Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

1.
Aurkezpena

 

         Liburu honen argitalpenarekin, Hernaniko Udalak eta Hernaniko herriak zor historikoa kitatu nahi dute, 1936 eta 1959 urteen artean Gerra Zibila eta Lehen Frankismoa ezagutu eta pairatu zuten guztiekiko. Tamalez, urte asko igaro dira gertaera haietatik, eta garai hura bertatik bertara ezagutu eta sufritu zuten lekuko asko eta asko jada ez daude gure artean. Liburu honek eurentzako omenaldi bat ere izan nahi du, gertatu zenaren egia eta oroimena berreskuratuz.

         Gerra Zibila eta ondorengo frankismoa izan ziren Hernanik, eta Euskal Herriak, XX. mendean bizi izan zituzten gertaera krudel eta tragikoenetako batzuk. Liburu honekin izen-abizenak jarri nahi dizkiegu sufritu zutenei, era guztietako zigor eta errepresioak nozitu zituztenei, izan heriotza, erbestea, kartzela, kontzentrazio esparruak, lan behartuak edo beste edozein...

         Hernanik gogor jasan zuen Errepublikaren eta abertzaletasunaren alde hartutako konpromiso politikoa. Eta ez da kasualitatea gure herrian garai hartan Gipuzkoako fusilamendu masiboen lekuetako bat izatea; izan ere, hemen 200 pertsona inguru fusilatu zituzten 1936ko udazkenean, Galarretan eta hilerrian. Ahanzturaren “hobi”ra zigortu zituzten haiek ere, frankismoaren krudelkeria pairatu zuten guztiak bezala. Liburu honekin beste urrats bat ematen dugu lurperatu nahi zituzten “hobi” hartatik gizon-emakume horiek denak berreskuratzeko. Hernanik zor bat baitu askatasunaren alde borrokatu zuten haiekin ez ezik, historia izan zen moduan ezagutzeko eskubidea duten egungo hernaniar guztiekin. Egia, aitortza eta erreparazioa. Aldarrikapen horiekin dugun konpromisoaren ondorioa da esku artean duzun historia lan hau ere.

         Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu liburu hau egiten lagundu duten pertsona guztiei.

 

Xabier Lertxundi Asteasuinzarra

Hernaniko Alkatea