Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004
 GERRA ETA GERRA OSTEA | BASERRIAK, FAMILIAK ETA GENERO SISTEMAK | EMAKUMEA ETA MERKATUA 

 

BASERRIAK, FAMILIAK
ETA GENERO SISTEMAK

 

      Horrelako gune (nekazari) bati buruzko azterketa era kritikoan egiten hasten garenean, hankaz gora erori ohi dira gure idearioan aintzakotzat jotzen ditugun hainbat elementu. Mujer vasca, imagen y realidad liburua osatu zuten ikertzaileek ondorio bat atera zuten euskal nekazari guneetako euskal idatziak aztertuta: idealaren eta errealitatearen arteko tirabira antzeman zuten[11]. Nekazari gunea idealizatuta egon da. Oso aspalditik datorren kontua da, Erregimen Zaharretik datorrena, foruzale eta nazionalistak Euskal Herri ideala eraikitzen saiatzen hasi zirenetik.

 

Mende hasieran Santa Barbara menditik Hernaniko herriaren ikuspegia.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

      Ideal hura barneratu egin zen, baina errealitatearekin talka egiten du; errealitatean gertatzen denarekiko kontraesana handia da. Gerran eta gerra ostean ideia horrek indar handia hartu zuen. Ideal horren oinarrian hainbat ezaugarri daude, familiaren izaera eta ezaugarriak, jabegoa, lanaren sexuen araberako banaketa, etab.

      Hainbatetan, “baserriaz” eta “baserriko familiaz” hitz egiten dugunean, paisaia homogeneo eta estatiko bat irudikatzen dugu. Gure ustez, eta aztertutakoari so eginez, “baserriez” eta “baserriko familiez” hitz egin beharko genuke. Lehenengo, baserri guztiak ez direlako berdinak. Hainbat elementutan ikusten da aldea: jabegoan (maizterra/jabea), lur kopuruan eta lurren ezaugarrian, animalien kopuruan, etab.

      Baziren lur sail txikiak zituzten baserriak. Horietan, etxerako produktuak ekoizten zituzten gehienbat. Soberakinak bazituzten, edo diru premia larria bazen, orduan joaten ziren merkatura. Baina baziren lur sail handiagoak zituzten baserriak ere; ekoitzitakotik zati handiagoa bideratzen zuten horiek merkatura, eta diru etekin handiagoa zuten. Animaliekin antzera gertatzen zen. Askok etxeko kontsumorako hazten zituzten behiak, oiloak, txerriak, etab. Beste hainbatek, berriz, behi esnea zuten diru iturri nagusietakoa.

 

Hernaniko Portu auzoa.
Hernaniko Udal Artxibategia.

 

      Jabegoari zegokionez, jabe izatea zen ideala, baina asko eta asko ziren maizter. Baserri baten “nortasuna” asko aldatzen zen, bertan bizi zirenak maizterrak edo jabeak izan. Maizterrek, eskatutako errenta ordaindu ahal izateko, ekoizten zuenaren zati handi bat merkatura eraman behar izaten zuten. Baserritar horien irabaziak (dirutan) txikiagoak izan ohi ziren nagusi ziren baserritarrenak baino. Uste izatekoa da, beraz, maizter ziren baserritarrek estuasun handiagoak izango zituztela.

      Jabe ziren baserritarren kopurua jaistea eta maizter zirenena igotzea ez da garai hari soilik dagokion gertaera. Prozesua aurretik hasita zegoen, eta garai hartan bide beretik jarraitu zuen, gero eta nabarmenago. XVIII. mendeko desamortizazioarekin, Euskal Herriko lurren banaketa bultzatu zuten. Baina jabe txikien ehunekoa ez zen %50 baino handiagoa, eta XIX eta XX. mendeetan are gutxiago izan ziren. Lurrak jabe handien esku gelditu ziren, eta kolono eta maizterren kopuruak gora egin zuen (Arbaiza Vilallonga, M. 1996)[12].

      Bestalde, baserrietan era askotako “talde domestikoak” edo “etxeko lan taldeak” bereizten ziren. Harrigarria badirudi ere, idealizatutako familia zabalaz[13] gainera, beste hainbat errealitate ere baziren. Batik bat, familia nuklearrak[14] eta guraso bakarreko familiak[15].

      Emakume asko alargun gelditu ziren gerraren ondorioz. Baina familia nuklear eta guraso bakarrekoak ez dira gerra eta gerra osteko garaikoak soilik. Baserriko familiak beti izan dira heterogeneoak. Adibidez, Mercedes Arbaizak[16] dioenez, Erregimen Zaharrean ere familia zabal edo enbor familia asko zeuden, baina ez ziren gehiengoa. Orduan ere, beste era bateko familia eredu batzuk zeuden, hala nola familia nuklearrak eta guraso bakarrekoak.

      Hombre ta zuk pentsatu, ezin, bost urtian lau ume zituela nere amak, e, lau nexka, lau nexka giñan. Ta alargun geatu zanian, ba sei urte, sei urtian urtebete ta hiru hilabete bazittun txikiñak. Ta ordun, lau nexka geatu giñan attik gabe, ta ama hogeita sei urtekin ia alargun, entenditzezu? Eustaki.

 

      Lehen azaldu dugunez, gerra garaiko errealitatean ugari ziren emakume alargunak. Baina emakume horiek ere ez zeuden guztiak egoera berean: batzuek seme-alaba gehiago zituzten besteek baino, eta familiaren babesa edo baliabide ekonomikoak ere garrantzi handiko eragileak ziren errealitate horretan. Askotariko errealitateak ziren, nahasiak eta kontraesanez beteak.

      Generoari atxikitako balioek, bizitza sozialeko arlo guztiak zipriztintzen ditu. Genero balio horiek are nabarmenagoak dira jendarte antolakuntzaren zutabe den familia ereduan.

      Alargun izatea ez zen moralki gaizki ikusia. Baina alargundutakoa gizona edo emakumea izan, bazen alderik. Gizon alargunak ez zuen presio sozial handirik. “Etxeko andreak” utzitako lekua (funtzioei dagokionez), alaba zaharrenak, gizonaren amak (batzuetan etxeko neskameak) betetzen zuen, inolako iskanbilarik gabe.

      Gauzak oso bestela ziren alargundutakoa emakumea zenean, ordea. Presio soziala izugarrizkoa zen. Jendartean gizonaren presentzia nahitaezko jotzen zen. Gizonak utzitako hutsunea guztiz morala zen (emakumearen anaia ezkongabeak, morroiak edo neskameak bete ohi zuten gizonak “lanean” utzitako hutsunea) eta “familia” eredu jakin bati lotzen zitzaion. Boterearen antolaketa jakin bati.

      Beste behin ere Eustakiren hitzak ekarriko ditugu, berak zeresan handia baitauka alargunei buruz. Izan ere, oso gertutik ezagutu zuen alargun baten egoera, etxean bertan. Ama alargun geratu zen, eta, azkenean, berriro ezkondu zen, Eustakik dioenez, gizon bat beharrezkoa baitzen etxean, eta ez soilik lanak egiteko, baita errespetua bereganatzeko ere.

 

      1943an, 1943an ama ezkondu zitzaidan berriz, ez, ba bai, behar dezu gizon bat, bateze baserriko laneako, ta, hoi lene esan nizuten, zenbat bider esate zun amak emakume alargun bati parre itten zitzaiola, hoi gelditu zait oso sartua. Parre eitten dio eozeinek, ezin tziñen ayuntamientura zerbaittetako jun, de normal gizona jute zan, ta gizonai bi kilo babarrun eskatzen bazioten, amari bi ta erdi. Eustaki.

 

      Nahiz eta II. Errepublikaren garaian hainbat legek (dibortzioarenak, boto eskubidearenak, abortuarenak...) emakumearen “berdintasuna” aldarrikatu, garai bereko beste lege batzuek (Kode Zibilean zeudenek) emakumearen menpekotasunari eustea zekarten. Lege horien arabera, senarraren tutoretzaren menpe zegoen emaztea arlo ekonomiko eta juridikoan. Gerra garaian, ondorioz, emakumeen “gaitasun ezak” genero sistemaren zutabe izaten jarraitu zuen.

 

 

Baserria: unitate ekonomikoa

 

      Baserria unitate ekonomiko gisa ulertu beharra dago. Gune berean biltzen baitira bizilekua eta lantokia. Unitate horretan bi jarduera daude unitateari eusten diotenak: ekoizpena eta lan eskuaren ugalketa. Familia ustiategian ez dago ekoizpen arloaren eta ugalketa arloaren banaketa espazial-fisikorik. Elkarren alboan daude bi funtzioak: lan indarraren ugalketa eta ondasunen ekoizpena.

      Askotan, lanari buruz hitz egitean, lanaren oso ikuspegi mugatua erabiltzen da. Gehienetan, nekazaritza ekoizpena (ondasunen ekoizpena) eta ekoizpen hori merkaturatzea soilik hartzen dira aintzat. Eta alde batera uzten dira etxeko lan taldearen jarraipenerako eta mantenurako (ugalketa) ezinbesteko diren eguneroko hainbat lan (umeen zaintza, arropa garbitzea, lan taldea elikagaiez hornitzea, gaixoen eta nagusien zaintza...).

      Gure azterketan, etxeko lan taldea mantentzea zertan datzan ulertzeko egokiago iruditu zaigu “lanaren” ikuspegi zabala erabiltzea (ugalketa lanak kontuan hartzen dituena), errealitatea hobeto islatzen duelako. Unitate ekonomiko guztien antolaketan, oinarrizko eta nahitaezko elementua da lanaren banaketa. Baserrietan ere, beste hainbat gunetan bezala, sexuen araberako lan banaketa da nagusi; gizartearen genero sistemaren elementu garrantzizkoa da hori.

      Sexuaren araberako lan banaketan, berriz ere idealaren eta errealitatearen arteko tirabira sumatzen da. Izan ere, banaketa idealak emakumeak etxeko arloarekin lotzen ditu, eta gizonak, berriz, arlo publikoarekin. Baina berriemaileekin hitz egin orduko ikusten da ideal hori ez datorrela errealitatearekin bat. Etxeko/publiko muga ez baita hain zurruna. Nekazari guneetan adibidez, lanaren banaketa beste irizpide batzuen araberakoa zen. Eta emakumeek arlo “domestikoan” edo etxekoan nahiz arlo publikoan jarduten zuten.

 

Hernaniko emakume nekazariak (1930 hamarkada).
Imanol Larretxea.

 

      Idealaren eta errealitatearen arteko kontraesan hori lehenagotik ere gertatu izan da, eta, autore askoren hitzetan, Erregimen Zaharrean ere ez zen betetzen lanaren banaketa ideal hura. Ideal hori barneratzeak gizarte tradizionalaren mitifikazioarekin du zerikusia.

      Emakumeak, baserrian, hiru lan tipologia betetzen zituen: “nekazari” lana (baratzeko lana, belarrak biltzea, esnea jeztea...), “etxeko” lana (janaria prestatzea, arropa garbitzea eta jostea, ume gaixo eta nagusiak...), eta baserriko produktuak merkaturatzea (batez ere barazki txikiak, behi esnea eta animalia txikiak).

      Martaren amak mota guztietako lanak egiten zituen. Berarentzat ez zen kontraesana espazio publikoan ere aritzea, bere hornitzaile paperari loturiko eginkizunak baitziren.

 

      Amak ikulluan lana itten zun. Ikullua beti garbi uzten zun. Amare kanpora juten zan belar denboran, holako beruakin ta eguardiko ordubatian igual, zea, belarrai buelta ematea. Aber, belarrak bihar tzun berua... karo, egunero juten zan gure ama, goizeko zazpiterditan esnia saltzera... Marta.

 

      Baserrietako gizonei dagokienez, emakumeekin bi jarduera elkarbanatzen zituzten; nekazari lana eta produktuak merkaturatzea. Nolanahi ere, elkarbanatzen zituzten lan horietan baziren zenbait desberdintasun, adibidez, produktuak merkaturatzeari dagokionez, gizonezkoak gehienetan animalia “handiak” merkaturatzeaz arduratzen ziren, eta emakumeak, berriz, baratzeko produktuez eta animalia txikiez. Sexuaren araberako lan banaketa asimetrikoa zen. “Etxeko” lanak emakumeen (emaztearen, amaren, alabaren, ahizparen, amonaren edo neskamearen) eskuetan soilik gelditzen ziren eta ez zituzten era horretako lanak gizonekin elkarbanatzen.

      Martak, ezkondu zenean, amaren lan banaketa berari eutsi zion. “Etxeko” lanak emakumeen ardura ziren guztiz. Lan asko egon arren, etxeko lanak ez zituzten gizonarekin elkarbanatzen, “nekazari” lanak ez bezala:

 

      Nik etxeko martxa eamaten nun. Ba, neonek esatia ez dao ondo baño, nik hau [gizona] gaixo baldin bazeon sukaldekua ta ikullukua ta dena zeatzen nun, ni gaixo jartzen banintzen berriz... honek ikullua ingo zun, baiño sukaldia han eongo zan... Marta.

 

      Unitate ekonomiko hauetan, emakumeek betetzen zituzten lan eskua ugaltzera bideratutako eginkizunak. Emakumeek mota guztietako lanak egiten zituzten. Baina ez zuten lan ordutegirik, ez zuten atseden edo denbora librerik. Beharrezkoa bazen, etxeko lan taldeko kideen zerbitzura egon behar zuten edozein ordutan:

 

      Porque, klaro, baserri bateko emakumiak itten du josi, plantxatu, esnea partitu, inkarguak, sukaldia, baratza, tratua, ta, gizona falta baldin bada, behiak jeitzi, eo ganadu jana ekarri, eo hurrengo euneako puskak jarri mendiako. Eske baserri bateko emakumia da arrastratu ezin dan pertsona. Nik hoi argi ta garbi esangoizuet, etzizaion duro bat faltako diruz baiño... Ta gizona asten eun bat sikira perli jungo zan, ta emakumia batez. Lana zun, ta lana zun, ta lana zun. Ta nere galtzak josik al dare? Ez al dezu oaindikan denborarik izan nee galtzak garbitzeko, plantxatzeko?Beti bagendun... Eustaki.

 

      Ugalketarekin lotura zuzena zuten ondasunen (arropa, jostailuak...) barne ekoizpena ere emakumeen esku zegoen. Lan horiek ez dira kontularitzan aintzat hartu izan, baina diru aurrezpen handia zekarten.

      Martak ezkontzeko barne arropak ere berak egin zituen, dirua aurreztearren. Arropa egiteaz gainera, arropa garbitu eta konpontzea ere emakumeen eginbeharra zen.

 

      Bai, bai oi gerra garayan, da gerra ondorenian, da zean... ezta pentsature Hernanin ezagutu nittun nik hiru bat eo, saltzaille, ezagutu nittun perin, beño pela ibiltzen zuen... Nik ezkontzekore, sujetadoriak eta zeak, zeonek josi nittun denak, zea guztikinre, dena, sujetadoriak eta zea, dena, eta Hernanin panak eo, oain pantalon, etzen ordun halakorik ikusten eta in aazi in... Oain, oain bada, baiño leño ez, leño dena arropa josi gabia izaten zan, eta gerra denboan ondoreni arten etzen billatzen, ez ezer. Marta.

 

 

 

 

[11] “La tendencia principal de los estudios a que nos hemos referido en este capítulo, refleja aquellos rasgos, caracteres y formas de comportamiento que se producen con más regularidad y que tienen una mayor aceptación social, eliminando en lo posible aquellas áreas de conflicto o contradicción propia de toda sociedad, y ofreciendo en lo general una idealización de la vida rural, que presenta a la mujer sin contradicciones, mientras los estudios económicos de este ámbito (veáse Etxezarreta, 1997) revelan la insatisfacción de la mujer con el rol tradicional dentro del baserri, y aun con la misma división del trabajo que tantas veces ha sido idealizada” DEL VALLE, T (dir). (1985). Mujer vasca. Imagen y realidad. Anthropos. Barcelona.

[12] Familia, trabajo y reproducción social. Una perspectiva microhistórica de la sociedad vizcaína a finales del Antiguo Régimen, Bilbao, Universidad del País Vasco.

[13] Familia zabala: hiru belaunaldi baino gehiago biltzen dituen etxeko taldea.

[14] Familia nuklearra: guraso eta seme-alabek osatutako familia eredua.

[15] Familia monoparentala edo guraso bakarrekoa. Historiako garai hartan, era honetako familien zutabeak alargunak ziren. Beste batzuetan, aldi bateko egoera izaten zen (gizona erbestetik edo gerratik itzuli artekoa).
     
Nekazari guneetako familia ereduez mintzo da, baita ere, DOUGLASS, W. “The Basque Stern Family Household. Mith or reality?” in Journal of Family History. 13. alea, 1. zkia. 75-89 or.

[16] Op. Cit.

 

 GERRA ETA GERRA OSTEA | BASERRIAK, FAMILIAK ETA GENERO SISTEMAK | EMAKUMEA ETA MERKATUA