Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
| Hitzaurrea | 1. gunea

 

Hitzaurrea

 

      Izenburutzat “Gure baserriak” eman diogun liburu gotor hau zer eta nolabait Hernaniko herria bere baserrietan adierazi nahirik bezala egokitua da. Gure herriko baserrien izaera eta historia ikasi eta biltzeko ahalegina burutzea baizik ez dugu egin bertan. Behar da esan, aurrera jo baino lehen, baserria esatean, Euskal Herriko Kantauri isurialdean bederen, baserri hitzaren esanahia basetxe hitzaren pareko dela eta halaxe ulertzen duela, gainera, edonork gurean. Horretan ez dago eztabaidarik. Oinarri horrekin, bada, jardun dugu gure eginkizuna ahalik zintzoen betetzen.

      Egun, baserri asko eta asko bertan bizi ahal izateko txukun egokiturik dauden arren, ez da beti horrela gertatu. Batzuek borda txar batetik sortuak dira. Beste batzuek lurralde koxkor baten gainean ahal bezala eraikiak, karea, lurra, erreka harria... bezalako lehengaiak erabiliz. Gainerakoak, ez gehienak Hernaniko kasuan ere, harlanduz eginak eta hauetarik zenbait dotore eginak: kantoi harriak, leiho ertzak, ate gainak, arku politak, etab. erakutsiz. Antzina jauregi edo dorretxe izandako batzuk ere baditugu. Den-denak ataria edo sarrera eguzkialdera daukatenik, hala ere, ez daiteke esan, baina gauza nabaria da zentzu hori aski ongi gorde dutela gure aurrekoek baserrien eraikuntzan. Eta beste gauza bat, baserri txar, sastar edo ona izan gure baserri edozeinen ezaugarri izan da mendeetan zehar euskal poeta ezagunak zioen bezala: “O baserritxo... Zenbat famili hazi duzuen Jainkoak bakarrik jakin...”.

      Azken batean, zibilizazio molde jakin baten gordailu izan da baserria, bere garaian artzaintza izan zenaren antzera edo gaur egun industria eta hiria diren bezalaxe, bere alde on eta txar guztiekin. Bizimolde berezia izan eta erakutsi du gure baserriak edo laborantzak hainbat mendetan zehar. Ez daiteke jada esan orain horrelakorik, zeren eta baserriaren lehengo moldeak desagerturik baitaude hein handi batean. Baserriak orain bizileku bilakatu dira gehienak eta bizirik dirautenak baratzea, esnea, haragia... dute ekoizpen nagusi bakarra edota sagardotegi nahiz jatetxe bilakaturik ageri zaizkigu.

      Hari honi jarraiki, esan gabe doa hein handi batean autosufiziente izan dela gure baserria lehengo denboretan. Baserriak etxea zuen berekin familiaren bizileku izateko; ukuilua ganaduak edukitzeko edota artegia mendi etxea bazen; baratze koxkor bat lore batzuekin etxe ondoan, gutxienez etxerako barazkiak izateko, edota handiago bat, arrautzak eta esnearekin kalera eramanez “olioa eta xaboia” bederen etxera ekarri ahal izateko; soroak artoa eta babarruna, patata... ereiteko; belardi eta larreak ganaduen jatekoa, berdea nahiz ondua, garraiatuko baziren; eta azkenik, mendiko sailak eta basoa iratzea edo inaurkina ganaduen azpigarritzat biltzeko eta su egurra etxeratzeko. Horra baserria zertan izan den gurean.

      Guk geuk, baserrien historia gurean egiteko mandatua eman zaigunean, aipaturiko bizimolde berezi hori gogoan harturik jo dugu bat banaka baserri bakoitzaren berri jakitera. Eta esan behar da arestian aipatu baserri molde hori eta guk geuk aurkitu dugun baserria ez direla berdinak. Ia baserri gehienetan ohartu gara gertaera honetaz; izan ere, tarte horretan sekulako aldaketa jasan eta ezagutu baitu urte gutxitan gure baserriak. Dena den, bi zeregin nagusi burutu ditugu ororen gainetik: ikusi eta entzun. Beraz, eskuetan duzun liburu hau ikusi eta entzun dugunaren arabera moldaturik dago.

      Lehenengo eta behin ikusi, argazkigile ere geu izan garelako, eta hala ehunka argazki eginez, baserri zahar eta berriei buruz, berauen elementu apaingarri eta osagaiak aintzat hartuz, eta berebat, desagerturiko baserri hondakinen agerpenak bilduz edota familiak gordetzen dituen baserri izandakoaren argazki zaharrak eskuratuz, egin ahal izan den bilduma duzu.

      Alabaina, lehen eginkizunean, argazkigintzan, zer nolabait esateko protagonista geu izan bagara ere, bigarrenean entzule soilak baino askoz gehiago ez gara izan. Argi eta garbi esan behar da, baserri bakoitzean solaskide izan dugun aitona, amona edo pertsona heldu horietako bakoitza gertatzen dela protagonista. Horiek dira, zalantza izpirik gabe, eta ez gu, bakoitza bere baserriko historiaren lekuko eta aldi berean narratzaile berebat.

      Gu geu, esan gabe doa, halako edo holako baserri baten atarira heltzean, lehenengo agurraren ondotik, ea etxeko zaharrena edo adinekoena zein den galdeginez aurkeztu gara beti. Bidenabar, betidanik adiskiderik hartuenak bagina bezalakoxe harrera izan dugula esan beharrean gaude. Are gehiago, kasu asko eta askotan solaserako gai eta denbora duen jende txeratsua aurkitu dugu eta maiz izan dugu elkar agurtzerakoan honelako esaldiren bat: “Bai al zoaz?” “Joan egin behar al dezu?” “Banuan ba gauza gehiagorik ere esateko!”. Eta gehienetan hau izan da, miresmenik handienez baina, geure erantzuna: “Beste batean etorriko naiz lasaiago. Agur”

      Eta etxerakoan geure buruarekiko zenbait alditan: “Ai aiton-amona eta adineko jende bedeinkatua! Zenbat buruhauste eta sufrikarioren jabe izan zareten pentsatzeak ere badu lanik asko! Bizitzak zer nola zafratu zaituzten ikusita gero, horrelako barne giroa eta aldartea gordetzeak ez du gutxi-gutxi balio!”

      Halaxe da izan ere. Urte luze eta neketsuak, aldapa patar gogor bat igo ondoan bezala eta mendi gainetik bizitzari so ari balira bezala ikusi dugu jende hau. Ez dute ikasketa handirik gehienek, ez baitzen garai batean orain bezala eskola aukerarik. Baina bizitzako karrera egin duen jendea dugu, nortasun aberatsekoa nolanahi ere. Bizitzak, ez liburuek, eman dien filosofia eta pentsamoldea daukate berekin, zernahi puntu edo gai ukitzen duzularik ere.

      Funtsean gure baserrien historia egin dugulakoan gelditu gara. Ez dugu gaia inola ere agortu. Ez gara asmo horretan ibili ere. Ezinezko izango zen, gainera, neurri batean, hantustekeria hutsa, horra. Zeregin hau gomendatu zitzaigunean, eskema koxkor bat proposatu genuen: Baserriaren izena eta berau finkatzea, familia eta beronen gora beherak, baserriko bizi baldintzak, gertaerak, jolasak... horrek berekin dakarren muga estuetara biltzeko arriskuarekin. Ez zen posible bestela, arrunt luze joko zuen eta, liburu bakar batean entzun dugun oro sartu ahal izatea.. Bestetik, jende helduak oso gauza pertsonalak, konfidentzialak, kontatzen ditu maiz.

      Familiartean izandako tirabirak, esaterako, edota are pertsonalagoak direnak. Begirunerik handienez entzun, horixe, entzun, eta kito. Gutxi balio al du egungo egunean entzute soilak berak?

      Lehenari jarraituz, ez dago baserrien historia hau ahozko historia dela azpimarratu beharrik. Ez da agiri eta dokumentuetan finkatzen den historia, historiaren beraren egile direnen, esparru honetan jakina, eta beraren lekuko direnek kontatua den historia da, hain zuzen. Horregatik da ahozko historia baina ez besteak baino gutxiagoko balioa duena ere. Bizitzako urteek, hasi haurtzarotik, jarrai gazte denbora eta heldu edo adineko izatera iristeak badu, besteak beste, berezitasun bat, haurtzaroko eta gaztetako gorabeherak, bizitzari itsatsita daudenez, inoiz baino hobekiago eta gardenago oroimenean gorde eta azalera emateko gaitasuna duela adineko jendeak. Urrunerako bistarekin gertatzen den zerbait bezala, agidanez.

      Hortan da dena. Baina amaitu aurretik. Ez da hasi eta buka, eleberri bat bailitzan irakurtzeko liburua, zeuk ikusiko duzunez. Funtsean, baserri bakoitzak dauka bere historia. Horregatik, zuk zeureari dagokiona irakurriko duzu zalantza apurrik gabe eta... besteren bat edo besteren berri ikusi edo ikasi nahiko duzu halaber, edota baserri multzo baten berri agian, han-hemenka “mokoka” bezala jokatuz, jakin minak ziztatzen zaituenaren arabera. Ororen buru, gure baserria izango duzu gogoan, edo gure aiton-amonen baserria, edota “gure baserriak” ikuspegi zabalago baten baitan.

Fernandorena Setien, Hiazinto

Iartza Martiarena, Maria Jesus

 

| Hitzaurrea | 1. gunea