Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016
 4.5. OSTALARITZA | 5. ONDORIOAK: LAN EREMUA EDOZEIN IZANDA ERE, EMAKUMEEN EGOERA BERDINTSU | 6. AMAIERA ETA ESKERRAK 

 

5.
ONDORIOAK:
LAN EREMUA EDOZEIN IZANDA ERE,
EMAKUMEEN EGOERA BERDINTSU

 

      Aztertutako alor guztietan, lotura zuzena dago emakumea eta etxeko lanen artean. Etxe barruan nahiz etxetik kanpo lan egin, etxeko lanak emakumeei atxikitzen zitzaizkien. Berau sozializazio prozesuarekin bat zetorren, txiki txikitatik etxeko alabak horretara heziak izaten baitziren. Etxearekin eta familiarekin lotutako lan hauek “ez lan” gisa kontsideratuak izan dira, prestigio eta ordainsaririk gabekoak izanik. Lan alorren artean ez dago ezberdintasunik: etxeko kontuak, haurrak, helduak zaintzea... emakumeen egin beharrak ziren.

      Frankismoak bultzaturiko ideologia faxista, barru barruraino sartu zen eta bizi guztia etxeko lanetan aritu diren emakumeek ere, lanik egin ez dutela azaltzen dute, oraindik orain. Halere, lan hauek oinarrizkoak ziren bizitzaren sostengurako. Hau da, biziraupenerako sozialki beharrezkoak ziren lan mota hauek, nahiz merkatuan ez izan baliorik. Horrela, gizonezkoek izan duten garapen laborala eta soziala, neurri handi batean lan hauek emakumeen bizkar gelditu direlako izan da. Etxeko lan horiek anitzak ziren; astunak, lotuak eta gogorrak. Ordutegirik gabekoak, amaiezinak, atsedenik gabeak eta erretirorik gabeak. Hasi haur, heldu eta ezinduen zaintzatik, etxearen ohiko martxa eramatera, eta familiaren oinarrizko beharrak asetzeraino.

      Frankismoak etxeko lanen feminizazioa hauspotu zuen, etxea emakumeen tenplu bilakatuz. Emakumeak “etxeko aingeru” izan zitezen bultzatzen zuen bere ideologiak, horretarako hainbat mekanismo hertsatzaile erabiliz: legeak, propaganda, eliza eta erlijioa, errepresioa etab. Bere nahia hori bazen ere, familietan zegoen premia egoera larriei erantzunez (kontuan hartuz gerraoste garaia zela), emakumeek etxetik kanpo ere hainbat lan egin behar izan zituzten. Hauek baldintza kaskarreko lanak izaten ziren askotan, gainera. Hortaz, Frankismoak bultzatutako ideologia eta errealitatean gertatzen zenaren artean kontraesana nabarmena zen, errealitatearekin tupust egiten zuelarik. Beraz, emakumeek lan bikoitza egin behar izaten zuten: etxe barrukoa eta kanpokoa; honek suposatzen zuen guztiarekin. Batzuek gurasoei laguntzen zieten hauek zituzten negozioetan, komertzio edota ostalaritza bezalakoetan. Beste batzuek lantegietara jo zuten, hauetan lan-eskua behar baitzen.

      Etxetik kanpo lan egiteak aldiz, emakumeei ez zien askatasun ekonomikorik eman. Familia egitura tradizionalean barneratua zegoen guztiz familiaren mantenua bertako buruaren esku zegoela, hots, gizonen esku. Oro har, emazteek etxera ekarritako dirua familiako beharrizanetara bideratzen zen: elikagaiak erosteko, haurren arropetarako.... Aldiz, gehienetan gizonezkoek emakumeei diru kantitate jakin bat ematen zieten beharrizan horietarako, eta soldataren beste zatia berentzat gordetzen zuten; beren aisialdirako.

      Emakumeen zeregina ezkondu, familia izan eta etxeko andre izatera iristea zen. Behin ezkonduz gero, ez zegoen atzera bueltarik. Igarobide erritual horrekin, pertsona autonomo izatetik, besteen zerbitzura egotera pasatzen zen. Hori zen eredua. Emakumearekin gertatzen zenaren kontrara, gizonezkoen mundua prestigioarekin eta esparru publikoarekin lotua zegoen. Familietan semeak izatea alabak izatea baino baloratuagoa zegoen; semeentzat ziren oro har aukera guztiak, pribilegio moduan.

      Ikerlanean zehar jasotako testigantzetan ikusten den moduan, generoak berebiziko garrantzia zuen familia barruan ere; gizonezkoek pribilegioak zituzten gizonezko izateagatik soilik, emakumeek pairatuz egoera txarrenak. Generoen araberako ezberdintasun hauek familia guztietan eman ohi ziren, klase sozial zein eremu ezberdinetan; nahiz eta eremu bakoitzean ezaugarri zehatzak egon.

      Etxea eta baserriko lan esparruen berezitasunetako bat, lantokia eta bizitokia eremu berean kokatzen zirela zen. Honek, bi ondorio nagusi zituen. Batetik, lan esparrua eta bizitokiaren arteko muga lausoa; ez zegoen argi noiz bukatu eta hasten zen bata eta bestea. Azken batean, emakumeak denbora osoz baitzeuden lan egiteko prestutasunez. Bestetik, eremu pribatuan jardutean, besteekiko harreman sozialak mugatzea eragin zezakeen, nahiz eta auzoa eta bizilagunen arteko harremanak estuak izan.

      Aldiz industria, ostalaritza eta merkataritza alorretan aurrez aurreko hartu-eman zuzenak izan ohi zituzten beste herritarrekin bertan jarduten zuten emakumeek. Industrian, langile mugimenduaren zabalpenarekin eta klase kontzientzia handitzearekin batera, emakumeek ere bertan aktiboki parte hartu zuten, klandestinoki batuz eta langileen arteko harremanak areagotu ziren. Ezagunak dira Hernaniko emakumeek egindako greba eta mobilizazioak.

      Baserrietako emakumeek aldiz gainontzeko herritarrekin harremantzeko aukera gutxiago izan ohi zuten. Euren produktuak merkatuan saltzerakoan izaten zuten horretarako aukera, baserrietatik herri eta hirietara jaisten zirenean. Baserrietatik ere ohitura zegoen ostegunetan herriko “perira” jaisteko; baina gainontzean nahiko lan izaten zuten baserrietan eta garaiko garraiobide eskasiak kontuan izanik, askok sekulako kilometroak egin behar izaten zituzten oinez helmugara iristeko.

      Etxean lan egiten zuten emakumeek herriko komertzioetan egin ohi zuten topo:fruta dendetan, arrandegian, harategian... Bereziki aipatu beharra dago, bizilagunen artean zegoen harreman estua; familia izango balira moduan bizi baitzuten elkarren arteko harremana. Elkar laguntzan oinarritzen zen harreman hau, eta haurrak esaterako, anai-arreba moduan hezten ziren elkarrekin. Familia bateko etxekoandrea eri zen kasuetan adibidez, ondoko etxekoandrea laguntza handia izaten zen familiarentzat; funtzio sozial garrantzitsua betetzen zuelarik harreman honek.

      Merkataritza eta ostalaritza, biak ere jendaurreko jarduerak ziren, baina ezberdintasun handi bat zuten, genero rolena. Merkataritzan, merkataria eta bezeroak batik bat emakumeak baziren (batik bat elikagai denda eta mertzerietan), ostalaritzan bezeroa gizonezkoa zen erabat (emakumezkoa izatekotan gizonezkoaren laguntzaile gisa). Era berean, merkataritza eguneroko beharrizanak asetzeko jarduera bat zen, non bezeroa lanean zegoen, etxeko lanen baitan edo beste. Ostalaritza berriz, gizonezkoen aisialdiaren eremuaren baitan kokatzen zen, gizonezkoen sozializazio gune nagusia izanik.

      Lan esparru guztietako bizipenetan argi azaldu denez, emakumeek ez zuten aisialdirako eskubiderik, gizonezkoen pribilegioa zen. Emakumeak a isia Id ira gerturatu zitezkeen jarduerak, beti lanarekin lotuak zeuden, seme alaben zaintza eta arropak labaderoan garbitzearekin, esaterako. Jostungintzari dagokionez, emakume askok taldean josteko ohitura zuten, bakarren baten etxean elkartu eta josten zuten bitartean kontu kontari ibiltzen ziren; hori zen aisialdira gehien gerturatu zitekeen unea. Jostungintza emakumeek jakin beharreko egitekoa zen, “Sección Femenina”ko formakuntza saioetan irakasteaz gain, herrian hainbat tailer eta akademia zeuden jostungintzaren inguruan. Arreorako eta etxeko martxa eramateko beharrezkoa zen emakumeek josten jakitea, sukaldean jakitea bezalakoxea zen.

      Sexuen araberako lan banaketa aztertutako lan esparru guztietan ematen zen; nahiz eta batzuetan besteetan baino agerikoagoa izan. Banaketa hau zen, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunen oinarrian zegoena; emakumeak menpeko egiten zituena.

      Industrian dagokionez, baziren emakume langilez soilik osaturiko lantegiak, oihalgintza alorrekoak gehienbat. Era berean, baziren gizonezkoez soilik osaturiko lantegiak eta baita lantegi mistoak ere. Azken hauetan, hala ere, lanaren ezaugarrien arabera, sexuen arteko banaketa ematen zen. Gainera, emakumeak eta gizonezkoak elkarrekin lanik ez egitea bultzatzen zen. Bestalde, emakumeek lanpostu kualifikatuetan jarduteko aukerarik ez zuten, goi formaziorako sarrera debekatua izan baitzuten ia Frankismo bukaera arte (eta orduan ere, sarrera mugatua izan zen). Beraz, emakumeek praktikan, goi postuetako lanak debekatuak zituzten. Lan banaketa hau mantentzeko erabiltzen zen argudioetako batek biologian zuen oinarria; zeinak indar berezia jartzen baitzuen emakume eta gizonen ezberdintasun fisiko, zein psikologikoan; horren arabera eginkizun batzuk atxikitzen zitzaizkielarik batzuei zein besteei.

      Honek langileen artean hierarkia bat ezartzea ekarri zuen, normalean emakumeen kalterako. Honela, gizonezkoek indarra eta adimena eskatzen zuten jardueretan lan egin ohi zuten eta emakumeek berriz eskuekin trebezia eskatzen zuten lanak egiten zituzten. Edonola ere, hainbatetan, errealitateak ikuspegi biologista hori hankaz gora jartzen zuen.

      Banaketa hau ematen zen beste alor bat baserriarena zen. Hemen emakumeen esku zegoen barazkien, esnearen eta animalia txikien merkaturatzea. Lan hau eguneroko lana zen, goiz goizetik egin beharrekoa. Gizonen esku zegoen aldiz, animalia handien merkaturatzea, urtean bospasei aldiz egiten zena.

      Ostalaritzan bestelako banaketa ematen zen; tabernako barra atzean emakume zein gizonek egiten zuten lan; baina sukaldeko lanak emakumeek soilik egiten zituzten, baita garbiketa lanak ere. Arestian aipatu moduan, tabernak gizonezkoen sozializazio gune nagusia ziren, eta herrian taberna ugari zeuden. Gizon askok lanetik ateratzean, bueltaxka emateko ohitura zuten, etxeratu baino lehen. Taberna hauetan, ardoaz gain, askotan kaxuelitak ere prestatzen zituzten eta hau, emakumeen eginkizuna zen.

      Ostalaritza eremua sozializazio gune izatean, beste esparruetatik bereizi beharra dago. Ez da kasualitatea bilatu diren argazki gehienak eremu honetan kokatzea. Izan ere, ikergai izan den garaian argazki makina edukitzea ez zen batere ohikoa, eta okasio berezietan ateratzen ziren gehienbat horrelako argazkiak: bazkari bereziren bat, ospakizunak.... Hau da, aisialdiarekin lotua gehiago. Aldiz, nor joango zen goizeko seietan lantegira argazki makina batekin? Nork eduki ditzake lantegiko argazkiak? Hernaniko emakume askok egin dute hainbat fabriketan lan, testigantza asko daude; baina argazkiak aldiz, ia batere ez.

      Bestalde, bazeuden erregimen Frankistak emakumeentzat ontzat ematen zituen “lan femeninoak”; hots, tradizionalki emakumeekin lotutako lanak: irakaskuntza, erizaintza (hauetako askok mojak), jostunak, neskame lanak.... Azken hau oso ugaria izan da euskal testuinguruan, baita estatu espainolean ere. Gerra ondorengo egoerak eraginda, emakume asko maletak egin eta beste herrialdeetara joan ziren lan bila.

      Jostundegiak ere ugari ziren Hernanin. Emakume guztiek ikasten zuten josten, eta horretarako akademia bereziak ere izaten ziren. Gainera etxeko pribatutasunean egiten ziren lan hauek, beraz Frankismoaren begietara, primeran. Berdin gertatzen zen fabriketatik etxerako bidaltzen zituzten “zelofan” poltsekin. Hernanin oso ohikoa izan zen emakumeek etxean zelofan poltsak egitea, baldintza gogorretan noski. Denbora asko eskatzen zuen lana zen; aldiz, ez zen behar adina konpentsatzen diru kopuruan.

      Frankismoak eragin ezberdina izan zuen hala ere, batzuen eta besteen artean. Guda ondorengo garaia izanik, herriko familia asko egoera prekario eta oso baldintza txarretan geratu ziren: desagertuak, hildakoak... Egoera tristea zen.

      Baserri inguruko familiek aldiz, landarako lurrak izatean, ez zuten kaletarrek bezainbesteko goseterik pairatu. Euren beharrak asetzeko nahiko elikagai eskuratzen zuten, eta askotan produktu hauek beste batzuekin trukatzeko erabiltzen zituzten.

      Erregimen Frankistaren ideologiaren hedapena ere ez zen berdin gauzatu leku guztietan. Herri eta hirietan dena antolatuagoa zegoen. Eskoletan neska eta mutilei hezkuntza berezitua ezarri zitzaien, eta euskara hitz egitea debekatu zitzaien. Haur askok ez zekiten gaztelaniaz hitz egiten, familia askotan gurasoek ere ez baitzekiten. Beraz, askok etxean euskaraz hitz egiten zuten, baina eskolan gazteleraz. Honek guztiak talka handia eragiten zuen familietan.

      Landa eremuko gune batzuetan ere, neska mutilak bereizten ziren, eta euskara debekatuta zuten. Beste batzuetan aldiz, agian herri guneetatik urrun geratzen ziren auzo eta mendialdeetan, klase mistoak ziren eta euskaraz ikasten zuten.

      Eskolaz gain, euskararen aurkako aldarria jendarteko arlo guztietan hedatu zuen erregimenak. Euskara guztiz debekatu zuen, eta soilik euskal etxeetan mantentzen zen, isilean. Familia askotan mantendu zen euskara, baina beste batzuetan urteen poderioz, ume eta gazteak gehienbat, galduz joan ziren. Hiriko emakumeen artean gainera, nabaria da hizkuntzaren afera hau. Askok euskara guztiz galdu ez arren, gaztelaniara asko jotzen dute, gaztelerak prestigio gehiago izango balu bezala; edota zer edo zer gauza azaltzeko, beharrezkoa izango balute bezala.

      Lan esparru ezberdinetan lan egindako emakume guztiengan ere atzeman da sexualitatearekiko zegoen ikuskera atzerakoia. Ideologia faxistari jarraiki, sexua seme-alabak izateko soilik zegoen onartua, eta arau zorrotzak ezarri ziren bikote harremanei dagokienez, antisorgailuak... Sexua bekatua zen ezkontza bikotetik kanpo. Halere, erregimenetik emakumeen sexualitatean arreta eta arau zorrotzagoak jarri ziren, gizonezkoenean baino. Edozein kasuan, lan honetan ikusi den moduan, erregimenaren saiakera guztien gainetik, hala ere baziren ama ezkongabeak, abortuak...

      Lan esparru ezberdinetan ateratako beste gai bat immigrazioarena izan da. Garai batean asko ugaritu ziren lantegiak herrian, eta Extremadura eta Castilla ingurutik jende ugari hasi zen etortzen; iritzi ezberdinak izan dituzte emakumeek prozesu honen inguruan, baina argi geratu da lan esparru ezberdinetan izan zuela honek eragina.

 

 4.5. OSTALARITZA | 5. ONDORIOAK: LAN EREMUA EDOZEIN IZANDA ERE, EMAKUMEEN EGOERA BERDINTSU | 6. AMAIERA ETA ESKERRAK