Andola
Joxepa eta Iñaki, ama-semeak aurkitu ditut etxean. Hobe, esan dut nire baitan eta halaxe izan da. Andola etxearen izenez galdegin diedanean, Iñakik aita zenaren esaldi bat bota dit arrapaladan.
“Andola, ua han daola”
Eta amak halaber:
“Andola paret zikin, Ibarluze kaka lustre eta Lizarraga salda mehe”.
Azken honen zergatiaren berri ematen ez zekien, baina bai beste biena. Andolak iparraldeko etxearen horma betidanik galipotaz estalia izatea. Ibarluze, Laxaro txerri-tratantea, zerriak etxean eta usaina inguruan, horra.
Andola izenak badirudi “andu' (lurrean barneraturik zuhaitzak duen partea) gehi “ola” (aterpe, tegi, leku).
Goizueta edo Ereñotzurako errepideak Eziagoko pabilioien parean ezkerrera egiten duen bihurgunearen goian kokaturik dago Andola baserria. Errepidetik begiratuta etxe koxkorra ematen du benetan, eta guztiz zaharra, bi isuritako Andola baserriak, ekialdetik terrazape bat eranskin bezala duelarik. Etxea ez da txikia inola ere. Sarrera nagusitik sartu, egun aroztegi tailer bilakaturik, eta doi-doian 100 m2 luze-zabaleko lekua, eta hor sotoa, sukaldea eta upelategia zituzten. Goian bizilekua eta etxetik at terrazape horretan ukuilua. Etxe dotorea izango zen noizbait. Ikusi besterik leiho ertzetako eta etxearen lau kantoietako harlandu ederra.
Joxepa Lizaso Aiestaran, Igeldoko alaba (79 urte) etxeko amona, oraino gordin kontserbatzen dena. Gaur goizean ere autoa berak gidaturik, erosketak egin eta herritik joan-etorria eginik zen. Amona ezagutu zuen, historia luzeko amona alarguna, Mikela Erdozio Señorena, Añoa baserriko alaba eta senarra, amerikanoa, Joxe Mari Erdozio Izagirre. Osaba-iloben arteko ezkontza zen hau.
Kontatzera noan historia eleberri erromantiko bat idazteko gai den historia da. Joxepak esanda bezala hona gertaera:
“Joxe Mari aitona (gaztetan noski) arrebak hiru hilabeteko nexka arrebari ondo zaintzeko enkargua emanez agurtu omen zan Ameriketara joaterakoan. Handik urteetara, sos batzuk eginda etxera itzuli eta iloba horrekin ezkondu Joxe Mari, Andola baserria erosita. Etxea lurrez gehiago hornitu nahirik, berriro Ameriketara.
Diru berriarekin Lanberri lurraldea (20.000 m2) eta orain Eziagoko pabilioiak dauden hori eta beste bat erriberan (Orbegozo). Horrela izan ziran Andolako aiton-amonak”. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Kattalin, Martina, Inaxio, Joxe, Maria, Jazinta eta Antonio.
Joxe gelditu zen etxean, ezkonduta, gurasoekin, eta emaztea Joxepa Lizaso Aiestaran. Hauen seme-alabak: Patxi, Iñaki, Mari Kruz, Joxe Mari eta Axun. Gaur, Joxepa eta Iñaki, ama-semeak bizi dira elkarrekin etxean.
Joxe eta emaztea baserriari atxikirik bizi izan ziren beti. “Baserria eta lurrak bai, baina dirurik etzan gure etxean” dio orain amonak. Zazpi zortzi behi eta etxerako zerri bat urtero. Esnea etxez etxe banatzen zuten Hernaniko herrian. Ahal zen neurrian etxeko gauzekin moldatzen omen zuten jatekoa, taloak, babarruna, txerrikia, haragi pixkaren bat eta arraina tarteka. Ez ziren barazki eta entsalada zaleak batere.
“Gazteek ez dute baserrirako gogorik ekarri. Esaterako, behiak jeztea bera nire kargu izan zan beti”.
Gurasoak nekatzen, industria bultzaka edo bazterrak irentsi nahirik, azkenean lurrak saltzeko erabakia hartzera jo zuten. Salbu baso eta sagasti izandako malkarra eta beheko zelai bat, hau da, “ganadu larreak” deitu lurrak gelditu dira soilik etxe zaharrarekin. Lur hauetarik, gainera, 8.000 m2 “eliza egiteko saldu ziren” Joxepak dioenez.
Saldutako lurrekin, lur onak, gaur auskalo zer balioko luketen, zuhur jokatuz bi etxe eraiki zituzten Andola baserriaren alboan seme-alabak horietan bizi ahal izateko.