Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Ganbarako ahotsak
Usoa Barrutiabengoa Olazabal / Nerea Elias Muxika
Garoa González Fernandino / Araitz Rodríguez Gutiérrez, 2004

 

ATARIKOA

 

      Emakumeen historia ahaztu, isildu, erbesteratu, baztertu, eta azken batean, ikusezin bilakatu izan dute. Historiaren bertsio hegemonikoetan ez dute tarterik botererik gabeko talde sozialek. Zoritxarrez, emakumeak ere ahotsik gabeko talde horien artean daude. Daten eta izenen historiak ez die tarterik uzten egunerokotasunaren protagonista anonimo diren horiei.

      Ikerketa honen helburua Hernaniko emakumeen historia berreskuratzea da; orain arte ahotsik izan ez dutenei ahotsa ematea. Horretarako, ezinbestekoa da historia genero[1] ikuspegitik lantzea. Generoak pertsonen bizitzaren arlo guztiak zipriztintzen baititu; genero ideologiak uneoro eragiten baitu gugan. Genero sistemak[2] (emakume eta gizonen arteko erlazioak) botere sistemak dira, eta horiek aztertuz ikusten da nola eraikitzen diren banakoen eta gizarte espazioaren arteko harremanak, eta harreman horiek nolako desberdintasunak sortzen dituzten. Beraz, emakumeen historia berreskuratzeaz ari garenean, ez dugu esan nahi emakumeez soilik mintzatu behar dugunik, hori eginez errealitatea desitxuratuko baikenuke. Genero ikuspegia erabiltzen badugu, erlazioen ideia landu behar dugu; ez dugu gizon-emakumeen portaera ulertuko, baldin eta beraien artean espazio soziopolitiko eta ekonomiko jakinetan nola artikulatzen diren aztertzen ez badugu. Gizartean gizon eta emakumeen arteko harremana gertatzen da; beraz, historia gizonei eta emakumeei, biei, dagokie.

      Gure ikerlan honetan, 36ko gerratik industrializaziora bitarteko garaia aztertuko dugu, Hernaniko emakumeek bideratu zituzten hiru bizi-estrategia ardatz hartuta. Izan ere, emakumeek egindako ekarpenak aztertzeaz gainera, garrantzizkoa iruditzen zaigu beste pauso bat ematea: ekarpen horiek egiteko emakumeek erabili dituzten bideak eta estrategiak ikertzea. Gerrari dagokionez, baserri giroa oinarri hartuta, emakume nekazariek produktuak ekoizten eta merkaturatzen egindako lanaz arituko gara. Gerra osteari dagokionez, berriz, gerraren ondorio ekonomiko eta sozialak direla medio emakumeek familientzako eta herriarentzako oinarrizko lehengaiak lortzeko ireki behar izan zituzten bide berriei erreparatuko diegu, merkatu beltzean eta estraperloan “aditu” izan baitziren. Industrializazioak dakarren garapen ekonomikoa dela eta, Hernanira etorkin ugari iritsi zen, eta apopilotzaren fenomenoa agertu zen. Apopilotza erroldetan agertzen ez den baina oso kontutan hartu behar den jarduera da, jarduera horretatik zetorren diru sarrera garrantzitsuak senarraren edo bestelako senitartekoen soldata “osatzen” baitzuen eta familiaren biziraupena posible egiten baitzuen.

      Sarrera honen lehen lerroan nabarmendu dugun moduan, emakumeen historia isildu egin da, eta horrek hutsune handia sortu du bai historiografia orokorrean, eta baita emakumeen autobiografian ere. Hutsune hori bete ahal izateko, bi informazio bide nagusi erabili ditugu: dokumentu idatziak eta berriemaileekiko elkarrizketak. Dokumentu idatziak berriemaileen bitartez lortu dugun informazioari sostengua emateko erabili ditugu; baina, ikerlan honetan, Hernaniko gizon-emakumeen hitzak dira protagonista, haiek baitira liburu honetan idatzi duguna lehen pertsonan bizi izan zutenak. Emakumeak elkarrizketatzen hasi ginelarik, konturatu ginen ez diotela behar adina garrantzi ematen egin zutenari. Nolabait, gizarteak ezartzen dien bigarren mailako toki hori barneratu egin dute, eta asko kostatzen zaie beren protagonismoa onartzea. Autozentsura egiten dute. Beraz, emakumeen memoria berreskuratzeko zailtasun asko daude.

      Bestalde, aztergai dugun garaia dela medio (1936-1970), ez da erraza esperientzia horiek bizi izan zituen jendea topatzea. Batzuek ez dute iraganeko garai haiez hitz egin nahi; historiaren protagonista asko, berriz, ez daude gure artean jada. Beraz, premiazkoa irizten diogu era honetako lanak sustatzeari. Behin esan ziguten bezala, beranduegi gatoz historiako zenbait une berreskuratzera.

      Ikerlanean zehar hizpide izango ditugun hiru estrategiak (baserriko produktuak merkaturatzea, estraperloa eta apopilotza) emakumeen eguneroko jarduerak ziren, besteak beste, eta litekeena da egunerokotasun horrek galarazi izana berez zuten garrantzia. Hala ere, gogoan izan behar dugu historia egunez egun egiten dela, egunerokotasunak egiten duela historia. Gainera, Hernaniko emakumeek adierazi ziguten moduan, egunerokotasun hori ezinbestean gainditu beharreko erronka iraunkor bat izan zen beraientzat. Ikusiko dugun bezala, erronka hori gainditu ahal izateko, beraien artean harreman sareak eraiki eta abian jarri zituzten, eta harreman sare horiek sekulako garrantzia izan zuten.

      Beraz, nahiz eta haiek oraindik ez konturatu, guztion historian lehen mailako tokia dagokie.

 

 

 

“Ai maitia, maitia.
Mundun bizitzeko ezer ez duenak
buelta asko ematen din”.

Almudena.

 

 

 

 

[1] Generoa: Generoak ar edo eme jaiotzetik, ezaugarri biologiko horretatik haragoko azterketak egiteko bideak irekitzen dizkigu. Nozio honen bitartez, gizon-emakumeen artean sortzen diren harremanak eraikuntza kultural eta sozial gisara azter litezke, esentzialismo biologikoak alde batera utzita.

[2] Genero sistemak: Gizaki sexuatuak garela oinarritzat hartuta, gizonentzako, alde batetik, eta emakumeentzako, bestetik, egokiak diren portaerak eraikitzeari egiten dio erreferentzia kontzeptu honek. Ikuspegi horretatik planteatzen da eme edo ar jaiotzeak (bereizketa biologikoa) emakumeak edo gizonak eraikitzea (bereizketa soziala) dakarrela berarekin, eta horrek maskulino eta femenino kontsideratzen diren portaera kanonetara egokitzea. DIEZ, C. (1999). Honako artikulu honetatik jaso eta geuk itzulia: “Sistema de género, desigualdad e identidad nacional” 147-172or, in ALBITE, P. (Koor). Sociedad Vasca y construcción nacional. Donostia. Gakoa.