Urumea bailaran zehar
3. URUMEA INDUSTRIA-GARAPENAREN
TESTUINGURU GISA
Hirugarren kapitulu honetan, helburu nagusia Urumea ibaiko (eta ibaiadarretako) aprobetxamenduek denboran zehar izandako bilakaeraren ikuspegi globala eta diakronikoa ezartzea da. Arestian adierazi dugun bezala, bilakaera hori hiru garapen-etapa edo -fase handitan gauzatzen da:
• Lehenengo garaia: Industria aurreko usadiozko industriaren garapena.
• Bigarren garaia: Industria-iraultza eta industria modernoaren sorrera.
• Hirugarren garaia: bigarren Industria-iraultza.
Hurrengo lerroetan, zehatzago azalduko ditugu etapa zehatz horiek, haien berezitasunak eta ordezkari nagusiak. Aldez aurretik, Urumeak komunikazio-bide gisa jokatzen duen papera landu behar da.
3.1. URUMEA KOMUNIKAZIO-ARTERIA NAGUSI GISA
Historian zehar, eta garai honetan oso arraroa iruditu daitekeen arren, Urumea, Lurraldeko komunikazio-bide nagusietako bat izan zen. Gaur egungo lehorreko garraio sareek (errepideak, trenbideak, e.a.) urrunarazi egin gaituzte ibaietatik, hauek gainditu beharreko oztopo soiltzat hartuz. Baina, duela gutxi arte, kostaldeko eta barrualdeko herrien artean merkantziak garraiatzeko bide garrantzisuenetako bat izan dira ibaiak. Kasu askotan, ibai-garraioa lurreko garraioaren alternatiba bakarra izango da, bideen garapen eskasagatik, kontserbazio-egoera eskasagatik, oztopo orografikoengatik, animalia-tiroaren geldotasunagatik edo bide horiek zedarritzen zituzten pontazgo, portazgo eta aduanen gehiegizko kopuruagatik (Aragon, 2019:436).
Gure Lurraldeko orografia korapilatsuak eta errepide sare urriak, gure aurrekoak ibaiak komunikabidetzat erabiltzera bultzatu zituen. Orokorrean Gipuzkoako ibaiak, eta horien artean Urumea, ibilbide laburrekoak eta emari urrikoak dira. Horrexegatik, bere azken tarteak soilik dira ontzirako egokiak (itsasaldien eraginaren pean zeuden tokietan gutxi gorabehera). Deba ibaian, ontziak Altzolaraino (Elgoibar) iristen ziren, bokaletik 10 bat kilometrotara ibaian gora. Urolaren egitura berezia dela-eta, Beduaraino (Zestoa) bakarrik zen nabigagarria ibaia, bokaletik 3 kilometrotara besterik ez. Oria ibaiak ur emaria handiagoa duenez, Usurbil ingururaino nabiga zitekeen ibai horretan, Oriotik ia 13 kilometrotara. Oiartzun ibaian gora, bestalde, Errenteriaraino nabiga zitekeen soilik. Azkenik, Bidasoa, Nafarroako Bera herriraino zen nabigagarria, bokaletik 15 kilometro baino urrunago (Gorosabel, 1899-1901:83-89).
Gipuzkoako ibaien artean, Urumea ibaia da, hain zuzen ere, tarte nabigagarririk zabalena duena, bokaletik Ereñotzuraino 17 kilometro pasatxo dituena. Autore batzuek nabigagarritasun hori Aparraineraino ere zabaltzen dute, baina baieztapen hori nahiko zalantzazkoa da. Zehazki, aita Larramendik 1754an adierazi zuen Urumea ibaia bi legoa baino gehiago nabigagarria zela Santa Katalina portutik gora, bokaletik oso gertu, Fagollaga eta Pikoagako burdinoletaraino (Larramendi, 2011: 33-36).
Ibai garraio honen jatorria Erdi Aroan kokatzen da, non jada, nolabaiteko intentsitate eta merkantzia bolumenarekin garatuko den, Santa Katalina portu donostiarraren kontabilitate testigantzetan jasotzen den bezala. Hala ere, Aro Modernotik aurrera areagotu zen modu nabarmenean (XVI. eta XVIII. mendeak), zura eta aingurak garraiatzeari emandako bultzadari esker.
Urumea ibaiaren ertzetan zehar kokatutako portu-sare garrantzitsu bat zegoen. Trazadura horretan, portu batzuk eraiki ziren, transakzio horiek bermatzeko behar ziren oinarrizko azpiegitura batzuekin (ontziralekuak, lonjak, biltegiak, pisuak, etab.), karga eta zerga desberdinen kobrantza egiaztatzen zuen lonjarekin. Ibai-azpiegitura horiek oso xumeak eta ahulak ziren aldi berean, dauden deskribapen urrietatik ondoriozta daitekeenez. Ontziralekuak dike edo presa bat izan zuen, ura Lonjarantz desbideratu ahal izateko eta ontziak porturatzeko behar besteko behea izateko. Zamalanak errazteko, egurrezko oholeria zuen, hesolak ibaian sartuta zituena. Hori guztia harriz beteta zegoen (“la Presa que estta donde la estanca que se halla en la Ria principal de la Hurumea para correr la agua de las azequias que se hallan echas ...al Puerto”) (Garcia de Vicuña 2011:237).
Puntu horretan, gainera, transakzio horiek egiaztatzeko eraikina zegoen, haren pisua eta eskubideak kobratzeko lekuarekin eta baita biltegiekin ere: Lonja edo Renteria. Gure kasuan, eraikin horiek erabat desagertu dira, jarduera bertan behera uztearen ondorioz, edo etxebizitza bihurtu dira, Ereñotzun edo Portuko auzoan dauden etxebizitzen kasuan gertatzen den bezala, oraindik ere jatorrizko izena mantenduz.
Bertara ontziak (alak, txalupak edo gabarrak) iristen zirenekoa eta ibaia gora nabigagarria zenean. Lehen aipaturiko aita Larramendik (2011) dio XVIII. mendearen erdialdean:
“en alas o gabarras chatas y anchas suben la vena para las herrerias del Urumea y bajan el hierro labrado a San Sebastián, y hoy los anclotes y anclas. Baja tambien de tierra adentro el maderamen necesario para los bajeles al puerto de Hernani, y de aqui por el rio mas debajo de Astigarraga y de alli por tierra hasta la Herrera del Pasaje”.
Ontzi hauek zabalera handikoak eta sakonera txikikoak ziren. Ibiltzeko ez ziren arraunak erabiltzen, ur hondoan iltzatzen ziren pertikak baizik, edo, beste batzuetan, idiek tiraka egiten zuten ibai bazterretatik soken bitartez. Ontzi horietan 15 kintaleko (1.000 Kg. inguru) zamak garraiatu zitezkeen.
Hernaniren kasuan, lonja horien kudeaketa Udalaren esku zegoen soil-soilik. Azken horrek aldian-aldian instalazioak alokairuan jartzen zituen, eta eguneroko kudeaketa dagokion errentariaren edo lonjarien esku geratzen zen, zeinak dagokion urteko errenta ordainduko baitie udal-kutxei. Errenta horri, batzuetan, beste baldintza osagarri batzuk gehitzen zitzaizkion (hondar garraioa Donostiatik “para la fiesta de la corrida de toros y la danza que se llama alagaidanza” —1713—). Haren eginkizuna merkataritza-transakzioak kudeatzea izango da, eta, batez ere, karga bakoitzerako ezarritako eskubideak kobratzea. Hori dela eta, lonja horiek hernaniarren bizitza ekonomikoaren arteria nagusietako bat bihurtu ziren. Lonjari horiek, gainera, Donostia eta Hernani arteko salgaien garraioa egiteko esklusibotasuna zuten, eta alderantziz, eta horrek beste garraiolari batzuekin izandako liskar logikoak planteatu zituen.
Salbuespena Karapoteko portuak eta lonjak emango dute, ustiapen bakarra izan baitzen esku partikularretan. XVII. mendearen bigarren erdira arte behintzat, Justiz familiak ustiatu zuen, jatorriz hondarribitarra eta Karapote baserriaren jabea. Urumeako beste portuak baino portu xumeagoa zen, baina Urumeako ibai-garraioaren inguruan ezarritako negozio irabaziaren erakusle argia da.
Hernani inguruan, gutxienez, iraganean aktibo egon ziren bost portu eta lonja ezagutzen dira: Arbiza Portu, Karapote, Portu, Osiñaga eta Ereñotzu. Ereñotzuko portua, izen bereko auzoaren sarreran zegoen, oraindik Lonja izena mantentzen duen etxean. Erreferentziarik antzinakoenak XVI. mendearen erdialdekoak dira (1576), ziur aski XIX. mendera arte iraun zutelarik. Hau zen ibaian gorago zegoen portua, Urumea ibaiaren bokaletik 17 kilometro baino gehiagora. Ibaian behera, Osiñagako portua zegoen, Otsueneko errekaren bokalearen inguruan. Historikoki, badirudi Osiñagako portua Hernaniko ontziraleku nagusia eta zaharrena izan zela, “hallarse mas al abrigo de la plaza, y tambien, posiblemente por mayores facilidades de acceso” (Izaguirre 1933:16; García de Vicuña 2014:23-28). Hau 1539. urtean jada aipatzen da, garaiko transakzioak bereganatuz, Probintziaren barnealderantz lehorreko bideetatik gertuago egoteagatik. Hala ere, Kontzeju hernaniarrak, 1.200 metro inguru ibaian behera jarritako ontziralekua sustatu zuen, muinoaren oinean kokatuta zegoena eta herritik askoz ere gertuago eta errezago kontrolatzeko, Portu auzoan. Erabiltzaileen kexak eragin zituen egoera izan zen, hainbat auzi sortuz mantentze-lan ezagatik (“todo queda en la orilla del rrio muchas vezes se nos hurtan y pierden fierros y venas e a las vezes el mismo rrio si sobrebiene creciente lo cubre con çieno y otra basura que acarrea el agua”). Hernaniko portu nagusia izen bereko auzoan kokatzen zen, Portu, oraindik ere antzinako Lonja etxea dagoen tokian. Portu hau 1531. urteko udal-kontuetan aipatuta azaltzen da. Udalak, 1808an portuak saldu behar izan zituen frantziar okupazioak sortutako zor handiak kitatzeko, une honetatik aurrera kudeaketa pribatuko garai berri bat hasiz. Azken datua 1814koa da.
Ibaian behera Arbiza Portu eta Karapoteko portuak jarri ziren. Bigarrena, Karapote, bere izena duen errekaren bokaletik gertu (Landare inguruan). 1660an aipatua, bere kudeaketa pribatua izango da, gainontzeko portu hernaniarrak ez bezala. Arbiza Portu portuari buruzko datuak, Ergobia aldean Astigarragako mugatik gertu dagoena, oso urriak eta berantiarrak dira (1783). Aipatutakoez gain, baliteke beste ontziraleku txikiago batzuk egotea, baina ez dago horien gaineko ziurtasun dokumentalik ez arkeologikorik.
XIX. mende horren hasieran, ibai-zirkulazioaren gainbehera argi ikusten zen, ia lekukotasun-jarduera bihurtua. Pedro Manuel Ugartemendia arkitekto ezagunak (urte batzuk lehenago Donostia berreraikitzearen arduraduna) adierazi zuen ibaia “era navegable en barcos chatos o gavarras desde el mismo molino hasta la Ciudad”. Egia esan, trafiko hori 4 edo 6 ontzitara murrizten zen “que se ocupan todo el año en conducir por el rio Urumea a las ferrerias que hay en la mena, fierros y otros efectos, y para convencerse de la lentitud de su navegacion vasta decir que en todo el año tienen que ser tiradas por bueyes a la subida” (1826).
Itsasontziek hainbat oztopo gainditu beharko dituzte nabigazioan, eta horrek izugarri zailduko die garraio-lana. Batzuetan, arrazoi naturalak izango dira arazo horiek eragingo dituztenak, dela gehiegizko emariagatik, dela ur-eskasiagatik. Beste batzuetan, batez ere ibaiaren behealdean, nasa edo izokin-sareak izango dira ibaiaren ibilgua oztopatuko dutenak. Nasa edo sare horiek zabaleraren zati handi bat hartzen zuten, eta itsasontziak itsasertzera modu arriskutsuan hurbiltzera behartzen zituzten, hondoa jotzeko arriskuarekin (ubidearen heren bat libre uztera behartuta zeuden). Soluzio konplexuagoko arazo bat, ibilgu horretan, ingenio hidrauliko batzuk mugitzeko presak egotearen ondorio izango da, Eziagoko errotarekin edo Fagollagako burdinolarekin gertatuko den bezala. Bi kasu horietan, presek esklusa edo ataka bat izango dute (Eziagokoak 3,30 metroko zabalera zuen). Eskuz kontrolatzen zen, baina, sarri gertatzen ziren ur-goraldien ondorioz, harriak pilatzen ziren eta bidea oztopatzen zuten.
Portu horien kudeaketan arazo larriagoa eragin zuen Urumea ibaiak berak, zehazki, haren trazaduran izandako aldaketen ondorioz. Ur-goraldi handiek eragindako aldaketak, egun batetik bestera ontziraleku horiek lehorrean eta ibaiaren ibilgutik urrun geratzea eragiten zuten, itsasontziak porturatzea eragotziz. 1550ean (“el rrio mudo el albeo contiguo e madre son que aya longa ny longero ny peso en los dichos puertos”) eta 1769an (“a tomado su curso apartado de el, mas arriva ...de modo que, a este, le falta i a el agoa necesaria para los trasportes y sea puerto seco, y ba la agoa y navegacion”) Osiñagako portuari, eta, 1706an Portukoari (“estte rio se a zegado de ttal suertte, que, en buen trecho, se a echo innavegable, por que a aviertto su albeo, o, madre en ottro parage mas remotto por donde a empezado a ttener su curso”) eragin zieten zenbait trazadura-aldaketa dokumentatu ahal izan dira. Udal agintariak behartuz obra handiak eta garestiak egitera Urumea ibaia eta bere portuak berriro lotzeko, kanal berriak irekitzeko.
Lurreko komunikazio-sarean izandako hobekuntzek, apurka-apurka ibai-trafikoa bigarren mailakoa bihurtu zuten, eta, azkenean, XIX. mendeko azken hamarkadetan erabat desagertu zen.
3.2. LEHENENGO GARAIA: INDUSTRIA AURREKO USADIOZKO INDUSTRIAREN GARAPENA
Garai hau, biziena bezala defini dezakegu, non Ibaiak paper protagonista bat hartu zuen Lurraldeko bizitza sozial eta ekonomikoan, Hernani eta bere inguruko herriak, Probintziaren garapenaren oinarrietako bat bihurtuz. Olagizonen mailuen burrunba-hotsak edo errotarrien kirrikak, aingurak edo kanoiak egiteko lanak edo merkantzia ugarirekin kargatutako gabarrak ezagutu zituzten ibaiaren ertzek. Jarduera horiek Hernaniko egungo industria-panoramaren aurrekari bihurtu dira, eta horiek gabe nekez uler genezake gaur egungo ezaugarriekin. Kronologikoki, garai hau Erdi Aroaren amaieratik XIX. mendearen erdialdera arte hedatzen da.
Historia honen gakoa aurrerapen tekniko batekin lotuta dago: gurpil hidraulikoa. Historian izandako aurrerapen handienetakoa izan zen, eta oso ondo adierazten du Ibaiaren Kultura zalantzarik gabe. Gurpil horrek hainbat pala zituen, urak pala horien kontra jotzen zuen eta horrela, gurpilen ardatza mugitu egiten zen. Aurrerapen hori erabiltzen hasi eta jarduera bakoitzak bira mugimendu hori energia bilakatzeko modua aurkitu behar izan zuen, bere beharren arabera erabiliz.
Gure ingurune zehatzean, bi izango dira gurpil hidrauliko horiek aprobetxatuko dituzten ekoizpen jarduerak, errotak eta burdinolak, eta horien gainean eta hernaniarren industrian duten zeregina jorratuko dugu hurrengo lerroetan.
Historian zehar, elikagai ezberdinak ehotzeko hainbat eratako errotak erabili izan ditu gizakiak, mota ezberdinetakoak bereiz daitezke: esku-errota (eskuaz baliatzen direnak harrizko esku-erroten bitartez); odol-errotak (animalien edo gizakien indarrez mugitutakoak); haizerrotak (haizearen indarraz baliatzen direnak); txalupa-errotak (ibaiaren erdian lotuta dauden eta aldeetan bi edo hiru gurpil dituzten txalupak dira, ur-korrontearen indarrez baliatzen direnak); marea-errotak (itsasgorak aprobetxatzen dituzte errotaren sistema martxan jartzeko); eta azkenean ur-errotak edo errota hidraulikoak. Gure historiarako interesatzen zaizkigunak azken hauek dira, errota hidraulikoak.
Historialarien ustez, errota hidraulikoa, erromatar eta greziar kulturen ekarpen garrantzitsuenetakoa izan da, eta Gure Aroaren jaiotzarekin batera agertu zen I. mendean. Errota hitza bera latineko “rota” (gurpila) hitzetik dator. Europan IV. mendean ugaritu egin ziren, sasoi hartan zegoen eskubeharraren eskasiaren aurrean. Euskal Herriaren kasuan, ezagutzen diren lehenengoak, lehen milurtekoaren amaieran eraiki ziren: Nafarroan, 802an; Araban, 822an; Bizkaian, 1053an; Iparraldean, 1125ean eta Gipuzkoan, 1141ean. Ziur aski lehendik ere ur-errotak izango ziren Euskal Herrian, baina ez da aurkitu inolako dokumenturik. Errotak euskal gizartean izan duen garrantziak, mitologian ere badu bere isla. Barandiaranek bildutako kontaketen arabera, gizakiak maltzurkeriaz lapurtu zion Basajaunari errotaren ardatzaren sekretua. Eta horri esker mundu osoko gizonek bere onerako erabili ahal izan zituzten errotak.
Errota hidraulikoek, ibaiaren ura bere probetxurako era egokienean erabiltzeko sistema bat jarraitzen dute, kostu gutxiko azpiegitura xumea. Ura desbideratzeko presa bat, honek errekaren oinarria eta uraren maila altxatu egiten ditu. Ura ubidea edo kanal baten bitartez bideratzen da errotaren ondoan kokaturik dagoen ur-biltegia edo aldaporora, errota-etxearen kontra. Erregulatzeko, ate itxurako konporta du, presaren albo batean kokatua, justu errotako urak desbideratzen diren lekuan. Aldaporoaren barrenean, bere horma eta etxearena zeharkatzen dituzten zulo batzuk daude. Zulo bakoitzak gurpil batera bidaltzen du ura, kanoi itxura duten hodi (txifloia) batzuen bidez. Ura, txifloitik irten eta indar handiz erortzen da hasieran egurrezko eta gero burdinazko gurpilaren gainera (turtukiak). Gurpila bueltaka jarri eta ardatz bertikalak birarazten dira horrela, eta berarekin batera martxan jartzen da errotaren sistema mekaniko osoa. Ardatzek, gainean dagoen ehotzeko harria edo errotarria mugitzen dute, eta azpian dagoen harria, berriz, finko mantentzen da. Alea goiko aldetik sartzen zen, tronko-piramide forma duen ontzi batera, tobera, hortik bi errotarrien artean irristatzen zen, eta harrien marruskaduraren bitartez, txikitu edo xehatu egiten zen. Ehotako alea, alboetatik ateratzen zen irin bihurtuta, eta aska izeneko kutxa batean jasotzen zen.
Biratze prozesu etengabeak harriak higatzen zituenez, berriro pikatu edo zorroztu behar izaten ziren edo beste batekin ordezkatu; horretarako, alboetan kurrika bana zuen beso birakari batez altxatzen zituzten. Elementu guzti horiek egurrezkoak ziren batez ere, errotarriak izan ezik, eta zizelkatze lana, eho beharreko alearen araberakoa izaten zen (artoa, oloa, garia, garagarra edo gaztaina).
Lan egiteko prozesu horrek ez zuen ia aldaketarik izan denbora luzean. Antzinako errotek funtzionatzen jarraitu zuten XX. mende erdialdera arte. Hernani inguruan zenbait kasu ezagutzen dira (Errotaberri, Trankatx, Osiñaga, Epele, Pagoaga).
Urumeak eta bere ibaiadarrek errota-jarduera garrantzitsu bat izan zuten hasieratik, eta, horren adibide dira eskualdean martxan dauden 15 errotak (Karapote, Karabel, Franko, Errotaberri, Trankatx, Eziago, Osiñaga, Errotaran, Epele, Ereñotzu, Abillats, Ubarratu, Urruzuno Behekoa, Pikoaga). Hau da, Azterlan honetan jasotako elementuen herena. Bolumen nabarmen hori, errotek industria tradizionalean eta, batez ere, gizakiak elikagaiak lortzeko prozesuan duten garrantzi handiaren isla da.
Ohizko nekazal gizarteek, gure kasuan bezala, errota hauekiko mendekotasun handia izan dute, hauen bidez elikadura oinarri garrantzitsu bat lortzen dutelarik. Horregatik, errota horiek eraikitzea eta aktibo mantentzea lehentasunezko helburu bihurtzen da Kontzejuen eta Lurraldeko leinu boteretsuenen artean. Diru-kutxetarako diru-sarreren bolumen nabarmena eta segurua emango dute, eta, era berean, kontrol sozialerako tresna eraginkorra izango dira. Horrela, ohikoa izango da Kontzejuen eta leinu horien artean akordioak edo hitzarmenak egitea, beren herrietako ehotze-prozesua bereganatu edo kontrolatzeko. Horretarako, monopolio bat ezartzen zen, eta auzotarrek beren aleak haien errotetan ehotzeko betebeharra zuten (horrela, dagozkien errentak edo makillajea ordainduko dituzte) (Díaz de Durana, 1998:253-258).
Horren froga 1418. urtean dugu, Hernaniko Kontzejuaren eta Juan Martínez de Aierdiren eta Juan Perez de Elgetaren arteko hitzarmena ezarri zenean, Eziago eta Errotaberriko erroten jabe gisa (Urnieta). Hitzarmen horren arabera, Hernaniko herritarrak behartuta zeuden errota horietara joatera beren aleak ehotzera. Horrela egin ezean, isun handi bat ordaindu behar zuten. Hitzarmen hori alderdiek hainbat aldiz berretsi zuten ondorengo mendeetan zehar, nahiz eta auzotarrek protestak egin errotariek ustez egindako gehiegikeriengatik. Azkenean,
XVIII. mendean aurrera, jadanik erabiltzen ez zenean, partikularren eskuetara igaro zen hurrengo mendearen hasieran.
Beste batzuetan, lehiaren bat suposa zezaketen errota berrien eraikuntzari uko egin zieten, baita garai berriagoetan ere. Adibide garbi bat, Eziagoko errotaren jabeek, 1825-1826an, Hernaniko Udalak Bestizan baserriko lurretan errota berri bat eraikitzeko zuen asmoari aurkeztutako oposizio indartsuan aurkitzen dugu. Argudiatzen zuten horrek ibai-nabigazioa oztopatuko zuela, ia lekukotasunezkoa den une batean, baina beren kezka zen, diru-sarrerak murriztuko zitzaizkiela herritarrek aleak herritarrengandik hurbilago dagoen beste errota batera eramaterakoan. Azkenik, errota ez da eraikiko arazo teknikoak direla eta, batez ere.
XVI. mende amaieran, Urnietako eta Hernaniko Kontzejuen arteko auzi latz bat bideratu zen lehen aipatutako Errotaberri errotaren inguruan (Portu erreka bazterrean kokatzen dena oraindik). Lehenengoek, errota beren Udalerrian zegoela argudiatuz (benetan gertatzen den bezala), Hernaniko zigiluarekin batera neurri eta pisuak bortizki eraman zituzten, baita errotaria preso hartu ere. Hasieran hernaniar agintariei jabetza aitortu bazitzaien ere, 1611 inguruan jabetza behin betiko Urnietara igaro zen. Une horretatik aurrera erdizka kudeatzen hasi ziren Aritzolako oinetxeko oinordekoekin (Aguirre Sorondo, 1984:778-780). Urte batzuk beranduago Urnietako Kontzejuak, bere zatia beste erdiaren jabeei saldu zien, eta haien jabetza izatera pasa zen osorik.
Errotaberri honetaz gain, Francoren Errota ere, titulartasun publikokoa izango da, gaur egun ia erabat desagertuta dagoena eta Portu auzoaren sarreran kokatzen dena. Errota, Hernaniko Udalarena zen esklusiboki, hark eraiki baitzuen XVI. mendeko une zehaztugaberen batean (lehenengo aipamena 1546koa da), eta hura mantentzeaz, konponketak egiteaz eta aldian-aldian errentan emateaz arduratzen zen. 1808. urtean frantziar okupazioaren ondorioz sortutako zorrengatik saldu egin behar izan zuten, beste udal jabetza asko bezala. 1860ko hamarkadaren erdialdean, Iparraldeko FFCCaren trazadura eraikitzeak, bere behin betiko suntsipena ekarri zuen.
Urumea bailaran, errota aktiboak egoteari buruzko daturik zaharrenek, ez digute aukerarik ematen XV. mendearen hasieratik harago joateko. Eziagoko errota (Hernani) 1416 inguruan eraiki zela dirudi, Errotaberrikoa (Urnieta) jada aktibo zegoenean. Zailagoa da Errotaranen kasua, Otsueneko errekan. Puntu honetan, XIV. mendearen amaieratik burdinola bat aipatzen da (Haraneko zaharrena), eta ez da errotarik aipatzen, nahiz eta bere izenak beste zerbait pentsarazten digun. Dokumentazioaren urritasunak ez digu aukera ematen XVI. mendetik aurrera bailara honetako errota askoren funtzionamendua egiaztatzeko, baina datu berriek data horiek are gehiago atzeratzea ahalbidetuko ligukete.
Errota horietako asko eraikin isolatuak dira, aleak ehotzeko propio eraikiak, inbertsioa errentagarri egiteko kokaleku egokiak bilatuz; batez ere Urumeako ibaiadar batzuetan, emari gutxiagokoak eta kontrol errazekoak (Karapote, Errotaberri, Trankatx, Osiñaga...). Beste batzuetan, eraikuntza ekoizpen-gune zabalago baten parte dira. Azpiegitura hidrauliko bera aprobetxatuz (presa, ubidea eta antepara), burdinola bat edo gehiago eta irin-errota bat jartzen dira, egindako inbertsioa erabat dibertsifikatuz eta errentagarri bihurtuz. Hori da Ereñotzuko (1550 inguruan eraikia), Ubarratuko (1552 urtean aipatua) edo Pikoagako (1530 inguruan eraikia) erroten kasua. Azpiegituren aprobetxamendu hori, batez ere, usadiozko industriaren testuinguru horretan oso ohikoak diren beste kasu batzuetan ere ikus daiteke. Bailarako zenbait burdinolak ekoizpena bertan behera uzteak (instalazioen hondamena, lehiakortasun falta, etab.), ez du esan nahi instalazioak bertan behera utziko dituztenik; aitzitik, instalazioak berrerabili egingo dira, horien gainean ehotze-lan berriak egiteko. Alderdi hori argi eta garbi dokumentatu ahal izan da Epele Goikoa (“su molino de dicha casa fabricado desde los cimientos donde antes no lo havia” 1577), Abillats (1566 inguruan) edo Urruzuno Behekoa (1652) burdinolen kasuan.
Denborak aurrera egin ahala, usadiozko errota horietako batzuk desagertu egin ziren, ezin ziotelako mantentze-kostu handiari aurre egin, edo aldizkako gertaera hondagarri batzuen ondoren ezin izan zituztelako berreraiki (Karapote, Ubarratu, Urruzuno Behekoa...). Baina aleak ehotzeko beharrak, oin berriko beste batzuk eraikitzera behartu zuen, baita XIX. eta XX. mendeen arteko garaietan ere (Karabel, Pagoaga), hurrengo Kapituluan aipatuko dugun bezala.
Irin-errotekin batera, Lehen Aldi horretako beste ordezkari nabarmena burdinola hidraulikoak dira. Burdinaren industria, bai ekoizpen-alderdiari dagokionez, bai ondorengo merkaturatzeari dagokionez, lurraldeko industria-jarduera garrantzitsuenetako bat eta eragin sozioekonomiko handienetarikoa izango da. Industria hori euskal ekonomiaren gailur nagusietako bat izango da, batez ere XV. eta XVIII. mendeen artean, eta industria siderurgikoaren ondorengo garapenaren oinarria izango da. Izan ere, hedapen handieneko uneetan, biztanleriaren sektore zabal bateri lana ematera iritsi zen (% 30-40 inguru), zuzenean (burdinoletan lan eginez) edo jarduera osagarrietan (meatzaritza, ikazkintza, garraioa, merkataritza, etab.).
Lehen burdinaren labeak mendian kokatu ziren, mendiko burdinolak edo haizeolak izenez ezagutzen zirenak. Horietan, burdina lortzeko beharrezko indar eragilea, giza ahaleginetik zetorren eta mea-gunetik eta errekatik hurbil kokatzen ziren erregaiaren hornidura erraz lortzeko. Lehen ekoizpen instalazio hauek jada martxan daude K. a. VI. mendean. Hala ere, Goi Erdi Aroan izango dute garapen handiena, eta, gutxienez, XIV. mendera arte egongo dira aktibo.
Ohiko burdingintzaren berrikuntza teknologiko garrantzitsuena, energia-iturri gisa, ibaietako ura erabiltzea izan zen. Horrela, burdinola hidrauliko edo zeharrolak sortu ziren, eta izenak berak esaten duen bezala, burdinolak mendietatik haranera jaitsi ziren, ibaiertzetara. Urak olagizonen lan gogorra erraztu zuen, mekanikaren arloan bederen (labea haizez puztea eta mailua eragitea). Horrela, ekoizpen handiagoa lortzen zen eta ekonomikoki errentagarriagoa ateratzen zen. Ustiapen hidraulikoa irin-errotekin ikusi dugun ia berdina izango da, presarekin (edo presekin), ubidearekin, aldaporoarekin eta abarrekin. Aldaporoan zegoen ura zuzenean erortzen zen gurpiletako paletara zulo batzuen bitartez (txinboak), eta hauspoen eta mailuaren (mazoa) ardatzak mugiarazten zituen. Horregatik, askotan, azpiegitura berberak partekatzen dituzte bi instalazioek.
Mekanizazio prozesu hau XIII. mendearen amaieran hasi zen bere lehen urratsak ematen, hamarkada askotan bi ekoizpen sistemak elkarrekin biziz. Hasiera batean, berrikuntza teknologiko nagusia mailu hidraulikoa edo gabia izango da, eta meari lotutako ezpurutasunak modu eraginkorragoan bereiztea ahalbidetuko du, ondoren kalitate hobeko produktuekin moldekatzea erraztuz. Hurrengo mendeetan, hobekuntza teknikoek eta instalazio berriek, industria siderurgikoa sendotzea eta garatzea ahalbidetuko dute. Esate baterako, hauspo mekanikoak XIV. mendearen amaieran sartuko dira, labeei tenperatura handiagoak lortzeko eta produktibitatea eta ekoizpenaren kalitatea nabarmen hobetzeko aukera emanez. Balantzaren beste aldean erregai gehiago beharko da, eta, horrekin batera, gero eta txikiagoa den baso-baliabide baten aprobetxamenduaren inguruko auziak, gehiegizko ustiatzearen ondorio gisa (XV. mendeko lehen hamarkadetatik dokumentatuak). Burdinolak ekoizpen-gune handi bihurtuko dira teilatu bakar baten azpian, eta bertan kokatuko dira, alde batetik, dagoeneko birrinduta zeuden landare- eta mineral-ikatz ugari gordetzen ziren biltegiak; batzuetan, burdinolaren ondoan minerala murrizteko labe batzuk edo arragoak jartzen ziren, ondorengo errekuntza errazagoa izan zedin. Eta beste aldetik, biltegi horien ondoan, tailer edo bulegoa zegoen, hauspoekin, mailuarekin (gabia) eta sutegiarekin, baita ofizialaren eta langileen gelak ere.
XVI. mendetik aurrera beste aldaketa bat gertatu zen burdinola txikiak sartu zirenean, anteparara beste aldetik itsatsita, eta azpiegitura hidrauliko bera aprobetxatuz haien mailuak eta hauspoak mugitzeko. Hasieran, burdinolek ekoizten zuten azken produktuaren arabera, hierarkizazio edo espezializazioaren aukera nahikoa arrazoizkoa egin zutenaren ondorioa atera daiteke. Villarreal de Berrizek (1736) honela agertzen digu garai batean bi motetako Burdinolak zeudela, batzuek handiak deiturikoak eta besteak txikiak. Handienek proportzio handiko agoak (150 eta 200 kilo artekoak) urtzen zituzten, neurri handiko azpiegitura mekanikoa eskatzen zuelako. Agoa bakoitzetik 80 cm luzeko lau totxo edo barra ateratzen ziren eta horiek ziren burdinola hauetako azken emaitza bukatua. Burdinola txikien zeregina totxoak mehetu eta ondoren produktuak eraldatzeko prozesua erraztea zen, bukatzeko. Pentsatzekoa da zenbait produktu egiteaz ere arduratzen zirela, tokiko eskaeren arabera. XVII. mende bukaeratik aurrera, antzinako zereginen banaketa desagertu egin zen eta prozesu guztia ekoizpen-gune bakar batean egitera pasa zen. Garaiko lekukoen arabera, desagertzear zeuden, ekoizten zuten burdinaren kalitate baxua baitzen. Horrela XVIII. mendearen bigarren erdian, burdinola txikiek (gabia edo tiradera bezala ere ezagutuak) behin betiko ordezkatu zituzten zeharrolak, horiek izango zirelarik instalazio mota nagusiak sektorea desagertu zen arte. Gabiek ere ekoizpen-prozesu osoa burutzen zuten, baina urtzen zituzten agoak edo galdak proportzioan txikiagoak zirelako desberdintzen ziren zeharroletatik, eta horrek burdinaren kalitatea hobetzen zuen. Hala ere, esan dezakegu, ezin daitekeela oraingoz banaketa argi bat egin gure lurraldean izan diren burdinolen ereduei dagokienean. Dena den, argi dago eskabideetara egokitu izan dela sektorea, bai esportaziora zuzendutako burdin barra handiak eginez (XVIII mende arte), bai, gainbehera hasia zegoenean, barruko merkatuan kontsumitzen ziren garrantzi gutxiko ekoizpenak landuz.
XV-XVI. mendeak izan ziren euskal siderurgiaren, hernaniarrarena barne, Urrezko Aroa. Alabaina, aurreko mendearen erditik burdingintzan halako gainbehera bat hasia bazen ere, ekoizpenaren beherakada nabarmenena XVII. mendean gertatuko da. Burdinolak oso baldintzatuak zeuden, nazioarteko merkatuaren egoera eta beste ekoizle-zentroen aldetik gero eta handiagoa zen konpetentziagatik. Lehengaien eta soldaten prezioek gora egin zuten, burdinaren industriaren irabaziak nabarmen jaisten ziren bitartean, eta gainera europarrak bete betean sartu ziren ordura arte Penintsulako ekoizpenekin neurri handi batean aseturik zegoen merkatu kolonialean. Ondorioak azkar nabarituko dira eta ekoizpen-gunearen kopurua murrizten hasi zen krisi honen ondorioz. Gipuzkoan, XVI. mendean, guztira 117 burdinola baziren, 1752an soilik 58 dokumentatzen dira, eta hurrengo mendean jaitsiera oraindik nabariagoa izan zen. Lehen Karlistaldia amaitu ondoren (1839), olagizonek bikoiztu egin zituzten gerra aurretik zituzten zorrak. Izan ere, ikatza eta mea oso erregai garestiak ziren, eta lehiatu ezinik zebiltzan. Bizpahiru hamarkadatan ez zen jada burdinola bakarren bat besterik gelditzen gure lurraldean.
Testuinguru hori erabat egokitu dakioke Urumeako Bailarari, bai Gipuzkoako zatian, bai Nafarroakoan, eta euskal burdingintzak izandako bilakaera orokorrak ia isla bera du gure ingurune hurbilean, zehatzago ikusiko dugun moduan.
Oso litekeena da Urumeako bailararen inguru honetan antzeko mendiko burdinolak aurkitzea, nahiz eta gaur egun ez dagoen horren gaineko ziurtasun arkeologikorik ez dokumentalik. Aitzitik, Bailara honetan, lehen burdinola hidraulikoen garapenaren froga argiak ditugu, batez ere XIV. mendearen amaieratik aurrera. Data hori baino lehen, ez dago dokumentuetan jasota Urumea ibaiaren ertzean edo ibaiadarren batean burdinola hidraulikorik dagoenik, baina horregatik ez da baztertzen. Industria-garapen horren “jaiotza-data” ofiziala 1379an kokatu behar da zehazki. Urte horretan Donostiako eta Hernaniko hiribilduek Konkordia bat sinatu zuten Urumeako Mendi Frankoen jabe gisa. Konkordiak baimena ematen zien partikularrei burdina ekoizteko eta beren instalazio propioak eraiki ahal izateko, hiribildu horien aldez aurreko baimenarekin eta urteko kanon batzuk asetzearen truke (“acordamos que se fagan ferrerias, las mas que se fagan, en el nuestro termino e agoas de Vrumea”).
Horren ondorioz, benetako eraikuntza “leherketa bat” ezagutu zen, epe labur batean ekoizpen instalazio kopuru nabarmena eraikiz: Errotaran (1388), Epele Behekoa (1401), Ereñozu (1450), Abillats (1457), Urruzuno Goikoa (1457), Urruzuno Behekoa (1457), Fagollaga (1475), Latsa (1475), Ubarrutu (1475) edo Pagoaga (1475). Erreferentziak argiak dira eta oin berriko ekoizpen-instalazioen exekuzioaz mintzo dira: 1388an, Sancho Martínez de la Camarari eraikitzeko baimena eman zitzaion “solar de ferreria maçona ...al cual llaman por nombre Herrotaran”, eta horrez gain baimena ematen zaio “alçar e enfestar de nuebo en el dicho solar una casa de ferreria maçona”; urte batzuk beranduago, 1401ean, García Ramírez de Enciola merkatari donostiarrari baimena ematen zaio egiteko “una casa de ferreria maçona” horretarako emanez “tierra e terreno e solar de ferreria maçonera” Aranibarreko inguruan (Epele Behekoa).
Hurrengo hamarkadetan, eta XVI. mendearen erdialdera arte gutxi gorabehera, burdingintzak bere benetako “Urrezko Aroa” biziko du, hernaniar ekonomiaren eta, oro har, Bailararen ekonomiaren eragile nagusietako bat bihurtuz, bere produktuen eskari zabala eta bere alderdi guztietan (ekoizpena eta merkaturatzea) etekin handiak sortuz. Arrakasta horren ondorioz, burdinaren ekoizpena oso jarduera erakargarria bihurtu zen, eta haranean zehar burdinola berriak eraikitzeko inbertituko diren diru kopuru handiak erakarriko ditu: Pikoaga (1528), Bazterrola (1533), Aparrain (1536), Olaberriaga (1540), Askasu (1566), etab.
Horren adibide argia dugu, adibidez, Ereñotzuko multzoan, bere abizena duen familiaren eta Hernaniko hiribilduko boteretsuenen (San Agustin komentuaren sortzaileak) jabetzakoa baita. Hauek, jada, euren dorretxetik gertu zegoen burdinola baten jabeak ziren (Txilibita), “la ferreria d'Ereñoçu”, gutxienez 1450etik aurrera dokumentatua. Lortutako irabazien ondorioz, 1520-1533 urte inguruan, handik gertu, azpiegitura hidrauliko bera aprobetxatuz, irin-errota bat eta beste bi burdinola eraiki zituzten; bata, lehendik zegoenaren ondoan, “ferreria menor”, “ferreria del medio” edo “ferreria de Chabi” (Etxabi) izenez ezagutuko dena, eta bestea, pareko ertzean, Bazterrolakoa (“la ferreria nueva que llaman Bazterrola”). Antzeko zerbait gertatuko da Elduaien sendiarekin ere, Hernaniko familia nagusietakoa eta Donostiako merkataritzarekin estuki lotua. Familia horrek hiru burdinola zituen Bailaran: Latsa (“Avilas de Lasa” edo “Avillas de Yuso”), Abillats eta Ubarratu (“Abillas de Suso”), denak elkarrengandik oso hurbil.
Horrela, XVI. mendearen erdialdean, Urumea Bailaran (eta ibaiadarretan) 17 burdinola zeuden aktibo 9 km eskaseko tarte batean, dentsitate handia zegoenaren erakusle, jarduera siderurgikoaren beraren “arrakastari” estuki lotuta: Errotaran, Epele Goikoa, Epele Behekoa, Fagollaga, Ereñotzu, Ereñotzu Etxabi, Bazterrola, Latsa, Abillats, Ubarratu, Bezkita (Urnieta), Urruzuno Goikoa, Urruzuno Behekoa (Urnieta), Olaberriaga, Pikoaga, Pagoaga eta Aparrain. Dentsitate horrek ez du Kantaurialdeko beste ibai-ardatz batzuekiko parekorik eta Lea Haranean edo Urola ibaiaren erdiko eta goiko ibilguetan bakarrik ikus dezakegunarekin pareka daiteke.
Ekoizpen-lehia handiak, minerala eta ikatza garestitzeak, ekoizpen-kostua gero eta handiagoa izateak eta, batez ere, uholde ugariek (bereziki 1566koa) eragindako kalte handiek, garai bateko burdinola arrakastatsu horietako asko hondoratzea eragingo dute. Horrela, XVII. mendearen hasieran, 17 ekoizpen-instalazio horietatik 3 baino ez zeuden aktibo (Fagollaga, Ereñozu eta Pikoaga). Kontuan izan behar da, gainera, Fagollagako burdinola, udal jabetzakoa zen bakarra, 1627. urtean berreraiki eta berriro martxan jarri zuela Udalak, XV. mendearen amaieran bere aurrekaria bertan behera utzia izan ondoren. Beste batzuk Irin-errota errentagarriagoak bihurtu ziren (Epele Goikoa, Ubarratu, Urruzuno Behekoa,...). Gainerakoak desagertu ziren, beren azpiegiturak bezala, eta gehienak baserri soil bihurtu ziren, gaur egun kontserbatzen direnak (“la herreria llamada de Lasa con su Casa de vivienda y pertenecidos ...actualmente y desde hace mucho tiempo a esta parte se halla reducida la dicha herreria a caserio de labranza” —1811—).
Instalazio-kopurua handia izan arren, burdinola horiekin zerikusia duten eta gaur egun gurera iritsi ahal izan diren eraikuntza-aztarnak oso urriak dira. Kasu batzuetan geratzen diren arrasto bakarrak ustezko kokapena edo zepen hondarrak dira (Ubarrutu, Abillats, Aparrain, Bazterrola...), beste batzuetan, gordetako hondakinak ez dira esanguratsuak eta presetako zimenduak (Latsa, Olaberriaga edo Bezkite), edo jatorrizko produkzio-instalaziotako zati bat (Olaberriaga, Bezkite edo Ereñotzu) bakarrik geratzen dira. Ereñotzukoa da, gaur egun, zentral elektrikoaren eta Lonja baserriaren artean hondakin esanguratsuenak mantentzen dituena.
Aurreko burdingintza-distiratik bizirik atera ziren hiru burdinola bakar horiek izandako bilakaera, nahiko antzekoa da elkarren artean. Jabeek tokiko eta eskualdeko ekonomiarako eta beren diru-sarrerei eusteko funtsezkoa den jarduera produktiboa bizirik mantentzen saiatzeko egiten duten ahalegina adierazten du (Fagollaga udalaren jabetzakoa zen). Horrela, merkatuak eta berrikuntza teknologikoek bultzatutako ekoizpen behar berrietara egokituko dira instalazioak. Adibide adierazgarri bat dugu Pikoagako burdinolan, bertan, 1696an, obra garrantzitsuak egin ziren eta bigarren burdinola bat eraiki zen aurrekoaren ondoan, gabia eta guzti (“ha determinado acer otra erreria maior devaxo de la mesma cuvierta ...sino tambien de las mesmas anteparas y presa y agua”). Obra berri hau ziur asko, ekoizpen-instalazioen berrikuntza garrantzitsu batekin batera zetorren: burdinola handiago batekin (totxoan egiten zuen), burdinola txiki batekin (pieza txikiagoetan manipulatzen zituen totxo horiek) eta irin-errota batekin batera, guztiak azpiegitura hidrauliko bera aprobetxatuz. Hau ez da izango kasu bakarra, XVIII. mende erdialdean Rocaverdeko markesak burdinola berri bat berreraiki nahi izan zuen Epele inguruan (seguraski aurrekoen hondarrak aprobetxatzen), eta horretarako 1777an Errege-Zedula bat lortu zuen, 100.000 errealeko hipoteka-errolda bat baimenduz berreraikitzeko “la Ferreria en los Epeles, llamada en el día Mezquita Epeliano”; azkenik aurrera eraman ez zen ekimena.
XVIII. mendearen erdialdean, pizgarri berri batek euren agonia motela luzatzea ahalbidetuko die, 1750ean, “Real Asiento de Fabrica de Anclas” Errege armadarentzat ezartzerakoan (20.000 kintal aingura lau urtetan). Hasieran, bizirik atera ziren hiru burdinolak ekoizpenean sartu ziren, baina handik urte gutxira, Pikoagako burdinolaren jabea kontratutik aterako da (1756), Urumean zehar eta ibaiadarretan zehar banatutako tailer edo “bulego” txiki batzuekin batera. Instalazio horiek ekoizteko ez zuten indar hidraulikorik behar.
Burdingintzaren krisi orokorrak eta Lehen Karlistaldiaren (1833-1839) ondorio zuzenek sektorea errematatu zuten, bizirik iraun zuten burdinolak ia nahitaez ixtera behartuz. Fagollaga 1850eko hamarkadaren erdialdean itxiko dute (1849an “esta actualmente parada y en su lugar se esta trabajando en la fabricacion de teja y ladrillo”). Pikoagak 1860 inguruan itxiko du. Azkenik, Ereñotzukoa, Bigarren Karlistaldira arte (1872-1876) mantendu zen, kobrea egiten zuen arren, gatazka armatuaren ondorioz ezinbestean kaltetua izan zelarik. Horrela amaitu zen mende erdi lehenago hasitako ekoizpen zikloa.
3.3. BIGARREN GARAIA: INDUSTRIA-IRAULTZA ETA INDUSTRIA MODERNOAREN SORRERA
XVIII. mendearen amaieratik 1840. urtera arte, Gipuzkoan gertatu ziren gatazka armatuen segidek eta ekoizpen-desfaseak, industria tradizionala krisi sakonera eraman zuten, pixkanaka jarduera bertan behera utziz, eta ondorioz, instalazioak desagertuz. Urumea bailarako industria-jarduera nabarmen gutxitu eta ia hutsal bihurtu zen. Esan beharra dago, XVII. mendean, 13 errota eta 17 burdinola martxan zeudela. Bi mende beranduago irin-errota txiki batzuk besterik ez ziren geratzen Urumea ibaiaren iraganeko energia-aprobetxamendu handiaren azken testigantza moduan (Osiñaga, Eziago, Epele, Ereñozu, Pikoaga,...).
Horrela, amaitutzat eman zen hernaniar ekonomiaren fase erabakigarri bat, baina aldaketarako eta berrikuntzarako itxaropen berriak zabaldu ziren. XIX. mendearen erdialdetik aurrera irekitzen den testuinguru ekonomikoak (aduanen lekualdaketa, legeria ekonomiko berria, industria-tradizio finkatuaren existentzia eta eskulan espezializatua) enpresa moderno berrien sorrera erraztuko du, XX. mendearen hasierara arte iraungo duen aro berri bat irekiz. Dena den, atzerapen nabarmena izan zuen hurbileko ingurunearekiko (aldaketa hori Britainia Handian XVIII. mendearen amaieran hasi zen, eta Mendebaldeko Europan XIX. mendearen hasieran). Nolanahi ere, Hernanin eta, oro har, Euskal Herrian, bi fase desberdin aipatu behar dira, Bigarren Karlistaldiagatik (1872-1876) bereiziak.
Fase hori, oro har, Lehen Industria Iraultza gisa defini dezakegu, energia-iturriak nabarmen berrituz (maila globalean behintzat), eta, batez ere, ekoizpen-sektoreak modernizatuz. Orain arte, Lurraldeko oinarrizko indar-iturri nagusiak muskularra (animalia edo gizakia) eta hidraulikoa ziren, azken hau gure ibaien ertzean kokatutako antzinako makinen oinordeko delarik. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, pixkanaka, iturri energetiko berri bat zabaltzen hasi zen, lurruna. 1900. urtean, Estatu mailan kontsumitutako energiaren % 85 termikoa zen. Prozesu hori, ordea, zehaztu egin behar da Gipuzkoan; izan ere, sortzen ari den industriaren energia-eskaera handiak eta, batez ere, baldintza orografiko onuragarriek aukera eman zuten ibaien potentzial handia aprobetxatzen jarraitzeko, ugaritasuna eta kostu txikiagoa baitzuten. Burdingintzaren krisiak horretan lagundu zuen baita ere, eta ondorioz, industria moderno hasiberriak energia-iturri merkea eta etorkizunerako proiekzioa lortu zuen, ordura arte burdinolek ia soilik monopolizatua zutena (Catalan; Mugartegui, 2013). Iraultza horrek, Neolitikotik Gizadiaren eraldaketa ekonomiko, teknologiko eta sozial gehienak eragin zituen, ahulki industrializatutako nekazaritza eta abeltzaintzako gizartearen bilakaera sustatuz, izaera hiritarra, industrializatua eta mekanizatua zuen ekonomia batera.
Gipuzkoan eta, bereziki, Hernanin, industria moderno batzuk instalatu ziren, eta industria horiek ohiko ekoizpen panorama nabarmen berritu zuten (paper-fabrikak, pospolo-fabrikak, zerrategiak, irin-fabrikak, etab.). Prozesu hori geldoa eta eragozpenez betea suertatu zen. 1854ko Industria-Estatistikaren arabera, Hernanin bi pospolo-fabrika zeuden, eta haiei hiru burdinola (Fagollaga, Ereñotzu eta Pikoaga) eta bost errota (Osiñaga, Eziago, Epele, Ereñozu, Pikoaga) gehitu behar zitzaizkien; Urnietan zeuden beste bi irin-errotekin batera (Errotaberri eta Txankatx). Urte batzuk beranduago, 1870eko Estatistikan, panorama zabaldu egin zen eta une horretan igeltsu-fabrika bat, kare hidraulika-fabrika bat, xaboi-fabrika bat, hiru pospolo-fabrika, bi teila eta adreilu-fabrika eta beste bi txokolate-fabrika zeuden jardunean, horiei etengabeko paper-fabrika bat eta lau irin-errota gehituz. Ekoizpen-instalazio gehienek eskuz, animaliaz edo lurrunez mugitzen zituzten makinak, eta paper-fabrikek eta errotek soilik jarraitzen zuten erabiltzen indar hidraulikoa energia-iturri nagusi gisa. Beren azpiegitura antzinako erroten edo burdinolen oinordekoa izango da, bere ekoizpen-behar berrietarako berregokitua, berrikuntza teknologikoa eskasa izanagatik.
Epealdi honetan zehar, ekoizpen-sektore berriak abian jartzeak industria-egoera erabat berrituko du Urumeako bailararen inguruan, eta behin betiko hautsiko du aurreko mendeetako ekoizpen-tradizioa (papergintza, kimika, elikadura, eraikuntza, metala edo meatzaritza). Sektore horiek indar hidraulikoaren erabileraren nolabaiteko mendekotasuna izango dute oraindik, bai indar eragile gisa, bai ekoizpen-prozesurako. Sustatutako gainerako industria-ekimenek beste elikadura-indar energetiko batzuk dituzte, eta, beraz, ez dira Azterlan honen xede.
Hernaniko lehen industria sektore “modernoa” papergintzarekin lotuta egon zen. Gipuzkoako eta, bereziki, Hernaniko industria-garapenaren adierazgarrienetako bat izango da, ekoizpen-mota horretan Estatuko lurralderik garrantzitsuena izateraino. Presentzia horren arrazoia izan daiteke Gipuzkoak zailtasunak zituela siderurgia-lantegi handiak ezartzeko Bizkaiaren aurrean (ez zuten lehengai nagusirik, ikatzik eta burdinarik), eta papergintzak etekin ekonomiko handiagoa espero zuela. Aurrekariak Tolosaren inguruan kokatzen dira, XIX. mendearen hasieran, baina oso gutxi aurreratutako teknikekin eta aurrera egiteko itxaropen gutxirekin. Industria hori ibaietan oinarrituko da, erabiltzen ez diren errota edo burdinola zaharren presentzia aprobetxatuz (Fagollaga edo Eziago, adibidez) eta ekoizpen-prozesurako ur-kantitate handiz hornitzeko beharra aprobetxatuz. Jatorrian, fabrikazio-teknika oso oinarrizkoa izan zen, eta lehengai nagusitzat oihal eta arropa zaharrak (“trapuak”) erabili ziren. Urarekin nahastuta, paperaren oinarria izango zen azken orea lortu arte birrintzen ziren materialak. Sistema horrek, aldaketa teknologiko handia izango du 1842. urtetik aurrera, Tolosan Estatuko paper jarraitua egiteko lehen makina instalatu baitzen. Horri esker, papera azkar fabrikatu ahal izango da, luzera handiko zerrenda bat eginez (Europan duela hiru hamarkadatik funtzionatzen zuen); horrek izugarri merketuko du prozesua, hein handi batean mekanizatuz eta azken produktuaren kalitatea hobetuz (Ibañez et al., 1990).
Lehenengo saioa Fagollagako burdinola zaharra izango da, 1867an kapital pribatuari saldua. Burdinola zaharraren gainean paper jarraituaren fabrika berria eraiki zuten “La Urumea” izenarekin, instalazio zaharrak berregitearekin batera, Gipuzkoako lurraldean beste hainbat kasutan gertatu zen moduan (“ferreria nombrada Fagollaga hoy convertida en fabrica de papel continuo” —1867—). Fabrika berria bere makineria, trapu-andela, egosketa-galdarak, prentsaketa pilak, paper ebakitzaileak, pilak, eta abarrekin ornituta zegoen. Sustatzailea Bonifacio Guibert tolosarra izan zen, dagoeneko Belauntzan beste paper-fabrika bat zuena. Bere ofizial gehienak frantsesak ziren. Bigarren Karlistaldian instalazioek kalte handiak jasan zituzten (55.000 pezetatan balioztatuak). Ekoizpena 1877an berrabiarazi zen Tolosako “Sese, Bandres, Echeverria y Cª” enpresaren eskutik. Azken hauek instalazioak berritu zituzten eraikuntza berriak eraikiz eta makina berriak prestatuz (“ha hecho edificios, maquinarias, movimiento y demas partes de que en la fabrica se compone de diferentes obras, reposiciones, reparaciones y aumentos”). Instalalazioen artean aipatzen dira zilindroak, lixibagailua, paper ebakitzailea, turbina gurpilarekin, pilak, araztegiak, bobinak egiteko makinak, papera leuntzeko zilindroak, etab. Lehenengo paper-fabrika hura aktibo egon zen 1886 arte. Ustiatzen zuen enpresak Eziagoko errotaren ingurura lekuz aldatzea erabaki zuen, eta han, errotaren hornidura hidraulikoaren azpiegitura aprobetzen, oin berriko fabrika eraiki zuten (“estableciendo una fabrica de pasta de madera para la elavoracion de papel u otros usos”). Papelera Biyak-Bat izenez ezagutuko dute fabrika berria (Tolosako Amarotz auzoko beste paper-fabrika baten jabeak ziren). Instalazioak pixkanaka handituz eta modernizatuz joan ziren, harik eta, azkenean, 1980ko hamarkadaren hasieran itxi ziren arte, eta eraitsi egin ziren aldameneko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga handitzeko.
XX. mendean paper-fabriken belaunaldi berri bat finkatu zen Hernanin (Papelera Mendia edo Urumeakoa, Papelera del Norte, Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga), azken kapituluan aipatuko ditugu hauek.
Hernanin garapen berezia izango duen beste sektoreetako bat kimikoa izango da. Gipuzkoan, sektore hori pospolo fosforikoen, xaboien, esterinen eta abarren ekoizpenari lotuta etorri zen hasiera batean, baina merkatuaren premiek ekoizpena produktu berrietara bideratuko dute, hala nola edari alkoholdunen ekoizpenera, petrolioa edo zura destilatzera. Azken arlo honetan, Lecumberri y Cia. enpresa nabarmenduko da, gerora Puig y Cia. bezala ezaguna. Bere instalazioak oraindik mantentzen dira Latsa auzoan, nahiz eta erortzeko zorian egon. Enpresa hemen kokatu zen 1884an, Latsa baserriaren lursailak erosi eta gero. Jatorriz, urte batzuk lehenago (1881), Zabalegi baserriaren inguruan kokatuta egon zen, Añorgako bidean, baina ustekabeko sute baten ondorioz kokapen honetara aldatu zuten, izen komertziala mantenduz (Aritzarenac). Enpresak sekulako arrakasta lortu zuen Barzelonako Erakusketa Unibertsalera aurkeztuz (1888) eta sari desberdinak lortuz (Larrinaga 1999:360-362). Enpresa zura destilatzera bideratuta zegoen, etxeko erabilerarako ikatza eta zenbait azpiproduktu lortzeko (metanola, azido azetikoa, azetona, fenolak, brea, pirolignitoa edo zura-mundruna, ...), urtean 5.000 tona landare-ikatz eta beste produktu batzuk ekoizteko gaitasunarekin. Enpresak, bere instalazioak 1980ko hamarkadan behin betiko itxi arte ustiatu zituen.
Plano honetan bertan, Almidones Remy Frabrika izenekoa aipatu behar da, mende aldaketan (1902) eratu zena. Enpresa, Belgikako Societe Anonyme de Usines Remy elkartearen filial bat zen. Eta aipatutako honetan bezala, almidoia ekoizteko nagusiki arroza, artoa eta manioc sustraiak erabiltzen ziren. Hauek prozesatuz, glutena eta zahia bereizten ziren, azido batzuekin tratatuak izan ondoren. Hondakina animalientzako bazkarako erabiltzen zen, eta arrozaren proteina, berriz, mugaren beste aldeko industria farmazeutikora bideratzen zen (Catalan; Mugartegui 2017). Fabrika Florida auzoan kokatu zen, trenbideko estazioaren parean. Instalazioek 1980ko hamarkadaren amaieran utzi zioten jarduerari, eta 1994an eraitsi zituzten behin betiko.
Indar hidroelektrikoa erabiltzen zuten enpresa hernaniarrek, elikadura-sektore gisa definitutakoarekin jarraitzen dute. Sektore hori berandu berrituko da, beste sektore batzuekin alderatuta, lurralde osoan usadiozko irin-erroten sare garrantzitsu bat dagoelako. XIX. mendeko azken hamarkadetan, hiri-eskariak izandako hazkunde nabarmenak soilik lagundu zuen ekoizpena dibertsifikatzen (txokolate-fabrikak, kontserbak, edariak, etab.), eta horrekin batera, kapital nabarmenak erakarri zituen sektorera.
Urumea Bailaran, XIX. mendearen amaieran, dozena erdi errota zeuden oraindik aktibo (Errotaberri, Trankatx, Eziago, Osiñaga, Epele, Ereñotzu, Pikoaga), Erdi Arokoak izanik horietako batzuk. Sektorearen indarra dela eta, ehotzeko instalazio berriak gehituko zaizkie, batez ere urrutien dauden auzoak asebetetzeko, nahiz eta ekoizpen mugatua izan. Karabeleko errotaren eraikuntza (berriki eraitsia) 1885ekoa da, Miguel Jose Tellechea hernaniarrak sustatua eta Portuko errekan kokatua. 1920ko hamarkadaren hasieran funtzionatzeari utzi zion, sagarrak ehotzeko berrerabili zelarik. Pagoagako errotak (Goiko Errota eta Beheko Errota) 1903. urtearen inguruan eraiki ziren bere izeneko errekan, eta modu mailakatuan kokatuta zeuden ur-emaria hobe aprobetxatzeko. Errota horiek, gainera, argindarra ematen zieten auzoko baserriei.
Horren aurrean, lehenengo industria-ekimena, “La Urumea” irin-fabrika eraikitzea izan zen, Hernani eta Astigarraga arteko lursail batean, Urumea ibaiaren ertzean, Arbiza Portuan. Fabrika 1886-1888 inguruan eraiki zen, Francisco Ubarrechena donostiar merkatari eta industrialaren eta bere seme-alaben ekimenez. Enpresak hainbat pabiloi zituen bere makineriarekin (birringailuak, nahasgailuak, linpiak, ehotzeko harriak, galbaheak, sasoreak, etab.) eta presa Urumea ibaian. Presa horri esker makineria guztia eta argiak eragiteko energia lortzen zen. 1891n, Ubarrechenatarrek, instalazioak Toribio Ugalde irin industrialari bilbotarrari alokatu zizkioten, Penintsulan irina austro-hungariar erara ekoizteko sistema aplikatzen aitzindaria zena (Ugalde irin fabrika batzuen jabea zen Bilbon eta Donostian). Errentariak, ekoizpen-instalazioak modu garrantzitsuan berritu zituen, merkatuaren beharretara egokituz, eta horri esker XIX. mende amaierako krisi gogorra jasan ahal izan zuten. Sistema, alea sei aldiz ehotzean zetzan, irin oso fin bat lortu arte, maila ezberdinetan kokatutako eta elkarrekin konektatutako makina sistema konplexu baten bidez. Eten tarte txiki baten ondoren, ekoizpena 1908an berrabiarazi zen, hiriburuko bi enpresaburu-familia nagusiek osatutako elkarte berri baten eskutik, “Londaiz, Ubarrechena y Cia.”. Hernaniko eta Errenteriako lantegiak ustiatzen zituen, Hernaniko instalazioek urtean, 4,50 irin tona inguru ekoizteko ahalmena zutelarik. Ekoizpena 1950eko hamarkadara arte mantendu zen, eta, ondoren, instalazioak bertan behera geratu ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran bota zituzten arte.
Mota honetako irin-fabrika industrialen hedapenarekin, ohizko guneek nekez egin ahal izan zioten aurre lehiari. Hala ere, 1935ean oraindik martxan zeuden jatorrizko errota horietako batzuk.
Mende hau amaitzear zegoela, sektore berri batek bat egingo du aurrekoekin, eraikuntza-materialarena. Enpresa horiek oso zeregin garrantzitsua izan zuten Gipuzkoako industria-sarean, XIX. eta XX. mendeen artean Probintziak bizi izan zuen hiri-hazkunde garrantzitsuari estuki lotuta. Azpisektore guztien artean, nagusiena zementu naturala edo kare hidraulikoarena izan zen (ondoren portland zementua), eta horrek Urumea Bailaran garrantzi argia izan zuen. Haren garapena bi faktorek bultzatu zuten: tuparri eta kareharri harrobiak eta lignito-meategiak egoteak, eta, ekoizpena zuzentzeko merkatu nabarmen baten eskuragarritasunak (Donostiako hiriburuaren ingurua). Bere hedapena hain handia izan zen, bere zementuak Penintsula osoan saldu zirela, baita atzerrian ere.
Hernaniri dagokionez, hiru izan ziren indar hidraulikoa erabili zuten ekoizpen-instalazio aktiboak. Bere jarduera, ordea, nahiko laburra izan zen, bertan behera utzi baitzituzten laster. Zaharrena, Ubarrechena anaiek 1895. urte inguruan “La Urumea” irin-fabrika horretatik gertu jarritakoa izan zen. Auspero inguruan erositako partzela txiki batean eraiki zuten eta ondoren, gaur egun desagertutako Amezua y Cia. organo fabrikak zuen parajearen inguruan kokatu zen. Ubarrechenatarrek, gertuko kareharrizko harrobi bat alokatu eta ustiatzeko lizentzia lortu zuten, baita Antziola aldean zeuden “La Luz” eta “San Emilio” lignito-meategietarako ere. 1912an ekoizpena utzita zegoen.
Bigarrena, Epele auzoan kokatutako Epele errota zaharraren instalazioak izan ziren. Instalazio hauek aprobetxatu zituen harria txikitzeko, kiskali aurretik. Lehengaia Larregain baserriaren ondoan zegoen kareharri harrobitik ateratzen zuen, bagonetatan jaitsiz aire-kablearen bitartez.
Ekoizpena 1901ean hasi zen Arrizabalaga y Cia. enpresaren eskutik, eta urtebete geroago Viuda de Larralde y Cia. enpresari utzi zizkion instalazioak eta ustiapen-eskubideak. Instalazio berriak eraikitzen hasi ziren errota zaharretik gertu dagoen lursail batean, errekaren beste aldean (aztarnak kontserbatzen dira oraindik), eta urtean 5.000 tona ekoizteko ahalmena izan zuen. Enpresa 1930eko hamarkadaren hasiera arte egon zen lanean, izen sozial desberdinek ustiatuta (“Lostalo, Larralde y Cª”, Ricardo Figueredo) (Lerchundi 2009).
Eraikitako hirugarren zementu-fabrikak, Fagollaga ingurua izango du berriro ere kokapena. Han, Santiago Alquizalete enpresari hernaniarrak “Las Mercedes” zementu-fabrika eraiki zuen
XX. mende hasieran, 1902an inguruan. Alquizalete aurretik, Fagollagako paper-fabrika zaharrak lursailak alokatu zituen, eta kokapen horretan obra handi batzuk aurrera eraman zituen. Tartean, harria kiskaltzeko labeetan eta horniketa ur-azpiegituran hobekuntzak nabarmentzen dira. Bere aztarnak oraindik ikus daitezke egoera onean. Instalazioak, eraikin eta makina batzuek osatuko dute: errotak eta hautsgailuak harria txikitzeko; turbina bat makinak eta jasogailuak mugi arazteko; labeak (“tres o mas hornos necesarios para la buena calcinacion de la piedra”), etab. 1906tik aurrera ekoizpena beste enpresa batek hartu zuen, “F. Miner y Cª”, bi urteren buruan ekoizpena utzi zuenak ere, instalazioak behin betirako itxiz ekoizpenaren errentagarritasun eskasagatik.
XIX. mendearen hasieran, Bailarako tradizio siderurgiko zaharra nolabait berreskuratuko duen ekimen berri bat abian jarri zen. Zehazki, 1901. urtearen inguruan, Fundiciones del Norte elkartea jarri zen Hernanitik Astigarragara doan errepide zaharraren ertzean (gaur egungo Mañe i Flaquer plaza). Bere jatorria kapitala frantsesak dituen konpainia batean dago (Bordele ingurutik etorritakoa), 1888an Donostiako Herrera auzoan “La Basconia” izeneko lehen fabrika bat ezarri zuena. Enpresak, antzinako ur-aprobetxamendu bat erabili (Latsunbe errekan) eta berritu zuen fabrikaren beharretarako. Bere helburua, bigarren fusioko burdina eta metalak edo latorria ekoiztea zen. 1960ko hamarkadaren amaieran itxi zituzten instalazioak eta eraitsiak izan ziren. Oro har, sektore metalurgiko horrek garrantzi txikia izan zuen eskualdean, eta ez zen nabarmendu Gerra Zibila amaitu arte.
Azkenik, indar hidraulikoa erabiltzen zen azken sektore bat ere aipatu behar da. Hernaniko ekoizpen multzoan, murritza eta denboran oso mugatua izan zena. Meatze-ustiapenek gorabehera handiak izan zituzten, nazioko eta nazioarteko merkatuen beharren arabera. Gure kasuan eta Etxolaberriko esparruari dagokionez, badirudi aprobetxamendu intentsiboena, ez zela XIX. mendearen erdialdera arte egin (1859an eratutako “La Vascongada” meatzaritza-elkartea), eta izaera industriala hartu zuen XX. mendearen hasieratik. Meatze-barruti honetan zilardun beruna eta galena atera ziren, XX. mende hasieran hogei galeria inguru dokumentatu zirelarik. Azpiegitura-lan nagusien eraikuntza (tratamendu-fabrika, garraio-bideak eta azpiegitura hidraulikoa) 1901etik aurrera egin zen gutxi gorabehera, “Sociedad Minera Mugabe”-k kontzesioa lortu zuenean. Sei urte geroago, 1907an, “Sociedad Minera Echolaberri”-k berritu zuen, eta 1916 arte martxan egon zen (Agirre 2011). Uholde batek kalte handiak eragin zituen bide eta zubietan, eta, ondorioz, ekoizpen instalazioak isolatuta gelditu ziren eta ekoizpena eten zen. Horrela, martxan jarri eta urte gutxira, instalazioak erabat utzita geratu ziren. Garai hartan, 1912an, inguruko merkataritza-agente batzuek “Urumeako meatze-trenbidea” (Ferrocarril minero del Urumea) jarri nahi izan zuten martxan. Goizueta eta Aranoko meatze-barrutiak Hernaniko FFCC geltokiarekin lotzea zen helburua, ibaian bihurka ibiliz. Bere helburua, inguruan lortutako mineralak modu azkar eta merke batean merkaturatzea zen. Bistan denez, proiektua ez zen gauzatu.
XIX. mendearen amaieran, Urumea Bailarako, eta bereziki Hernaniko, industria-egoerak iraulketa jasan zuen. Ohiko aprobetxamendu hidraulikoak, batez ere burdinolei eta irin-errotei lotuak, desagertuak ziren ordurako, edo, gehienez ere, birmoldatuak eta egokiro eraberrituak izan ziren bizitza berri bat emateko, industria-makinen belaunaldi berri bat elikatuz. Ekoizpen-panoramaren birsortze nabarmen horri esker, “monopolio” tradizionala hautsi eta aprobetxamendu horien gainean zeuden traba feudalak ezabatu ziren, eta uraren erabilera askatu zen, orain arte tokiko eliteen eta kontzejuen esku egondakoa. Horrela, industria tradizionalaren krisiak, industria moderno hasiberriari energia-iturri merkea eta etorkizunerako proiekzioa lortzea erraztu zion.
Estatuko gainerako lurraldeetako joera orokorrarekin ez bezala, Gipuzkoan industriak ezaugarri espezifiko batzuk izan zituen (kontzentrazio geografikoa eta sektoriala, indar eragilearen gaineko kontrola, kapital autoktonoaren finantza-nagusitasuna eta enpresa txiki eta ertainen sarea egotea). Bere industria ia osoa ibai-haranen inguruan finkatu zela ikusi ahal izan zen, hain zuzen ere, energia hidraulikoaren potentzial energetikoa aprobetxatzea bilatuz (ugaria eta merkea), beste aukera garestiago eta eskuratzeko zailagoa zirenen aurrean (ikatza, petrolioa). Joera hori, orokorrean, hurrengo aldiko une aurreratu batera arte mantenduko da.
3.4. HIRUGARREN GARAIA: BIGARREN INDUSTRIA-IRAULTZA
Hirugarren fasea Bigarren Industria Iraultza izenekoarekin bat dator, XX. mendearen zati handi batean luzatuko dena. Ekoizpen-prozesuaren barruan, energia elektrikoa modu masiboan erabiltzeagatik bereiziko da garai hori, makineria elikatzeko iturri nagusia eta ia bakarra bilakatuz. Energia-iturri ia agortezina eta erabilera errazekoa suertatu zen beste energi-iturriekin konparatiboki (ikatza, petroleo, gasa,...). Energia elektrikoa hainbat modutara lortu ahal izango da, baina Gipuzkoaren kasuan, bere adierazpen hedatuena hidroelektrikoa izan zen.
Gakoa, sektore elektrikoaren garapena izan zen, eta batez ere, industriara edo argiztapenerako beharrezko energia sortu ahal izateko, lurraldeko ibai-ibilgu ugarien aprobetxamendua. Elektrizitatearen sarrerak erabateko aldaketa ek