Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Bordatxuri

 

      Ez dakit nondik eta nola sortutako izena den baina Euskal Literaturan, kantu zaharra oinarritzat hartuz, ezaguna da Pierre Lartzabalen izen bereko antzerkia. Dena den, eraikin mota desberdinen artean aski arrunta da borda hitza gurean, aterpe, txabola edo baserri izendatzeko. Kasu honetan borda eta zuria, gainera.

      Jauregitik Lasartera doan bidearen ondoan, iparraldera begira, ingurumenari min egiten dion pabilioi handi bat aurrean duela; ekialdera Zozperri, Sarasola-Enea eta Zelaigain; hegoaldera eta zertxobait urrutixeago, zokogune batean, Izoztegi; mendebaldera, berriz, Anton-Ene, hiru Galarmendik, e.a.

      Bi isuritako eraikin laukia, 1954an eraikia dugu Bordatxuri etxea. Behean, lurraren arrasetik zertxobait beherago, sotoa, eta gora bi oin dituela. Atzean, ukuilua izandako lehorpe handi bat. Ondo zaindua eta egoera oso onean dagoena egun.

      Aldameneko Zozperri baserrian bizi ziren Jose Bernardo Irazustabarrena, bertako semea eta honen emazte Martina Goenaga, Gaztelutik etorria. Hamar seme-alaba izan zituzten, baina gaur egun 6 besterik ez dira bizi: Joxe (hila), Bixi, Joan Mari, Bixenta (Joxe Luis Intxausperen alarguna), Joxe Mari, Patxi, Antonio eta Nikolas (lantokiko ezbeharrez hila) eta Joxe Ramon eta Joxe Antonio (garrotiloarekin gazterik hilak); “batzuk txikitan beste batzuk gaztetan” hil zirela esan digu. Aita ere sasoiko zela hil zen, 57 urterekin; ama, aldiz, adinekoa, duela 11 urte.

      Joxe Mari semea bizi da lehenengo bizitzan Mari Karmen Iturria bidaniarrarekin ezkonduta eta hauen alaba Elisabet. Goiko etxebizitzan Bixenta arreba, ezkondu eta handik gutxira alargun gelditua berau.

      Zozperritik ateratakoan, ganadua jarri zuten baserri berrian, baita baratzea egin ere, baina aita hil eta semeak kanpoan lanean hasi bezala, ukuilua murrizten joan ziren, baratzeari eusten bazioten ere. Ama joaten zen Hernaniko arkupetara saltzera, baina hau hildakoan, erabat utzi zuten ukuilua eta baratzea etxerako baizik ez dute egiten. Aparteko ongarri eta zomorro hiltzailerik gabe uzta ona eta osasuntsua ateratzen duela dio Michelin fabrikan urte ugari egin ondoren erretiratuta dagoen Joxe Marik. “Belarra, berriz, garbitze aldera ematen degu, eta gustura horretan”.