nazionalista (espainiarra), dogmatikoa, doktrinala eta erreakzionarioa zen, eta edozein berrikuntza pedagogikoren aurkakoa. Eta horrela mantendu zen diktaduraren amaierara arte. II. Errepublikako hezkuntza-sistemaren aurkakoa zen; horrelakoa zen sistema errepublikarra: demokratikoa, laikoa, hezkidetzaren bidez sexuen arteko berdintasuna sustatzen zuena, berdinzalea, herrialdeetako hizkuntzak eta kulturak integratzen zituena, anitza, eta berrikuntza pedagogikoei irekia.

      Autoritarismoa izan zen Frankismoko hezkuntza-sistemaren funtsezko ezaugarrietako bat; haren printzipioak: batasuna, hierarkia, obedientzia eta diziplina. Hezkuntza-programetan presente zegoen katolizismoa, eta izaera erlijiosoa inposatzen zen. Nazionalismoa (espainiarra) zen sistemaren giltzarrietako bat, izaera nazional indartsu eta bateratua eratzeko. Hizkuntza espainiarra derrigorrezkoa zen, eta prestakuntzarako “tresna”. Hezkuntza-sistema frankista sexista zen, eta mutilak eta neskak zorrotz bereizten zituen; hezkidetzaren sistema pedagogikoa Mugimendu Nazionalaren printzipioen aurkakoa zen.

      Dogmatismoa presente zegoen diziplina guztietan, are gehiago Historia ikasgaian, alderdi bakarraren (FET y de las JONS) eta Eliza katolikoaren doktrinen mende baitzegoen. Historia iraganaren interpretazio hutsa zela uste zuten, doktrinatzeko balio zuena, eta ez irakasteko.

 

 

      ZENTSURA FRANKISTA

 

      Erregimen frankistak debekatu egin zituen egunkari liberalak, errepublikarrak eta ezkerrekoak, eta horien ondasunak konfiskatu egin zituen Estatuak... Adierazpen-askatasuna desagertu egin zen eta komunikabide guztiek aurretiazko zentsura zuten: ezin zen “adierazpen” sozialik, politikorik, kulturalik... egin, autoritate eskudunaren baimenik izan ezean.

      Lehen Frankismoan zehar (1939-1959), hedabide nagusia irratia izan zen, eta Estatuak kontrolatzen zuen. 1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera, telebista bilakatu zen komunikabide nagusia, baina helburu bera zuen: “integrazio” soziala eta gizartearen desmobilizazioa. TVE 1956an hasi zen emititzen, eta 1966an bigarren katea jarri zuen martxan.

      “Eraldaketa” 1960ko hamarkadan hasi zen. 1975 arte, diktadura amaitu arte, aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak gertatu ziren baina, aipatu dugun moduan, ez zen aldaketa politikorik izan. Frankismoko programa politiko-ekonomiko-sozial berriaren helburua herritarren ongizate materiala handitzea lortzea zen, eta herritarrak desmobilizatzea, hala, erregimenari nolabaiteko zilegitasuna emateko, instituzionalizatzeko eta denboran irauteko.

      1966ko martxoan Prentsaren eta Inprimategien Legea onartu zen, eta 1967ko ekainean Askatasun Erlijiosorako Legea. Horiek ez zuten gizartea desmobilizatu; aitzitik, justu kontrakoa gertatu zen, nolabaiteko irekitasuna ahalbidetu zuten. Lehenak aurrerapen txiki bat ekarri zuen, aurretiazko zentsura kendu baitzuen. Dena den, oraindik ere, zigor administratibo, zibil eta penal gogorrak aurreikusten zituen legea urratzen zutenentzat. Bigarrenak, Vaticanoko II. Kontzilioaren orientabideetan oinarrituta bazegoen ere, Espainiako batasun espiritualaren bermea Eliza Katolikoa zela mantentzen zuen. Dena den, Frankismoaren aurkako sektore katoliko aurrerakoiak agertzen hasi ziren. Horiek (erlijiosoek ere bai) langileen eta ikasleen protestetan parte hartu zuten, eta elizak eta lokalak uzten zituzten bilerak egiteko. Hala, “gatazka zaharrak” berpizten hasi ziren, eta berriak ireki ziren, eskubide politikoak, ekonomiko-laboralak, kulturalak... identitarioak aldarrikatzeko. 1960ko hamarkadaren amaieratik 1975ean diktadura amaitu zen arte, ondoz ondoko gobernu frankistek gatazka horiei aurre egin behar izan zieten.

 

 

      LUISTARREN PARROKIAKO GAZTEDIA

 

      Hernanin, gizartea “mobilizatzen” hasi zen elizako tokiko sektore batzuen “laguntzarekin”, eta 1940ko hamarkadaren erdialdean Luistarren Parrokiako Gaztedia sortu zen: Hernaniko Luistarrak.

      Hernaniko gizarteak eta gazteek, San Joan bataiatzailearen parrokiako apaizen babesean, euskara eta euskal kultura, tradizioak eta kirolak mantentzea eta hedatzea lortu zuten. Horretarako, San Luis Gonzagaren omenez, antzerki-saioak, euskal dantzen emanaldiak, bertso-saioak eta ezkerpareta frontoiko pilota-txapelketak antolatzen zituzten, betiere Gipuzkoako Gobernu Zibilak eskatutakoa betez. Jai handi haien egitarauak euskaraz ere egin ziren, eta “Boletín Privado de la J.P. de Luises” argitaratu zen.

 

1950 eta 1970eko hamarkaden artean Hernanin egin ziren
kultura eta kirol jardueretako irudiak: antzerki emanaldiak,
euskal dantzen erakustaldiak Iñudeak eta artzaiak,
bertso jaialdiak, hitzaldiak... Horietan jende ugari biltzen zen,
baita beste herri batzuetatik etorritako izen handiko pertsonak ere.

 

      Hernaniko gazteek parte hartzen zuten emanaldi haietan, mutilek zein neskek: antzezlanetan (Zintzotasuna zinema-aretoan); euskal dantza-taldeetan; musika-emanaldietan; txistu, trikitixa eta dultzaina emanaldietan... eta antolatutako gainerako jardueretan. Torneo de Pelota Inter-Juventudes Parroquiales izeneko pilota-txapelketa ospe handia izatera iritsi zen, eta lurraldeko pilotaririk onenek parte hartu zuten. Eta bertsolari ugarik abestu zuten, hala nola Basarrik, Uztapidek, Xalbadorrek...

      Antzerki eta musika emanaldiak, Kultur Asteak eta hernaniar garrantzitsuen omenaldiak antolatu ziren, eta euskal kulturako pertsona garrantzitsuek parte hartu zuten: P. Lecuona, Arza (Artze) eta Beobide jaunek, Aresti eta Satrustegi hizkuntza-akademikoek...

      Dantza solteko eta euskal folkloreari buruzko eskolak eman ziren udalak utzitako lokaletan, Perkaiztegi kaleko haurren eskolan, baita euskara ikasteko eta perfekzionatzeko ikastaroak ere. Mendi Gain Mendiko Sekzioaren bidez, Santa Barbaran San Inazio (uztailak 31) jaiak antolatzen hasi ziren.

      Euskal gizarteak, Hernaniko gizarte “nazionalistak”, bizirik iraun zuen Frankismoan, nortasunarekin lotutako alderdiak hedatzen saiatu zirelako, hala nola euskal hizkuntza eta euskal kultura-taldeak sortuz. Hasieran ideologia bereko apaizen laguntza izan zuten eta gero, 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran, izaera laikoagoa izan zuen mugimenduak, baina beti San Luis Gonzagaren babesean antolatzen ziren ekimenak, eta horri esker debeku ofizialak saihestu ahal izan ziren.

      Laikoagoa izanik, 1970eko hamarkadan, Luistarren Parrokiako Gaztediaren oinordekoa izan zen Centro Cultural de Jóvenes de Hernani HARRI BURNI / Hernaniko Luistar Gaztedia. Beste gauza batzuen arten, San Luis jaiak antolatzen jarraitu zuten ekainean, Sanjoan jaien aurretik, eta 1980ko hamarkadaren hasieran Gazte Festak antolatzen hasi ziren, azaroan. Euskara “sustatzeko” ikastaroak ere ematen zituzten.

      1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran Hernanin jarduten zuen beste erakundeetako bat Juventud Mixta de Actividades Artístico-Culturales KIMU ALAI zen. Bertso-saioak, euskara-ikastaroak eta Iñude eta Artzaien konpartsa antolatu zituzten.

      1972ko hasieran Juan Olano Garayar (Juanito Olano) hil zen, kulturaren eta arteen zale sutsu hernaniarra. Jarduera ugari sustatu zituen garapen sozialaren alde (EPO - Langile Eskola Profesionala garatzen lagundu zuen) eta euskal ohituren eta kulturaren alde. Parte-hartze nabarmena izan zuen arlo oso anitzetan, hala nola prestakuntzan, kulturan, kiroletan, ikuskizunetan... Hernanin pilota-txapelketak antolatu zituen, Mendi Gain federatu zuen eta Euskal Ezkontza antolatu zuen, beste gauza batzuen artean. Hura eta haren ibilbidea gogoratzeko, 1972ko abenduaren 14tik 17ra kultur-jardunaldi batzuk antolatu ziren, eta Juan Olano Fundazio Artistiko-Kulturala (udalerri mailakoa, udalaren parte-hartzearekin) eratzeko oinarriak finkatu ziren, Hernaniko alderdi kulturala eta artistikoa berpizteko helburuz. Urte horretatik 1978/1979ra hainbat topaketa eta jardunaldi antolatu zituen fundazioak, hala nola Hernaniren historiari buruzko hitzaldiak, “Villa de Hernani” literatura-saria, haurren abesbatzen ikastetxe arteko jaialdiak, argazki-lehiaketak eta gastronomia-lehiaketak, hamabostaldi pedagogikoak, naturari buruzko jardunaldiak, kirol-asteak, zahartzaroari omenaldiak... eta Euskal Hamabostaldia, 1978ko irailaren 1etik 15era. Historiaren, kulturaren, hizkuntzaren, letren... arloko euskal pertsonaiarik nabarmenenek parte hartu zuten horietan.

 

Urumea Ikastola (“Enseñanzas Urumea”) 1963an sortu zen;
1970/71 ikasturtean, Langile Ikastola.

 

      Beste arlo batzuetatik ere egin zioten aurka Frankismoari, hala nola hizkuntzaren arlotik, batez ere, 1966an Prentsaren Lege berria argitaratu ondoren. Irekitasun “apal” bat gertatu zen. 1950eko hamarkadatik baziren ezkutuan euskara-eskolak ematen zituzten andereñoak, baina lege berriarekin euskara “normalizatzen joan” zen eta ikastolak sortzen hasi ziren. 1960ko hamarkadan zehar ikastolen sorrera erregularizatzen joan zen. Euskara garatzen eta mantentzen lagundu zuten ikastolek. Izan ere, Frankismoan zehar debekatuta egotera iritsi ez bazen ere, familiaren eremura edo eremu pertsonalera mugatu zen. Hernaniko lehen ikastola Enseñanzas Urumea (Urumea Ikastola)[52] izan zen, 1963an sortua. Gerora, 1970/71 ikasturtean, Langile Ikastola sortu zen[53].

      Ugaritu egin ziren euskarazko argitalpenak, bertso jaialdiak, euskal jaiak... eta 1966ko urtarrilaren 9an (Ilbeltza’ren 9’an) Jai-aldi berezia antolatu zuen Santa Barbara Elkarteak

      Teatro Aitor Antzokian. Bertan parte hartu zuten Ballet Izartik, Vicondoa akordeoilariak eta (Joxan) Villar, (Mikel) Laboa, (Julen) Lecuona, Trio Kemen eta “Biurriak” abeslariek. Nestor Basterretxearen eta Fernando Larruquerten “Pelotari” filma ere proiektatu zen. (Arantxa) Gurmendi andrea eta (Ramon) Saizarbitoria jauna izan ziren esatariak edo aurkezleak. Hilabetetan prestatzen ari zen mugimendu baten lehen emanaldietako bat izan zen jaialdi berezi hura. Bi hilabete geroago, martxoan 6an, Irungo Bellas Artes antzokian aurkeztu zen mugimendua: Ez dok amairu[54].

      Hamarkada hartan “euskal” jaialdi, errezitaldi... asko antolatu zituzten Hernanin Santa Barbara elkarteak, Elur-Txori elkarteak eta beste erakunde batzuek.

 

 

      1960ko hamarkadan, aipatu dugun moduan, aldaketa nabarmenak gertatu ziren Espainiako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean, baita hernanikoan ere. Aldaketa horien ondorioz, ohitura, moda, joera kultural, joera musikal... berriak agertu ziren. Funtsean, masen gizartea sortu zen. Neurri batean, horren isla izan ziren hamarkada haren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran Ezkiaga pasealekuan egoten ziren “mobidak”. Bertan jotzen zuten txistulariek, 1960ko lehen osoko bilkura hartan kontratua berritu zieten horiek. Hernaniko eta eskualdeko gazteak gustu musikal, kultural... berrietara egokitzen ari ziren; beste batzuk, berriz, txistulariek ordezkatzen zituztenak, tradizionalagoak ziren. Gertakari horiek, azkenean, aurrez aurre jarri zituzten euskaldunak eta gaztelaniaz (“espainieraz”) hitz egiten zutenak, hau da, beste leku batzuetatik etorritakoak. Hori, halaber, konfrontazio sozialaren eta kulturalaren isla zen.

      1960ko hamarkadan zehar langile-mugimendua berpiztu zen. Azken Frankismoko desarrollismo ekonomiko-industrialaren ondoren sortutako langile-klase berria zen mugimendu haren protagonista. Greba egiteak debekatuta jarraitzen zuen arren, eta langile-mugimenduko liderren eta militanteen aurkako zapalkuntza egon arren (poliziaren bortizkeria, buruzagiak erbesteratzea...), Vascongadas-eko eta Guipúzcoa-ko enpresetan ohikoak izan ziren soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko aldarrikatzeko gatazkak eta geldialdiak, baita arrazoi politikoengatikoak ere. Gipuzkoa lurralderik gatazkatsuena izan zen 1964an.

      Esanguratsuak izan ziren Hernaniko enpresa handienetan egindako lan-geldialdiak eta grebak. Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga enpresan deitutako geldialdia oso adierazgarria izan zen, zuen garrantzi historikoagatik. Emakumeek hartan izandako garrantzia, esan bezala, historikoa izan zen. Hala dio Miren Clementek, Hernaniko paper-fabrikako geldialdien deitzaileetako batek: “Zikuñagako greba 67an izan zen, beraien konbenioan jarritako arauak ez zituztela errespetatzen konturatu ginen; gero eta gehiago esplotatzen gintuzten eta soldata dezente bat jasotzeko egunean hamabi orduko lana egin behar zenuen. Orduan, hasieran 48 orduko minimotako greba’ bat egin genuen, baino ez ziguten kasurik egin, gero egun oso batez ‘beso eroritako greba’ bat egin genuen, lekutik mugitu gabe eta orduan bai, orduan Guardia Zibila sartu eta bertatik atera gintuzten... Greba mugagabea izan zen, ez baitzuten inor lanerako berriro onartu”[55]. Beste enpresa batzuetan ere deitu eta egin ziren grebak, hala nola Papelera del Norte eta Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cía enpresetan. Orbegozoko langileei emandako laguntzaren ondorioz eta poliziaren jarduketarengatiko salaketaren ondorioz, 1969ko martxoaren 12an Gipuzkoako Gobernu Zibilak hiru hilabeteko zigorra jarri zien Asociación de Padres de Familia elkarteari, Elur-Txori elkarteari eta Santa Barbara elkarteari. Asociación de Padres de Familia elkarteari, “estatutuetan jasotako xede eta helburuetatik nabarmen urruntzeagatik haren jardueretan... lan-arazo konplikatuetan eta beste mota batzuetako arazoetan nahasten da... gainera, Ordena Publikoko Indarrei ez die begirunerik...”. Elur-Txori eta Santa Barbara elkarteei[56], “estatutuetan jasotako xede eta helburuetatik nabarmen urruntzeagatik... bereziki konplexuak diren lan-arazoetan nahastegatik... manifestazioekin bat egiteagatik... lan arloko gabezia eta ardurak, etab., ‘era guztietako kalte okerragoak’ iragartzen zituzten bitartean... eta Indar Publikoaren presentzia eta esku-hartzea ez zeudela arrazoituta iradokiz”[57].

      1970eko hamarkadaren hasiera ere markatu zuten protestek, eta aldaketa sozial eta politiko sakona gertatzen ari zela islatu zuten. Are gehiago, Burgosko Prozesuari dagokionez. Auzipetuenganako elkartasuna erakutsi zutenak atxilotu eta espetxeratzeak protestarako beste arrazoi bat gehitu zuen.

      1974ko krisi ekonomikoak, 1975ean larritu zenak, eta haren ondoriozko inflazioak eta langabeziak indarra eman zien greben eta langile mugimenduen olatuari, Frankismoaren historiako garrantzitsuenari, eta jazarpena gogortu egin zen. Jazarpen-espiral hori bereziki gogorra izan zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

      Gainera, 1960ko hamarkadan zehar, ase beharreko behar berriak agertzen hasi ziren gizartean, hirugarren sektorearekin lotuta. Gizarteak gero eta nahi handiagoa zuen mendebaldeko gizarteen antza izateko, eta aisialdirako eta kulturarako modu berriak bilatzen hasi zen. Bestetik, askatasuna eta aurrerapena aldarrikatzeko ibilgailuak ere izan ziren aisialdia eta kultura. Euskal gizartearen barruan aldaketa handia gertatzen ari zen, eta protagonista berriak sortu ziren: herritarrak.

      Hala, 1970eko hamarkadan auzo-mugimenduak sortu ziren aurreko hamarkadetan eraikitako auzoetan. Batez ere, bizileku eremu horiek hobetzea aldarrikatzen zuten, urbanizatu gabe zeudelako, zerbitzu eta ekipamendu gabeziak zituztelako... Hala jaio ziren auzo-mugimenduak. Hori izan zen Florida eta Anziola auzoen kasua. Dokumentu hau ere argitaratu zuten: “Así son dos barrios hernaniarras: Florida y Anziola. Estudio sociológico de base”. Bertan, eremu horietako errealitatea aurkezteaz gain, horietan eta beste auzo batzuetan zituzten beharrak azaltzen zituzten, hala nola Sorgintxulon (kasualitatez, Hernaniko herrigunetik aldenduen zeuden auzoak). Neurri batean, udalak aintzat hartu zituen hurrengo urteetan egindako proiektuetan. Esaterako: Antziola, Villas eta Sorgintxulo auzoetara zihoazen ur-hornidurarako hodiak indartzeko proiektua; Florida auzoan egindako urbanizazio-lanen (bidea zolatu eta espaloiak jarri) eta zerbitzuen (estolderia) proiektua...

      Auzo-elkarteen alderdirik interesgarrienetako bat emakumeen parte-hartzea izan zen, nabarmena herri-mugimenduan. Elkarte horien barruan sortu ziren lehen elkarte feministak, 1970eko hamarkadan. Orokorrean, mugimendu horiek zabaltzen joan ziren hurrengo hamarkadetan, diktadorea hil eta erregimena aldatu zenean.

 

 

Hernani, 1975 - 1982

 

      Francisco Franco Bahamonde 1975eko azaroaren 20an hil zen. Orduan hasi zen Trantsizioa izeneko aldia, 1982ra arte iraun zuena. Zehazki, 1982ko urriaren 28ko hauteskundeak arte iraun zuen. PSOEk irabazi zituen hauteskunde horiek eta, orduan, diktadorea hil zenetik eta hark aukeratutako Juan Carlos I erregea koroatu zutenetik Espainiako Erresuma gobernatzen “jarraitu” zutenek Espainiako Gobernua utzi zuten. 1936-1939ko Gerran garaitutako alderdietako bateko ordezkariak hartu zuten Espainiako Gobernuko presidentetza, Felipe Gonzalezek (PSOE).

      Espainiako Erresumako politikak, handik aurrera, Espainiako historia hurbileko aldirik “dinamiko” eta nahasietako bat bizi izan zuen: kargugabetzeak, kargu-uzteak, gobernuko presidenteen izendapen berriak, zentsura-mozioak, estatu-kolpe saiakerak...

      Epe labur horretan, hau da, zazpi (7) urte horietan zehar[58], Hernaniko biztanleriak gora egiten jarraitu zuen. 1975ean 28.088 biztanle zeuden erroldatuta, eta 1982an 30.698 hernaniar zeuden erregistratuta Biztanleen Udal Erroldan (+2.610)[59].

      Erregimenaren politika aldatu zen testuinguru horretan, ordea, tokiko politikak betiko zereginekin jarraitzen zuen. Hala, diktadorea hil ondoren, 1975eko abenduaren 4an[60] egin zen Hernaniko udaleko lehen osoko bilkura, Fermin Altuna Aguirresarobe (alkatea 1966 eta 1976 artean) presidente zela. Bilkura hartan landutako gaiak errepasatuta, ikus daiteke 1960ko bilkuran landutakotik eta han onartutakotik igarotako hamabost (15) urteetan Udalaren dinamika eta jarduera biderkatu egin zirela, Hernaniko gizartearen beharrei erantzuteko, batez ere, hirigintzari zegozkion gaietan: 1950 eta 1960ko hamarkadetan egindako etxebizitzen kontrolik gabeko eraikuntzak eta kontrolik gabeko hirigintzak eragindako egoera kaotikoari erantzuna ematen jarraitzen zuen Udalak. Hainbat Plan partzial onartzeari eta/edo aldatzeari buruz hitz egin zen, Urumea ibaiaren kanalizazioari buruz ere bai (onartzea eta Antolamendurako Plan Orokorreko Berrikusketa Azterlanean sartzea erabaki zen) eta mailegu-kontratu bat onartu zen Banco de Crédito Local de España bankuarekin, ia 10.000.000 pezetakoa, “Santa Barbaran lursailak erosi eta bertan Oinarrizko Eskola Orokor eta Balioaniztuna eraikitzeko...”. 1976-1977ko Udaleko Obren eta Zerbitzuen Biurteko Plana ere onartu zen (...Florida auzoko bidea zolatzeko, espaloiak egiteko, estolderia eta zerbitzuak jartzeko proiektua; Fagollaga, Ereñozu, Latxe eta Florida auzoetako landa-argiztapenerako proiektua; Osinaga auzorako landa-bidearen proiektua; eta Portu auzorako jaitsiera egokitzeko proiektua...). Horietako batzuk aurrera eraman ziren, eta beste asko 1979tik aurrera egindako ondoz ondoko hauteskundeetan sortutako udalbatzek hartu behar izan zituzten haien gain.

 

HERNANIKO BIZTANLERIA (1975- 1982)

URTEA

BIZTANLEAK

1975

28.088

1981

30.450

1982

30.698

 

      Ikuspegi ekonomikotik, XX. mendearen azken laurdena konplikatua izan zen Gipuzkoako industriarentzat. Ondoz ondoko krisi ekonomikoek asko aldatu zuten Gipuzkoako industriaren egoera. 1973ko krisia, “petrolioaren krisia” deiturikoa, indarrez nabaritu zen 1980ko hamarkadan Gipuzkoan: enpresa asko itxi ziren eta langile asko langabezian geratu ziren; langabezia aurrekaririk gabeko mailara iritsi zen. Mende batean zehar altxatutako ehun industriala behera zioan. Hernanin modu traumatikoan bizi izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cía lantegi siderurgikoa berregituratu zuten. Horrek ondorio larriak eragin zizkien herriko enpresa eta tailer txikiei, eta Hernaniko gizarteak mugimendu sozialen eta langile-mugimenduen bidez erantzun zien ondorio haiei.

      Franco jenerala hil zenean, Trantsizio prozesu nahasi bat hasi zen. Hasteko, Erreforma Politikorako Legea onartzeko erreferendum bat egin zen 1976ko abenduaren 15ean. Onartu zen, 22.644.290 hautesleen errolda baten gainean, 16.573.180 aldeko boto Espainia osoan. Euskal Autonomia Erkidegoan, abstentzio handiarekin, aldeko 627.499 boto izan ziren; Gipuzkoan, berriz, abstentzioak erroldaren % 50 gainditu zuen, eta 170.363 boto jaso zituen. Hernanin, 15.101 boto-emaileko hautesle-erroldari dagokionez, 6.761 boto-paper utzi ziren (8.340 lagunek ez zuten botoa emateko eskubidea erabili, abstentzioa % 55 ingurukoa izan zen), eta horietatik 6.165ek aldeko botoa eman zuten.

 

ERREFORMA POLITIKORAKO LEGE PROIEKTUARI BURUZKO
ERREFERENDUM NAZIONALA
*

 

EUSKAL HERRIA

GIPUZKOA

HERNANI

Errolda

1.277.885

411.489

15.101

Sartutako boto paperak

688.260

186.201

6.761

Abstentzioa

589.625

225.288

8.340

Zuriak

35.596

9.989

432

Baliogabeak

2.209

857

8

BAI

627.499

170.363

6.165

EZ

22.956

4.992

156

* https://app.congreso.es/consti/elecciones/referendos/index.htm. También, HUA/AMH//2.22. Expedientes de referéndums. Expediente del referéndum nacional sobre la Reforma Política, 1976.

 

      Gipuzkoan, udalen mugimendu bat sortu zen, Bergarako Alkateen mugimendua. Hain zuzen ere, herri horretako alkatea zen mugimenduaren buru, Jose Luis Elkoro. Une hartan Hernaniko alkatea zen Ignacio Iruin Izaguirrek (1976 eta 1979 urte bitarteko alkatea) modu aktiboan parte hartu zuen mugimendu hartan. Hondarribiko, Zaldibiako, Ormaiztegiko, Bergarako, Arrasateko, Oiartzungo, Eibarko, Urretxuko, Aretxabaletako, Usurbilgo, Elgetako, Legazpiko, Azkoitiko, Azpeitiko, Eskoriatzako eta Gatzagako alkateekin batera, 1976ko irailaren 13an Herrizaintza Ministroarekin (Rodolfo Martín Villa) bildu ziren Madrilen, eta hilaren 17an Gipuzkoako Gobernu Zibilarekin. Haien eskaerak mahai gainean jarri zituzten bilera horietan, herrialde honetako ondoeza arintzen laguntzeko; funtsean, euskal gatazkaren planteamendu zorrotza egiteko eskaera, Estatuak arazo honi ematen dion dimentsio zorrozki politikoan[61]. Beste batzuen artean, hauek lirateke:

 

      Ordena Publikoa... bilera eta manifestazio baketsuen aurkako errepresioan erabilitako bitartekoak guztiz modu proportzionalean aplikatzeko eskatuz...

      ...

      ... 1937ko ekainaren 23ko lege-dekretua indargabetzea (Kontzertu Ekonomikoa kentzea), Autonomia Estatutuaren gainean eztabaidatzen den bitartean.

      Amnistia osoa preso politiko guztientzat... aldi berean, preso horien egoera hobetzeko beharra nabarmenduz, gure lurraldetik gertuago dauden espetxeetara ekarrita, haien familiakoek bisita egiteko baldintzak hobetzeko eta errazteko, etab. ... ikurrinaren erabilera askea.

      Euskararen ko-ofizialtasuna.

      Ikastolak parekatzea... Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren mendeko ikastetxeekin.

      ...

      ... gertakarien berri ematen duten hedabideen egiazkotasuna.

 

      Eskaera horietako askori erantzuna emateko, hilabeteak zein urteak behar izan ziren. Beste batzuen kasuan... Ikurrina legezkotu egin zen. Hernanin, 1977ko urtarrilaren 19ko ezohiko eta presazko osoko bilkuran onartu zen (osoko bilkura, hasiera batean, aurreko egunean egin behar zen, urtarrilaren 18an, baina atzeratu egin zen Ignacio Iruin alkateak ezin zuelako joan, Madrilen baitzegoen kudeaketa batzuk egiten). Osoko bilkura hark puntu bakarra izan zuen: Ikurrina jartzea. Ikurrina, euskal bandera, udaletxeko balkoi nagusian jartzearekin ados zeuden bozkatu zuten udalbatzako kideek, eta bertan zeuden guztiek baiezkoa erantzun zuten.

 

1977ko urtarrilaren 19an,
Plaza de Españan bildutako hernaniarren ikusmina zela eta,
Ikurrina igo zen udaletxeko balkoian.

 

      Trantsizioko lehen urteetan jarduera politikoa handia izan zen eta bata bestearen segidako hauteskunde-prozesuak izan ziren, nazio mailan, erkidego mailan eta herri mailan. 1977ko ekainaren 15eko hauteskunde orokorrekin hasi zen Trantsizioaren prozesu politikoa.

      Hauteskunde horien ondoren, estatu mailan testu konstituzional bat prestatzeko prozesua hasi zen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, eztabaida politikoa erregimen aurreautonomiko bat ezartzeari buruzkoa zen, Euskadiren autonomia ekarriko lukeena. 1978ko urtarrilean onartu ziren Euskadiren aurreautonomia eta Eusko Kontseilu Nagusiaren eraketa, Ramon Rubial sozialista buru zela.

      1977ko uztailean, Jose Eusebio de Iraola e Iparraguirre jaunak, San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizako apaiz ekonomoak, baimena eskatu zion udalari kripta-panteoi bat eraikitzeko lanak egiteko, “herriko hilerriaren hegoaldeko ertzean... leku horretan, duela 40 urte baino gehiago herritar asko lurperatu zituzten, horien artean apaiz batzuk... horman bertan jarritako hilarrietan agertzen dira haien izenak... Aldi luze honetan zehar, hainbat aldiz pentsatu dugu egoera horrek erakusten duen bidegabekeria erreparatzea. Guztiok ezagutzen ditugun zirkunstantzia politiko eta sozialen ondorioz ezin izan da erreparazio hori egin... proiektuak badu gotzain jaunen lehen onarpena. San Joan Bataiatzailearen parrokia arduratuko litzateke finantzaketaz...”. 1936ko gerran zehar, 1936ko udazkenean, Hernanin modu estrajudizialean eta agiririk gabe fusilatutakoen gorpuzkiak zeuden leku hartan. Eskaera haren ondorioz kripta-panteoi estali bat egin zen. Bertan, berrogei (40) urte lehenago “desagertutakoen” familiakoak oroimen-plakak jartzen hasi ziren, eta hala jarraitu zuten urtetan zehar[62].

 

Hernaniko hilerriaren hegoaldeko ertzeko irudiak.
Han, uste zen, 1936ko Gerraren testuinguruan, hilobi komun bat bazegoela,
fusilatutako pertsonen gorpuzkiekin. Parrokiaren ekimenez
kripta-panteoi bat eraiki zen leku hartan (1977).

 

      Lan horiekin lotuta, 1977ko urriaren 30ean, EAJren Udal Batzarrak eta “Eusko Gastedik” antolatuta, meza bat, eta zeremonia ofizial bat egin ziren. Hernaniko hilerrian bertan. 1936an tropa frankistek fusilatutako pertsonen oroimenez Gipuzkoan egindako lehen ekitaldietako bat izan zen hura. Elizako zeremonian aita Olasok eman zuen sermoia, Alberto Onaindiak, Celestino Onaindiaren anaiak; azken hori 1936ko urrian fusilatu eta lurperatu zuten Hernanin. Ez zen izan pertsona haiei egindako lehen aitortza, ezta azkena ere[63].

      Hernaniar askoren oroimenean geratu ziren 1978ko Sanjoanak. Jai haiek lutoz jantzi ziren. Hilaren 25ean, “Hernaniko Bandera”, Urumea ibaian batel-proba egiten ari zela Elorrabiko zubi esekia erori egin zen. 6 pertsona hil ziren, horietako bi adingabeak.

      1978ko eztabaida konstituzionalean, EAJk abstenitzea erabaki zuen. Jeltzaleek Konstituzioari babesik ez ematearen ondorioz, Euskal Herrian abstentzio handia izan zen, % 55,35ekoa (Gipuzkoan % 56,57koa). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emaitzek 1978ko (abenduak 6) Konstituzioaren aldeko babesa erakutsi zuten, emandako botoen % 74,60 izan baitziren aldekoak. Hernanin, errolda osatzen zuten 20.001 pertsonatik, 9.863 pertsonak baliatu zuten botoa emateko eskubidea, % 49,30ek (abstentzioa % 50,69koa izan zen). Emandako botoen artean, % 66,17k bozkatu zuten 1978ko Konstituzioa onartzearen alde.

      1979. urtean, hauteskunde-deialdien arteko parentesi batean, eta “asaldura sozial eta politiko bete-betean, inauteriak Frankismoaren garai ilunetatik berpizten hasi ziren, inauterietako poza eta parranda ahalik eta azkarren berreskuratu nahian bezala”[64].

 

 

      Inauterietako zalapartatik, “min, harridura eta haserrera”, “hunkidura sakonera”, “Zikuñagako ermitako profanatu” baitzuten, “Zikuñagako Ama Birjinaren irudia” lapurtzeko, herriko zaindariarena. Ostegun Santutik Ostiral Santurako gauean, 1979ko apirilaren 12tik 13ra, ezezagun batzuk sartu ziren ermitara abside aldeko leihate bat desmuntatu ondoren, eta Zikuñagako Ama Birjinaren tailla, irudia, lapurtu zuten, XIV. mendekoa, hari buruzko lehen erreferentzia dokumentalak 1529koak badira ere. 1954an Hernaniko zaindari izendatu zen kanonikoki[65].

 

ERREFERENDUM KONSTITUZIONALA*

 

EUSKAL HERRIA

GIPUZKOA

HERNANI

Errolda

1.552.737

504.389

20.001

Sartutako boto paperak

693.310 (44,65% )

219.032 (43,43% )

9.863 (49,31% )

Abstentzioa

859.427 (55,35% )

285.357 (56,57% )

10.138 (50,69% )

Zuriak

39.817 (44,65% )

11.295 (5,16% )

487(4,94% )

Baliogabeak

11.097 (1,60% )

2.531 (1,16% )

133 (1,35% )

BAI

479.205 (74,60% )

139.777 (68,12% )

6.116 (66,17% )

EZ

163.191 (25,40% )

65.429 (31,88% )

3.127 (33,83% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Trantsizioaren prozesu politikoak aurrera jarraitu zuen 1979an, eta II. Errepublikaz geroztiko lehen udal-hauteskundeak egin ziren. Herri Batasunak lortu zuen Hernaniko alkatetza, 1978ko apirilean eratu eta hauteskundeetan lehen aldiz parte hartuta. Juan Jose (Juanjo) Uria Zubiarrain (1979-1983) izendatua izan zen alkate. Hala, ibilbide berria hasi zuen Hernaniko udal-politikak.

      Udal-kudeaketa berri bat hasi zen, eta udalbatza berri hark eta hurrengoek aurre egin behar izan zioten garai frankistatik oinordetzan jasotako “defizitari”, arlo hauetan: azpiegiturak, ekipamenduak, osasuna eta ongizate soziala, hezkuntza, aisialdia, kirola... 1979ko apirilaren 26ko lehen osoko bilkuran agerian geratu zen Frankismoaren amaierak ekarri zuen egoera politiko berria. Elebitan idatzitako lehen akta da, euskaraz eta gaztelaniaz. Gai-zerrendan, hirigintzaren arloko gaiez gain (ur-hornidura...), mozioak ere ageri dira, hala nola Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), Euskadiko Ezkerrak (EE) eta Partido Socialista Obrero Español (PSOE) alderdiek aurkeztutakoak, Euskadiko Autonomia Proiektuari babesa agertuz; PSOErena, langileen eskubideen defentsari buruzkoa; Herri Batasunarena (HB), amnistiari, estradizioei, elebitasunari, Ordena Publikoko Indarrei eta Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoa; HB eta EErena, maiatzaren 1-ari buruzkoa; eta beste batzuk[66]. Aldarrikapen, behar eta sentsibilitate sozial, politiko... berriak, edo “zaharrak” (ordura arte ezkutuan zeudenak), hasi ziren lantzen eta, kasu askotan, kudeatzen, sortu berriak ziren udalbatzetan, Hernaniko gizartearen eskariari erantzuteko.

 

1979KO APIRILAREN 3KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA = 20.053

BOTO-EMAILEAK: 12.463 (62,15% )

ABSTENTZIOA: 7.590 (37,85% )

ZURIAK: 92 (0,74% )

BALIOGABEAK: 229 (1,84)

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

HB

3.925 (32,33% )

8

EAJ-PNV

2.970 (24,46% )

6

PSE-PSOE

2.726 (22,45% )

5

EE

1.265 (10,42% )

2

PCE-EPK

499 (4,11% )

EMK-OIC (Movimiento
Comunista de Euskadi)

476 (3,92% )

IND. HERNANI 79 (Hernani
para los Trabajadores)

213 (1,75% )

ORT

68 (0,56% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      1950-1960ko hamarkadetako garapenak (gutxi planifikatua, espekulatzailea, desordenatua edo kaotikoa) eragindako hirigintza arloko gabeziei soluzioak emateaz gain, udalbatza berriak azpiegitura eta instalazio berriak eraiki zituen herrian: zaharren egoitza berria, Benefizentzia Etxe zaharra eraitsi ondoren, eta estalitako kirol-ekipamendu berria, udal-kiroldegia.

      Santa Maria Magdalena Zaharren (Adinekoen) Egoitza, 1980ko hamarkadaren hasieran eraiki zenetik gaur egunera arte, pixkanaka handitzen joan da, bai instalazioei dagokienez, bai eskaintzen dituzten zerbitzuei dagokienez, Hernaniko gizartearen eskariei erantzuteko. Izan ere, gizartea gero eta zaharragoa da, eta gero eta behar eta betebehar handiagoa dago adinekoei arreta eman eta zaintzeko (azken aldaketan, 2006ko proiektuaren arabera, apartamentu eta etxebizitza sozialak gehitu zitzaizkien instalazio hauei). Adineko pertsonei eskaintzen dizkieten zerbitzuen artean, informazioa, balorazioa eta aholkularitza eskaintzen dizkiete hainbat prestazio jaso ditzaten, eta dagokien mendekotasuna aitortzeko prozeduretara sar daitezen. Etxeko laguntza-zerbitzua ere eskaintzen zaie, eta eguneko zentro bat eta hasieran aipatu dugun Santa Maria Magdalena Adinekoen egoitza ere eskura dituzte.

 

Santa Maria Magdalena
Adinekoen Egoitza berriko
lehen harria jartzea (1981).

 

1983ko apirilean inauguratu zen Hernaniko kiroldegia,
Bidasoaren eta CD Hernaniren arteko eskubaloi partido batekin.

 

      Handik kudeatzen dute Goiz Eguzki Jubilatuen Etxea ere. Entretenimendurako eta ongizaterako zerbitzuak eskaintzen dizkie bazkideei.

      Gainera, erakunde autonomoak (Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatua / Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saila) arreta eskaintzen die beharrak dituzten pertsonei, familiei eta taldeei, haien bizi-proiektuaren garapen autonomorako zailtasunak dituztenei. Horiei guztiei baliabideak eskuratzen saiatzen da, lor dezaten. Hala, haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduz. Funtsean, herriko sektore behartsuenei arreta ematen saiatzen da, hala nola haurrei eta gazteei; egoera zaurgarrian dauden emakumeei, banantze-prozesuengatik, tratu txarrengatik edo guraso bakarrak direlako (kasu horretan, haien seme-alabei ere bai); desgaitasuna edo mendekotasun funtzional fisikoa, psikikoa, sentsoriala... duten pertsonei; antolatzeko eta elkarrekin bizitzeko arazoak dituzten familiei; edo gizarte-bazterketa egoeran edo jasateko arriskuan dauden pertsonei. Gutxiengo etnikoei eta etorkinei ere bai. Horien kasuan, oinarrizko arreta eskaintzen zaie haien beharrei erantzuteko, eta haien autonomia eta gizarteratzea sustatzeko.

      Legegintzaldi horretan eraikitako beste azpiegituretako bat udal-kiroldegia izan zen, Atsegindegi kirol ugariko eremuaren ordezkoa (hernaniarren belaunaldi askoren entrenatzeko eta lehiatzeko eremua, 1960-1980 hamarkaden artean). Hernaniko kiroldegiarekin (faseka eraiki zen: estalitako igerilekuak, kirol ugaritarako pistak eta pilotaleku estalia) Hernaniko kirolarien eta kirolgileen aldarrikapenak eta beharrak ase ziren, hainbat modalitatekoak: eskubaloia, pilota... Eta beste kirol batzuk indartu eta hasi ziren: saskibaloia, boleibola, etab.

 

Bidasoako eta Hernani K.E.-ko eskubaloiko jokalariak,
Hernaniko kiroldegiaren inaugurazio ekitalidan;
kiroldegi berria jendez gainezka zegoela.

 

 

      HERNANIARREN LORPENAK KIROLEAN

 

      Dagoeneko hitz egin dugu Euskal Kirolek Hernanin zuten garrantziaz, onarpenaz eta jarraipen zabalaz. Adibidez, herri-kirolek eta Elur-Txori Elkarteak urtero antolatzen zituen eta oraindik antolatzen dituen jaialdiez, baita ezkerparetan edo txirrin, edo Ezkiaga pasealekuko pilotalekuan (irekia) jokatzen ziren pilota-txapelketez ere[67]. Mendi Gain Mendiko Elkartearen edo Klubaren lana ere aipatu dugu. Baina, herriko kirol-erakunderik zaharrena eta tradizio luzeena duena aipatu behar dugu, Hernani K.E.[68].

      1940an eratu zen eta hasieran kirol-sekzio ugari zituen, herrian egiten ziren guztiak: futbola, atletismoa, pilota, eskubaloia, errugbia, mendia... Urteak pasatu ahala, horietako batzuk “independizatu” egin ziren, esaterako, Hernani Club Rugby Elkartea, Mendiriz Mendi edo Hernani Eskubaloi Taldea... Beste klub berri batzuk ere joan ziren sortzen, kirol-azpiegitura berriaren, kiroldegiaren (1983an inauguratua) gerizpean. Adibidez, Hernani Kirol Elkartea sortu zen, aldi berean, hainbat modalitate biltzen zituena: boleibola, waterpoloa... Eta ez dugu ahaztu behar Hernaniko Arraun Elkarte historikoa, berriz martxan dagoena. 1970eko hamarkada historikoa izan zen, eta Kontxako Banderan parte hartu zuen 1971-1975/1977-1978 urteetan (1974an ohorezko txandan parte hartu zuten)[69].

 

Ernani - Zikuñagako Ama trainerua Kontxako uretan.
Martin Zabaleta, ikurriñarekin Himalayan;
1980ko maiatzaren 14an Everest zapaldu zuen.

 

      1980ko eta 1990eko hamarkadak izan ziren distiratsuenak Hernaniko kirolarentzat. CD Hernaniko senior mailako futbol-taldeak Bigarren B mailan jokatu zuen 1991/92 denboraldian (aurretik jokatu zituen hainbat final Gipuzkoako Kopan, Atotxako futbol-zelaian)[70], CR Hernani Elkarteko estatuko azpitxapelketak eta 1981/82ko FERko azpitxapelketa[71] (2020ra arte Ohorezko Mailan jokatu zuen, 2012an igotzea lortu ondoren); eskubaloiko emakumeen taldeak ere Ohorezko Maila nazionalean jokatu zuen, baita Europako txapelketan ere (gizonen taldeak 2. maila nazionalean)[72].

      1980ko maiatzaren 14a beti oroituko dute hernaniarrek. Egun hartan, Martin Zabaletak, Pasang Temba xerparekin batera, munduko gailurrik altuenera igotzea lortu zuen, eta ikurrina jarri zuen Everesten edo Chomolungman[73].

 

Udal kiroldegia lehen planoan,
eta Latsunbeberri eta Marieluts auzo berriak.

 

      Bestetik, udal-kiroldegiaren eraikuntzarekin bizileku eremu berri bat eraikitzen hasi zen Carreron (Urbieta kalearen luzapena) eta Las Villas auzoan. Hogei (20) urte inguru iraun zuen hirigintza-eragiketa hark, eta aukera eman zuen Hernaniko herrigunea handitzeko eta lehenago “urruti” zeuden eremuak gerturatzeko. Hala sortu ziren Latsunbe auzoa, Latsunbeberri auzoa eta Marieluts auzoa.

      Diktadura frankistaren ondorengo lehen legegintzaldi horren hasierako udal-erabaki bat nabarmendu behar da, “sinbolikoa” izan zelako: Hernaniko kaleen eta plazen izendegia aldatzea. Hurrengo udalbatzetan prozesu hori osatzen joan zen, 1988an udal-izendegia euskaratu arte[74]. Esanguratsua da ordura arte Plaza de España deiturikoaren izen-aldaketa, Hildako Gudarien Enparantza (Gudarien plaza gaur egun) izena jarri baitzitzaion, esan bezala, udalbatza berriaren lehen osoko bilkuretako batean.

 

Langile - Laubidieta eraikina,
Kilometroak’82 ondoren eraikia.

 

      1982ko urriaren 3an Kilometroak’82 jaia egin zen Hernanin, Langile Ikastolaren alde. Herriak dena eman zuen egun hura antolatzeko, eta Hernaniko erakunde, elkarte, klub... ia guztiek lagundu zuten ospakizun-aldarrikapen arrakastatsu hartan. Jai hartan lortutako diruarekin zentro berri bat eraiki zen edo eraikitzen lagundu zen (Langile Ikastola - Laubidieta), eta 1986/87 ikasturtean inauguratu zen. Ordura arte, 1970/71 ikasturtean sortu zenetik, ikastolak hainbat lokal eta zentro erabili izan zituen Elizatxon, Floridan, Atsegindegin, San Antoniko paradorean...[75]

      Aipatu dugun moduan, ekonomikoki, 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera sortutako ondoz ondoko krisialdiek jota utzi zuten Hernaniko gizartea une hartan, 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran. Herriko industriak sintoma endemikoak zituen, Frankismoaren garaitik oinordetzan jasoak, eta eragin bortitza izan zuten Hernaniko herrian eta gizartean. Bereziki dramatikoak izan ziren hainbat paper-fabrikaren itxierak eta, batez ere, Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cía enpresaren birmoldaketa (ACENOR behin betiko itxi zen 1993an). Horrekin lotuta, enpresa eta tailer txiki askok itxi egin behar izan ziren.

      Herriko langabezia-tasa oso altua zen eta, ahal zen neurrian, biziraun ahal izateko lan bila ari ziren Hernaniko familia eta gazte askoren beharrak asetzen saiatzeko, Langabezia Batzordea eratu zen. Batzorde horren bidez eta langabeziaren aurka borroka egiteko foru-laguntzekin, pertsona asko kontratatu ziren herrian hain beharrezkoak ziren obrak egiteko. Garai hartan langabezian zeuden herritarren esku-lanarekin eginak dira, beste lan batzuen artean, Pana Parkea / Parkea (1980-1982) edo Hildako Gudarien Enparantzako zoruaren aldaketa (1984).

 

Aldarrikapen sozialetako urteak izan ziren 1980ko hamarkadako hasierakoak,
osasun zentro berri baten alde egindakoak kasu.

 

      Udal-hauteskundeak (eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak) egin ziren urte berean egin zen Gernikako Estatutua onartzeko erreferenduma, hau da, Euskadiren autonomiari buruzkoa. Hain zuzen ere, 1979ko urriaren 25ean.

      Boto-eskubidea baliatu zuten euskaldun, gipuzkoar eta hernaniar gehienek onartzeko. Emandako botoen % 90 baino gehiago izan ziren baiezkoak (hiru kasuetan % 40tik gorakoa izan zen abstentzioa: EAEn % 41,14, Gipuzkoako lurralde historikoan % 40,27 eta Hernanin % 46,04). Hernaniren kasuan, 20.328 pertsonakoa zen errolda eta 10.965 hernaniarrek eman zuten botoa, erroldaren % 53,96k (abstentzioa, esan bezala, % 46,04koa izan zen). 10.965 boto horietatik, 9.923 baiezkoak izan ziren (emandako botoen % 95,91).

 

EUSKADIKO AUTONOMIA ESTATUTUARI BURUZKO ERREFERENDUMA*

 

EUSKADI

GIPUZKOA

HERNANI

Errolda

1.565.541

507.002

20.328

Boto-emaile

921.436 (58,86% )

302.847 (59,73% )

10.965 (53,94% )

Abstentzioa

644.105 (41,14% )

204.155 (40,27% )

9.363 (46,06% )

Zuriak

31.419 (3,41% )

9.018 (2,98% )

411 (3,75% )

Baliogabeak

10.649 (1,16% )

3.140 (1,04% )

208 (1,90% )

BAI

831.839 (94,60% )

278.399 (95,77% )

9.923 (95,91% )

EZ

47.529 (5,40% )

12.290 (4,23% )

423 (4,09% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

 

Hernani, 1982 - 2021

 

      Hernaniko biztanleria, 1986[76] eta 2021 artean, 35 urtetan, 1.100 biztanle baino apur bat gehiago hazi zen, zehazki, 1.128 biztanle. Deigarria da denbora-tarte hain zabalean herriko biztanleria hain gutxi hazi izana. Datuak azaletik aztertua, XX. mendearen azken 14-15 urteetan hernaniar kopuruak behera egin zuela ikus dezakegu (-398), eta XXI. mendearen lehen bi (2) hamarkadetan pixkanaka igotzen joan zela (+1.426).

      “Krisi demografiko” honen arrazoia, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Gipuzkoan bezala[77], jaiotza-tasa baxua izan daiteke (biztanleriaren hazkunde naturala, begetatiboa, baxua da; azken urteetan, negatiboa), eta euskal eta hernaniar gizartea progresiboki zahartzen ari direla: Hernaniko biztanleen % 17,2 dira 18 urtetik beherakoak (2020ko datuen arabera), % 63,6 dira 18 eta 65 urte artekoak, eta % 19,2 dira 65 urtetik gorakoak. Hala, Hernaniko biztanleriaren hazkunde begetatiboa positiboa izan zen 1996 eta 2019 artean, baina azken 25 urteetan 332 pertsonatan soilik igo da biztanleria.

      Dena den, migrazio-mugimendua egon da eta jendea etorri da herrira, oraingoan penintsularen mugez gaindikoak; 2020ko datuen arabera, 2.038 hernaniar beste herrialde batzuetan jaiotakoak ziren, beste nazionalitate batekoak.

      Juanjo Uria alkate izan zen 1983ko ekainera arte (19791983). 1982ko urriko hauteskunde orokorren ondoren garai demokratiko deritzona hasi zen arren, herri mailan 1979ko udal-hauteskundeen ondoren hasitako ibilbidea, “bide berria”, izan zen ezaugarririk nabarmenena. Etapa horretako lehen aktak[78] Adinekoen Egoitzako Fundazio Publikoaren Estatutuak eta Kirol Fundazio Publikoaren Estatutuak jasotzen ditu. Bi instalazio horien obrak, adinekoen egoitzarenak eta kiroldegiarenak, amaitzeke zeuden eta bakoitzaren patronatu autonomoak eratu ziren: Santa Maria Magdalena Zaharren Egoitza Fundazio Publikoa (gerora Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatua) eta “Kiroldegia” Fundazio Publikoa, gerora Udal Kirol Patronatua. Gainera, Caja Laboral Popularrekin 24.867.590 pezetako mailegu bat kontratatzea erabaki zen, 1982ko Inbertsioen Aurrekontuaren zati bat finantzatzeko (lursailak eta lokalak erostea, ekipoak erostea, argiztapen-instalazio berriak eta udaletxea “berritzea”).

 

HERNANIKO BIZTANLERIA, 1982 / 1986 - 2020

URTEA

BIZTANLE KOPURUA

1982

30.698

1986

19.096

1990

18.864

2000

18.698

2010

19.285

2020

20.124

 

HERNANIKO BIZTANLERIAREN
HAZKUNDE NATURALA (BEGETATIBOA)

URTEA

JAIOTZAK

HERIOTZAK

ALDEA

2019

139

205

-66

2018

163

176

-13

2017

134

184

-50

2016

164

200

-36

2015

150

184

-34

2014

148

185

-37

2013

137

143

-6

2012

179

173

6

2011

201

167

34

2010

216

160

56

2009

194

142

52

2008

205

154

51

2007

193

162

31

2006

175

153

22

2005

212

172

40

2004

205

153

52

2003

193

194

-1

2002

184

160

24

2001

191

142

49

2000

187

164

23

1999

205

145

60

1998

189

159

30

1997

179

147

32

1996

173

144

29

 

      1983ko maiatzaren 8ko udal-hauteskundeak HBk irabazi zituen (gehiengo osorik gabe). Hurrengo lau urteetan Ricardo Mendiola Egaña (HB) izan zen alkate, 1983tik 1987ra.

 

1983KO MAIATZAREN 8KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 21.100

BOTO-EMAILEAK: 13.258 (62,83% )

ABSTENTZIOA: 7.842 (37,17% )

ZURIAK: 76 (0,57% )

BALIOGABEAK: 133 (1,00% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

HB

4.193 (33,16% )

7

PSE-PSOE

3.753 (29,68% )

7

EAJ-PNV

3.510 (27,76% )

6

EE

907 (7,17% )

1

PCE-EPK

280 (2,21% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Legegintzaldia hasi eta handik bi hilabetera, 1983ko abuztuaren 25-27 egunetan, Hernaniko auzorik “baxuenak”, Urumea ibaiaren ibarrean kokatuak, urez eta lokatzez estalita geratu ziren. 72 ordutan Hernani eta Gipuzkoako (Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arroetakoak) eta Bizkaiko udalerri asko kaltetu zituzten tanta hotz gogor batek eragindako uholdeek (177 litro erregistratu zituzten Hernanin). Urak hartu zituen etxebizitzak, etxabeak eta dendak, enpresak...

      Lehenago ere izan ziren uholdeak Hernanin, 1933an, 1953ko urrian, 1960ko abenduaren 29-30ean edota 1981eko urtarrilean, eta gerora ere gertatu ziren (1988, 1997, 2004, 2007, 2011...)[79]; baina 1983ko udako horiek geratu dira Hernaniren oroimenean, oso gogorrak izan zirelako eta kalte suntsitzaileak eragin zituztelako Urumea ibaiaren arroan. Gogoratzeko modukoak dira 2011ko azarokoak ere, izan zuten esanahiarengatik. Ordukoan, ibaiak Elorrabiko zubi esekia eraman zuen (2019an, ia zortzi urte geroago, inauguratu zen berria, hormigoizkoa).

      Gerora, Urumearen arroan uholdeak saihesteko planak garatu ziren (lehenagotik zetozen ibaia kanalizatzeko proiektuak), baina Karabel auzoa berrurbanizatu eta bertan etxebizitza-bloke berriak eraiki arte[80] (zubi “zaharra” eraitsi eta berri bat jartzea, arkurik gabekoa; uholdeen aurkako lezoi bat eta babes-hesi bat eraikitzea; euri-urak drainatzeko sarea berritzea...) plan horiek ez zuten argia ikusi. Planak martxan jartzeak saihestu egin zuen Urumea ibaiaren Hernaniko arroan uholdeak gertatzea, baina Zubipeko kirol-instalazioak (1991n inauguratutako futbol-zelaia) eta Landare ur azpian geratzen dira askotan, oraindik ere.

 

1983ko abuztuko uholdeak Karabel eta Portu auzoetan.

 

      Legegintzaldi horretan, Hernaniko Musika Akademiak bultzada handia jaso zuen eta Funtsezko Kontserbatorio (musikakoa) bilakatu zen. Une horretan irakasle espezifikoak kontratatu ziren araututako eta arautu gabeko (alboka, dultzaina, txalaparta eta trikitixa) musika-espezialitateak irakasteko. Azken horrekin lotuta, nabarmentzekoa da “Hernani” Musika Eskola aitzindaria izan zela euskal tresnen irakaspenean, eta horretan Juan Mari Beltran izan zen aipatu beharreko irakaslea.

      Handik urte batzuetara (1992), EAEn berregituratu egin zen musika-irakaskuntza, eta musika-irakaskuntzarako zentro ez-arautu horietako gehienak musika-eskola bilakatu ziren. Hala jaio zen “Hernani” Musika Eskola Publikoa.

      1985eko urtarrilean Lasarte-Oriako behin-behineko udalak herri-galdeketa baterako deialdia egin zuen. Galdeketa hartan abstentzio handia izan zen; izan ere, gerorako utzi zituzten Usurbilen eta Donostiaren desanexio posibleak. Galdeketan 4.740 lasartearrek eman zioten baiezkoa auzoa herri bihurtzeari, eta 75 pertsonak baino ez zuten aurkako botoa eman. Urte haren amaieran, Andoaingo, Urnietako eta Hernaniko udaletako osoko bilkuretan Lasarte-Oriaren desanexioa onartu zen, eta azkenean 1986ko otsailaren 15ean gauzatu zen. Udal berriaren kudeaketa-batzordea eratzeko saioan, ordura arte Hernaniko udaleko zinegotzia izan zen Ana Urchueguia Asensio sozialista izendatu zuten presidente, hurrengo udal-hauteskundeak egin arte. Lasarte-Oriako udalerri berriaren sorrerak Hernaniko biztanleriaren ia herena galtzea ekarri zuen.

      Uztailaren 18ko kolpe militarraren 50. urteurrenean, zehazki, 1986ko urriaren 5ean, tropa frankistek fusilatutako pertsonak berriro omendu zituen Hernaniko udalak herriko hilerrian. Monumentu berri bat jaso eta inauguratu zen, Jon Iturrarte Artolarena: “Herri bezala bizinahia. Gau luze luzea. Zuen odola, herriaren arnas / La sangre de los demócratas es semilla de libertad”. Hernaniko hilerriko hobi komun bat ustez zegoen lekuan jarri zen. Hilerriaren sarreran plaka bat jarri zen inskripzio honekin: “36-ko gerrakoan, hilerri honetan, berrehun pertsonaz goiti basaki erailak izan ziren. Askatasunaren alde bizia utzi zuten haiei, oroitzapen eta gorazarre”[81].

 

Udal hilerrian dagoen monumentua,
1936ko Gerran Hernanin fusilatutako pertsonen gorpuzkinak
zeuden lekuan, hobi komunean. Eta kanpu santuaren sarreran
dagoen plaka (1986 / 10 / 5).

 

      Handik hamabi egunera, urriaren 17an, Jose Ariztimuño Aitzol fusilatu zuten egunaren urteurrenean, EAJk haren omenaldi partikularra antolatu zuen, eta, beste batzuen artean, bertan izan ziren Jesus Insausti Uzturre, Xabier Arzalluz eta Joseba Arregi. Eta urriaren 26an Eusko Alkartasuna (EA) izan zen 1936an fusilatuei aitortza propioa egin ziena. Kripta-panteoia eraiki aurreko hamar (10) urteetan gurutze bat jarri zuten, eta gurutzearen oinean Elbira Zipitriaren inskripzio hau: “Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue”[82].

      1987ko ekainaren 10eko udal-hauteskundeak HBk irabazi zituen hirugarren aldiz jarraian. 1987tik 1991ko ekainera arteko legegintzaldian Agustin Ezponda Irizar izan zen alkatea.

      Biteriko eskola zaharrak berritzeko proiektua gauzatu zen, eta Biteri kultur-etxea egokitu zen (1988), aurretik ere urte batzuk zeramatzan arren Hernaniko erreferentziazko kultur-zentro gisa funtzionatzen. Proiektu hartatik abiatuta, ondorengo 30 urteetan eraikineko hainbat espazio (liburutegia, erabilera anitzeko gela...) egokitzeko lan eta proiektu berriak egin dira, Hernaniko gizarte dinamikoaren behar kultural eta sozialei erantzuteko.

 

1987KO EKAINAREN 10EKO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 14.240

BOTO EMAILEAK: 9.612 (67,50% )

ABSTENTZIOA:4.628 (32,50% )

ZURIAK: 79 (0,82% )

BALIOGABEAK: 85 (0,88% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

HB

3.958 (41,89% )

8

PSE-PSOE

1.885 (19,95% )

3

EA

1.632 (17,27% )

3

EE

1.008 (10,67% )

2

EAJ-PNV

807 (8,54% )

1

PTE-UC

158 (1,67% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

1991KO MAIATZAREN 22KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 14.858

BOTO EMAILEAK: 9.031 (60,78% )

ABSTENTZIOA: 5.827 (39,22% )

ZURIAK: 70 (0,82% )

BALIOGABEAK: 30 (0,33% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

HB

3.258 (36,50% )

7

PSE-PSOE

1.696 (19,00% )

3

EA

1.476 (16,53% )

3

EAJ-PNV

1.077 (12,06% )

2

EE

677 (7,58% )

1

LKI-EMK

485 (5,43% )

1

PP

258 (2,89% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

1995EKO MAIATZAREN 28KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.402

BOTO EMAILEAK: 9.738 (63,23% )

ABSTENTZIOA:5.664 (36,77% )

ZURIAK: 185 (1,90% )

BALIOGABEAK: 59 (0,61% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

HB

3.670 (38,65% )

7

EA

2.323 (24,46% )

4

PSE-EE/PSOE

1.433 (15,09% )

3

EAJ-PNV

838 (8,82% )

1

EB-B

676 (7,12% )

1

PP

556 (5,86% )

1

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Dinamikoa da Hernaniko gizartea, eta Hernaniko gaztedia ere bai. Egitarau ofizialaz edo hain ofiziala ez zenaz gain, autogestionatzen hasi ziren gazteak... Lizeaga kaleko San Antonio paradore zaharra okupatu ondoren, Hernaniko Gaztetxea (berriz) jaio zen. Eta Hernaniko kuadrilla askok, guztiek ez esatearren, Hernaniko Herri/Gazte Olinpiadetan parte hartu zuten 1980ko hamarkadaren amaierako eta 1990eko hamarkadaren hasierako urte haietan. Egitasmo hura gainbehera etorri zen gero, eta handik urte batzuetara berriro martxan jarri zuten belaunaldi berriek... Gaur egun Kontrakantxa Gaztetxea autogestionatzen jarraitzen dute belaunaldi berriek.

      Era berean, udaleko euskara saila indartu zen. Horretarako, teknikari bat kontratatu zen, euskararen ezagutza, transmisioa eta erabilera indartzeko lan egingo zuena, udal-langileei (urteak eta legegintzaldiak pasatuta, azkenean, Hernaniko udaleko lan-hizkuntza euskara da) eta Hernaniko gizarte orokorrari zuzendutako hainbat kanpainaren bidez. Ildo horretatik, Hernaniko Udal Euskaltegia sortu zen 1991-1992 urteetan. Hernanin euskara irakasteko eta ikasteko zentroa da, AEKrekin batera.

 

1992ko Mugarri Festako partaideak.

 

      Ikaskuntzaren eta ezagutzaren arloetan aurrera egin bada ere (gainera, belaunaldi berriak, haien derrigorrezko ikasketak amaitu ondoren, elebidunak dira “formalki”), gizarteko erabilera da erronka.

      Mendiriz Mendi elkartearen laguntzarekin, udalak tradizio historiko bat berreskuratu zuen, ohitura zahar bat: herriko mugarriak gainbegiratu eta egiaztatzea. Praktika hori ahaztuta 1990ean berreskuratu egin zen: San Migel egunaren (irailak 29, historikoki ospatzen zen eguna) hurrengo asteburuan, Mugarri Festa edo Mugarri Bisita egin zen[83]. Ordutik, parte-hartze handiagoarekin edo txikiagoarekin, eta aldaketaren batzuekin, egiten jarraitzen da.

      1991ko maiatzaren 22an beste udal-hauteskunde batzuk egin ziren. HBren hautagaitzak irabazi arren (3.258 boto, guztizkoaren % 36,50), azkenean Jose Antonio Rekondo Sanz izan zen Eusko Alkartasunako hautagaia (EA hirugarren indar politikoa izan zen hauteskunde haietan 1.476 botorekin, botoen % 16,53 zenbatuta, PSE-PSOEren atzetik, zeina bigarren geratu baitzen 1.696 botorekin, emandakoen % 19), alkate postuan egon zena hurrengo lau (4) urteetan. EAko zinegotzi hautetsiez gain, PSE-PSOEko, EAJko eta EEko zinegotziekin osatu zuen gobernu-taldea.

      Hurrengo udal-hauteskundeetan ere, 1995eko maiatzaren 28an, antzeko emaitzak izan ziren. HBk irabazi zituen hauteskundeak emandako botoen % 36,65 jasota (3.670), baina ez zuen gehiengo osoa lortu. Gainerako alderdi politikoek osatu zuten gobernua. Berriro ere Jose Antonio Rekondo izendatu zuten alkate, ondoz ondoko bigarren legegintzaldian, oraingo honetan EAko, PSE-EEko, EAJko eta lU-EBko zinegotziekin.

      Urte “asaldatuak” izan ziren, “tirabiratsuak”, ez soilik udal-kudeaketaren bilakaera politikoari dagokionez, baita udalerriko elkarbizitza sozialari dagokionez ere. Urte zailak izan ziren politikoki eta sozialki, baina urte horietan hernaniarren bizitza hobetzeko proiektuak eta egitasmoak garatzen hasi ziren.

      1993an behin betiko itxi zen Hernaniko Acenor lantegia, eta enpresak hainbat erakunderekin (bai Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, bai Hernaniko udalarekin) zuen zorraren ordainketaren eta kitapenaren espedienteari hasiera eman zitzaion udaletxean[84]. Espediente horren emaitza da Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo y Cia. - Acenor enpresaren instalazio zaharretan industrialde berri bat ezartzea. Bertan enpresa eta lantegi berriak kokatuko ziren, lehengo galdategia hartzen zuten lursailak eta nabeak eskaini ondoren, eta Hernaniko udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak (SPRI sozietatearen bidez) (hiru erakundeak partaidetzako sozietate gisa eratu ondoren) beren gain hartu ondoren. Enpresa ixtearen ondorioz langabezian geratu ziren pertsona batzuk han hasi ziren lanean.

      1990eko hamarkadan Hernaniko eta eskualdeko edari nagusia zabaltzen hasi zen: sagardoa. Fenomeno horrek Hernaniren muga geografikoak gainditu zituen, eta oraindik ere gainditzen ditu. Edari horren zaleak eta ez hain zaleak direnen “erromesaldiaren” erdigune bihurtu du Hernani fenomeno honek. Urumea ibaiaren ibarrean kokatutako elaborazio-, botilatze- eta merkaturatzezentroetara gerturatzen dira horiek, herrian dauden 11 sagardotegietara.

      Fenomeno sozial honek Euskal Herriko alde guztietatik eta urrunagotik etorritako milaka pertsona gerturatzen ditu urtero Hernanira, urtarriletik apirila-maiatzera bitartean. Hainbat sektoreri irabaziak dakarkie fenomeno honek, batez ere hirugarren sektoreari, baina herrian eztabaida sortu da bizikidetzaren, atseden hartzeko eskubidearen, segurtasunaren, garbitasunaren... gainean. Fenomeno gastronomiko, ludiko... honek arazo eta egoera tirabiratsuak sortzen ditu, batzuetan tragikoak ere bai. Urteak, hamarkadak, daramatzagu horiei irtenbide bat topatzeko ahaleginetan[85].

 

1995EKO MAIATZAREN 28KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.402

BOTO EMAILEAK: 9.738 (63,23% )

ABSTENTZIOA: 5.664 (36,77% )

ZURIAK: 185 (1,90% )

BALIOGABEAK: 59 (0,61% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

EH

3.670 (38,65% )

7

EA

2.323 (24,46% )

4

PSE-EE / PSOE

1.433 (15,09% )

3

EAJ-PNV

838 (8,82% )

1

EB-B

676 (7,12% )

1

PP

556 (5,86% )

1

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      XX. mendearen amaieran hainbat negoziazio hasi, eta haien ondorioz hirigintza-akordioak lortu ziren. Akordio horien bitartez, historikoki Antziola auzoan zeuden industriak (“Montes” larru-zurraketa fabrika, “Schoeder”...) eraitsi eta/edo lekuz aldatu ziren (batzuk berriz, eraiki Ibaiondo-Zubiondo industrialde berrian). Era berean, akordio horien bitartez 3,2 hektareatik gorako eremu berde zabal bat udalaren jabetzakoa izatera pasatu zen (2007). Antziola-Berriko eremua urbanizatzen hasi zen, eta babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) eta etxebizitza libreak eraiki ziren Hernaniko herrigunearen “luzapen” berri batean, carretera de salida a San Sebastián aldera. Hala, Antziola auzoa luzatu zen, kale eta plaza berriak sortu ziren eremu horretan (Argarain, Gabriel Celaya, Bidebieta...), eta Ave Maria parke publikoa “ireki” zen (2010)[86].

      Eremu horren mugan kirol-instalazio berri batzuk eraiki ziren, eta 300 m x 4 kaleko atletismo-pista[87] bat egiteko proiektua jarri zen martxan, eremua urbanizatzeko lanak aprobetxatuz (1995-2001).

      1999ko ekainaren 13an beste udal-hauteskunde batzuk egin ziren. Deialdi horretan Hernaniko alkatetza eta gobernua ezker abertzaleak (Euskal Herritarrok) lortu zuen, hauteskundeak gehiengo osoz irabazita. Emandako botoen % 48,73 jaso zituen (5.015; errolda 15.727 hernaniarrek osatzen zuten).

      Mertxe Etxeberria Aranburu izan zen Hernaniko lehen emakumezko alkatea, 1999 eta 2003 artean; Hernanin Memoria Historikoarekin lotutako gaiak bultzatu zituen lehen pertsonetako bat izan zen. Lehenago ere oroitu izan zituzten 1936ko gerraren testuinguruan Hernanin fusilatutako pertsonak (aipatutako 1977ko eta 1986ko ekimenak), baina Zaldibian (Gipuzkoa) 2002ko irailean egindako exhumazioen harira, 1936ko uztailetik urria-azarora bitartean herrian gertatutakoa ikertzeko lanak hasi ziren. Bereziki, modu estrajudizialean eta dokumenturik gabe hil eta herriko hilerriko hobi komunetan lurperatutako pertsonen gainean hasi zen ikertzen[88].

 

Mertxe Etxeberria, Hernaniko lehen emakume alkatea,
eta Ignacio Iruin, 1976 eta 1979 urte arteko alkate ohia;
gero Hernaniko Udal Musika Bandaren
(“Agrupación Musical Hernaniarra”) presidentea izan zena.

 

      Aurretiazko azterlanek baieztatu zutenez, Gipuzkoako hilketa estrajudizial gehienak Hernanin gertatu ziren 1936ko udazkenean. Hainbat iturriren arabera, 200 heriotza izan ziren frontearen atzeguardian, behin uztailaren 18an matxinatutako tropek Hernani hartu zutenean (1936ko irailak 13). Hala, jarduketekin aurrera eginez, 2003ko martxoan prospekzio arkeologiko batzuk egin ziren (Aranzadi Zientzia Elkartea) Hernaniko hilerrian identifikatutako hobietako batean. Prospekzio horietan ezin izan ziren aurkitu 1936an ustez eremu horretan lurperatutako gorpuzkiak[89].

      Jarduketa horien ildotik, 2000. urteko azaroaren 30eko osoko bilkuran[90] aho batez adostu zen Francisco Franco Bahamonderi Hernaniko ohorezko alkate izendapena kentzea; 1949ko abuztuaren 21ean eman zioten izendapen hori.

      XXI. mendeko lehen urteak oparoak izan ziren ekonomikoki. Hirigintza-garapen berriek, estatuko mugez gaindiko immigrazioaren etorrerak eta aldaketa sozialek mende berri bati eman zioten bide.

 

Zabalaga baserria, eta Chillida Leku museoaren irudi bat,
2000ko irailaren 16an inauguratu zena.

 

      2000ko irailaren 16an Chillida Leku Museoa ireki zen, lorategiz eta basoz osatutako 13 hektareako eremua. Bertan dago Zabalaga baserria (XVI. mendekoa), eremu horretan Eduardo Chillida eskultore donostiarrak bere obraren zati handi bat kokatu zuen. Egun horretan inauguratu zen, segurtasun-neurri handiekin, ETAk atentatua egin dezakeelakoan (Egun hartan bertan, Ertzaintzak zenbait granada desaktibatu zituen inguruetan), Espainiako eta EAEko goi-agintariak bertan zirela, eta udal-gobernuko taldea ez egotea: Espainiako errege-erreginak, Gobernuko presidentea (Jose Maria Aznar), Senatuko presidentea (Esperanza Aguirre), Kultura ministroa (Pilar del Castillo) eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria. Gerhard Schroder Alemaniako kantzilerra ere bertan izan zen (Eduardo Chillidak, bere ibilbidean zehar, Alemanian jaso zituen bere lanarengatiko aitortzarik handienak)[91].

      10 urteko jardueraren ondoren, 2010eko abenduaren 31n itxi egin zen, krisi ekonomikoa zela eta[92]. Chillida Leku 2018an berriro irekiko zutela jakinarazi zuten 2017ko azaroaren 30ean, baina 2019ko apirilaren 17ra arte ez zuten berriz ireki.

      Museoa 13 hektareako barruti batean zehar hedatzen da; kanpoaldean 40 eskultura daude erakusgai, altzairuzkoak eta harrizkoak (granitoa). XVI. mendeko Zabalaga baserriaren barruan, artistaren lanik delikatuenak eta intimoenak ikus daitezke, egurrez, alabastroz, terrakotaz... eginak.[93]

      Aurretik ere, gutxi gorabehera, lan hori egiten bazuen ere, Chillida Leku Museoaren erakargarritasuna aprobetxatuz, Hernaniko baliabide kulturalak, ondare-baliabideak eta baliabide turistikoak nabarmentzen hasi zen Udala, hainbat sailen bidez (Kultura, Artxiboa, Turismoa...). Ez da lan erraza. Donostia gertu izateak, batetik, jendea aldentzen du eta, bestetik, erakarri.

      XXI. mendeko lehen urteetan, Mertxe Etxeberria alkate zela, udaleko Berdintasun Saila sortu zen, eta handik hilabete gutxira Berdintasun Kontseilua, herriko dinamika eta egitasmo feministei erantzuna emateko. Fisikoki, hamar urte geroago ikusi ahal izan zen lan hori, 2013an, Plaza Feminista ofizialki ireki zenean; ekimen feminista guztia bilduko zuen erreferentziazko espazio propioa zen hura. Lankidetza Saila ere sortu zen; honek, beste zeregin batzuen artean, Hernanira iritsitako etorkinei laguntza eskaintzen die.

 

 

      Emakumeek herrian zuten presentzia eta Hernaniko emakumeek historian eta gizartean izandako presentzia aldarrikatzen ziren mugimendu horien ekimenez, 2014an, Udalak aho batez erabaki zuen ordura arte Calle Urumea / Calle Cardaveraz /Kardaberaz kalea deiturikoari izena aldatzea. Aurrerantzean, Andre kalea izena izango du. Hala, herritarren artean hedatuta zegoen izena berreskuratu zen (XIX. mendearen amaierako urte batzuetan zehar hori izan zen izen ofiziala). XVIII. mendeko apaiz eta idazle euskaltzale hernaniarraren izena, aita Cardaverazen izena, Goiz Eguzki eremuko parkeari jarri zitzaion, jubilatuen etxeko parkeari: Kardaberaz parkea. 2020ko urtarrilean, Hernanin lehen aldiz, Carmen Adarraga Elizaran kirolari eta ekintzaile nabarmenari aitortza egin zitzaion, haren izena emanik Sagastialde-Sagastialdeberriko kirol-instalazioen eta atletismoko pisten inguruko eremuari eta parkeari[94].

      Alderdi Politikoei buruzko 6/2002 Lege Organikoa aplikatuz, Ezker abertzaleak ezin izan zuen aurkeztu 2003ko maiatzaren 25eko udal-hauteskundeetara, legez kanpo utzi zutelako (3.667 boto baliogabe zenbatu zituzten; horietako asko EH Bildurekin lotuak). Hala, EA/EAJ koalizioak (Eusko Alkartasuna-Eusko Alderdi Jeltzalea) irabazi zituen uda-hauteskunde haiek Hernanin. Hirugarren aldiz, Jose Antonio Rekondo Sanz izendatu zuten alkate, 2007 arte.

      2006ko irailaren 15ean, Hernaniko udalak, osoko bilkuran, “Toki Erakunde Txiki bat eratzeko Ereñotzu-Epele auzoa deszentralizatzeko prozedura hastea” adostu zuen[95]. Deszentralizatutako Toki Entitate Txikia eratzearen egokitasunaren gaineko nahitaezko azterketak egin ondoren, udalbatzak, 2009ko ekainaren 18ko osoko bilkuran, aho batez onartu zuen onartzea eta behin betiko testua idazten hastea. Azkenik, 2010eko urtarrilaren 28ko osoko bilkuran, Ereñotzuko Toki Entitate Txikia eratzea adostu zen, eta haren lurralde-mugaketa eta zegozkion eskumenak ezarri ziren: bertako ondarea administratzea eta kontserbatzea; landa-garapena eta mendien garapena (mendiko bide publikoak eta etxe eta baserrietarako landa-bideak mantentzea); hiri-mantentzea (espazio publikoak eta urbanizazioak, lorezaintza-lanak), eta Toki Entitate Txikiaren eraikinak mantentzea, garbitzea eta zaintzea.

      Horretarako, Hernaniko udalaren ekarpena haztapen-indizea aplikatuta kalkulatuko zen, Ereñotzuko biztanle kopuruaren bilakaeraren arabera. Gainera, aparteko diru-ekarpenak egingo zituen udalak, auzoan egindako ezohiko inbertsioei eta proiektuei aurre egiteko.

 

2003KO MAIATZAREN 25EKO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.706

BOTO EMAILEAK: 9.904 (63,06% )

ABSTENTZIOA: 5.802 (36,94% )

ZURIAK: 231 (2,33% )

BALIOGABEAK / NULOS: 3.657 (36,92)

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

EAJ-PNV / EA

2.840 (47,21% )

8

PSE-EE / PSOE

1.547 (25,71% )

4

EB-B

958 (15,92% )

3

PP

671 (11,15% )

2

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Organikoki, Toki Entitate Txikiaren Gobernua hauek osatuko zuten: auzo-alkatea eta Auzo Batzordea; azken hori, alkateaz gain, lau (4) batzordekidek osatuko dute.

      2010eko martxoaren 28an herri-galdeketa egin zen auzoan: Ereñotzuko Toki Entitate Txikia sortzearen alde al zaude? 483 pertsonak osatzen zuten errolda, eta 283k eman zuten botoa. Aldeko botoa eman zuten 270ek, eta aurkakoa 13k.

      Hala, urriaren 7ko 26/2010 Foru Dekretuaren bidez (GAO, 2010eko urriak 18), Ereñotzuko Toki Entitate Txikia sortu zen, Hernaniko udal-mugartean. Ondorioz, 2011ko martxoaren 31n egindako udaleko osoko bilkuran behin betiko adostu zen honako eskumen hauek sortu berri zen erakundeari eskuordetzea, betiere zegokion lurralde eremuan: bide eta eraikin publikoetan lanak egitea; gizarte-zerbitzuak ematea (elbarriak, hirugarren adineko pertsonak, familia eta bizikidetza, prebentzioa eta bergizarteratzea, osasunzerbitzua); garraio publikoa; eta idazkaritza nagusia (Udal Erroldaren eta Erakundearen Erregistroaren kontsultak, eta bertako dokumentuak artxibatzea). Eta legez udalari esleitzen zaizkion eskuduntza guztiak, erakundearen eremuko udal-administrazioari dagokionez (azokak eta merkatuak, bide publikoaren okupazioa, auzo-elkarteak, turismoa, merkataritza, hirigintza eta ingurumena, langileak, ogasuna eta ondarea, hezkuntza, kirola, kultura, euskara eta gizarte-politika).

      Lehen auzo-alkatea Imanol Lizeaga Urdanpilleta izan zen (Eek Ereñotzu Ekinez), eta, harekin batera, hauek osatu zuten Kudeaketa Batzordea (urte hartan bertan hurrengo udal-hauteskundeak egingo ziren arte): Aritz Zerain Miner, Izaskun Bengoetxea Huizi, Ana Santa Kruz Villarrolain eta Paki Lizeaga Agirre. Imanol Lizeagak auzo-alkatearen kargua errepikatu zuen 2015eko hauteskundeetan, eta 2019an Unai Erroizenea Gamiok ordezkatu zuen.

 

Zubia, II. Mundu Gerraren testuinguruan
aritutako Hernaniko mugalariei omenez,
Osiñaga bailaran (2006ko urriaren 26an).

 

      2005eko irailaren 26an, udalak eta Hernaniko herriak hainbat ekintza antolatu zituzten II. Mundu Gerran zehar nazismoaren aurkako borrokan parte hartu zuten hernaniarrak oroitzeko (Tomas Anabitarte, Florentino Goikoetxea, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin, beste anonimo batzuen artean). Horiek, aliatuen hainbat ihes-saretan parte hartu zuten, esaterako, Comète Sarean. Mugalari haiek soldadu eta hegazkinlari aliatu askori lagundu zieten Frantziako eta Espainiako muga klandestinoki gurutzatzen, askatasun irrikatuaren bila. Osinaga bailaran, Loidi etxearen parean, “Zubia” monumentua jarri zen mugalarien lana aitortzeko eta omentzeko. Aurretik, II. Mundu Gerran borrokatutako hernaniar haien familiarteko zuzenak eta Florentino Goikoetxeari eta beste batzuei esker askatasunerako zubia topatu zuten hainbat soldadu eta hegazkinlari britainiarrenak, kanadarrenak... han zirela, Hernaniko udalean adierazpen instituzional bat onartu zen, Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk aitortzeko, Europako finkatze demokratikoari eta askapenari egindako ekarpenagatik, II. Mundu Gerran zehar, nazismoaren aurkako borrokan[96].

 

2007KO MAIATZAREN 27KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.667

BOTO EMAILEAK: 9.904 (63,06% )

ABSTENTZIOA: 6.544 (41,77% )

ZURIAK: 159 (1,74% )

BALIOGABEAK: 80 (0,88% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

EAE/ANV

4.187 (47,13% )

8

PSE-EE / PSOE

1.407 (15,84% )

3

EAJ - PNV

994 (11,19% )

2

EA

938 (10,56% )

2

EB/ARALAR

890 (10,02% )

1

PP

468 (5,27% )

1

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Hernanin 1936an egindako fusilatzeen 70. urteurrenaren testuinguruan, 2006ko martxoaren 17an, elkarlanerako hitzarmena sinatu zen Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hernaniko udalaren artean, “Hernani-1936-2006” programaren zati bat bultzatzeko. Hitzarmen horren bidez, aipatutako instituzio bakoitzak 75.000 euroko diru-laguntza eman zion Hernaniko udalari, 1936an Hernanin fusilatutako pertsonak oroitzeko monumentu bat eraikitzeko, udal-hilerriaren ingurua birmoldatzeko, hor kokatuko baitzen aipatutako monumentua, eta inguru horretako plazaren urbanizazioa zabaltzeko[97]. Helburu horrekin, Hernaniko udalak 1936ko Gerra Zibilaren testuinguruan Hernanin fusilatutako pertsonen oroimenez monumentu bat egiteko ideia-lehiaketa deitu zuen. Carlos Lopez de Ceballosen Argi-horma lanak irabazi zuen lehiaketa.

 

Argi-horma (Carlos Lopez de Ceballos),
1936an Hernanin fusilatutako pertsonen omenez,
Hernaniko hilerriaren sarreran,
2006ko azaroaren 8an inauguratutako monumentua.

 

      2006ko azaroaren 8an inauguratu zen monumentua, birmoldatu berria zen hilerriko sarreran egin zen ekitaldi jendetsuan. Bertan izan ziren Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Joxan Rekondo Hernaniko alkatea. Halaber, 70 urte lehenago Hernanin fusilatutako eta dokumenturik gabe lurperatutako pertsonen familiarteko ugari ere bertan ziren.

      Handik hilabete batzuetara, 2007ko ekainean, “1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak” liburua aurkeztu zen, Mikel Aizpuru (zuzendaria), Urko Apaolaza, Jesus Mari Gomez eta Jon Odriozolaren lana. “Udazkena oraindik” dokumentala ere argitaratu zen, Sabin Egiliorren lana (Aranzadi Zientzia Elkartea).

      2007ko maiatzaren 27an egindako tokiko hauteskunde berriek ahalbidetu zuten ezker abertzaleak alkatetza berreskuratzea, kasu honetan EAE-ANV siglekin (4.187 boto, zenbatuen % 47,13). Marian Beitialarrangoitia Lizarralde izendatu zen alkate.

 

2010eko maiatzaren 9an jarri zen abian
Atez Ateko hondakinak Biltzeko Sistema.

 

      Herriko bizilagunek sortutako hondakin “mota” ugariren birziklapena sustatzeko eta horretan lan egiteko helburuz, 2010eko maiatzaren 9an Atez Ateko hondakinen bilketa-sistema jarri zen martxan, urtebete lehenago Usurbilen ezarri ondoren[98]. Hala, dibertsifikatu egin zen hondakin hauen bilketa: organikoa, plastikoa eta ontzi arinak, papera eta kartoia, eta birziklatu ezin direnak (errefusa).

      Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu zentralaren bultzadari esker, Donostiako Parke Teknologikoa Hernaniko Galarretara zabalduko da 2011 eta 2013 artean (150.000 m² baino gehiago), eta aurrerantzean Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa deituko da. Lanak hasita zeuden arren, 2011ko martxoan aurkeztu zuten, eta, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea bertan izan zen.

      Bertan dago ORONA IDeO proiektua (ORONA Fundazioa), hiri-mugikortasunean, igogailuetan eta eraikinen kudeaketa energetikoan espezializatutako berrikuntza-espazioa (fabrika-instalazioak Epele-Lastaola industrialdean ditu). Mondragon Unibertsitatearen hainbat espezialitate eta IKERLAN zentroaren egoitza bat ere han daude. Gainera, enpresa berriak bertan kokatzea espero da eta horren inguruko kudeaketa egiten ari dira, Hernaniko industria-ehuna bultzatzeko eta “berritzeko”.

      Hernaniko I+G+b industrialdea izango litzateke, 1960-1970eko hamarkadetan herrian finkatutako industrialdeekin batera: Eziago, Lastaola, Ibarluze, Ibaiondo, Zubiondo, Akarregi... Industrialde horietan dituzte haien instalazioak etorkizun ekonomiko handiagoa zein txikiagoa duten tailer eta enpresek (baita nazioarte mailakoak ere). Eta bertan lan egiten dute hernaniar ugarik eta eskualdean bizi diren pertsona ugarik.

 

2011KO MAIATZAREN 22KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.203

BOTO EMAILEAK: 9.919 (65,24% )

ABSTENTZIOA: 5.284 (34,76% )

ZURIAK: 158 (1,59% )

BALIOGABEAK: 120 (1,21% ))

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

BILDU

4.205 (43,62% )

9

EAJ-PNV

1.731 (17,95% )

3

PSE-EE / PSOE

1.613 (16,73% )

3

H1!

893 (9,26% )

2

PP

480 (4,98% )

ARALAR

418 (4,34% )

EB-B

301 (3,12% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

2015EKO MAIATZAREN 24KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.286

BOTO EMAILEAK: 9.301 (60,85% )

ABSTENTZIOA: 5.985 (39,15% )

ZURIAK: 202 (2,17% )

BALIOGABEAK: 136 (1,46% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

EH BILDU

4.182 (46,66% )

9

EAJ-PNV

2.071 (23,11% )

4

IND. HERNANI 15
(ORAIN HERNANI)

1.354 (15,04% )

2

PSE-EE / PSOE

1.077 (12,02% )

2

PP

283 (3,18% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      2011ko maiatzaren 22an beste udal-hauteskunde batzuk egin ziren, eta EH Bildu koalizioak irabazi zituen, gehiengo osoarekin: 4.205 boto, emandako botoen % 43,62. 2011-2015 legegintzaldian Luix Intxauspe izan zen alkate, eta hurrengo legegintzaldian ere hark errepikatu zuen (2015-2019), orduan ere gehiengo osoarekin (4.182 boto, emandako botoen % 46,66).

      2011ko uztailaren 3an modu tragikoan esnatu zen Hernani. Egun horretan hilketa matxista bat gertatu zen Hernanin, ordura arte herrian bizitako indarkeria matxistaren kasurik larriena. Mutil-lagun ohiak Charo Roman hil zuen, alabaren aurrean. Sei labankada eman zizkion; horietako bat bihotzeraino iritsi zen eta heriotza eragin zion.

      Mende berrian hirigintza arloko garapen berriak egiten joan ziren, horixe da, hain zuzen ere, ehun (100) urtean baino gehiagoan hainbat erabilera izandako lursail batzuen kasua (Trinchera gaina): herri-hilerria izan zen hasieran, futbol-zelai bat gero (Txantilla famatua, urbanizazio berriari izena eman ziona), aparkaleku bat eta, azkenik, .... Txantxilla auzoa...

      Parte-hartze prozesuak hasi ziren, Hernaniko udalak berak kudeatuta, hainbat udal arlotan hernaniarrei ahotsa emateko helburuz. Prozesu horiek goia jo zuten Hernani erabaki! prozesuarekin; hurrengo ekitaldiko udal-aurrekontuko 300.000/500.000 euro zertara bideratuko ziren erabaki zuten hernaniarrek prozesu haren bidez.

 

2019KO MAIATZAREN 26KO UDAL-HAUTESKUNDEAK*

ERROLDA: 15.788

BOTO EMAILEAK: 10.208 (64, 66% )

ABSTENTZIOA: 5.580 (35,34% )

ZURIAK: 136 (1,33% )

BALIOGABEAK: 119 (1,17% )

 

BOTOAK

ZINEGOTZIAK

EH BILDU

4.631 (46,53% )

11

EAJ-PNV

2.643 (26,55% )

6

PODEMOS-IU-EQUO Berdeak

1.250 (12,56% )

2

PSE-EE / PSOE

1.236 (12,42% )

2

PP

193 (1,94% )

* http://www.euskadi.eus/. Hauteskundeetako emaitzak

 

      Beste gauza batzuen artean, herri mugakideekin elkarlana bultzatzeko proiektuak jarri ziren martxan, hurrengo urteetan gauzatzen joan zirenak. Gizarte, ekonomia eta kooperatiba arloetan ekintzak eta jarduerak garatzea eta ezartzea zen helburua, betiere BETERRI-BURUNTZAKO herrietako biztanleen ongizate orokorra hobetzeko asmoz, bereziki, behartsuenena. Hala, Florida auzoko 28 zenbakiko instalazioetan dauden ITUROLA Sorgunea eta beste jarduera batzuk nabarmendu behar dira.

      2019ko maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetarako Hernanik 20.000 biztanle baino gehiago zituen. Ondorioz, 21 zinegotzi aukeratu behar izan ziren (ordura arte 17 zinegotzi zituen Hernanik). Hauteskunde horietan EH Bilduk jaso zituen boto gehien. Gehiengo osoa eskuratu zuen, eta 11 zinegotzi. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra (EH Bildu) izendatu zen alkate.

      2019ko ekainaren 15ean hasi zen legegintzaldia, eta SARS-CoV2 (Covid 19 / Koronabirusa) gaixotasunak eragindako osasun-krisiak (eta ekonomikoak) markatu zuen.

      Itxialdiaren lehen hilabeteen ondoren, Hernanik jarduera berreskuratu zuen pixkanaka, eta hainbat proiektu eta egitasmo jarri zituen martxan... Hernani burujabe! lortzeko.

 

Hernani, ikuspegi orokorra (2022).

 

 

 

[45] HUA/AMH//1.1. Aktak. Osoko Bilkurako akten liburua, 1957 urt. 02 - 1960 abu.

[46] Kontuan izan behar dugu 1986ko otsailera arte, Lasarte auzoaren desanexioaren data, Lasarte-Oriako udalerria eratu zen data, kuantifikazio honetan eta hurrengoetan, biztanleria horren datuak sartu direla.

[47] Gomez, 1993, 85-86. or.

[48] Larrañaga eta Iruretagoyena, 1964, 52-56. or.

[49] Aragón eta Echeberría, 2017, 481. or.

[50] Aragón eta Echeberría, 2017, 482. or.

[51] Elizondo, 1996, 29-24. or. Ergobiatik hasita, Urumea ibaiaren eskuinaldetik jarraituta, Nafarroara doan errepidearen ingurura iristen da, eta Zinkoeneara zuzenduta, Urumea ibaia eta Norteko Trenbidea saihesten ditu hogei (20) arkuz osatutako biaduktu baten bidez.

[52] Urumea Ikastola, 2014, 22-28. or.

[53] Langile Ikastola eta Rekondo, 2020, 60-67. or.

[54] Odriozola, 2016, 58-63. or.

[55] Apaolaza, 2003, 198. or.

[56] Aguirre, 1997, 58-61. or.

[57] HUA/AMH//1.2.1. Zigorrak. Asociación de Padres de Familia, Santa Barbara eta Elur-Txori elkarteen jarduera etetea, Gipuzkoako Gobernu Zibilaren aginduz. 1969.

[58] 1980an ez zen udal-erroldarik egin, eta 1981era atzeratu zuten eguneratzea, zehazki, 1981eko martxora.

[59] Gomez, 1993, 86. or.

[60] HUA/AMH//1.1. Aktak. Hernaniko udaleko Osoko Bilkuretako akten liburua, 1974 urr. 10 - 1977 urr. 06.

[61] HUA/AMH. Aurrekarien espedientea, Udalaren akordioa eta Hernani herriko udaletxeko balkoian IKURRINA jartzea. 1976-1977.

[62] HUA/AMH//2.15.3. Obra txikien espedienteak. Herriko hilerrian kripta-panteoi bat eraikitzeko lanak, 1936ko Gerran zehar Hernanin fusilatutako pertsonak oroitzeko. Jose Eusebio de Iraola e Iparraguirre (San Joan Bataiatzailearen parrokia-elizako apaiz ekonomoa). 1977-1978.

[63] Aizpuru, 2007, 289-295. or.

[64] Hernaniko udala, 2004, 2. or.

[65] HUA//2.1.3. Hemeroteka.

[66] HUA//1.1. Aktak. Hernaniko udaleko osoko bilkuretako akten liburua, 1977ko urriak 6 - 1979ko uztailak 19.

[67] Zugasti, 1995, 97 - 107. or.

[68] Hernaniko Kirol Kluba, 1995, 120 - 123. or.

[69] Beristain, 1998, 34-39. or.

[70] Irazusta, 1992, 24-27 or.

[71] Barriuso eta Rodriguez, 1997, 34-39. or.

[72] Astarbe, 1992, 51- 53. or.

[73] Hernaniko Udal Artxiboa, 2005, 35. or., eta Hernaniko Udal Artxiboa, 2020, 70-73. or.

[74] HUA/AMH// 1.1. Udaleko Osoko Bilkura. Udaleko Osoko Bilkuretako akten liburua, 1988. 1988ko martxoaren 29ko saioaren akta. Osoko bilkura hartan herriko kaleen “izendapenaren” gainean hartutako erabakien artean, esanguratsua izan zen izen tradizional bat edo hernaniarren artean ezagunagoa zen izen bat berreskuratu zela: Perkaiztegi kaleari Atzieta kalea izena jarri zitzaion (Barrio de las Afueras / Atzieta kalea). Ordura arte Calle Nueva zenak, Perkaiztegi kalea izena hartu zuen.

[75] Langile Ikastola eta Rekondo, 2020, 60-67. or.

[76] 1986. urtea hartu dugu erreferentziatzat, urte hartan gertatu baitzen Lasarte-Oriaren desanexioa.

[77] 2016 eta 2020 arteko bosturtekoko datuen arabera, Euskadiko biztanleriak gora egin zuen: 16.622 pertsona gehiago (Gipuzkoak 6.768 biztanle irabazi zituen), eta 65 urtetik gorako pertsonen kopurua izan zen gehien hazi zena: 33.000 pertsona (2020an, biztanleriaren % 23). 20 urtez azpiko gazteen kopuruak, berriz, 749 pertsonako hazkundea baino ez zuen izan (+% 0,2), eta adin-tarte hori euskal biztanleriaren % 18,20 zen. Aitzitik, lan egiteko adinean zegoen biztanleria 17.000 pertsonatan murriztu zen (EUSTAT Euskal Estatistika Erakundea).

[78] HUA//1.1. Aktak. Hernaniko udaleko osoko bilkuretako akten liburua (1981eko uztailak 30-1982ko abenduak 22). 1981 - 1982

[79] Goñi, 2012, 9-15. or.

[80] Jimenez, 2014, 83-90. or.

[81] HUA/AMH//2.3. Kontratazio espedienteak. 1936ko kolpe militarraren ondorioz, 50. urteurrena betetzean (1936 - 1986), “haien ideiengatik bortizki hildako” pertsonak oroitzeko eskultura-lehiaketaren espedientea.

[82] Aizpuru, 2007, 296-300. or.

[83] Mendiriz Mendi, 2014, 33-37. orr.

[84] HUA/AMH//3.5. Kobratugabeen espedienteak. ACENOR SA enpresaren zerga-zorraren ordainketaren eta kitapenaren espedientea (19941995/1998). Enpresak 136.000.000 pezeta zor zizkion Hernaniko udalari.

[85] Ruiz, 1999, 106-115. or.

[86] Loinaz, 2010, 49-53. or.

[87] HUA/AMH//2.15.2 Proiektu teknikoak. Atletismo-pisten (300 m x 4 kale) proiektua SU-14.8 eremuan eta inguruaren urbanizazio osagarria. 1995 - 2001.

[88] Aranzadi, 2003, 1. or.

[89] Aranzadi, Idem, 10-11. or.

[90] HUA/AMH//1.1. Aktak. Hernaniko udaleko osoko bilkuretako akten liburua, 2000.

[91] HUA/AMH//1.2.3. Hemeroteka, 2000.

[92] Zeberio, 2011, 10-15. or.

[93] Azkue, 2001, 42-44. or.

[94] Irazusta, 2020, 46-48. or.

[95] HUA/AMH//1.1. Udala osatzeko espedienteak. Ereñotzuko Auzo Udalaren (Toki Entitate Txikia) eratze espedientea, 2006 - 2011.

[96] Jimenez de Aberasturi, 2006, 105-113. or.

[97] HUA/AMH//3.3.7 Ekarpenen espedientea. Elkarlanerako hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hernaniko udalaren artean, “Hernani 1936-2006” programa bultzatzeko: Hernanin 1936an fusilatutako pertsonak oroitzeko monumentua; herri-hilerriaren inguruaren birmoldaketa (inguru horretako plazaren urbanizazioaren hedapena). 2006-2007.

[98] Urrutibeaskoa, 2010, 34-37. or.

 

 METODOLOGIA | HERNANIKO KRONIKA 1960-2021 | 1. TESTUINGURU HISTORIKOA