Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
EGOERA BERRIAN ERE,
EMAKUMEAK HORNITZAILE
Esan bezala, jakien urritasunak eta txirotasunak gosea ekarri zuten; gainera, arrazionamendu kartilekin eskuratutakoa ez zen nahikoa izaten familia osoa elikatzeko, eta beraz, jendeak, emakumeek batez ere, merkatu beltzera jotzen zuten euren familiak elikatu ahal izateko.
Nahiz eta gerrak eta haren ondoriozko jendarte anabasak genero rolak aldarazi, oraindik ere, emakumeen betebehar nagusia familia zen. Esan bezala, emakumeek familiaz arduratzen jarraitzen zuten, eta, bide batez, familia barruko hornitzaile nagusiak ere baziren, ama etxeko talde horren arduradun zen heinean. Bestalde, hornitzaile gisa betetzen zuten eginkizuna ez zen etxeko eremura mugatua. Egoera zela-eta, emakumeek Hernaniko herri osorako hornitzaile ere bihurtu ziren, hornitzailearen zeregin klasikoei beste neurri bat eman zioten; azken batean, euren betebeharrak jende multzo zabalago bat hornitzera zabaldu ziren, etxeko taldetik haragoko jende multzo bat hornitu behar zuten.
Etxeko taldearekin eta egunerokotasunean herria hornitzearekin lotuta zeuden eginkizun guztiak emakumeek betetzen zituzten. Alde batetik, eginkizun ofizialak zeuden: “auxilio soziala” deritzona eta arrazionamendua. Bestetik, merkatu beltza.
Merkatu beltzean parte hartuz, herria hornitzen osatzen zuten. Estraperloak, norberarengan ez ezik, ingurukoengan ere bazituen eragina eta ondorioak. Merkatu beltzean produktu batzuk eskaintzen ziren salmentarako, eta horretarako, lehenik eta behin, produktu horiek eskuratu beharra zegoen. Produktu horiek lortzea, ikusi dugunez, emakumeen eskuetan zegoen batik bat. Emakumeek eurentzako produktuak ekartzeaz gainera, ingurukoentzat eta denda jakin batzuentzat ere ekarri ohi zituzten. Emakumeek, beraz, egoerak eta beharrak bultzaturik, eta estraperloaren bidetik, herri guztiarentzako hornikuntza lanak egin zituzten.
Auxilio Socialeko[20] emakumeek ere halako papera jokatu zuten. Haurrei bazkariak ematen edota familia txiroei zenbait produktu banatzen, herri osorako jarduera egin zuten; emakume haien betebeharra baitzen ezer ez zuen pertsona eta familiek zerbait izatea, herria hornitzea. Kasu honetan ere, egiteko hori emakumeen ardura izan zen; etxean zituzten betebeharrak ( janaria lortu, prestatu, haurrak zaindu...) arlo zabalago batera hedatu ziren, herrira.
Hornitzeko bi bide:
legezko bidea (arrazionamendua)
eta legez kanpokoa (merkatu beltza)
Garai hartan, bi bide erabiltzen zituzten emakumeek etxeko taldea hornitzeko. Bata legearen mugen barruan, arrazionamendua delakoa. Bestea, berriz, legearen mugaz harago, merkatu beltza.
Rosarena oso adibide egokia da emakumeak etxeko lan taldetik at ere lan egiten zutela erakusteko. Bestalde, argi esaten du bere betebeharra (emakume eta langile zen aldetik) herriaren hornikuntzarekin lotuta zegoela; lehenago esandako guztia betetzen da, beraz, adibide honetan. Rosak hiru urte igaro zituen udaletxean, arrazionamendu kartilak eta udaletxera eramaten zuten salgai guztiak banatzen.
Arrazionamenduak prozesu jakin bati jarraitzen zion. Ez zen egunero egiten, noizbehinka baizik, eta bando baten bidez jakinarazten zioten herriari noiz izango zen. Bandoetan arrazionamenduan zer eta zenbatean banatuko zuten adierazten zen:
Ni goatzen naiz, eitten zuten jo bandua... Jose Kiskilosok... ta barrek banduan esate tzon “ha llegau un camión con lentejas y se abrirá la tienda de Manuela”, erderaz, “a las ocbo de la mañana y por cada cartilla de racionamiento 100 gr de lentejas”... Iñaki
Iñakik eta beste hainbat berriemailek diotenaren arabera, denek daukate arrazionamenduaren funtzionamendua oso gogoan, batez ere ilara luzeetan zain egon behar izaten zutenek.
Arrazionamenduaren maiztasuna ez zegoen aldez aurretik adostuta; hau da, batzuetan hilean behin izan zitekeen eta beste batean, berriz, bi hilabetean behin edo hilabete berean birritan, Centro Regulador delakoaren eta produktu kantitatearen arabera. Rosak askotxo daki guzti horretaz, bere lanbidea baitzen eta dena kontrolpean izan behar baitzuen. Bandoak nola funtzionatzen zuen oso garbi ez badauka ere, beste guztia, aldiro egin behar baitzuen, oroimenean oso ondo gorde du.
Bai kartilak, hilean behin. Egia ez dakit nola jakiten zan bandoa, igual hori ez det gogoratzen. Kartila ailegatzen zanen jendeak bazekin bazeola eta... ez ziran kartilak egun baterako bakarrik, kartilak... ez dakit, ez dizut esango zenbat denborako zian, baino, klaro, ez zan egunero etortzen, hilean behin baldin bazetorren, ordun hilekoa bazuten. Rosa.
Arrazionamenduak prozesu jakin bat zuen:
1. Lehendabizi, hornidura ordezkariek elikagaiak jasotzen zituzten.
2. Herritarrek arrazionamendu kartilak eskuratzen zituzten.
3. Kartilekin dendetara joaten ziren, jakiak erostera.
Herriko ekoizleek beren produkzioa deklaratu behar zuten; horren arabera, abastokoek ekoizpen horren ehuneko bat estatuari ematera derrigortzen zituzten. Hori dela-eta, hamaika tranpa egiten ziren, ekoizten zen guztia ez deklaratzeko, hain zuzen ere, bizirauteko behar zena baino ez zen uzten. Herritar guztiek bazekiten tranpak egiten zirela ekoizten zen guztia ez deklaratzeko, baita udalekoek ere. Jasotzen ziren elikagai guztiak ez ziren Hernanin arrazionatzen, produktuak Gipuzkoako beste herri batzuetara ere banatzen ziren. Hau da, herri batean jasotzen zena ez zen herri horretan soilik banatzen. Herri guztietako produktuak biltzen ziren, gero berriz herriz herri banatzeko.
Irudiaren ezkerraldean Hernaniko Udaletxea,
eskuinean alhondiga funtzioa betetzen zuen eraikina.
Imanol Larretxea.
Arrazionamendua zegoen egunean, lehendabizi, jendeak udaletxera joan behar zuen arrazionamendu horretarako kartilak jasotzera. Familiako kide bakoitzak kartila bat zuen; Rosak dioenez, familiako edozeinek jaso zitzakeen etxekoen kartila guztiak, eta, normalean, hala egiten zuten: familiako kide bat joaten zen, emakume edo seme-alabaren bat oro har, eta familia osoaren kartilak jasotzen zituen. Kartila nahitaezkoa zuten bandoan azaltzen zen produktua eta kantitatea erosi ahal izateko.
Bi motatako kartilak zeuden: bat haragiarentzako, eta beste bat beste guztiarentzako. Kartilak hiru kategoriatan banatzen ziren. 1. “kategoria” baliabide ekonomiko oparoak zituztenei zegokien; 2. “kategoria” erdiko mailakoentzat zen; eta 3- “kategoria”, berriz, baliabide ekonomiko urrikoentzat. Bestalde, ume txikiek eta gaixoek kartila bereziak zituzten, adibidez besteek baino esne gehiago eskuratzeko; hau da, abantaila batzuk zituzten, haiek bizirauteko oinarrizko jotzen ziren abantailak, hain zuzen.
Arrazionamenduko produktuak erosi ahal izateko kartila eskuratuta, jendea dendetara joaten zen produktuak erostera. Herriko dendei udalak banatzen zizkien jakiak, eta horiekin batera, kartilen zerrenda bat ere bai. Biztanleria denden kopuruaren arabera banatzen zuten, eta arrazionamendua amaitzen zenean, dendek zerrenda horiek udaletxera itzuli behar zituzten, saldutako guztiaren kontuak eramateko, Rosak azaldu digun bezala, dena oso kontrolatuta zegoen.
Emakumeak zirenez etxea hornitzearen arduradunak, ilaran zain ere nagusiki haiek egoten ziren. Askotan estrategia bereziak asmatu behar izaten zituzten, arrazionamenduan salgairik onena eskuratzeko. Arrazionamenduaren gorabehera haien berri izateko, beste behin ere Iñakiren hitzetara joko dugu, eta estrategia horiek zein ziren ikusiko dugu. Iñakiri dagokionez, familia osoak parte hartzen zuen, amonak den-dena antolatuta:
Ta orduan ze eitten giñan, jartzen giñan arreba zarrenak ta ni, Manuelanean jartzen dute lentejak, ta jartzen giñan zerrendan, jartzen giñan. Ta bestian beste bat, ta orduan, gue amonak itte zun kaleak pasa, ta oain tokatzen dio Iñakiri, nei bialtzen tzian etxea, ta hua nee ordez jarri. Ta orduan e, zenbat tokatzea, ba, adibidez libra bat lenteja, ba hua hartzen tzun ta etxea emate zun. Eta geo beste batek ba. Herritikan bueltak emanez aber hiloban bat noiz tokatzen zitzaion barrua sartzeko, ulertze ntzu? Ta harri tokautakon bestea bialdu etxea. Halaxe. Iñaki.
Kontuan hartu behar da baserrian bizi zen jendearen egoera. Izan ere, bizitokia urrunago zutenez, herriraino jaisteko denbora gehiago behar izaten zuten, eta eguna beste era batera antolatzea eskatzen zuen horrek.
Rosa, udaletxean lan egiteaz gainera, Kale Nagusiko harategi bateko nagusia zen, bere ama eta ahizparekin batera. Beraz, arrazionamenduaren hirugarren pausoa ere ezagutzen zuen. Berak dioenez, ilarak goizean goizetik sortzen ziren, eta normalean arazoak izaten ziren, tentsioa nabarmena izaten zen. Etxeko lan taldearen arrazionamenduaz emakumeak arduratzen zirenez, ilarak emakumez beteta egoten ziren. Ilaran aurre-aurrean zeudenek salgairik goxoena, kasu honetan haragi zatirik goxoena, aukera zezaketen; horregatik oso goizetik jartzen ziren ilaran, baina ez haragirik gabe gelditzeko beldurrarengatik, baizik eta banatzen zenetik zatirik goxoena erosteko aukera izateko. Egoera hori produktu guztiekin gertatzen zen, ez bakarrik haragiarekin; imajinatzekoa da, beraz, egun horietan zer gertatuko zen Hernaniko kaleetan.
Sekulako kolak, hori bai, gainera goizetik, igual, lehenbizi zanak aukera zun eskatzeko zer behar zun, eman beharko zitzaion 100 gr tokatzen bazitzaion, pues 100 gr haragi. Lehenbizi zegonak ba xerrak errez izango zitun; azkenak ba beste klasekoak, por ejemplo gisatzeko eo... Hoi zergatikan lehenbizi zanak aukera zun zer eskatzeko, kantidadia ez, baino zer bai, por ejemplo ez ziran sartzen razionamentun, ordun egiten gendun txekorraren odolakin ba... odolkik, ez txerriakin baizikan hoixe... hoiek libre zian, etortzen bazian kartilakin eta odolki bat, puxka bat bazegon, klaro, lebenbizikoak zun aukera handiagua. Azkenak beti zegonakin gelditu behar zun. Rosa.
Rosak dioen moduan, azkenean, abantaila ez zen haragi zatia aukeratzea soilik; beste zerbaiten eskaintza egonez gero, odolkia kasu honetan, lehenengoek hartu ahal izango zuten. Azkenei, ordea, soberakinak besterik ez zitzaizkien geldituko; zatirik okerrena erosi beharraz gainera, bestelako produkturik eskuratu ezina zen azkena izatearen ondorioa.
Ilaran istilua eta gatazka ere izaten zen batzuetan. Fatimak bere begiez ikusi izan zituen zenbait eztabaida:
...hantxe bati bultza, bestei bultza, alkarrekin diskutitzera. Guri sekula gustatu ez zaiguna beste batzuei bai, “yo he venido la primera”, “sí, pero le he dicho a fulana que me cogiera”, “pero ella no ha dicho nada”, pues halaxe, baina gustora. Fatima.
Tentsio horiek garai hartako bizimoduaren ondoriozko leherketa txikiak zirela esan daiteke, baina, aldi berean, arrazionamenduak zenbateko garrantzia zuen erakusten dute.
Hornikuntzarako legezko bideaz gainera, emakumeek merkatu beltzera (estraperlo izenaz ere ezaguna) ere jotzen zuten, euren etxeko taldea elikatu ahal izateko. Emakume asko eta askorentzat familia eta beren ardurapeko jendea elikatzea zen egunean zeharreko jarduera nagusia. Ordu ugari ematen zituzten zeregin horretan. Gainera, elikagaiak lortzeko erabiltzen ziren estrategiek irudimen eta bizitasun handia eskatzen zuten.
Emakumearen hornitzaile eginkizuna aztertzeko, emakumeen denbora nola kontzeptualizatzen den ulertu beharra dago; hau da, “denbora” genero ikuspuntutik ere azter daiteke, hornitzailearen eginkizuna emakumeei zergatik dagokien hobeto ulertzeko. Denbora genero ikuspuntutik aztertzen baldin badugu, konturatuko gara denborak ez duela esanahi bera emakumeentzat eta gizonentzat. Emakumeen denbora taldearentzako denbora bezala ulertu izan da, hots, besteez arduratzeko erabiltzen den denbora gisa. Aldiz, gizonaren denbora indibiduala da. Beraz, besteen (hala nola seme-alaben eta familiaren) ardurarako talde etika bat garatu zuten, eta denboraren kontzeptu kolektiboa sortu zuten[21].
Denboraren ikuspegi hori agerikoa da gerra ostean, emakumeek urritasunari aurre eginez familia aurrera ateratzeko eginkizunetan denboraren tratamendu hori sustatu baitzen. Beraz, merkatu beltzean aritzearen atzean taldearen iraupena dago, hori zen helburua. Oro har, emakumeek estraperloan parte hartzea bere eta bere ardurapean zeudenen iraupena bermatzeko zerbait egitea zen, ez zen ekintza indibidual bat.
Orain arte emakumeek arrazionamendua zela-eta egiten zituzten jarduerez hitz egin dugu. Hala ere, esan dugunez, emakumeak ez ziren legearen mugen barruan gelditu; legez kanpoko eremurako urratsa ere egin zuen, eta inolako “traumarik” gabe. Estraperloan aritzeak arestian aipatutako hornitzailearen rol klasikoari beste neurri bat ematea ekarri zuen, bere etxeko taldea ez ezik Hernaniko herri osoa hornitzera iritsi zelako. Emakumeek, hornitzaile eginkizunak betetzeko erosle soil izateari utzi eta estraperloan saltzeari ekin zioten. Honela “emakumetasunaren” ezaugarri guztiak aldarazi zituzten, beren eguneroko jarduerak dimentsio zabalagoa hartu baitzuen.
Emakumeek beste bide batzuetara jo behar izan zuten etxeko guztiak janariz hornitzeko, eta estraperloan “aditu” egin ziren. Hernanin, merkatu beltzari dagokionez, parte-hartzaile nagusiak emakumeak ziren, bai erosle gisa bai saltzaile gisa. Lehenago azaldu dugu bi motatako merkatu beltza zegoela eta emakumeek batez ere merkatu beltz txikian, edo estraperloan, jarduten zutela. Estraperloan kantitate txikiak salerosten zituzten, eta jaki horiekin hornitzen zuten Hernaniko herria.
[20] “Auxilio Social” delakoa “Sección Femenina” erakundeak bideratutako zerbitzua zen, “El servicio social obligatorio primaba la formación en las tareas del hogar a base de ajuares y labores, y, con el tiempo, se transformó en una imposición que impedía conseguir un trabajo, pasaporte o cualquier otro tipo de documento oficial sin su cumplimento previo [...] El periodo de cumplimiento era de seis meses, tres de ellos dedicados a la formación teórica y los tres restantes dedicados a la prestación obligatoria de trabajo en comedores, hospitales y oficinas”. FOLGUERA CRESPO, Pilar, (1998) “El franquismo. El retorno a la esfera privada (1939-1975)” in Historia de las mujeres en España. Síntesis, Madrid.
[21] “Su clásica función como madres y proveedoras impidió que desarrollaran una noción del tiempo como personas independientes responsables de distribuirlo conforme a sus propios intereses específicos.” NASH, Mary. (1999) Rojas. Las mujeres republicanas en la Guerra Civil, Taurus, Madrid.