Alkatxurain
Izenaren berri galdegitean, inolako arazorik gabe izan da bere erantzuna: alka edo alkabelarra (elmitza) duela sustraia izen honek esan dit Jose Luis Artola (61 urte) bertako semeak. Aita Puig, jesuita jakintsuari entzun omen zion lehenbizikoz. Eta halako malda gogorra ikusita, eta bidea? “Bide oso txarra beti, zuloa, lokatza eta ez nolanahiko aldapa. Gogoan daukat ama zena nola igotzen zen xestua buruan zuala”.
—Emakume handia?
—“Ez, baina pizkor izugarria; ua zan gure ministra justizia eta ekonomiarena. Zazpi urte zituela ama hil, umezurtz geratu, eta bea zarrenetakoa, beste bost senideren ama bezala izana zan. Jakina, bizimodu hori dana pasata nola ez zan, ba, izango ministro”?
Eta guztiz umore onekoa omen zen. Bertso zaharrak kantatzen iaioa. Uztapide liburuan gutxi-asko hauxe esaten da, agidanez: “Ereñotzun entzundako emakume aotsik politena”
Etxea noizkoa den ez daki, baina agian laurehun bat urte izango dituela bai. Artzainek egindako etxea dela dio. Oso goian, hegal batean eta aldi berean gaintxo batean dago. Jose Luisek dioenez, nahiko leku babesa da “Etxea ez du aize bakar batek ere astintzen”. Etxe luze berezia bestetik, Hernaniko herrian bat baldin bada. Errektangeluar luzea oso eta hiru eranskin berezi mendi aldera, benetan bitxiak direnak arkitekturaren aldetik. Lehen ardi borda izanak. Garai batean, gainera, lau bizitza omen ziren bakoitza bere bordarekin. Oro har, “gaur kalean zortzi bizitzako etxe batean baino ume gehiago biltzen ginan gu an”.
Gaur egun hiru bizitza dira bertan eta Artola familiarena baserri bakarra. Beste biak etxe lehorrak dira.
Martin Joxe Santa Kruz Arregi zuten aitona, Adunatik Alkatxuraina etorritako familia. Badu Jose Luisek gogoan orduko bertso bat “Patxi Bakailo” bertsolariak Fagollagan, sagardotegia orduan, harrerakoan bota ziona:
“Adiskide bat Aduna aldetik
gaur Urumea erreka aldera,
da jakin dedanez, gainera,
Alkatxuingo larrera.
Gaur edo biar goatuko zaizu
noiz egin zendun sarrera,
bizimou ona pasatutzeko,
etzatoz leku txarrera”.
Seme-alabak: Joxe Antonio (Hueskako partean gerrakoan hila), Dolores, Joan Bta., Maria, Praixku eta Purita. Dolores etxerako. Ezkondu eta senarra Joan Mari Artola Ollokiegi, Larregain Behekoa baserriko semea, eta hauen seme-alabak: Jose Luis, Martxiel, Joxe Mari, Begoña, Faustina, Patxi eta Manolo. Etxean Joan Mari eta joxe Mari aita-semeak bizi dira senideen laguntza dutelarik.
Aitona zena, herriko mendien guarda izana zen. Istorio franko badu aitonaz Jose Luis bilobak, beste baterako utzi ditugunak. Gurasoak gehienbat baserriari loturik, baina aitak baserria eta fabrikako lana tartekatzeko modua egin zuen beti. Lau behi eta ehun bat ardi. Ama gaztagile ona zela dio nire solaskideak. Artoa eta babarruna izaten zuten eta sagardoa etxean. Esnea Latxera Inozentzio esneketariari.
Ura zen arazoa etxe honetan. Etxetik hurbil zuten iturria baina agortu egiten zen uda sasoian. Kilometro eta erdira hurrengo iturria. Harkaitz mokor batean azpian sortzen zen, ur ona eta oparoa zena. Sonatua da harkaitz hau, “Haurra galdutako harria” deritzona, hain zuzen. Hona nola deskribatzen duen Txirritak “Arrano Gorriyari” jarritako bertsoetariko batean:
“Andre gaxo bat mixerablia
ahuntz kontura etorriya,
bere semia xextuan zeukan
zarpa artian jarriya.
Urdaburutik sartu zitzayon,
tranpan, arrano gorriya.
Harrapatuta eraman ziyon,
Ay au aren larriya!
Orain argatik deitzen diyogu
Aurra galdu zan harriya”.