Zelaiarte
Naturari itsatsitako izena darama Zelaiarte baserriak, bere izena askatzen hasita, zelai eta arte edo tarte ematen digu ondorio. Zelaiak, edonork daki, leku laua edo ordokia adierazten du eta gure inguru mundu honetan belardia ere bai. Hona nola josita dagoen, beraz, baserri honen izena.
Jauregitik Santa Barbara aldera doan bidean Ikusmen Alaia etxearen ondotik eskuin aldera hartuta joaten da Zelaiarte baserrira, Zabalo-Enea baino metro bakar batzuk baino lehenago, hara iritsi aurretik beste hainbat etxe-lehor esker-eskuin utzi ondoren.
Aurrean, ekialdera, Santa Barbara ikusten zuen pinurik ez edo hauek txikiak zirenean, eta mendebaldera Lasarte-Zubieta aldeko ibarra ikus daiteke, Usurbilgo elizaren dorrea, besteak beste, gailen ageri dela; baita inguruko beste baserri nahiz mendi ugari ere.
Fatxada nagusia eta sarrera ere ekialdera dituela bi isuriko etxea, eta baserri gehienek bezalaxe, behean sukaldea eta ukuilua, goiko oinean logelak eta komuna eta hauen gainean ganbara. Etxe-ordekoa aldamenean, belarra, lastoa eta baserriko lan-tresnak lehorrean jasotzeko. Dolarea ere bai, bertako eta auzokoen sagarrak jotzeko. Bestelako etxeordeko berri-berria ere badu baserriaren ertz bati atxikita, iloba batek bere zaletasunak asetzeko erabiltzen duena.
Iñaxio Azpiolea Iradi, berriemaileak buruan duenez, bere amaren aitonak, Tomas Iradi zenak hartu omen zuen baserria. Alabaina, honen alabak, Joakina eta bere senar Joxe Azpioleak, ordea, seme-alabarik ez eta Pantxika Iradi Loinaz Zabalo-Enekoa hartu zuten alabatzat. Honetan, Pantxika, bertan morroi zegoen Justo Azpiolea, Pitikar baserriko semearekin ezkondu eta seme bat izan zuten, Inaxio, nire solaskidea, alegia.
Orain ez ezik lehen ere ez zen haur asko izan etxe honetan; 126 urtetan 3 seme bakarrik jaio baitziren Zelaiarte baserrian.
Etxea aski zaharkiturik zegoela eta, orain urte batzuk aldamenean eraikitako berrian bizi da, ezkonge, 63 urte gaindituak baina oraino sasoiko dagoen Tnaxio.
Baserrian aritu da bere bizitza osoan, Santa Barbarako ermita eta urtero herri-bidea auzolanean egiteaz gain. Lan atsegina izaten zela auzolana, dio, neke handirik gabekoa, lagunartekoa, hango eta hemengo berriak jakin eta astebete behintzat ondo pasatzekoa.
Etxean dozena-erdi bat behi izaten zituzten baina zekorrik ez, jaio orduko kanpora ateratzen baitzituzten. Hala, esnea zen beren bizibide nagusia, baratze pixka bat egiten bazuten ere. Ama Pantxika joaten zen Galarretan Joan Mari Perurenaren autobusa hartu eta Donostiara; inoiz Hernanira ere bai esnea eta baratzeko zerbait saltzera. Bestelakoan, sagarra ere izaten zuten orain baino gehiago, eta irribarrez gogoratzen ditu garai haiek, auzokoak sagar-jotzera etortzen zirenekoa, baita etxe aurrean dagoen petrila ere “zenbat kontu entzun ote ditu horrek! Hizketan baleki, nik baino hobeto eta gehiago esango lizkizuke! Hamaika solas eginak dira hor batzu-batzuk”.
Orain, lau behi eta bi zekor dauzka, eta astoa aurrekoei janaria garraiatu ahal izateko. Horiez gain, hiruzpalau arratoi-txakur, bi ahuntz eta aker bat, oilo, eta beste 4 pottoka ikusi ditugu etxe ondoan larrean “bazterrak garbitzeko eta gustuko ditudalako”, horra arrazoia.
Lasai bizi dela esan digu Iñaxiok, inora asko ateratzen ez bada ere, “ostegunetan feriara joatea gustatzen zitzaidan, Zinko-Enean musean ibili eta garaiz etxaldera, baina orain gero eta gutxiago joaten naiz hara ere”.