Ama Astigarragakoa zuen eta aita, berriz, oiartzuarra. Ezkondu ostean Oialumera (Hernanira) joan ziren bizitzera eta 9 seme-alaba izan zituzten. Baina hiru bakarrik bizi izan ziren: Juanita, ahizpa eta anaia. Anaia ere oso gazterik hil zen, soldadu zegoela. Eta ama ere handik laster hil zen, Juanitak 8 urte inguru zituela. Orduan, bi ahizpak geratu ziren aitarekin. Taberna txiki bat zuten etxean, Oialumen, eta bestelako gauzak ere (abarketak, jatekoa...) saltzen zituzten bertan. Etxeak Lizartxueta omen zuen izena, baina beti Oialume esaten zioten. Garai batean etxearen erdian omen zegoen Astigarraga eta Hernani banatzen zituen mugarria. Apustu baten ondorioz, jaiero erromeria edo dantzaldia jartzen hasi ziren Oialumen eta urte askoan iraun zuen ohitura horrek.