Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Latseko produktu kimikoen fabrika
(Ereñotzu, Hernani)
2021

 

3. EKOIZPEN-INSTALAZIOAK

 

      Latseko fabrika Urumearen ertzean dago, Hernanitik Nafarroarako errepidearen ondoan, Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen errepidearen 6,4 kilometroan, hain zuzen. Urak Urumeara isuri aurretik Usoko errekak mugatutako lurzati lau bat hartzen du, gutxi gorabehera 7.500 m2 azalerarekin. Eremua ia bi metroko garaiera duen harlangaitzezko horma batek mugatzen du, eta forma laukizuzena moduko bat osatzen du.

 

Hernaniko inguruetako planoa. Geziaren bide Latse non dagoen adierazten da.

 

      Barrualdean, nahiko egoera txarrean dauden eta kontserbazio-egoera ezberdina duten hainbat eraikin bereiz daitezke. Hurrengo planoan lantegia funtzionamenduan egon zen azken urteetako barne-banaketa marrazten da, bertan bereiz daitezkeen elementu guztiekin.

 

1 - Ikaztegia

2 - Lastotegia

3 - Baskula

4 - Ikazte-labeen nabea

5 - Lurrun-galdararen nabea

6 - Etxe txikia

7 - Tximinia

8 - Zamalekua

9 - Estalpeak

10 - Turbina hidraulikoa (zerrategiarena)

11 - Zerrategia

12 - Biltegi handia

13 - Komunak

14 - Presa eta ubidea

15 - Birakaria

16 - Nagusiaren txaleta

17 - Langileen etxea

 

      Jarraian, konplexuan bereiz daitezkeen eraikinak eta horietako bakoitzean egiten zen jarduera deskribatzen dira, baita eraikin bakoitzaren egungo kontserbazio-egoera ere. Eraikinen izendapenari dagokionez, langileek beraiek ezagutzen zituzten moduan mantendu dira, eta, kasu batzuetan, beste egokiago bat lehenetsi da.

 

 

 

1. Ikaztegia, “Ikaztokiya”

 

      Finkako sarreran kokatua, ikatza biltegiratzeko eraikina zen. Oinplano laukizuzena du, 260 m2-ko azalerarekin. Altuera gutxikoa, harri-hormaz egina da, erdialdeko horma-atala izan ezik. Barrualdean, zurezko egiturak teila lauzko bi uretako estalki ez-simetrikoa eusten du, eskuin isurkia luzeagoa izanik. Gaur egun egoera onenetakoa duen eraikina denez, biltegi moduan erabiltzen dute langileen etxean bizi direnek.

 

 

 

 

2. Lastotegia

      Ikaztegiari mendebaldean erantsitako eranskin laukizuzena da, adreiluz egina eta sarbidea finkaren kanpoaldetik duena. Eraikin berri samarra izan arren, bere izanaren lekuko, zaharra du izena. Motordun garraioa iritsi aurretik, mando eta idientzako lastoa gordetzen zen bertan.

 

 

3. Baskula, kaseta

 

      Finka inguratzen duen hormari barnealdetik atxikita, 20 m2-ko azalera eta ur bakarreko estalkia dituen eraikin txiki bat da. Etxolaren barruan bulego-mahai bat zegoen, eta pisatzeko balantza. Aurrealdean, baskularen plataforma metalikoa dago. Garai batean, gainera, zurezko zorua zuen. Baskula ez zen lantegirako bakarrik erabiltzen, kanpokoek ere erabiltzen zuten tasa bat ordainduz.

 

 

 

 

 

 

4. Ikazte-labeen nabea

 

      Konplexuaren eraikin nagusietako bat da, lehen ekoizpen-nabea, errepidetik hurbilen dagoena. Oinplano laukizuzena du, 470 m2-ko azalera, eta harlangaitzez egina dago. Teila lauz egindako bi isurkiko estalkia zuen, baina gaur egun behera etorri da. Kanpoko hormak baino ez dira geratzen, eta barrualdea, berriz, sastrakak eta eroritako estalkiaren arrastoek hartu dute. Hala ere, errepidearen aldeko horman oraindik ikus daitezke hainbat bao, barrualdea argiztatzeko irekitakoak, adreiluz egindako arku eskartzanoekin dekorazio-elementu gisa. Bao-lerroaren goiko aldeko horma zatian fabrikaren errotulua zegoen duela gutxi arte: “Aritzarenak / Fabrica de productos quimica - Hijos de Jaime Puig”, irakur zitekeen bertan.

      Barrualdean, errenkadan kokatzen ziren lau ikazte-labeak, eta horretarako egurrez betetako galdara erraldoiak sartzen zituzten bertaraino, bi errailen gainetik zebiltzan bagonetetan. Sarrera hori zen, hain zuzen, naberako sarrera, eta aldi berean fabrikarako sarrera nagusia. Bestalde, labeetan harrikatza erregai gisa erabiltzen zenez, eraikinaren kanpoaldetik erregaia labeetara eramaten duten bi bao karratu ikus daitezke oraindik bao-lerroaren behealdean, lurraren arrasean.

 

 

 

 

5. Lurrun-galdararen nabea

 

      Aurreko nabearekin batera fabrikako beste eraikin nagusia da, bigarren ekoizten-nabea, tamainaz handiena. Lehenaren moduan oinplano laukizuzena du, 700 m2-ko azalerarekin, eta lehenari aldamenean ekialdetik itsatsita dago, baina iparrera desplazatua. Kanpoko hormak harlangaitz arruntez landuak dira, eta egoera txarrean egon arren, oraindik zutik dirau “Polanceau” motako metalezko zertxaren gainean eraikitako eta teila lauz hornitutako bi uretako estalkia. Isurietako batean, mansarda moduko leiho handi bat zuen, ur bakarrekoa, Oñativiaren margolanean garbi ikus daitekeen moduan. Goiko leiho hori bigarren mailako mundruna ateratzeko instalazioaren gainean zegoen. Hormapikoan okulu txiki bat du, bai aurreko fatxadan, bai atzekoan.

      Harrizko oinarri gainean finkatutako burdinurtuzko bi zutabe-ilarek hiru horma-artetan banatzen dute barrualdea. Zutabe horiek Pasaiako Fundiciones del Norte galdategian egin ziren, 1896an Latsen bigarren nabea altxatzeko. Bestalde, erantsitako bi nabe nagusien artean oso erabilia zen pasabide bat zegoen batetik bestera.

 

 

 

      Barrualdeko espazio zabalean, teilatuari eusten dioten galdaketako zutabe-ilarak nabarmentzen diren arren, nabearen elementurik garrantzitsuena lurrun-galdara da, "baporea" izenez ezagutzen dutena. Eraikinaren ipar-ekialdeko angeluan oraindik hor dago galdara, nahiz eta kontserbazio-egoera ez den batere ona. Adreilu erregogorrezko estaldura galdu du, eta bistan daude xafla metaliko errematxatuaz osatutako zisterna zilindrikoak. Labeen aurraldean irakur daitekeenez Frantzia iparraldetik inportatutakoa da. “Constructions Mecaniques de Saint Quentin” etxekoak dira (Aisne departamendua), 1884 eraikiak, Latseko lantegia sortu zen garai berekoak. Instalazio berezia da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko ondarearen barruan kontserbatzen den pieza bakarra.

 

Lurrun-galdararen gaur egungo egoera

 

Lurrun-galdararen aurrealdea 1990eko hamarkadan

 

      Lurrun-galdaraz gain, nabe honetan beste hainbat instalazio ere bazeuden, guztiak ere ekoizpen-prozesuan nahitaezkoak zirenak: kobrezko bi alanbike, “salda” beroa mantentzeko biltegia, “patata-irina” urtzekoa, “pailak” garbitzeko zentrifugailua.... Ez hori bakarrik, nabearen erdian aldagela funtzioa betetzen zuen zurezko egitura bat ere bazegoen.

 

 

6. Etxe txikia

 

      Finkaren hego-mendebaldean, eremua ixten duen murruak eta Usoko errekak sortzen duten izkinean kokatzen den eraikina da. "Casa pequeña" izenez ageri da dokumentuetan, eta “Etxe txikia” esanez ezagutu izan dute beti langileek. Oinplano laukizuzeneko eraikina, horma-harriz egina, eta teila lauzko bi isurkiko estalkia du, eusten duen zurezko egiturarekin. Egungo egoera ona ez izan arren, eraikinak oraindik zutik dirau.

 

 

 

      Ikazte prozesuarekin lortutako hainbat produktu maneiatzeko eta biltegiratzeko erabiltzen zen eraikina, besteak beste, zurezko barriketan ozpina eta kristalezko “potiz” edo txongiletan alkohola gordetzeko. Barruan eta hondoan, barriken gainean solairuarte bat ere bazegoen.

 

Produktuen biltegia (1990), barrikak eta potizak;

segidan, gaur egunean. Behean, eraikinaren sarrera.

 

 

 

7. Tximinia

 

      Bi nabe nagusiek sortzen duten espazioaren erdian, oraindik zutik dirau lantegiaren industria-tximiniak, zalantzarik gabe Latseko elementurik esanguratsuena, errepidetik pasatzerakoan beti deigarri gertatzen dena. Osotasunean adreilu trinkoz eraikia, 30 bat metroko altuera geometrikoa du, eta oinarrian 3,5 m-ko diametroa, nahiz eta gora egin ahala estutzen doan. Bai lurretik pare bat metrora, bai goiko muturrean, zerrenda apaingarriak ditu. Moldura ugari konbinatzen dira adreiluak era desberdinetan jarriz: arkatz eran, zerra-hortzeta eran, takeatze moduan. Punturik gorenean tximistorratza ere badu. Gaur egun arriskua sortzen duen makurdura aurkezten du, batez ere goiko zatiak.

 

Osotasunean adreiluz eraikitako tximinia, Latseko elementurik esanguratsuena

 

      Tximinia isolatua da, hau da, ez da eraikin baten teilatutik irteten, eta eraikin bati itsatsita ere ez dago. Ikazte-labeen nahiz lurrun-galdararen beste muturrean badago ere, lurrazpiko bi eroanbide zuzen ditu horiekin lotzeko. Urrun egonik ere halako tamainako tximinia handiarekin “tiro” ona lortu eta aise eramaten ziren keak tximinian gora. Industriako tximiniek altuera behar izaten zuten kutsatzaileak lurretik urrun kanpora isurtzeko.

      Gutxi dira gure lurraldean oraindik zutik geratzen zaizkigun halako adreiluzko industria-tximiniak: Pasai Antxokoa, Andoiango Galgo paper-fabrikakoa, Zumaiko Narrondokoa, Urretxukoa, Oñatiko Juan de Garay adreilu-lantegikoa...baina landa-eremuan dagoen bakarra ere bada.

 

 

8. Zamalanetarako nasa, “moila”

 

      Lehen nabearen atzealdean zegoen, nabearen eta kanpoko murruaren arteko kale estuan. Garraio-kamioiak bertaraino sartzen ziren atzeraka, eta han zamalanak errazteko moila moduko bat zegoen. Gaur egun teilatua galdua duen arren, lehen espazio hori guztia estalita zegoen.

 

 

 

 

9. Estalpeak

 

      Kanpoko murruari itsatsita edo eraikinen estalkien luzapen gisa, estalpe ugari zeuden. Zurezko zutoinez osatutako egitura sinpleak ziren, isurialde bakarreko teila lauko teilatu bati eusten ziotenak. Gehienak irekiak ziren arren, itxiak ere baziren. Mota guztietako materiala gordetzeko erabiltzen zen: tresneria, potizak, kare-esnea prestatzeko karea bizia...Gainerako egiturak bezala, gehientsuenak oso egoera txarrean daude oraindik erori ez badira.

 

 

 

 

10. Turbina hidraulikoak

 

      Burdina forjatuzko bi hodik goiko karga-biltegian gordetako ura fabrikako instalazioetara zeramaten. Haietako baten ur-zurrustak Usoko errekaren hango aldean, etxola batean, zegoen turbina mugitzen zuen, zeinak dinamoa edo korronte zuzeneko sorgailua akoplatuta baitzeukan. Baina lortutako potentzia txikiko elektrizitate horrek argiztapenerako bakarrik balio zuen, “ipurtargi” bonbilla gutxi batzuk elikatzeko. Ez zen makineria elektrikorik egon fabrikan. Bigarrenaren zorrotada, Usoko erreka zeharkatuz, hodi-sistema baten bidez lantegi osoan zehar banatutako hainbat

      gailu eta makina eragiteko beste 5 turbinetara eramaten zen: zerrategia, ekoizpena ahalbidetzen zuten hainbat ur-ponpa eta aire-ponpa, garbitzeko zentrifugagailua, esmerilagailua, ikatza bahetzeko makina... Karga-biltegitik salto gordina 31,13 m-koa zen, eta jauzi erabilgarria 26,34 m-koa.

      Instalazioetako gainerakoa bezala, turbinak gaur egun egoera tamalgarrian daude, dagoeneko desagertu ez badira. Ondoko argazkian, zerra hidraulikoa mugitzeko turbinaren kazolatxoak ikus daitezke, lurrez estalita egon arren.

 

Zerrategiko turbina hidraulikoaren kazolatxoak

 

 

11. Zerrategia

 

      Zerra hidraulikoa lurrun-galdararen ondoan zegoen, baina kanpoaldean, eragiten zuen turbinaren ondoan eta bi isurialdeko estalkiak babestuta.

 

 

 

12. Biltegi handia

 

      Gaur egun erorita badago ere, antzinako argazkietan ikus daitekeenez estalki handi bat zuen eraikina zegoen errekaren beste aldean. Jasotako lekukotzen arabera, fabrikaren jardueraren azken urteetan eraikin hori ez zegoen fabrikaren ekoizpenarekin lotuta, eta “beheko planta” nahiz “goiko sala” biltegi gisa erabiltzen zituzten langileek eta senideek. Gaur egun, sastraka artean, huntzez betetako harlangaitz-hormak baino ez dira geratzen.

 

 

 

13. Komunak

 

      Fabrikaren hastapenetan ziurrenik komunetarako eraikin espezifikorik egongo ez zen arren, ondoren horretarako eraikin berezi bat eraiki zen errekaren beste aldean. Oraindik zutik dago, baina oso egoera txarrean. Halaber, Usoko erreka bideratuaren gainean bi ertzak lotzeko balio zuten hormigoizko bi zubietako bat kontserbatzen da. Bestea lurrun-galdararen parean zegoen.

 

 

14. Presa eta ubidea

 

      Usoko errekari jarraituz Latsetik Izeneder baserrirantz doan bidetik, errekaren ibilguan zeharka eraikitako presa bat ikus daiteke. Hormigoizko aurrealde zuzeneko presa da, 18 m luze, 2 m garai eta 1 metro eskas zabal dena. Goiko aldetik handituta dago, emari gehoiago hartu ahal izateko. Bere eskuinetik, 50 cm zabal eta 300 m luze den ubide bat irteten da. Adreiluz egina eta kareztatuta, fabrikaren gainean kokatutako 200 m2-ko ur-biltegiraino iristen da.

 

XX. mendearen hasierako plano topografiko honetan, besteak beste,

Latseko lantegia, Usoko erreka eta ur-biltegiraino doan ubidea ikus daitezke.

 

      Azkenik, lantegitik gertu baina finkatik kanpo, errepidearen beste aldean, tipologia ezberdineko bi eraikin berezi nabarmentzen dira. Batetik, fabrikako jabeek beren langileentzat eraikitako etxea, “langileen etxea”, eta bestetik, jabearentzako 1919an eraikitako txaleta (aurrerago xehetasunak).