Urumea bailaran zehar
29
FAGOLLAGAKO
PAPER-FABRIKA
KOKAPENA
UDALERRIA: Hernani
KOORDENATUAK (U.T.M.): x 585126, y 4788827, z 22,41 (fabrika)
x 585341, y 4788683, z 31 (presa)
IBAIA: Urumea
Fagollagako multzoa, izen bera daraman auzoan kokatzen da, Urumea ibaiaren eskuinaldeko bazterrean sakabanatuta. Multzoa, Nafarroara doan errepidearen (GI-3410) ertzean kokatzen da, Fagollagako zubiaren inguruan.
Multzoa elementu desberdinek osatzen dute: Fagollaga Burdinola, gero Paper-fabrikan bihurtuta; Porlan fabrika; eta azkenik Zentral hidroelektrikoa. Elementu guzti hauek Bailarako multzo aberats eta interesgarrienetako bat osatzen dute. Izate hutsak industria ekoizpen multzo batez hitz egiten digu, azken bost mendeetan luzatu dena gaur egun arte. Hori dela eta, kokapen hau interesgarrienetako bat da Gipuzkoako industriaren garapena aztertzeko, industriaurreko jardueretatik hasi (burdinola edo aingurak egitea) eta zementua edo energia hidroelektrikoa ekoizteraino.
Tamalez, mantentzen diren aztarnen egoera oso desberdina da. Burdinola (edo burdinolak) eta ondorengo paper-fabrikaren aztarnarik ez da gelditzen, hala nola Aingura fabrikarenak ezta ere (ofizialen etxebizitzetara murriztua).
Inguruaren azterketa sakonago batek (landaredia kendu, ikerketa arkeologikoa) interpretatzeko garaian dauden zalantza ugari argitzea ahalbidetuko luke, eta aldi berean inguru hau Bailarako aisia eta ondare ikono bezala berpiztu.
DESKRIBAPENA
KONTSERBAZIO EGOERA: Desagertuta
BABESA: Balizko Arkeologia Gunea (Buletina: EHAA 124 zbka. 1997.02.21)
HHPASB (Arkitektura). III. Motako Babes Erregimena: Fitxa III.8 Fagollagako burdinola (Zementu fabrika)
HHPASB (Arkeologia). Presuntzio Arkeologikoko Guneak. Fitxa A-4.11 Fagollagako burdinola (ageriko egiturarik gabe). D Gakoa
Litekeena da Fagollagako paper-fabrika burdinola zaharraren zimenduen gainean eraiki izana. Zonaldean komunikabide berriak irekitzeko egindako eraldaketek (Nafarroako errepidea) edo ondoren egindako industria jarduerek ezabatu egin dute egon zitekeen aztarna oro, eta ez dira inolako aztarna fisikorik geratzen. Horrelako jarduera segidak (burdinola/paper-fabrika), dokumentatu ahal izan dira ere antzeko testuinguruetan, jatorrizko ekoizpen azpiegiturak baliatuz ekoizpen desberdinetarako (Fagollaga, Eziago; Latsa, ...).
Ez dago burdinola/paper-fabrika hauen kokapen zehatzaren ziurtasunik, seguraski gorago egongo zen, Arbelaitz baserria eta Fagollaga jatetxearen tartean. Hipotesi hau ezingo da argitu inguruan ikerketa arkeologiko sakon bat egin ezean. Tamalez, 2009. urtean inguru horretan lur mugimendu garrantzitsuak aurrera eraman ziren Gasbide berriaren bidea egiterakoan, inongo jarraipen arkeologikorik egin gabe eta hipotesi hori baieztatu edo ezeztatzeko aukerarik gabe.
Pista bakarra plano xume batek ematen du, non burdinola zaharra, Aingura Errege fabrika, zubia eta Urumea ibaiaren kokapena azaltzen den. Beraz, paper-fabrikak, instalazioak eta azpiegitura hidraulikoa aprobetxatu zituen.
Antzeko zerbait gertatzen da ur-horniketarako azpiegiturarekin, ez dagoela aztarnarik. Ubidearen ibilbidearen zati handi bat, zementu-fabrikak lehenengo, eta zentralak ondoren, erabili izan zuten. Azken honek gainera presa berri bat eraiki zuen, egungoa, ur gora Ereñotzuko bihurgunetik gertu zegoen presa zaharra eta burdinolak erabilitako ubidea eraitsiz. Zementu-fabrikak XX. mende hasieran bi elementuak berriztatu zituen. Gaur egun eremu honetan aurkitu ezin diren bi elementuak (presa eta ubidea).
DATU HISTORIKOAK
GARAIA: Garaikidea (1867-1887)
BESTE IZENAK: “La Urumea”
Fagollagako paper-fabrikak, udal jabetzako jatorrizko burdinolaren ekoizpen instalazioak aprobetxatuko ditu. Bere ekoizpena 1850eko hamarkadaren erdialdean amaitu zen, 1862an idatzitako galdeketa batean dioten bezala “hace 6 años que no trabaja”[88].
Instalazioak urte luzez utzita egongo dira 1867an Bonifacio Guibert Tolosako enpresariari salduak izan ziren arte (Lerchundi 2009). Honek, dauden instalazioak berrituko ditu bertan paper-fabrika bat egokitzeko (“ferreria nombrada Fagollaga hoy convertida en fabrica de papel continuo”), eraikuntzak eta horniketa azpiegitura makineria abiaraziko zuen turbina elikatzeko erabiliz (presa eta ubidea), gutxi gorabehera 340.000 errealeko kostuarekin. Fabrika berria “La Urumea” bezala ezagutua izango da, edukiz: makineria, trapu-andela, egosketa-galdarak, prentsaketa pilak, paper ebakitzaileak, pilak, etab., hala nola Olaechea deituriko (Arbelaitz?) etxebizitzarako eraikina.
Guibertek hasitako ekoizpena 1871n “Echaniz y Cª” enpresara pasako da, hainbat enpresari tolosarrek instalazioak alokatu ondoren[89]. Bigarren Karlistadan (1872-1876) ekoizpena etengo da kalte handiak sortuz (55.000 pezeta) makineria desegiterakoan (galdarak, turbinak, arrabolak, etab.)[90]. Ekoizpena 1877an berrabiaraziko da Tolosako “Sesé, Bandres, Echeverria y Cª” enpresaren eskutik[91]. Azken hauek instalazioak berritu zituzten eraikuntza berriak eraikiz eta makina berriak prestatuz (“ha hecho edificios, maquinarias, movimiento y demas partes de que en la fabrica se compone de diferentes obras, reposiciones, reparaciones y aumentos”). 1886ko inbentario xehatu batean hainbat instalazio aipatzen dira (zilindroak, lixibagailua, paper ebakitzailea, turbina gurpilarekin, pilak, araztegiak, bobinak egiteko makinak, papera lehuntzeko zilindroak, etab.)[92]. 1887an betirako utzi zuten, ekoizpen makineria Eziago errotara eramaterakoan, hala ere, jabeak eta errentariek eztabaida larria izan zuten, ez baitzuten bat egin egindako hobekuntzen balorazioan.
Une horretatik aurrera, kokapena inongo erabilpenik gabe gelditu zen. Guiberten oinordekoek nahitaez saldu behar izan zituzten finka eta makineria, 1893an hartzekodunek konfiskatzerakoan. Arsuaga anaiak izan ziren lehenengo, eta Jose Agustín Arbillaga gero. Horiek eutsi egingo diete aprobetxamendu hidraulikoaren jatorrizko eskubideei, alokatu arte, Alquizalate zementu-fabrikari 1901ean[93].
[88] HUA. H 261-3 esp.
[89] GAO. PT. 3.322 sorta, 291 zk. (1871.08.29); GPAH. III/3.006 sorta, 1.995-1.998 orr., 328 zk. (1872.08.18).
[90] GPAH. III/3.303 sorta, 27-28 orr., 8 zk. (1876.04.12).
[91] GAO. PT. 3.330 sorta, 237-244 orr., 3 zk. (1877.01.09).
[92] GPAH. III/3.359 sorta, 1.319-1.325 orr., 274 zk. (1886.09.20).
[93] GPAH. III/3.542 sorta, 124-144 orr., 28 zk. (1893.01.16) eta III/3.975 sorta, 1.667-1685 orr., 401 zk. (1898.05.10).
Fagollagako paper-fabrikaren gutxi gorabeherako kokapena
(ITURRIA: Geoeuskadi)
Fagollagako zementu-fabrikaren Hegoaldera
kokatutako eraikina (1990 eta gaurko egoera),
antzinako paper-fabrikaren kokapena?
(ITURRIA: EJ-GV)
Fagollagako paper-fabrikaren
Industria-ekarpenaren orria (1871-1872)
(ITURRIA: HUA)
Fagollagako paper-fabrika ustiatzen zuen enpresaren anagrama (1883)
(ITURRIA: HUA)