Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Pikoaga

 

      Udazkenean fruitua duen fruta-arbolaren lekua, pikua, adierazi nahi du, inolako zalantzarik gabe. “Herrería de Picoaga” azaltzen zaigu Hamarrenak zerrendan (1610). Joan eta Miren (68 eta 69 urte) senar-emazteak izan ditut berriemaile.

      Goizuetarako bidean Ugaldetxo pasata, Urumea ibaiaren gaineko zubia nahiz frontoia ere bai, errepidearen ezkerretik, erribera lurretan eraikitako baserri txukun egokia, bi bizitzakoa, bi baserri eta bi anaia, Pako eta Joan bizi dira bertan bakoitza bere familiarekin. Etxe handi zabala, 200 m2 pasako hedadura duena. Aterpe tente bat dauka etxe aurrean, guztiz deigarri eta bitxi gertatzen diren lau zutaberen gainean.

      Joanek esan didanez, Pikoaga ez zen lehengo denboretan baserri, burdinola baino. Eta errota. Ondo gogoan dauka duela berrogei bat urte, frontoiaren atzetik eta etxetik errekara bitarteko horretan zer nolako zepa kopurua (burdin hondakinak) atera zuten, Errenteriara edo, fundizioren batera eramateko. Bost mila durotan (25.000,- pezeta) egin omen zuten aitonarekin tratua. “Bai pozik, ez baitzan diru pila makala!”

      Tona kontura atera zuten, agidanez. “Sukalde hau haineko koskak bai. Ugariagorik atera zuten!” Olazarren (Urnieta) eta Abillatsen ere gauza bera gertatu zen.

      Aitonak 13.000,- pezeta ordainduz, erosi eta orduan bilakatu zen burdinola baserri. Aitona eta amona ezkontzerakoan. Aitona, Joxe Ramon Galdeano Galdeano zen, Terolako semea, eta Modesta Lizeaga Narbarte amona, Pagoagako alaba. Hauek baserri bezala moldatu eta bizitzen jarri ziren bertan.

      Nafarroako errepidea urratzean, erdi-erditik harrapatu baitzuen burdinola, orduan desegin zen hau. Ura zetorren kanalaren tunela ikus daiteke oraino errepidearen azpian. Eta frontoia eraiki zenean, berriz, desagertu zen errota. Hona zer esaten den etxearen eskritura agirian: “A muy poca distancia y a la parte posterior de la casa, existía un molino de una sola pieza de moler grano, con planta baja y tejado solamente, que estaba rodeado de sus pertenecidos, y tenía cabida en su sitio un solar que es lo único que actualmente existe, diecisiete centiáreas, hoy ocupado por un frontón cubierto”.

      Etxearen alderdi batean, familiaren bizitegiaz aparte, taberna zegoen garai batean. Ostatua zen, gainera, pasabideko itzain eta basomutilentzat. Bilera ere izan omen zen hainbat urtetan zehar. Bi sala eta sei logela ziren etxearen ekialdeko alderdian. Eta lehorpe bat edo gehiago etxe ondoan, idi eta abereak nahiz galera eta orgak babestu ahal izateko.

      Amonak zeukan ostatuaren ardura. Mandoekin mendietatik ikatz garraioan ibiltzen zen aitona, kontrabando puntta bat eginez, bidenabar. Ostaturako pattarra, esaterako. Barrika kozkor bat zen, oro har, bere tirante eta guzti. Joanek ezagutu zuen barrika hau nolakoa zen. “Norbaitek” gaztaina zulo batean uzten zuen eta aitonak belar onduz estalita poliki asko mando gainean etxeratuko zuen.

      Gurasoak, Migel Galdeano Lizeaga, etxeko semea aita eta Kristina Izagirre Loiarte, ama, Aparrain baserriko alaba. Seme-alabak: Pako, Ramona eta Joan. Gurasoek beste modu batera antolatu zuten bizimodua. Aitak Urruzunoko zentralean egin zuen lan bere denbora guztian. Lau bat behi, zekor batzuk eta astoa izan zituzten. Agirre Benta Berriko esneketariari esnea.

      Oraingo gurasoek, berriz, erabat bestela jokatu dute. Miren egunero Donostiara, barazkiak (baratze negutegiz hornitua), arrautzak eta akazia nahiz gaztainaren ezti gozoa harturik bere furgonetan. Joan senarrak Urruzunoko zentralean hogei urte eta gehiagotan eta dinamita banatzen (Epeleko polborina) beste hogeitan. Orain, hau, jubilaturik, emazteari lagunduz baratzeko lanetan. Erlezain eta erlezain maratza dugu, gainera, Joan.