Urumea bailaran zehar
49
PAGOAGAKO
ERROTAK
KOKAPENA
UDALERRIA: Hernani
KOORDENATUAK (U.T.M.): x 587752, y 4785712, z 64,50
IBAIA: Sagarretako erreka (Pagoaga erreka)
Multzoa Pagoaga auzoan kokatzen da. Zehazki Sagarretako erreka eta Nafarrora doan errepidearen (GI-3410) elkargunean kokatzen dira, errekaren bi aldetan. Inguruan auzoari izena ematen dioten eraikin batzuk ikusten dira.
Inguru hartan burdinola batek eta bi errotek osatzen dute multzoa. Eraikin guzti hauetatik ez dira ia arrastorik gelditzen, horietako errota baten eraikina izan ezik, gaur egun oraindik bere izena gordetzen duena (Pagoaga errota). Gainontzeko elementuen instalazio edo azpiegituren eraikuntza arrasto guztiak desagertu dira.
DESKRIBAPENA
KONTSERBAZIO EGOERA: Hondakin bakan batzuk baino ez ditu kontserbatzen
BABESA: Babesik gabe
Pagoagako errotak (eta Zentral hidroelektrikoa), izen bera duen baserriaren inguruan kokatzen ziren, Nafarroako errepidearen bi alboetan (GI-3410), Sagarretako errekaren ondoan.
Multzoa bi errotek osatzen zuten, maila desberdinetan kokatuta eta elkarrengandik oso gertu, bata bestearen ura aprobetxatzen. Biak oso tamaina txikikoak ziren.
Goiko errota gaur egungo Pagoagaerrotako eraikinean zegoen, errekaren ezkerraldean. Egun deseginda dago eta bere makineria guztia eta elikatze azpiegitura (presa eta ubideak) desmantelatuta, gelditzen den lekuko bakarra izena delarik. Eraikina duela urte gutxi berritua izan zen guztiz, bizitoki bezala moldatuta.
Beheko errota aurrekotik ur behera 20 bat metrotara zegoen, errepideko zubia pasa eta gero, aipatutako errekaren eskuinaldean. Egun ez da inongo arrastorik mantentzen, guztiz suntsituta gelditu baitzen uholde gogor baten ondorioz (Aguirre 1984:558). 1990ean egindako bisitaldian ubidearen zati txiki bat dokumentatu ahal izan zen, 2x2 metrotakoa, harkaitzean zulatuta zegoena eta hortik desbideratzen zuena errakako ura bere errotarriak mugi arazteko. Egun, dagoen landarediak ez du garbi ikusten uzten aztarna horien kokapena eta egoera.
DATU HISTORIKOAK
GARAIA: Garaikidea (1903/1945)
BESTE IZENAK: Molino de arriba, Molino de abajo, Errotacho
Bi errotak XX. mende hasieran eraikiak izan ziren. 1899an Jose María eta Jose Manuel Garin anaiek Pagoagaerreka errekatik 24 l/s-ko emaria desbideratzeko baimena jaso zuten, irin-errota berri bat elikatzeko. Eskaera hori 1903an errepikatuko da, eta eskatutako emaria (100 l/s) handituko da ziurrenik, hasierako proposamena birplanteatzearen eta bi errotak eraikitzearen ondorioz[135].
1909. urteko idatzi batean aipatzen da Garin anaiek eraikitako bi errotak (“haciendo sobre ellos a sus expensas los molinos y demas construcciones en ellos existentes”). Instalazioen deskribapen txiki bat aurkeztuz:
.- “molino harinero denominado de Arriba, situado en el punto de Pagoaga. El edificio consta de planta baja con una piedra para hacer harina de maiz y un piso de habitacion”. 48 m2-ko azalera du.
.- “molino harinero llamado de Abajo que consta de solamente una planta llana donde está una piedra para moler maiz”. 36 m2-ko azalera du.
.- aipatutako errotak urez elikatzeko bi presa.
.- ur-andela Goiko errotarentzat eta Pagoagako errekatik desbideratzen den ubidea[136].
Goiko errota deiturikoa (egun Pagoagaerrota) gutxienez 1907tik aurrera auzoko baserrientzat argindarra sortzeko erabilia izan zen, Zentral hidroelektriko moduan. Horretarako Talleres San Martin (Santander) enpresako turbina bat eta Elektrizitatsgesellschaft Alioth (Suitza) enpresako dinamo bat zituen. Errota/Zentral honek gutxienez 1945 arte martxan egon zen.
Bekoerrotak 1930eko hamarkadan utzi zuen ibiltzeaz, bere garaian jasotako ahozko informazioaren arabera, ia bere osotasunean suntsitu zuen uholde baten ondorioz (Aguirre Sorondo 1984:558).
[135] GAO. JD-IT. 1.525/8.433 sorta, IDEM. JD-IT. 1.524/8.807 sorta.
[136] GPAH. III/4.258 sorta, 45 zk., 201-205 orr. (1909.03.07).
Pagoagako erroten kokapena
(ITURRIA: Geoeuskadi)
Pagoagako Goikoerrota 1980 inguruan (gaur egun Pagoaga errota)
eta gaur egungo argazkia
(ITURRIA. GÍA. Gure Gipuzkoa)
Pagoagako Bekoerrotaren gutxi gorabeherako kokapena
Pagoagako Bekoerrotaren ubidearen aztarnak (1990)
(ITURRIA. EJ-GV)