Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Aize-Eder (Buztintxulo) | Arriguren (Arrigoain) | Bakero

 

Arriguren

(Arrigoain)

 

      Arrigurain izenez azaltzen bada ere 1870eko “Nomenclator” deitu Hernaniko baserrien zerrendan, bi mende eta erdi lehenago “Hamarrenak” zerrendan (1610) Arriguren izenarekin azaltzen zaigu, egungo egunean Arrigoian bilakatu dena. Eta hala, Arriguren izan liteke bere jatorrizko izena, izen konposatua jakina, harri eta guren (muga, zedarri) hitzak osagai dituelarik. Badugu gisa bereko adibiderik euskal izendegian, hala nola Oianguren, Ibarguren, Aranguren (oihan-, ibar-, haran-muga), eta beste. Esan dezadan bidenabar mereziko lukeela sakonago aztertu eta sorreraz zor zaion izena kasu honetan, besteak beste, berreskuratzea. Bakoitzari berea, jakina.

      Santa Barbara mendiaren hegalean iparekialdera orientaturik dugu Arrigoain etxea, ezkerraldeko isuriaren aldetik lehen ukuilu izandako etxe-ordekoa, egun, jatetxe bilakaturik.

      Arrigoain zaharra, ordea, harrobiak harrapatu eta irentsi zuen. Uraren gordailua dagoen lekutik aurreraxeago zegoen gaur egun matxaka zaharra aurkitzen den leku horretan gutxi gora-behera. Baserri zaharraren argazkiren bat bai omen zuten baina...

      Modesta Arruabarrena Eskisabel, zaldibitarra izatez, eta bertako etxekoandrea izan dut solaskide. Arrigoaina ezkonduta etorri zenean honela osatzen zen bertako familia: Joan Bautista Izagirre Etxeberria eta Agustina Sosberro Arozena, jaiotzez Astigarragakoa hau, aiton-amonak. Seme-alabak Maria, Joxe Antonio senarra eta Rosario anaia gazteena. Gaur egun ama Modesta eta Imanol semea, ama-semeen artean daramate baserria eta jatetxea.

      Lehen bost behi, zekor batzuk, idi parea eta astoa izaten zuten. Senarrak, baserriko lanaz aparte, idi parea hartu eta inguruko baserri eta kaleko zenbait etxeetara golde-lanera ateratzen zen sos batzuk ekarriko bazituen. Deigarri gertatzen zaio oraino Modesta etxekoandreari zenbat etxe ezagutu zituen Hernaniko kale eta bazterretan, baratze eta soro eder bat eta oilo, zerri edo zekorren bat zeukatenak.

      Bestetik amona eta gero ama Udaletxeko arkupetara egunero barazki eta esnearekin. Ondo gogoan du Modestak zenbat kosta zitzaion, ohiturarik ezagatik, noski, salmenta-lan eta jendearekiko tirabirak hor jasan beharra.

      Gero, harrobiak lurrak jan zizkiotenean, senarrak beste lan batera jo behar izan zuen, kamioi bat hartu eta garraio lanera hain zuzen. Lurrak, harkaitz arteko lur traketsak baziren ere, ez dauka ahaztuta lur horietan landutako azak, esaterako, harria baino gogorragoak izaten zirela baina bai gozoak ere benetan. Simaurra beste ongarririk ez, ekologikoak ere izango ziren dudarik gabe.

      Etxekoandre honek beste oroitzapen bat ere badu gogoan. Harrobi lana aurrera joan ahala baserria estutzen joan zitzaiela. Esan nahi da, lurrak murrizten eta bizimodua ere bai lurrekin batera. Oroitzen da nola ibili ohi ziren garai horretan. Tiroa botatzeko harrobiko kornetaren hotsa entzutean, idiak eta aberea berekin hartuta, oraindik kontserbatzen da, nola hartzulo gisako tunel horretan babesten ziren.

      Oroit industriaren aroarekin batera, Hernaniko herriak XX. mende hasieran 3.000 bizilagun inguru izatetik mende erdi batean zer nolako gorakada jo zuen (etxe eta auzo berrien eraikuntza) eta hor harrobiak izan zuen garapena.

      Halatan, aitak baserria erabat utzi gabe, beste aurrerapausoa eman zuen bezala, ama ere, nire solaskide Modesta, gauza bera egin beharrean gertatu zen: sukaldari bilakatu. zitzaigun harrobiko jangelan, horra. Handik eta harat, hor bildutako esperientziari jarraiki, hasi ziren anartean ukuilua zenaren etxeordekoan taberna koxkor bat (edariak, ogitartekoak, kaxuelak) antolatzen, gero jatetxea eta geroago are hondrosoago bilakatu den jatetxea.

      Semea Imanol, halaber, ez da atzera begira egon, zeren jatetxeko lanetan amari laguntza on bat emateaz aparte, baserriari eutsi baitio. Eutsi bakarrik ez, ukuilu berria antolatu eta berrogei bat bururen ardura bere gain harturik darabilgu.

 

Aize-Eder (Buztintxulo) | Arriguren (Arrigoain) | Bakero