Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Hernaniko industria-ondarea
Urumea bailaran zehar
Miren Garcia Dalmau / Alfredo Moraza Barea, 2020
50. Santiago-Abañoko zentral hidroelektrikoa | 51. Aparraingo burdinola |

 

51
APARRAINGO
BURDINOLA

 

 

KOKAPENA

 

UDALERRIA: Hernani

KOORDENATUAK (U.T.M.): x 588215, y 4786465, z 56,27 (gutxi gorabeherako kokapena)

IBAIA: Urumea

 

      Aparraingo multzoa Pagoagako auzoan kokatzen da. Zehazki izen bera daraman baserritik gertu. Eremua, Urumea ibaiaren eskubialdean eta Nafarroako mugatik oso gertu dago. Sarbidea Ugaldetxoko zubitik abiatzen den pista batetik egiten da, ibaiaren eskuinaldetik.

      Gaur egun ez dira burdinolaren aztarna aipagarririk mantentzen, inguruan dauden eraikinen berrikuntzak egin eta gero, baina arrasto batzuk bere gutxi gorabeherako kokapena egiaztatzen dute.

 

 

DESKRIBAPENA

 

KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta

BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)

            HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.20 Aparrain burdinola (gaur eskorta) (ageriko egiturarik gabe). E Gakoa

 

      Aparrain baserriaren inguruan eta Urumea ibaiaren zonaldean, galdaketa zepa ugari jaso daiteke, instalazio honen ekoizpenarekin lotuta.

      Burdinola zaharrarekin zerikusirik izan dezaketen arrastoak, egun biltegi bezala erabiltzen den karratu formako oinplanoa duen (5x5 m) eraikin txiki batekin lotu daitezke. Harri-hormazko hormaz egina dago eta galdaketa zepa pusketa ugari ditu sartuak, orain dela gutxi berritua. 1995eko bisitan bere hormetan egun hormatuta dauden bao batzuk ikusi zitezkeen, hala nola beste eraikuntza arrasto batzuk, modiloiak, etab. Duela gutxi eraikinean egindako berrikuntzek aurretik egon zitezkeen arrasto guztiak hondatu dituzte, ekoizpen instalazio honekin zerikusirik duen oro ezabatuz.

      Eraikin honen aurreko aldean gaur egun terraza artifiziala osatzen duten horma batzuk ikusten dira.Ez dirudi ekoizpen instalazioekin zerikusirik dutenik.

      Inguruan Aparrain baserria dago eta bere aurrealdean duen inskripzioarengatik 1795ean berreraikia izan zela dirudi. Eraikin hau jatorriz olagizonaren etxea izan zitekeen, nahiz eta ezin den ziur jakin eta gaur egun hiru etxebizitzetan banatuta egon.

      Baserriaren Ipar-mendebaldean oso egoera txarrean mantentzen den egitura bat dokumentatu daiteke, baina ezinezkoa izan zen bisita egitea duen landaredia ugariagatik. Hondakinak, 1995ean egindako bisitaren arabera, mea kiskaltzeko labea edo arragua zahar batekin bat etortzen dira. Harri-hormazko horma batekin egina, mendi-mazela eta haitz handi baten tartean eraikita dago eta angeluzuzen formako oinplanoa du. Erdialdean egosteko upa bereizten da (une horretan zeharo desitxuratuta), eta erdi-puntuko arkudun bi aho ditu beheko aldean aurrez aurre ipinita.

      Ezin izan da zehaztu ur-azpiegituraren ez kokapena ezta ezaugarriak ere (presa, ubideak).

      Dokumentatu ahal izan diren aztarna eskasek ez dute oso garbi uzten benetakotasuna, ezta bere lotura zuzena burdinola zaharrarekin ere. Hori dela eta, gomendagarria litzateke arkeologia-ikerketa lan sakonagoa egitea, ahozko usadioak burdinola dela esaten duen hormen artean metaketa arkeologikoaren balioa zein den jakiteko.

      Inguruan Urbitarte edo Aparraingo zubia kokatzen da, Hernani eta Arano arteko lursailetan. Ibai-irla txiki baten gainean kokatuta, bi bazterrak elkartzen zituen. Egun, zutabe bakarra mantentzen da. Triangelu-formako oinplanoa zuen eta goiko aldean zementuz berriztatutako harri-hormazko horma. Zubi hau XX. mende hasieran eraiki zen.

 

 

DATU HISTORIKOAK

 

GARAIA: Erdi Aroa/Aro Modernoa (1536/1610.)

BESTE IZENAK:

 

      Aparrain burdinola XVI. mendeko lehenengo erdialdean eraikia izan zela dirudi. Zehazki, 1536an Luis Cruzat merkatari donostiarrak dio “abia tomado y señalado y helegido ...en la parte que llaman Elizen-Aparrainondoa, un sitio e lugar para azer una o doss herrerias”, Donostia eta Hernaniko bizilagunek Urumeako Bailaran burdinolak eraikitzeko zuten eskubidea erabiliz[143].

      Eraikitako instalazioen ezaugarriak ezezagunak dira, nahiz eta bere presa karerik gabeko harri bloke handiz eginiko harri-hormazko horma batez eraikita egon. Baina 1556an gertatutako uholde handiaren ondorioz suntsitu egin zen, baita Bailarako beste hainbat burdinolen instalazioak ere[144]. Azpiegiturak berritzeko prozesua motela eta oso garestia izango da, hamarkada bat baino gehiago luzatuz, eta zailtasun handiekin.

      Instalazioak berreraikiko dituzte eta XVII. mende hasieran (1610) oraindik martxan jarraituko dute. Ezin da jakin noiz utzi zuten funtzionatzeaz. 1647an, ekoizpen-instalazioak funtzionamendutik kanpo zeuden: “la casa y casseria de Aparrayn con sus paredes y obras de herrerias que estan jermadas”[145].

 

 

[143] HUA. C-5-III-1-4 (1536.06.17).

[144] GAO. PT. 1.502 sorta.

[145] GPAH. III/1.152, 147 orr. (1647.09.17).

 

 

 

Aparraingo burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

(ITURRIA: Geoeuskadi)

 

Burdinolaren gutxi gorabeherako kokapena

 

Burdinola zaharrarekin segur aski lotzen diren aztarnak

 

Kiskalketa labe edo arraguaren aztarnak eta xehetasunak (1995/2004)

(ITURRIA: HUA; AZEA)

 

Urbitarte zubiaren aztarnak

 

50. Santiago-Abañoko zentral hidroelektrikoa | 51. Aparraingo burdinola |