Florida auzoa
AUZOAREN HISTORIA LABURRA
Halako baserri edo txalet honen aurrean banana nahiz palmondo bat ikustean, edota Pana Parkeko ginkgo bilobaren aurrean, zuhaitz landare arrotzen ideia datorkigu berehalakoan burura. Ez dakit gauza bera gertatzen zaigun baina izen arrotz multzoa dugu Hernaniko herriaren toponimian. Hala, Bakero, Montefrio, Pokopan, etab. lehengoetara jo gabe, eta “Grupo Jose Antonio” (orain Sagastialde) eta horrelakoak garaiaren lekuko izanak aipatzeke ere, badugu beste zenbait Buenos Aires, Montebideo, La Cumbre, La Patagonia... guztiok amerikar airea dutenak, iragan mendearen lehenetan itsasoz ekarriak gehienak.
Gauza bitxiak gertatzen dira arlo honetan. Jende heldu edo adinekoari galdegin, esaterako, Montebideo deitu Sagastia baserriko hegal horren izenaz, eta beti izen horretaz deitu izan delako erantzuna jaso behar. Harrigarria!! Baina, bestetik, ziur nago Montevideo hiria sortu edo eraiki eta handik hona izen hau garraiatu aurretik beste izenen bat, euskaraz, jakina, bazuela honek hernaniarren ahotan.
Eta halaber gauza bera esan beharko genuke auzo osoa hartu eta hedatu den Florida hitz edo izenari buruz ere. Esan gabe doa, Zestoatik Ameriketara joan eta han egindako sos batzuekin Hernanira etorri Illarramendi amerikano etxegileari zor zaiola izen sorta baten sorrera gurean. Gizon adoretsua, “osasuna, pakea eta lana eskatzen zion, agidanez, gure Jainkoari. Osasuna, pakea eta lana eta hortik dator dana”, askotan esaten omen zuen.
BASERRIAK
SOLASKIDEAK
• Artola, jesus (Sagastia)
• Arrieta, Pepi (Karapote)
• Garmendia, Esteban (Sagasti Berri)
• Gorostegi, Inazio eta Jose Luis (Etxeberri)
• Iraola, Maria (Karapote)