Pitikar
Inork ez daki zer esan nahi duen Pitikar hitzak, gure solaskideak dioenez, Txitibar dela ere noizbait entzuna omen du, baina inork ez dakiela gauza jakinik. Hala ere, itzal handia erakusten du etxe gotor honek.
Hona zer dioen Luis Blas Zuletak “Hernani entre dos guerras: 1872-1936” liburuan: “El caserío Pitikar, entre Hernani y Lasarte, esta situado bajo el monte de Santa Barbara, bastión fortificado por las tropas cristinas para asegurar el paso entre los dos pueblos, tenía una guarnicion de 20 hombres mandados por un teniente”. Por la trascripción de un trabajo de Alfredo Laffitte en “La Union Vascongada” de 20 de Julio de 1896. (95. or.)
Galarreta-Jauregitik eta Hernani-Santa Barbara aldetik Lasartera doan bidetik hogei metrora, eskuinaldera, kasko-kaskoan, aurrean eta zertxobait aparte Zabalo-Enea eta Zelaiarte dituela, ezkerrean Belasko-Enea Berri, eskuinaldera Zelaigain, Zozperri, etab., eta atzean, aldenduxeago, Txillida-Leku, Zabalegi, etab.
Bi isuriko eraikin laukia, hegoaldera ematen duen fatxada nagusian hiru arku, erdikoa erdibitu eta etxebizitza bakoitzak bere sarrera bertatik duela. Beste arku bana alboko horman, fatxada nagusiaren aldamenean. Bi etxebizitza egiteko, sotoaren erdi-erdian horma jaso eta erdibitua dago. Ondo ordainduko lukeela, jakinarazi dit Antonio bertako semeak, baldin eta etxea eraiki zeneko aztarnarik emanez gero.
Etxebizitza bakoitzak badu aldamenean belar ondua, lanabes eta gainerakoak jasotzeko bere etxe-ordekoa. Baita halako arku dotorea estaliz eraikitako ur-gordailua ere ekialdeko hormari itsatsita.
AZPIOLEA OLARRA Familia
Joxe Mari Azpiolea Urkia, bertako semea, auzoko Anton-Ene baserriko Eustaki Olarrarekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, baina bi, bikiak, jaioberriak zirela hil ziren. Hona besteak: Maritxu, Joxe Ramon, Inaxi, Joakin, Antonio, Inaxio eta Mari Tere. Hala bada, zazpi senide izan direla nolabait dio horren berri ematen didanak. Bat eta beste ezkondu eta kanpora joan eta Joakin eta Antonio gelditu ziren azkenerako baserrian aita-amekin. Gaur egun, Antonio bakarrik bizi da, ibilbidea aski mugatuta duela.
Gurasoak baserrian, sei-zortzi buru ukuiluan zituztela eta baratzea etxerako adina landuz. Garai hartako beste guztiak bezalaxe, etxekoandrea joaten zen esnea saltzera; gero, ordea, Gurelesa etorri zen eta hari ematen zioten esnea. Gurasoak eta Joakin anaia ere beti baserrian aritu omen, “ni aldiz, lehenengo kanpoan aritu nintzan, baina 50. urte aldera fabrika utzi eta baserrian hasteko bidea egin nun” esan digu bertako seme Antoniok. Orain, bakarrik, osasunak gehiegi laguntzen ez eta guztiak utzi beharra izan du. Kanpoko laguntza jasotzen du egunero, etxeko garbitasuna eta abar egiteko; alabaina, Antonio bera ibiltzen da oraindik ere harat-honat bere autoarekin etxerako behar diren enkarguak egiten. Ibilera moteldu zaion arren, ondo moldatzen da harakin, dendari eta bestelakoekin eta autotik atera gabe egiten ditu egin beharreko guztiak.
AZPIOLEA OTEGI Familia
Joxe Ramon Azpiolea eta Josefa Urkia senar-emazteak ziren Pitikar baserrian eta hiru seme izan zituen: Inaxio Mari, Joxe Mari eta Justo. Aipatu bi lehenak ezkontzerakoan, duela 84 urte (1916) etxea erdibitu eta anaia biak jarri ziren etxe banatan. Inaxio Mari jarri zen nire solaskidea bizi den honetan. Beste anaia Justo auzoko Zelaiarte baserrira joan zen morroi eta bertan neskame zegoen Pantxikarekin ezkondu.
Inaxio Mari Azpiolea Urkia, Anttoni Otegirekin ezkondu eta lau neska eta mutil bat izan zituzten: Manuela, Joxepa, Joanita, Karmen eta Pello, baina azken hau jaiotzerakoan hil zen ama. Egoera aski tristea emaztea hain gazterik galtzea eta, hori gutxi bailitzan, seme-alaba gaztetxoak aurrera atera beharra! Halatan, emazte zenduaren ahizpa, Manuela Otegi, Donostiako Antigua auzoko Txapaldegi baserriko alabarekin ezkondu zen, alarguna eta seme-alaba bi zituena, Martxiel eta Mari Karmen. Bien artean zazpi seme-alaba mahai inguruan bilduz.
Garaia heldutakoan, Joana, Lastaola baserriko Erramun Ugalde, igeltseroarekin ezkondu eta etxean jarri zen bizitzen eta hiru alaba izan: Axun, Milagros eta Andone. Alabaina, labetzarrak konpontzen ibiltzeak ez zion onik egin Erramunen osasunari eta hamaika medikuren eskuetatik pasa ondoren, 57 urterekin hil zen.
Artean Pello, seme gaztea, ezkonge zegoen etxean eta auzoko Tere Apaolaza, Galarmendi Erdikoa (Txanetene) baserriko alabarekin ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen, etxea bi familientzako antolatu ondoren. Hiru seme eta bi alaba dituzte: Maite, Maria Jesus, Iñaki eta Joseba, eta denek ere badute eskolarik, “bizimodua baserrian baino errazago ateratzearren” dio amak. Alaba zaharrena dagoeneko ezkondu eta kanpoan bizi da.
Etxe ondoa kalabazaz josita zegoen bertara inguratu garenean; batzuk gizakiak jatekoak, beste batzuk ganaduari ematekoak eta beste batzuk apaingarri gisa saltzekoak. Hantxe ari ziren senar-emazteak eta seme gaztea kalabazak garbitzen, sailkatzen eta ganaduari ematekoa txikitzen. Ondo ematen omen da lur horietan eta horixe erabiltzen dute garai bateko erremolatxa eta arbiaren ordez ganaduari emateko. Dozenerdi bat buru izaten dituzte ukuiluan, baina okeletarako bakarrik, ez dute esnerik jasotzen, eta baratzea etxerako hainbeste egin izan dute beti. Aspaldi batean buruan xestera hartu eta Errekaldera joaten ziren, han Tolosako tranbia lehenengo eta hura desagertutakoan autobusa hartu eta Antiguara esnea saltzera joateko.
Lursailak ere nahiko aldrebes dituela Pitikarrek dio, han-hemenka barreiatuta eta, okerrena, urik ez. Auzoko “Itxurrinia” deituriko askara eramaten zuten ganadua egunero ura edanaztera, eguerdiko hamabietan, txandan, Kanpozabal, Etxeberri eta Pitikar (bi bizitzakoak), bat aurrean eta bestea atzean jarrita. Udan, ordea, hango ura agortu egiten eta Marijoandegiko iturrira eramaten zituzten trailan hartuta, baita gauean ere, behin baino gehiagotan, bokoiak gurdian hartuta; “izan ere, Ilarratsueta Berri, Barriola, Kanpozabal, Pitikar (bi bizitzak) eta Belasko-Enekoak joaten ginen eta han ere ez zen nahi hainbeste ur sortzen”.