Jauregi
Ospe handiko etxea, agidanez. Bestetik, Erdi Aroto etxea.
Galarretatik Lasartera doan bidearen aldamenean, ezkerretara, errepidetik berrehun bat metrora, Galarreta baserritik hurbil eta Belasko-Enearen aldamenean eta Eskola baino zertxobait lehenago, Hernani aldera begira.
Lehengo baserri zabal patxadako horietarik zen, karratu eta handia bi isuritan eraikia eta hura 1997ko maiatzaren 20an eraitsi eta antzekoa baina handiagoa eraiki dute oraindik orain, ostatu eta jatetxe izateko egitura aproposarekin
Antza, Granadako dukeen, Velasco jaunen jabegokoa zen Jauregi baserria eta berdin inguruko lursailak, egungo Belasko-Enea eta Belasko-Enea Berri (borda izandakoa) baserriak barne. Hala, Ameriketan egindako diruarekin baserria erosi eta hantxe jarri ziren bizitzen Joxe Joakin Etxeberria eta Frantziska Mintegiaga senar-emazteak, Elduaingoak nola bata ala bestea. Bi seme izan zituzten, Rikardo eta Antonio. Rikardo Elduako Martina Gorostidi gaztearekin ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen, Antonio, beste anaia, aldameneko Belasko-Enea baserrira joan zen bitartean.
Rikardok eta Martinak lau neska eta seme bakarra izan zituzten: Frantziska (Hernaniko Agustindarretan lekaime sartua), Joxepa (etxean ezkonge) Dolox, Teodora (frantziskotar lekaimea) eta Sotero. Honek, Itsasondoko Maria Sarasola hartu zuen emaztetzat eta alaba bat eta hiru seme izan zituzten: Lurdes, Martin Joxe, Joxe Mari eta Ramon. Gaur egun, Ramon, seme gazteenak, Adelina Abad emaztetzat harturik eusten dio gurasoek abian jarritako jatetxeari.
Baserri batean ohiko den bizimoduaz gain, hiru bereizgarri azpimarratuko genituzke Jauregiri buruz zerbait esan behar eta. Bata, dolarea, auzoko gehienak bertara etortzen baitziren euren sagardoa egitera, eta aitzindarietako bat izan zen Jauregi sagarrak ganbarara igotzeko eta sagarra jotzeko makina elektrikoak jartzen. Honen harira, zera dio Sebastian Salaberriak “Sagardotegiak” liburuan “Ernani” herriari eskainitako atalean: “jauregi baserrian sagardotegia ezagutu genduan. Jakiña orain dala berrogei ta hamabost edo irurogei urte”. (117. or.).
Bestetik, Jauregi baserria beti izan da auzoko hainbat ekitaldi, bilera, eta abarren topagune, hala nola, herri bidea auzolanean konpontzen aritzen ziren baserritarrek han egiten zituzten otorduak, Jauregiko eskola eraikitzeko batzarrak, eskolan urtero jartzen zen jaiotza ikusi ahal izateko giltza ere Jauregin jasotzen zen, Gabonetan etxez etxe ibili ostean Jauregin ematen zitzaien neska-mutilei askaria edo merienda. Eskean ibiltzen ziren Arantzazuko fraideek, pasionistek, etab.ek ere Jauregin hartzen zuten ostatu.
Eta hirugarrenik, sega apustuak dira Sotero Etxeberriak sustatu eta Jauregiren izena Euskal Herrian alderik alde barreiatu dutenak. Guztiz ezaguna bilakatu zen Jauregiko etxe atzea, duela berrogeita bost urte inguru Polipasok han egiten zituen sega apustuak zirela eta. “1958-ko urrillaren 18-an eguerdiko amabietan, ain zuzen...” (Sagardotegiak” (120. or.). Horren ondoren, egun halako arrakasta duen segalarien arteko lehiaketak antolatzen hasi ziren.