Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Orkolaga | Zikuñaga | 2. gunea

 

Zikuñaga

(desagertua)

 

      Ez du zikoina hegaztiarekin ikustekorik, noski, hala ote den esan badidate ere, besterik da baizik. Ziga, zigi, ziguin... orain malma edo malba belarra esaten dugunetik hurbilago dago. Esaterako, ziguin-aga (Zikuñaga) malma lekua, izango litzateke beronen esanahia seguraski.

      Nork ez daki, aldi batetik aurrerako jendearen artean behintzat, Zikuñagako Ama Birjinaren ermita non zen? Orain izen bereko, Zikuñaga, paper fabrika dagoen horretan, hain zuzen.

      Ermitak albo bietan, ezker-eskuin, bi etxe bizitza zituen, bi baserri eta bi familia. Etxeberria ezkerrekoan eta Arana familia eskuinekoan.

      Honek etxepean zuen ukuilua. Ezkerrekoak, aldiz, etxetik at. Eta sukaldea, komuna eta jangela zituen etxearen behean, logelak goian. Etxe aurrean, albo batera, estalpea, eta bertan ukuilua eta ganbara.

      Honela osaturik zen Etxeberria familia: aita, Patxi Etxeberria Loinaz eta Matea Arregi Iraola ama, eta sei senide: Asentsio, Migel, Joxe, Bernardo, Ruperto eta Mertxe. Joxe, nire solaskidea eta arreba Mertxe gelditu ziren etxean gurasoekin.

      Azkenik, Joxe ikusten dugu etxean gurasoak hil ondoren, harik eta 1985ean azkeneko meza eman ondoren (irailak 10), epailea tarteko eta derrigorrean, “sos baten alderdirik gabe”, kanporatuak izan ziren arte.

      Are gehiago, arrunt sumindurik kontatzen du beste gertaera bat ere. Handik bi urtera (87an) ermita eta bi baserriak beren lurrekin bertan behera joan ziren.

      Baserria, egia esan, aurrez ere erabat murriztua omen Joxeren esanetan. Beti ere lursail izugarriak ez bazien ere izatez, hiru mila metrora mugaturik zeuden jada. Eta Joxek hau ere barruko minarekin esaten du, oraino aita bizi zela nola aurreko estalpea, bere ukuilu eta guzti, garai hartan herriko parroko zen D. Jose Elgarrestak 9.000,- pezeta ordainduko zizkiola aginduta omen hura botatzeagatik. Aitak berea konplitu bai baina ordainik jaso ez, horra. “Gozoa egoten zen, bada, gure aita”!

      Azken batean, Zikuñagaren historia, oro har, historia aski tristea izan bada, hau, esanak esan, atal bat baizik ez dela irizten diot.

 

ARANA Familia

      Haurtzaro eta gaztetako bizimoduaren berri kontatzen hasi zait bisitatzera joan natzaion bezain laster Domingo nire solaskidea (92 urte), ezindua, etxean, baina burua argi oraino.

      Lau urte zituela amarik gabe gelditu eta Hernaniko Ospitalera eraman zuten. Hor eskola pixka bat eta akolito ibili omen zen. Gogoan ditu Confiteor eta introitoak. Bederatzi urte zituela Urnietako Barkaiztegi Berri baserrira morroi. Behiak larrera eramatea, itaurrean egitea eta karburo argiarekin nagusiari ukuiluan argi egitea izan zituen zeregin nagusiak hasieran. Anai-arrebak bertan. Ondo jaten omen. Gosaldu nagusiarekin batera, sardina zarra, arrautza eta kafesnea. Han indartu omen zen. Soldadutza arina, kuota ordaindu baitzioten. Goldea han ezagutu zuen, berak dioenez, idi parearekin lanean, zeren “bitartean laia izaten bai zan lurra gorritzeko tresna”. Nagusiak, gizon ona, “Jodida Sos” zuen maldizio bakarra.

      Hala-hala, Arbe familia bizi zen Zikuñaga ermitako baserri eskuinekoan eta eskaintza on bat egin zioten Domingo gazteari, San Martinak bitarte baserri lanean haiei lagundu eta urteko errenta ordaintzerakoan bera haien ordez maizter gelditzekotan. Haiek kalera joan nahi nonbait.

      Halaxe sartu zen Domingorekin Arana familia Zikuñagako baserri horretan. Zazpi golde inguruko lursailak zituen baserriak gero Zikuñaga papelera finkatuko zen eremu horretan, eta errenta, goldeko 17 duro. Domingo Arana Garmendia gaztea Manuela Goñi Etxeberriarekin ezkondu zen, Elorribia baserriko alaba hau, eta alaba bat izan, Joakina. Eta gerra etorri eta emaztea eta haurra utzita soldadutzara joan behar izan zuen. Bi urte eta erdi iraun zuen honek.

      Etxera itzuli eta geroz izan zituzten gainerako seme-alabak: Petra (txikitan hila), Joxe Migel, Rufina, Maria Dolores eta Julian. Lau behi izaten zituzten baserrian.

      Bestetik, “gerra bukatu eta berehala hasi zan papelera fabrika altxatzen, eta horko obra lanetan ni ere bai. Eskuz egiten genun masa orduan eta bizikletaren gurpilaz eginiko polea eta sokaz igotzen gora. Gero, barrura pasa nintzan eta hor 38 urte pasatu lanean, labezain. Aldaketa haundiak gertatu ziran elektrifikatu zanean”.

      Fabrikak, goldeko 35.000,-pta. eman omen zizkien (7 golde honek) uzte aldera, maizterrak izan arren. “Gero, lurrak gutxiturik behi pare bat baino ez genun izaten. Gero, ermita joan zen eta gu ere bai hango parteak eginik”.

 

Orkolaga | Zikuñaga | 2. gunea