Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
EMAKUMEA ETA APOPILOTZA
“Isilpeko merkatuan” emakumeek egiten zituzten lanen artean dago patronen lana. Apopilotza gertaeraren sorreran hainbat faktorek elkar eragin zuten: emigrazioa, etxebizitzarik eza, genero balioak (bereziki frankismoak bultzatuak), domestiko-publiko bereizketa, emakumeen etxekotze prozesua... Gertakari horiek guztiak apopilotzaren fenomenoan islatu ziren[43].
Emakumeak 50. hamarkadan.
Hernaniko Udal Artxibategia
Apopiloak zituzten emakumeek edo patronek, etxerik gabeko langile etorkinak hartzen zituzten beren etxeetan. Langile horiek, ohearen, janariaren eta arropa garbitzearen truke, aurrez zehaztutako diru kopuru bat ematen zieten patronei. Aipatutako zerbitzu horiek (ohea, janaria eta arropa garbitzea) ziren ohikoenak, hala ere, patronaren eta langilearen arabera, era askotako hitzarmenak egiten ziren.
Apopilotza, beraz, estrategia ekonomiko bat dela ikus daiteke, baina baita etxe urritasunari aurre egiteko baliabide bat ere. Estrategia ekonomiko horiek etxeko lan taldearen barruan hitzartzen ziren, beraz, apopilotzaz ari garenean etxeko lan taldearen estrategia ekonomikoaz ari gara. Azken batean, etxeko taldearen beharrek baldintzatzen dituzte familia kideen jarduerak.
“Familia barnean erabakitzen da familiakide bakoitzaren funtzioa, betebehar eta eskubidea, barneko hierarkiek eta inguru sozio-ekonomikoak eraginda. Horrexegatik, emakumezkoen enpleguaren azterketa, familien estrategien azterketaren barruan kokatu behar dugu, marko honetan hartzen baitira erabaki asko”.
Emakumeen lana, merkatuko aldaketetara egokitu nahi duen etxeko lan taldearen barruan aztertu behar dugu; lan horiek norberaren beharrak eta etxeko taldearen beharrak asetzera bideratuko dira. Hala ere, familiako kideek genero identitate jakin bat dute, eta identitate horrek baldintzatuko du etxeko taldeko kideek egingo dituzten jarduerak[45].
Hernanin emigrazio prozesua bi alditan gertatu zen, eta apopilotzaren praktika ere bi alditan banatu dugu. Lehenengo aldian apopilo gisara egon ziren gizonak gipuzkoarrak, bizkaitarrak edo nafarrak ziren batik bat, eta kaleko etxeetan nahiz baserrietan hartu zuten bizilekua. Arantxak baserriko nahiz kaleko apopiloak ezagutu zituen. Baserriko apopiloek fabriketako lana eta baserrikoa egiten zituzten. Baserrian egiten zuten lanaren bitartez ordaintzen zituzten jasotako zerbitzuak.
Zien bi tipotako apopilok, batzuk zien etxe bat alkilau ta, hoik zian apopilo been artian, hoik jatena ta been kontu itte zuen. Hoik fabrika batia juten zian o etxe batian sartzen bazian, o lota. Baiño baserritan zian apopilok, zian bertan lan ein, haik etzuen ezer ordaintzen. Honen truk igual itten bazuen seietatik ordubita lana, horrea etorri, bazkaldu ta atsaldea baserriko lanian. Arantxa.
Bigarren emigrazio aldian, berriz, apopiloak espainiar estatutik etorritakoak ziren nagusiki. Patrona moduan lan egin zuten zenbait emakumek nahiago zuten apopiloak euskaldunak izatea. Asunek Kale Nagusian zuen etxea; etxea goitik behera beraiena zuten. Behealdean taberna bat zuten, eta goiko pisua, aldi batez, apopiloentzat antolatu zuten. Asunentzat garrantzizko baldintza zen apopiloak euskaldunak izatea.
Guk bihar gendun lana, bihar gendun jendia. Pero nosotros siempre con la gente de aquí. Baserritarrak, eta guk izaten gendun guk beti etxian. Bueno jendiak jateko ta. Era una casa muy así de obreros y baserritarras. Lan asko ein deu guk, Jesús!!! Asun.
Asun ez zen kanpoko langileekin fidatzen. Egun batetik bestera etorkin asko jasotzen dituen herriarentzat zaila izaten da kanpotik datorrenera egokitzea. Ezagutzen ez denaren aurrean beldurra izatea eta mesfidantza agertzea babeserako jokabideak dira.
Amaliak[46], aldiz, nahiago zituen estatu mailako apopiloak. Apopilo euskaldunak “oso zorrotzak” zirela esan zigun, beraz, lan handiagoa egin behar zen haiekin. Estatu mailakoak, bestalde, oso bizimodu gogorretik ihesi zetozen, eta errazago konformatzen ziren:
Nik nahi izate nittun... ba etortzen tzian ate ondoa con pantalón de pana y mochila, cuanto más lejos mejor. Ta txurrianos esate zitzaien, ta cuanto más txurrianos mejor, hobeto. Ba euskaldunak izate zian exijenteak. Bai, oso exijenteak gaiñea. Banun euskalduna bat goizen zortzietan jun bazun lanea ta ein behar nion sopa de ajos, zortzietako. Bueno zortzietako, hua janda jutezan. Euskaldunak oso exijenteak. Kanpokoak más contentos, kontentu eote zian, kontentu. Amalia.
Apopilotza etxeko lan taldearen estrategia ekonomiko gisa definitu dugu. Etxeko lan taldearen barnean erabakitzen diren estrategia ekonomiko horiek etxeko taldearen baliabide materialei lotuta daude. Aipatu bezala, aztertzen ari garen denbora tartean Hernaniko etxeetan ez zen nahikoa izaten, oro har, senarraren soldatarekin, eta horrexegatik hartzen zituzten apopiloak.
Apopilok euki giñun ba guk ezkondu giñenetik apopilo bat euki giñun etxian, han bi ohi zeren, hemen beste bi, geo salita bat zen ta beste bi ohi. Ta eukitzen giñun sei bat apopilu. Zeatikan ein behar genun, oain data 48 urte, 600 pezta errenta ein behar zan, ta 600 pezta ein ta oaindio falta zien 3 pezta para pagar la escalera. Eta ordun gizonan jornalakin ezin tzan. Amalia.
Amaliaren hitzetan ikus daitekeenez, lehen unean apopiloak hartzea senarraren soldata osatzeko diru sarrerak lortzeko estrategia moduan adostu zuten. Emakumearen lanaren bitartez lortzen zen dirua “laguntza” modura ikusten zuten. Baina “laguntzaren” ideia hori guztiz faltsua da. Emakume batek baino gehiagok senarrak baino gehiago irabazten zuten apopiloekin egiten zuten lanari esker. Amaliak esandakoaren arabera, bere senarraren soldata astean 60 pezetakoa zen, hau da, hilean 240 pezeta. Etxearen alokairua 600 pezeta ordaintzen zuten hilabetean, beraz, berak gutxienez 360 pezeta lortzen zituen bere lanaren bitartez. Elkarrizketa egin genionean, asko kostatu zitzaion senarrak baino gehiago irabazten zuela onartzea; berak diru gehiago irabazten zuela onartzeak, senarraren “balioa”, lanerako gaitasuna, zalantzan jartzea suposatzen zuela zirudien.
Apopiloak zituzten familia gehienak errentan bizi ziren, alokairuak oso altuak ziren, eta horiek ordaintzeko behar izaten zen senarraren soldataren zati handiena. Bizi ahal izateko beste diru sarrera bat behar zen, nahitaez. Arantxak azaldu zigunez, bere aita garraiolaria zen; ordu ugari egiten zituen etxetik kanpo han eta hemen lanean, baina, hala ere, ez zitzaien iristen pisuaren errenta ordaindu eta eguneroko gastuei aurre egiteko.
Hombre, diru hoi ondo etortzen tzan. Gure aittak itte zun lan hoik danakin, irabazte zun osea, 350 hasi zian hilean, ta errenta pagatzen tzan 250, asko zan. Arantxa.
Apopilo kopurua finkatzeko orduan, kontutan hartu beharreko aldagaietako bat “familia buruaren” soldata izaten zen, soldata zenbat eta baxuagoa izan orduan eta apopilo gehiago hartu behar izaten zituzten. Etxeko lan taldeen helburua, zituzten bitartekoak ahal bezainbat optimizatzea zen, taldekide guztien eta taldearen ongizatea bilatzea, bueno, había ahí una, encima del frente, en el principio, la andaluza, esa que tenía lo menos seis o siete pupilos. Carlos. Apopilotzari esker iraun zuten Hernaniko langile familia askok. Familia askok eta askok erabili zuten apopilotza aurrera ateratzeko estrategia gisa. Apopilotza, familiarik ez zuten langileen soldataren zati bat familia zutenengana pasatzeko bidea zen, nolabaiteko transferentzia moduko bat. Lehen esan bezala, apopilotza garrantzizko diru iturria bazen ere, ez zen inoiz izan aberasteko bidea edo famili negozioa, bizirik irauteko familia estrategia baizik.
Gizonan jornalakin etzan aillatzen errenta pagau ta zeatzeko, bizitzeko. Umiak e jantzi ta ein behar tziela ta hau ein behar tzala ta, deneako. Ahorratzeko ez, justu. Amalia.
Amaliak berak argitzen digu lortzen zuen dirua “bizitzeko” zela. Lehen mailako beharrak asetzen zituzten diru harekin: haurren arropak, elikagaiak...
Apopilotza diru iturria zenez, etxeko lan talde askok “aukeratu” zuten jarduera hau. Ohiko jarduera izan zen Hernanin. Kopuruari eta jatorriari dagokionez, aldeak bazeuden ere, etxe gehienetan ezagutu izan zuten noiz edo noiz apopiloren bat: jende askok, jende askok, Hernanin kasik denak e! Normala zan, lehen hemen Hernanin lan asko zan. Apopiloa, jendea lanea etortzen zana. Amalia. Udal Artxibategiko erroldetan ere ugari dira familia kideekin batera agertzen diren “huesped” delakoak.
Valentinak[47] dioen bezala, hilabete amaierara (edo astearen amaierara) ezin iritsi zebiltzanak, apopiloak noiz edukiko zain egoten ziren. Patronek bazekiten nor egon zitekeen apopilo bila, eta batek gehiegi zeuzkanean beste batengana bidaltzen zituen;
Todo el mundo estaba deseandito de tener, así que venía cualquiera por ahí, “Oyes -dice-, ¿te hace falta?, ¿tienes sitio? Te voy a mandar unos que han venido”. Valentina.
Patronen arteko sare horiez gain, apopiloak lortzeko beste bide batzuk zeuden. Ohikoena senarrarekin lan egiten zuten mutil gazteak jasotzea izaten zen. Martaren senarrak Aristegui Adreilu fabrikan lan egin zuen, eta fabrika horretan lan egin zuten mutil gazteak izan zituen Martak apopilo, fabrikan zebiltzenak asko. Gure gizonak fabrikan lan itten tzon, ta handikan, emango ziazuke ohiea ta holaxe, holaxe etortzen zian. Marta. Marisaren senarrak ere lanean ezagutu zuen gerora bere etxean apopilo izan zena. Kasu honetan, bikotea egon zen Marisaren etxean.
Tuvimos un matrimonio que, vinieron de Cáceres, no los conocíamos. Mi marido los conoció por el trabajo, al marido. Y decían que por unos meses o por uno, y estuvieron dos o tres meses nada más. Pero sabes lo que nos pagaban, trescientas pesetas al mes, y era mucho para nosotros, trescientas pesetas. Marisa.
Beste batzuetan, mutil gazte emigranteek apopilo zeuden etxeetara ekartzen zituzten beren familia kideak, ya habían cogido una señora donde estaba mi tío de patrona, y ahí nos metié con él. Carlos. Carlosek osabaren bitartez lortu zuen lana Hernanin, eta familia Avilatik ekartzeko aukera izan zuen arte osabak topatutako patronaren etxean egon zen zenbait hilabetez.
Apopilotzaren beste aldaera bat apopilotzat familia kideak edukitzea izan zen. Aldaera hori etorkin familietan gertatu zen batik bat, eta senidetasun harremanak eta harreman ekonomikoak nahasten ziren. Carlosek eta Valentinak behin egonkortasuna hartzen zutenean, alegia etxea lortzen zutenean, familiako kideak izaten zituzten apopilo:
Hasta un primo de Madrid ha estado aquí de pupilo. Que también le vemos en el pueblo. Luego estuvo una prima que vive en Lasarte con nosotros durmiendo, que era como de la familia. Valentina.
Rocio Garcia Abad-ek dion moduan, familia kideak apopilo hartzeak ondorio baikorrak zituen apopilo zegoenarentzat, eta baita familia hartzailearentzat ere, “A los parientes les aportaba un hogar, una cercanía familiar, la protección de la familia, mayor posibilidades de integración (especialmente en el caso de inmigrantes recién llegados a la ciudad); al núcleo familiar también les reportaba beneficios, pues suponía tener más salarios en la familia, o una ayuda extra para las tareas domésticas...”[48]. Rocio Garcia Abadek dioena frogatzen dituzten adibideak ere jaso ditugu;
Ese chico estaba soltero entonces, [...] y luego vino la prima y se echó novio aquí y ya se quedó. Nos valía muchas veces porque llegaban y cobraban, era solteros y siempre tenían, que te hacía falta... te lo prestaban. Carlos.
Apopiloak lortu ondoren, etxea antolatu behar zen bertan biziko ziren guztiak sartu zitezen. Tamaina askotako etxeak eta pisuak zeuden arren, “mirariak” egin behar ziren guztia ahalik eta hobekien antolatzeko. Betebehar hori, nola ez, emakumeei zegokien. Valentinak etxeko taldeko bost kideak (bikotea eta hiru seme-alabak) eta bi apopiloak sartzeko moldatu behar izan zuen etxea.
¡Que éramos cinco y nos arreglábamos, fíjate! Y la casa tan pequeñita. Ahí dormían los dos, las dos chicas, y aquí los tres chicos. Uno dormía sólo siempre y los otros dos tenían una cama de matrimonio. Nosotros allí, y Maribi, que era la más pequeña, allí en la cuna, que tenía una cuna grandísima, hasta que tuvo cinco años. Valentina.
Arantxaren amak ere, 65 metro karratuko etxea egokitu behar izan zuen familia kideak eta apopiloak sartu ahal izateko.
Baiño halata guztize, gue aman da etxia izango zan ba 65 metro karratu hola, sala txiki bat, bi habitazio txiki ta sukaldea. Eta han bizitzen zian, han bizitzen giñan gu. Baiña lotako sala alokatzen genun, sala. Oseake geo geatzen zien gurason habitazioa ta guk lo itte genuna. Arantxa.
Espazioa eta baliabideak mugatuak baziren ere, familia kideak eta apopiloak ahalik eta egoera erosoenean egotea bilatzen zuten patronek. Carlos apopilo egon zen zenbait hilabetez. Ahal zen moduan moldatzen zirela onartzen duen arren, gutxienez bakoitzak ohe bana zuela kontatzen du, pues como podías. Tres en un cuarto. Pero todos en cama, eso sí lo podemos decir. Carlos.
Apopiloak lortu eta haiei lekua jartzea ez zen, hala ere, apopiloekin zerikusia zuten lanetan gogorrena. Apopiloek etxeko atea gurutzatzen zutenean hasten zen patronentzat benetako lana, ia 24 orduko lan eguna. Emakume haiek, haurrak zaintzeaz eta etxeko lanaz gainera, bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu egiten ziren etxeko lanak apopiloekin. Etxeko lanak berak, apopiloena kontuan izan gabe, oinarrizko funtzioa du etxeko lan taldearen ekonomian. Emakumeek txukuntzen dituzte etxeak, emakumeei esker mantentzen da bizi kalitate duina, beraiek dira jakiak erosi eta otorduak prestatzeko eta arropak garbitzeko ardura dutenak, beraien esku dago haur gaixo eta nagusien zaintza... Egiteko horiek guztiak denbora asko inbertitzea eskatzen zuten, baina emakumeek beren familietarako ekoizten dituzten produktu eta zerbitzuek ez dira inoiz kontabilizatzen.
Berez gogorra zen lanari apopiloek sortzen zutena gehitu behar zaio. Lehen aipatu bezala, eskaintzen ziren zerbitzuak apopiloen eta patronaren araberakoak izaten ziren, soilik lotarako tokia eskaintzen zuten batzuek, eta beste batzuek, berriz, ohea, otorduak eta garbiketak. Apopiloaren eta patronaren artean hitzarmen moduko bat egiten zen. Apopiloak ahalik eta zerbitzu gehien eskuratu nahi zituen. Patronak, berriz, ez zion bere buruari gero eta lan gehiago eman nahi. Martak eta Amaliak esan digutenaren arabera, lotarako zerbitzua zen oinarrizkoena, hortik aurrekoak ziren gainerako zerbitzuak;
Lotakoa. Batzutan afariere izaten zenun, ezin tzuenen ta, baiño normalen loittea, loittea. Arropak garbitture bai. Arropak garbittu ta jarri ta. Geo jan da hoi itten zuen tabernan. Marta.
Ta lebendabiziko etortzen tzian lo eittea, ta geo nahi izate zuen jaten emateare bai. Lehendabiziko ohia bakarrik, baiño geo nahi, nahi izate zuen jana ta dana. Amalia.
Patrona bera izaten zen, oro har, apopiloekin zerbitzuak eta ordainketa adosten zituena. Gizonek emakumeen esku uzten zuten apopiloekin zerikusia zuten gauzen ardura guztia. Ikus dezakegunez, patronen lana ez zen arropak garbitu edo janaria prestatzera mugatzen, negoziazio eta gestio lanak ere egiten zituzten. Apopilo moduan egon zirenek, oro har, iritzi ona dute patronen eta haien lanari dagokionez, eta gustura daude izan zuten arretarekin, entonces de pupilo bien, pero ya sabes te lavaba la ropa, tenías la comida, tenías cosas de manutención para ir tirando. Tampoco se podía dar mucho más para lo que pagabas. Hector. Gainera, Carlosek dioen bezala, ez da ahaztu behar Hernanira etorkin modura etorritakoek oso bizi egoera gordinak utzi zituztela atzean, eta beraz, nahiz eta patronek eskaini zezaketena mugatua izan, ezagutzen zutena baino hobea izaten zen oro har.
Y la mujer se portaba con nosotros... era muy buena patrona. Todo, todo nos lo hacía ella. [...]. Ya te digo, sobre eso en particular, nos daba más bien de comer que... acostumbrados allí que estábamos. Carlos.
Zerbitzuen ordainketa ere patronen esku zegoen. Normalean astero izaten zen ordainketa (garai hartan lantegietan ere astero jasotzen zuten soldata). Ordainketa horiekin sortzen ziren gorabeherei aurre egiten zieten patronek. Amaliak denbora luzez izan zituen apopiloak, eta ordainketekin zerikusia duten hamaika gertakari gogoratzen ditu. Apopiloek, normalean, ez zuten diru askorik izaten, eta malgutasunez jokatu behar izaten zen:
Batzuk ibiltzen tzien dirugabe, ezin tzutela pagatu, hurrengoan pagatuko zutela, pagatu gabe aldeiñe bai. Denetik tokatzea. Denetikan. Beandugo pagatu, oain etzula ta hurrengo asten pagatuko zula, bueno ba. Ta hurrengo astian bi pagatu beharrian bat ta erdi pagatu ta. Gu pobriak giñan, ta oindik etortzen tzien pobregok. Entendittu eitten gendun. Amalia.
Ordainketak ez zirenez egunean egiten, patronek zailtasunak izaten zituzten familiaren aurrekontuak prestatzeko. Baten bat joan omen zen ordaindu gabe, baina ez zen ohikoena izaten. Almudenari tokatu zitzaion horrelako kasu bat, eta honela kontatu zigun:
Baiba, pagatu gabe eskapatu. Bat baino gebio. Bat Frantzia jun lanea, maleta utzi ta bueltan pagatuko zun ba, baino etzen etorri ta maletia ireki. Galtza pare zikin baino ez zuen! Almudena
Etxeko lanak egin, haurrak zaindu, apopiloei zegozkien zerbitzuak egin... hori guztia egin ahal izateko, goizean goiz hasten zen emakume haien lan eguna. “Isilpeko merkatuan” egiten diren lan askorekin gertatzen den moduan, ez dago ez lan egunaren hasiera ordurik ez amaiera ordurik. Amaliak adierazi zigunez, etxeko lanak, apopiloekin egin beharrekoak, haurren zaintzarekin zerikusia zutenak, batzuk besteekin korapilatzen zitzaizkion.
Ba goizen bosterditan jeiki, danai bokailloa jarri. Danai gosaria zeatu, gosaria bokaillon emate zuen. Boakilloa zeatu. Kafia pixkanan danai eman, eta geo ba bokaillokin lanea. Ta eguardin etortzen tzieneako etxia eiña ta bazkaria jarria. Klaro. Ta geo berriz bokaillotxoa, atsalden emate zuen bokaillotxoa bana, atsalden berriz hue prepatu. Ta geo atsalden etortzen tzieneako dena iña, arropa garbittua, etxia eiña, denborea baldin banon, pixkat paseatzea umekin ateare bai, ta geo beize afaria jarria. Amalia.
Gainera ez dugu ahaztu behar arropa garbitzeko (familia kideena eta apopiloena), adibidez, ez zegoela garbigailurik, guztia eskuz egiten zela.
Pues lavábamos en la pila que, muy grande, y lavábamos con uno de estos que andaban así, se echaba jabón y venga, venga, venga. [Al lavadero] también íbamos, pero íbamos a cosas grandes; a una manta o... Y luego, pues compramos una lavadora de esas que se cargan por arriba, que luego había que vaciar en el cubo, en el balde. Así sacaba, la parabas, y tirabas por la fregadera. Yo hasta hace poco no me he acostumbrado a la lavadora. Lavaba yo antes que la lavadora. Es verdad, yo lavaba los trapos antes que la lavadora, pero ya no. Marisa.
Marisak aditzera ematen digun garbigailu hori gogoan dute garai hartako emakume guztiek, eta hasieran lan asko aurrezten ez bazuten ere, ez baitzien oihalei urik kentzen, garrantzia hartzen joan zen emakume hauentzat, batez ere, beste aurrerapen batzuk agertzen joan ziren heinean. Etxerako tresna berriekin emakumeek denbora librea lortu zuten, ordu arte eduki ez zutena.
Aurreko pasarteetan irakurritakoa zen emakume haien eguneroko bizitza, eta egunero egiten diren gauzekin gertatzen ohi den bezala, ahaztu egiten da zuten garrantzia. Eguneroko lana izateaz gain, jai egunik gabeko lana zen; atsedenik gabea. Berriemaile batek esan digunaren arabera, haurra izan eta hurrengo egunean lanean aritu zen:
Jaio zan, zazpikia jaio zan, eguarritan el dia veintitrés. Jaio zan goizian ta veinticuatro arratsian afaria nik jarri non, prepatu non. Utzi ein ziaten, que no hay derecho, baiño nire balintia ta hantxe ein non. Amalia.
Etxeaz eta apopiloez arduratzeaz gain, emakume haiek beren seme-alaben heziketaren erantzule ziren. Lanaren hasieratik bertatik aipatu bezala, aztergai dugun denbora bitartean emakumeen funtzio nagusia ama izatea zen. Gainera, egunero gogorarazten zitzaien (etxean, elizan, kalean...) ama ez ezik, “ama onak” izan behar zutela. “Ama on” izateko baldintza nagusietako bat zen seme-alaben alde “gorputza eta arima” ematea. Ikerlan osoan zehar ikusi ahal izan dugun moduan, seme-alaben heziketari eta zainketari lotutako jarduerak ez ziren lantzat hartzen, emakumeek, berez, maitasunez, eta kexu izan gabe egin behar zituzten jarduerak ziren. Marisaren pasarte honetan ikusiko dugunez, “ama lanak” ere sufrimendua dakar, egunerokotasunak ez du zerikusirik amatasun idealizatuarekin.
Estaban los niños ya mayorcitos pero yo sufrí lo mío, ¿eh?, porque eran niños muy raros, porque no querían quedarse con los vecinos ni nada. Yo vivía en una calle de rico, solamente había una señora al lado, otra al frente, y la querían con locura pero no querían estarse con ella. Así que, así iba al médico con cuatro o cinco, como las gallinas con los pollitos [...]. Cuando eran pequeños sí, y con la niña, y luego iba a llevar a la niña por la mañana, traía los recados para acá y luego a las doce a por ella, y ya veníamos, y luego otra vez. ¿Cuántas veces? Una, dos, tres, cuatro, seis veces. Tenía que andar para arriba y para abajo. A la niña la llevaba y la traía. Marisa.
Apopiloen lana, etxeko lana eta haurren zainketa, hirurak batera egiteko zailtasunak izaten zituzten patronek eguneroko bizitzan. Lan hirukoitz horri aurre egiteko emakumeek beste emakume batzuen laguntza izaten zuten. Emakumeek elkar laguntza sareak zituzten. Elkar laguntza sare horiek hainbat motatakoak izan zitezkeen; Valentinaren kasuan, esate baterako, elkar laguntza sare hori familiako beste emakumeek osatzen zuten, hau da, familia kideak ziren elkarri laguntzen ziotenak, y dejaba los críos en casa de mi tía, que vivía en otro pabellón de más allá. La dejaba allá los chavales. Sí sí, siempre he tenido, se los llevaba mientras yo iba a los recados y me los cuidaba siempre. Valentina. Beste batzuetan, Amaliak eta Juliak bezala, elkar laguntza bizilagunengan bilatzen zen.
Nei aldamenekoak asko laundi zian. Nik esaten nion honea jun behar det ta zea etorriko zea apopiloi, jarria daukat bazkaria baiño serbitzea? Ta bai, bai. Bezindadeakin oso ondo. Apopillona eukitzen non jana iña, ta beai bea hartzeko esan, eo bestela bezindadekoi esan, zea haurrekin meikuana jun behar det ta etorriko zea bazkaria ematea... Amalia.
Haurrak zaintzen laguntzeaz gainera, eguneroko bizitzako gauza txikietarako ere martxan jartzen ziren harreman sare horiek:
Lehen beti jotzen zian beheko andriak nei eskobakin, “zer nahi dezu amona Juanita? Zer nahi dezu amona Juanita?” “Ekatzan gatz pixkat”, olio pixka o, lenao asko eskatze’zan, eskatze zan... hika etortzen zian. Amalia.
Idatzi berri ditugun hitz horietan nabarmena da emakumeen arteko gertutasuna, konplizitatea. Eguneroko lan gogorrei aurre egiteko ezinbestekoak ziren hurbileko harreman horiek, elkarri launtzen giñan, elkarri launtzen giñan, oain oso kanbiatua dau. Amalia.
Apopiloek etxean denbora ere asko aldatzen zen kasu batzuetatik besteetara. Baziren hilabete batzuk egoten zirenak, eta baita urteak pasatzen zituztenak ere. Etorkinei dagokienez, ohikoena izaten zen (ezkonduta bazeuden) lehenbizi senarra etortzea, eta hainbat hilabeteren ondoren (diru apur bat aurreztu ondoren) emaztea eta seme-alabak etortzen ziren. Hectorrek azaltzen digunez (Extremaduratik etorria), berak lau hilabete egin zituen patronaren etxean, eta ondoren familia etorri zen, estuve allí, llegué a primeros de noviembre y hasta abril del sesenta y seis que vine con la familia. Hector. Apopiloek familiarekin igarotzen zuten denborak eragin handia zuen haien arteko harremanak. Gizakion arteko harremanen nolakotasunean garrantzizko aldagaia da elkarrekin igarotako denbora. Alegia, oro har, zenbat eta denbora gehiago igaro elkarrekin, hainbat eta harreman estuagoak sortzen ziren. Martaren kasuan, apopiloaren adinak garrantzi handia izan zuen harrekiko harremana zehazteko orduan. Apopiloa hamazazpi urteko mutil gaztea zen, eta Martak berak onartu zigunez, berak seme baten moduan hartu zuen.
Hernaniko “Papelera del Norte” lantegiaren inaugurazioa (1999).
Kutxako Fototeka: 482-301(3)
Nei aurrena Salamancatik etorri zanak 18, 17 urte zittun, 17 urtekin etorri zan. Nik hue seme bat bezela euki non, beti. Baiño honek afaldure eitten zon etxen. Seme bat bezela. [...]. Bestea berriz jun tzan ta geo etortzekotan da, seiñak utzi zittun, karta bat e eintzun da, geo extranjeria jun behar zula ta. Ta geo ezteu hartu, baikin denbora askon, denbora askon izan zien. [...] Marta.
Etxean apopilo bat egoten zenean, apopiloak familia kide guztiekin izaten zuen harremana, hau da, ez zen patronarekin bakarrik erlazionatzen. Gainera, apopiloak zenbat eta denbora gehiago egin etxean, hainbat eta adierazgarriagoa zen haren garrantzia etxeko lan taldearen dinamikan.
Aristegui lantegia Hernaniko Florida auzoan (1962).
Kutxako Fototeka: 1101-62(1)
Bost urte ta sei urte indakok ditu. Hok die etxekoak, tratatzen dituzu etxekoak bezela. Nee alabak esateo hoi, nee alaba zaharrenak, nei apopilok “ze ondo izaten nitzan, zenbat bider hartu nau”, askotan esaten do. “Ni askotan nee aittak baiño gehiau hartu nau apopilok”. Denak izate zian etxekoak bezela, etxian bezela, guk hala tratatzen giñun. Guk ez giñun itten apopilontzako jan bat eta gutzako beste jana. Danantzako iguala. Amalia.
Urteak joan urteak etorri patronek egunero-egunero egiten zuten lan. Baina, hala ere, emakumeek egiten zituzten gainontzeko lanekin gertatzen zen moduan, patrona lan hori ere ikusezina zen, ez zitzaion zegokion balioa onartu, ez beren etxean ez etxetik kanpo.
Hue [senarra] etortze zan fabrikatik afaldu ta obiea. Hurrengo goizen, bostetan jeiki ta nola seietan lanea jun behar zun, ua lanea. Ta nik nola etxin lan ein behar nun, neria zan más [...], nee gizonak hala ikusio beti. “Ba nik fabrika jun behar det eta nik lan gogorra daukat”; neria ez da gogorra etxian! Amalia.
Eguneroko lanaren gogortasunak, lana ez aitortzeak, frustrazioak, nagusi ziren patronen bizitzan. Zenbait unetan, barne gatazkak ere izaten zituzten:
Gizonakin enon hitzein nik, hitzein ze? Ze hitzeingo nion? Ze esango nion? Eztet nahi zuekin bizi? Han tzeren txikiak eta etzeon uzteik, etzeon, etzeon ezer eitteik. Bizimodue izan deu oso... Ni nitzan solteratik ezkonduta asko kanbiatu bizimodue baiño seittu aurrea. Baiño aurrea ein bebarra zeon. Ez tau esateik nik eztet hola bizi nahi ta utzi ta aldeitteik. Oain itten due hoi e. Baiño, enteitzen... Amalia.
Une oso gogorrak igaro arren, emakume haiek aurrera jarraitu zuten; egunero sortzen zitzaizkien zailtasunak gainditu zituzten.
Atal honetan frogatu dugun moduan, 50-60ko hamarkadetan patronek egin zuten lana ezinbestekoa izan zen beren etxeko taldeen ongizatean. Haien lanari esker lortzen ziren diru sarrerak “laguntza” soila baino askoz ere gehiago ziren, oinarrizkoak ziren. Gainera, ikusteko aukera izan dugun moduan, patronek lortzen zituzten irabaziak, sarritan, senarrek lortzen zituztenen parekoak (edo handiagoak) ziren. Alderdi ekonomikoaz gainera, emakume haiek ezinbesteko pieza ziren etxeko taldearen dinamikan, besteak beste, beraien esku baitzegoen seme-alaben heziketa eta zainketa.
Hernaniko II. Industrializazioan garrantzi handikoa izan ziren jarduera hau aurrera eramateko (36ko gerran eta gerra ostean bezala) emakumeen arteko elkar laguntza harremanak sortu ziren. Sare horiek apopiloak lortzeko, haurrak zaintzeko eta apopiloekin egin beharreko lana egiteko, eta abarretarako erabiltzen ziren.
Bestalde, patronen lanak beren etxeetako ateak gainditu zituen, beti ere “susmagarria” den domestiko-publiko arteko muga gainditu zuen, eta Hernaniko gizartearentzat ezinbestekoa izan zen zerbitzua eskaini zuten. Guztiz irakurketa ekonomizista eginez gero, ongi nabaria da patronek eginiko lanari esker izango ez balitz, Hernanira iritsi ziren langileak ez zirela egon ziren bezain ondo “zainduta” egongo (baldintza higienikoak, elikadura); beraz, langileen egoera kaxkarragoa izan balitz, haiek egindako lana ez litzateke hain eraginkorra izango. Eta horrek, azken finean, herriaren industria garapena motelduko luke.
Irakurketa ekonomizista alde batera utzirik, patronek inon idatzi ez den funtzio soziala bete zuten: etorkinen komunitatearen eta komunitate hartzailearen arteko zubi lana egin zuten. Patronen etxeetan izan ziren kultura desberdinen arteko lehenengo hartu emanak. Bai etorkinek, eta baita patronek ere, asko ikasi zuten batzuek besteengandik. Badira etorkinekin gaztelania ikasi zutela kontatu diguten patronak, baita tomatea entsaladan jaten etorkinekin ikasi zutenak ere. Eta etorkinak, bestalde, patronen etxeen, patronekin eta haien familia kideekin batera, euskal ohituretara hurbildu ziren, pixkanaka. Berriemaile batek, irribarrea ezpainetan zuela, kontatu zigun, adibidez, bere senarra apopiloekin joan ohi zela idi apustuetara.
Patrona moduan lanean jardundako emakume haien bizipenak eta oroitzapenak “isilpeko merkatuan” egin zuten lana ezagutarazteko helburuarekin ekarri ditugu orri hauetara.
[43] Hernaniko Udal Artxibategiko erroldei begiratuta, apopiloen fenomenoaren inguruko berri asko lor daiteke. Familien osaeraren inguruko datuekin batera topatzen ditugu “huesped”, edo apopiloen ingurukoak: haien jatorria, heziketa maila... aipatzen dira. Erroldetan datu horiek nola adierazten diren ulertzeko, Iñigo de Loyola kalean bizi zen familia bati buruzkoak hartuko ditugu adibide: bederatzi senideko familia da, aita donostiarra da (peoia) ama hernaniarra (“sus labores”), amaren ama (“sus labores”), alaba (pintxea), semeak eskolarrak. Beraiekin batera hiru “huesped” daude, guztiak daude “obrero”gisara sailkatuak. Jatorriari dagokionez, bata urnietarra da, bestea arabarra eta azkena Orensekoa.
[44] MENDIOLA GONZALO, Fernando. (1999). “Generoa, enplegua eta famila estrategiak Iruñean” in Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía. 28. zbkia. Donostia.
[45] PEREZ-FUENTES, Pilar. (1995). “El trabajo de las mujeres en la España de los siglos XIX y XX. Consideraciones metodológicas” in Arenal. Revista de Historia de las mujeres. 2. alea. 2. zbkia. Uztaila-abendua.
[46] Amalia jaiotzez Oiartzuarra da. Oso gazte atera zen baserritik Donostian neskame aritzera. Neskame lanean bederatzi urte igaro zituen. Ezkondu ostean senarrarekin batera alokairuan bizitzen jarri zen Hernanin. Urte askoan izan zituen apopiloak etxean.
[47] Valentina bere senar Carlosekin batera Avilatik etorri zen. Hernanin igaro zituzten lehen urteetan apopiloak izan zituzten.
[48] GARCIA ABAD, Rocio. (1999). “Mercado de Trabajo y Estrategias familiares en las mujeres durante la primera industrialización vizcaina: el hospedaje” in Vasconia. Cuadernos de Historia y Geografía. 28. zbkia. Donostia.