Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ibarluzea | Karabele Txiki | Orkolaga

 

Karabele Txiki

 

      Askoz ezagunagoa da “Karkulo-Enea” izenez. Agidanez, aitonarengandik datorkio izen edo ez-izen hau, aitona zenak buruz kontuak ateratzeko erraztasun handia zuelako. Karabele Txiki du, hala ere, izatez, bere izena.

      Karabeleko zubia eta Martindegiko bidearen hasiera berean eskuinera jo eta aurreraxeago, Zikuñagako auzoan, ibaia eta errepidearen ezkerrean aurkitzen da baserri hau.

      Aski patxadako etxea, bi isuriduna, orain garajea lehen ukuilua zuen tokian eta orain eskailera kanpotik duen bezala lehen barrutik. Aita eta aitonaren artean, duela 75 urte, eraikia da etxea, ibaitik legarra aterata.

      Karmen etxeko alaba dut solaskide eta gogoan ditu Inaxio Arrieta eta Maria Vitoria, aiton-amonak etxean.

      Gurasoak, aldiz, Bixente Arrieta Vitoria eta Joxepa Otaño Mendizabal izan ziren. Hona hauen seme-alabak: Pepi, Mikeli, Maria, Karmen, Inaxio eta Balentina. Inaxio maiorazgoa bizi izan zen aitarekin etxean.

      Orain, Karmen alarguna, Mari Kruz alabarekin. Beste bi alaba ere baditu honek, Maria eta Pepi, etxetik at jada.

      Aita Mendia papelerara lanera eta baserrian handik kanpo. Baserrian lauzpabost behi izaten zituzten, zekor batzuk, zaldia soro lanerako, jatena nahiz simaurra garraiatzeko. Behiak uztarrian. Baratze ona izaten omen, baina familia ere handia. Zerri bat urtero. Esnea kalera eta jatekoa trukean. Talo-irina Osinagako errotatik. Oroitzapen asko ditu gogoan Karmen nire solaskideak.

      Oilaskoa, etxean hazia, San Joanetan eta Eguberrietan. Erregetan mandarina bat zapatetan, “ez zen fantasia handirik orduan bazterretan”. Oraintxe balitz bezala oroitzen da Komunio bezperan amonak nola bi arrautza frijitu saritzat eman zizkion, esanez, “jan besteak etorri baino lehen”. Gaztetxo zela opari berezi bezala ispilu txiki bat eman zioten.

      Artoa zuritzeko iluntzeak ere ez dauzka ahantzirik. Artoa zuritu ondoan, afaria eta gaztaina egosiak, katilutxo bana bakoitzari. Babarruna bazkaltzen, porru patatak afaltzen.

      Beste gauza bat ere bai. Razionamenduko ogia, egunean opil bat izaten omen zen gose-urte haietan. Aitari gosaria emango bazioten, Karmen goizean seietan jaiki eta kalera ogi bila. Etxera baino lehen garbitzen omen zuen berari zegokion opila.

      Gerraostean jende gehiago ere gose eta barazki bila Karabele Txikira. Amonak hala esaten omen zuen: “Jainkoari esker, gauza batzuk baditugu behintzat eta har itzazue zuek ere”. Eskaleei taloa eta esnea, etxe aurrean, jan zezaten. “Ez da gauza asko eduki behar ematen jakiteko!”.

      Harriturik dago nire Karmen hau oraino, bere guraso eta aurrekoen jarrera edo jokabideaz. Esaterako, auzolana aipatu du. bost baserri baizik ez omen garai hartan Zikuñaga guztian (Andola, Altzega, Aterpe,...) eta nola elkarri lagundu gero! “Umeak, halakotan, artoa ereiten ari dira eta zoazte hazia botatzera” edota “euria dator eta belarra biltzen laguntzera”.

      Benetan, gaur egun ahaztuxeak ditugu honelako jokabideak!.

 

Ibarluzea | Karabele Txiki | Orkolaga