Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Epele Torre | Izkue-Enea (Trini-Enea) | Karobitxulo

 

Izkue-Enea

(Trini-Enea)

 

      Izkoa-Ene ere ikusi dut nonbait baina 'Tzcue” edo “Izkue” da agidanez, garai batean etxejabe izan zenaren deitura (Pilar Izcue) balaxe zelako. Bi errezibo ikusi ditut neure begiz. Bata, 1960 urteko errenta baten agiria (90,- pta), eta bestea, Constribución Territorial, 1939, III Año Triunfal, 8,67,- pts”.

      Ereñotzurako errepidean, ezkerrera, Fagollaga jatetxearen aurrean, bata bestearen jarraian etxe luze bat, zinez deigarri gertatzen dena zeren, bi isuriko etxea izanik, hegal bat falta baitzaio. Bost hauetarik, lehenengoa, Hernanitik goazela, da Izkue-Enea baserria, bere terraza politarekin.

      Oraingo guraso zaharren aita eta ama, Joxe Manuel Arizmendi Mujika eta Trini Mendizabal Aldanondo, ezkonberritan eta maizter sartu ziren etxe honetan, honako seme hauek izan zituztelarik: Joan Joxe, Migel, Patxi, Joxe Mari (Kalifornian 37 urte artzain egin ondoan etxera bildua orain), Paulo eta Inazio.

      Gazteena, Inazio, gelditu zen gurasoekin etxean. Ezkondu eta emaztea Joana Leunda Elola, Albizturkoa jaiotzaz eta bost seme izan: Joan Joxe, Migel Mari, Joxe Anjel, Iñaki eta Julian.

      Hona etxean orain zeintzuk bizi diren: Inazio eta Joana aiton-amonak, Joxe Mari osaba amerikarra, Joxe Mari. semea, honen emazte Elena eta Garikoitz hauen haurra.

      Aitak baserriko lanaz aparte, Hidraulika fabrikan lan egiten zuen (Epele Errota gainean). Baserrian orduan ez zen ahuntzak, zerri batzuk (udazkenean mendian edukitzen ezkurra eta gaztainarekin gizentzen), eta oilategia eta baratzea baino. Gurasoen garaian ez zen ganadurik Izkue-Enean. Bazuten, ordea, ukuilua eta hor basomutilen mandoak eta idiak egon ohi ziren.

      Inazio ezkonduta gero behiak sartu zituzten etxean, hiru behi eta zekor batzuk, haragitarako hauek. Esnea Santa Kruz esneketariari. Honek zenbait baserritako esnea bildu eta Hernaniko etxeetan saltzen zuen, etxerakoan pentsua, kartak... han eta hemen banatzen zituelarik. “Zaldi karroarekin ezagutu genuen eta furgonetarekin ondoren”. Gurelesari gero esnea.

      Inazio lanera Poliklorora goizeko erreleboan beti, eta ama Joanak ere nahiko lana izaten zuen baserrian. Beharrik, gaztetan lanean ohitua zela! “Bai, horixe dio berak. Bizkarrean makila bati loturik zakutia erabiltzen ondo ohituak ginan. Abrigu txar bat erosi behar eta, basora joan, gaztainak bildu, hauek zakuan hartu eta saldutako diruarekin... badakizu; tenaza beroekin ahizpak ilea kizkurtu eta hala egin nuen komunioa ere”.

      Bost semeak ondo eskolatzen ahaleginak eta bi eginak dira guraso hauek.

      Galdera, ea nondikako ote haurrak eskolara bultzatzeko grina hori.

      Erantzuna: “Gu erabat ezjakinak ginelako”.

 

Epele Torre | Izkue-Enea (Trini-Enea) | Karobitxulo