Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016

 

4.5.
OSTALARITZA

 

      Hernaniko historian oso ugariak izan dira taberna eta sagardotegiak. Gerra aurretik sagardotegi ugari zeuden herriko kale nagusietan: Adarraga, Gorrotxategi, Recondo eta Rezola familiarenak ziren handienetakoak. Gerra ondorenean, sagardoaren beherakada handia eman zen, ardoa ekarri baitzuten eta gainera sagardoari zerga handiak jarri zizkioten. Ondorioz sagardotegi batzuek ateak itxi zituzten; hala ere, jarraitu zen sagardoa egiten, baserrietan gehienbat, norberarentzat ekoiztuz.

      40 eta 50. hamarkadetan sagardoa berriz indarra hartzen hasi zen, gehienbat Donostiako elkarte gastronomikoek bultzatuta. Horrela, 1944 urtean sagardoa ekoiztu eta salmentan jartzen zuten batzuk, San Juan konpartsak ateratako liburuxkan dioenez: Luis Adarraga, José Aranburu, Eusebio Izaguirre, Félix Elicegui, Roque Elosegui, Vda de Eugenio Gorrotxategi, Leocadio Isasa, Rufino Recalde, José Recondo eta Ricardo Rezola, besteak beste.

      Tabernei dagokienez honela datoz jasoak iturri berean: Francisco Alcorta, José Azurmendi, José Antonio Balerdi, Cinco-enea, José María Cigaran, Egaña (Vda de José), Félix Elicegui, Evaristo Fernandino, Ángel Gorostidi, Ignacion Inza, Ignacio Iruin, José María Mutiloa, Segundo Sarasua, Ignacio Setien, Vda de Simón Garmendia eta Vda de Ambrosio Iraola, besteak beste.

      Taberna eta sagardotegien jabeak gizonak ziren, alargunak salbuespen; nahiz eta bertan lan egiten zuten langile asko emakumeak izan. Taberna batzuk txikiteorako izaten ziren soilik; beste batzuk otorduak ere eman ohi zituzten. Jende gehien eguerdi aldean eta arratsaldean, seietatik aurrera ibiltzen zen, gizonak lanetik ateratzen zirenean. Emakumeak ez ziren hain erraz sartzen tabernetan; agian otorduren bat edo beste egitera bai; baina emakumeak txikiteoan ikustea ia ezinezkoa zen Frankismoak iraun zuen urte luzeetan, nahiz pixkanaka egoera aldatuz joan.

      Ezin aipatu gabe utzi gerra eta gerra ondorengo egoera. Elkarrizketatutako emakume gehienak gerra aurretik jaiotakoak dira, eta beraz, batzuk haurrak eta beste batzuk ez hain haurrak zirela harrapatu zituen gerrak. Gerra osteko gosea ondo asko gogoratzen dute batzuek:

 

      “Handikan, klaro berrogeita batta hor izan zan gosete handiya. Eta goatze naiz, aitak igual ogiya elkarri, jun ardo bila eta Lekunberritik pasa ta ekartzen zitula baba txikik, ta handikan lengusuak ogin bat, ta zeon tabernan armario bat egurrezkua, ta ogiya jan biharra zanian, burua sartu ta eman koxka ta jan. Ezin zenun hua jan denan aurrian, zeatikan etzeon”. (Rosi)

 

      Urtea: 1950 hamarkada.

      Lekua: Azurmendi taberna.

      Ageri direnen izenak: Maitere Azurmendi eta Juan Jose Sagarna “Kixkillu”.

      Deskribapena:Tabernaren barra barruan daude bi langileak, garaiko tresneria ikusi daitekeelarik. Barra kanpoan gizonak daude; batek edaria eskuarekin heltzen du.

      Interpretazioa: Maitere barra barruan, bezero batekin batera. Argazki hau ere espresuki ateratakoa da, horren adierazle da segur aski bezeroa barra barrura sartu zela argazkia atera behar zutela jakin zutenean. Eta argazkilariak bi pertsona horiek ateratzea lehenetsi zuen, barraren beste aldean zeuden bezeroak erdizka ateratzen direlarik, horietako batek ardo pitxerra eskuan duela.

 

4.5.1. Etxeko alabak barraren beste aldean

 

      “Nik zazpi urte nitula nere amak ta aitak hartu zuten taberna hoi, ta hor izan degu gure bizimodua”. (Rosi)

 

      “Ba hasi nintzanian hamalau nitun (...) ta geo hogeita bat urte arte, ezkondu arte”. (Maixus)

 

      Urtea: 1953.

      Lekua: Egaña taberna.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik eskuinera Juani Aranburu, Juana Aranburu, Miren, Balbina eta Malen (azken hiruak langileak).

      Deskribapena: Tabernako sukaldean bost emakume ageri dira.

      Interpretazioa: Egaña tabernako sukaldea eta bost emakume protagonistak ageri dira argazki honetan, nahiz eta esan daiteke Juana nabarmentzen dela (ezkerretik bigarrena), bertako nagusia. Denak ere argazkirako espresuki jarriak daudela nabaria da, sukaldeari dagozkion ekintzak antzezten ari baitira: ogia moztu, kafea zerbitzatu, janari platera eskuan, botilak.... Ez da bat-bateko argazkia beraz.

 

      Ostalaritzaren esparruak merkataritza alorrarekin antzekotasun ugari ditu; biak ere jendaurreko jardunean oinarritzeaz gain, bezeroekin oso harreman berezia izaten baitzuten. Kasu honetan baina, ezberdintasun handi bat zegoen: generoa. Hain zuzen ere, ostalaritzan zebilen bezeroa gizona zen. Esanda dago, garai hartan ez zegoen batere ondo ikusia emakumeak tabernetan ibiltzea, eta egitekotan bere senarrarekin edo gizon batekin batera egin behar zuten. Tabernak eta sagardotegiak gizonen egunerokotasunean oso presente zeuden, ohitura handia baitzegoen horretarako. Aldiz, barraren beste aldean ez ziren gizonak bakarrik egoten, Hernaniko taberna askotan emakumeek egiten zuten lan;zerbitzatzen, sukaldean, barra atzean...

      Neska gazte asko gurasoei edota bestelako familiakoei laguntzen hasi ziren tabernan lanean, txikitatik ikasiz gerora jardungo zuten lanbidea. Garai hartan hainbat ostalarien jabek ezin izaten zituzten kanpoko langileak kontratatu (ez baitzen nahiko diru ateratzen guztientzat) eta beraz, etxeko edo inguruko neskak “hartzen” zituzten lanerako. Beste batzuk, etxean diru falta egonik, tabernetan bilatzen zuten bizirauteko modua:

 

      “Etxian biharra diruana beti”. (Maixus)

 

      “Nik zazpi urte nitula nere amak ta aitak hartu zuten taberna hoi, ta hor izan degu gure bizimodua”. (Rosi)

 

      “Gure aita eta amak erosi intzuen etxe hau, ta behian jarri zuten taberna”. (Joxepa)

 

      “Laguntzen beti mucho o poco, baino ama gaixo jarri zanen, ordun hartu non la batuta! Teníamos cocinera y yo la que menos se creían que mandaba pero... etxekoandria”. (Joxepa)

 

      Urtea: 1950 hamarkada.

      Lekua: Azurmendi taberna.

      Ageri direnen izenak: Maitere Azurmendi, Joxe Azurmendi eta “Petakas” (bezeroa).

      Deskribapena: Hiru pertsona ageri dira barra barruan.

      Interpretazioa: Maitere eta bere anaia barra barruan ageri dira, euren familiako negozioan. Taberna askorik ikusten ez bada ere, botilak nonahi ikusten dira, barra azpian, goiko baldetan... Argazkirako kokatuak daude lehen planoko hiru pertsonak, irribarre eginez kamerari. Ondoan eserita ageri den gizona bezero bat zen, argazkian ateratzeko barra barrura sartuko zen segur aski.

      Bigarren plano batean aldiz, barraren beste aldean gizon bat ageri da, argazkian sartu nahirik eta eskuarekin agurtuz.

      Urtea: 1973.

      Lekua: El tunel taberna.

      Ageri direnen izenak: Juana María del Carmen Cortés Gómez eta Higinio Rodríguez Cortés semea (barra atzean). Argazkiko lehen planoan Ramón Paredes Ezeiza, José Luis Vélez eta Andoni Unanue.

      Deskribapena: Mus txapelketa bateko sari banaketa.

      Interpretazioa: Argazkiko lehen planoan musean jokoan aritu diren gizonak daude. Argazkilariak, ospakizun momentu hori harrapatu nahi zuela argi dago, irudiko protagonista nagusiak jokalariak izanik. Hala ere, argazkiko eskuin iskinean, barra ertzean tabernako zerbitzari Carmen ageri da, tabernako sukaldari eta zerbitzari zena, ia-ia ezkutuan.

 

      “Yo en todo, yo trabajaba en la cocina, en la barra...”. (Antonia)

 

      Emakume batek kontatzen du, gerra ostean etxera itzuli eta bertan aurkitutako panorama krudela. Hala ere ez zuen etsi eta egoerari aurre egitea lortu zuen:

 

      “Gerratik etorri eta etxian etzan inor; no teníamos nada, mi madre también se había ido, ta hasteko re diruik ez, baño panaderikuak esan zian, zeatik ez dezute irikitzen? Ta era jueves, había feria ta panaderikuak eman zian el pan, me dieron la carne, otro una barriquita de vino, la cocinera de la casa me dijo, iriki inbiardeu! Abrimos ta dena saldu, hicimos las cuentas, habíamos hecho para pagar, baño no teníamos para el día siguiente (...) cuando vino mi madre ya estaba en marcha todo. Imagínate, tendría diecisiete años o así, que xalxa tendría yo entonces!”. (Joxepa)

 

      Beste batzuen kasua ezberdina izan zen. Elkarrizketatutako emakume bat Caceresetik Hernanira etorri zen bere familiarekin batera. Lehenago ere tabernan bat izan zuten jaioterrian, baina lanik ez, eta hona etortzea erabaki zuten. Senar-emazteak eta 5 seme-alabek osatzen zuten familia, zaharrenak 14 urte zituen eta gazteenak urte bete eskas zuen. Frankismoaren azken urteetan etorri ziren Hernanira, 1971n. Ordurako beraien herritik jende asko etorria zen hona, jaioterrian lanik ez baitzegoen:

 

      “Uf, nosotros fuimos los últimos que salimos del pueblo. Muchísima, no había trabajo ninguno (en el pueblo). Y nosotros aguantamos pero ya estaba todo...”. (Antonia)

 

      Izan ere, 70. hamarkadan Hernanira jende asko etorri zen bertako industria zela eta. Etorritako gehienak Espainiar estatutik egin zuten, Castilla zaharretik, Andaluziatik, Extremaduratik eta Leonetik gehienak. Urte horietan Hernaniko demografiak gorakada nabarmena izan zuen, etorritako gehienak gazteak baitziren, ondoren familiak osatuko zituztenak. Hala, hainbat testiguk aipatzen dute, ia herri osoak etorri zirela “al norte” lan bila, bertako herri asko ia hutsik geratuz. Etorri zirenetatik asko hemen geratu ziren bizitzen betirako. Horren adierazle da 2013. urtean Espainian jaiotako 2.740 pertsona bizi zirela Hernanin, bertako biztanleriaren % 14a hain zuzen ere. Eta esan bezala, gehienak Caceres eta Salamanca ingurutik etorriak.

 

      Urtea: 1940 inguru.

      Lekua: Epeleko Etxeberri Jatetxea.

      Ageri direnen izenak: María Concepción Aranburu.

      Deskribapena: Hiru emakume eta atzean bi gizon.

      Interpretazioa: Lehen planoan dauden hiru emakumeak jatetxeko langileak izan zitezkeela aurreikus daiteke, hiruak ere mantala gerrian eta zapi zuri bana baitute gainean. Atzean aldiz bi gizon ageri dira, argazkirako umorezko aurpegiak jarriaz. Azken hauek aldiz dotore jantziak daudela ematen du, ospakizun bat izango balote moduan.

 

4.5.2. Aita gaiztoa tabernan dago, pikaro jokalaria[2]

 

      “En aquellos años hacíamos mucho trabajo. Lan asko in da diru gutxi irabazi”. (Joxepa)

 

      Urtea: 1960 inguru.

      Lekua: Azurmendi taberna.

      Ageri direnen izenak: Adeli Erdozia eta Joxe Azurmendi (barra barruan) eta Joxe Zapirain.

      Deskribapena: Azurmendi taberna barruko irudia.

      Interpretazioa: Honako hau argazkilari profesional batek aterea da (argazkian bertan agertzen da “Biyok”-en logoa). Ikusten den moduan, argazkilariak tabernako irudi bat erretratatu nahi izan zuen, barra barruko langileak zein kanpoan poteoan zegoen jendearekin. Horretarako kokatuak ageri dira bertako protagonistak. Atzean neskatxa txiki bat eta beste gizon bat ere ikus daitezke, argazkian kasualitate hutsez ateratzen direlarik, segur aski. Baliteke tabernako jabeek argazkilariari deitu izana, tabernaren oroitzapen bat izateko.

      Egilea: “Biyok” Hernaniko argazkilari profesional bat zen, eta Hernanin zuen estudioa. Famatua zen herrian.

 

      Tabernak pertsonen arteko sozializazio gune dira. Garai batean ere hala ziren. Hori bai, generoak zorrotz markatzen zuen bakoitzaren lekua zein zen; gehienbat emakumeen kasuan, zeinak barra barruan egon zitezkeen, baina ez kanpoaldean. Hori gizonen espazioa zen. Oso ohikoa izaten zen, eguerdi aldean eta iluntzean, fabrikatik atera ondoren, lagunekin kale buelta egitea, tragoxka batzuk hartuz. Hots, eremu publikoa gizonek bereganatzen zuten. Bitartean, emakumeak etxean, arlo pribatuan, egoten ziren, eginbeharrik ez baitzitzaien falta (otorduak prestatu, umeez arduratu, etxeko egin beharrak egin...).

 

      “Poteuan? Gizonak bai, emakumezkuak gizonakin juten bazan igandetan e kanpuan, atian onduan geatuko zan emakumia, gizona sartu eta baxo erdi bat hartuko zun”. (Rosi)

 

      “Denak gizonak, entonces ¿qué te crees, que las mujeres iban a la taberna como ahora? (...) bazkaltzea eta afaltzea bai baino por lo demás, al txikiteo o así... ui...”. (Joxepa)

 

      “Porque se me marchaba (senarragatik), él era de sociedad, ha sido siempre más liberal”. (Maixus)

 

      “Bai, gehienian eguerdiya ta illunarrian izate zan txikiteua, baiño jendia erruz ibiltzen zan ordun txikiteuan, asko”. (Rosi)

 

      Elkarrizketatutako emakume guztiek lotzen dute taberna gizonekin; taberna baino, poteoa gehiago. Izan ere, otorduak, bazkariak... egiten baziren bertan, emakume gehiago ikusten ziren. Baina poteoan gizonak ziren nagusi. Bertan denbora asko pasatzen zutela behin eta berriz errepikatzen dute. Bertan lan egiten zuen emakume batek, ondorengo gertaera hauek kontatu dizkigu bitxikeria moduan:

 

      “Behin emakume bat etorri zan ta: honako aulki honek asko balio al du? Ta zeba, balio al dun? Ez baldin bado oso gaizki etxea emangoet, aber hola ne gizonak hemen aulki hontan aina denboa etxian pasatzen dun!”. (Arantxa)

 

      “Ta gizon handi bat e bazan, jokun ibiltze zan ta, Romero apellidua zun ta andria handi bat, ez dakit non bizian, ta behin mi Romero ¿qué haces ahí? Ta hartu despertadora, ¡mira la hora que es! Se ve que ordua jartzen zion... ta beste asko, asko ta asko”. (Arantxa)

 

      “Denak gizonak, entonces que te crees, ¿que las mujeres iban a la taberna como ahora? (...) bazkaltzea eta afaltzea bai baino por lo demás, al txikiteo o así... ui...!”. (Joxepa)

 

      Urtea: 1975 inguru.

      Lekua: Olazar Jatetxea.

      Ageri direnen izenak: Juan Antonio Etxarri, Juan Kruz Beasain, Felipa Huizi, Juani Otxotorena, Jose Inazio Otxotorena eta Bittor Otxotorena.

      Deskribapena: Jatetxe barruko irudi bat.

      Interpretazioa: Barra barrualdean, jatetxean lan egiten zuten familiako kideak dira: ama eta seme-alabak, atzealdean botila ugari dituztelarik. Kanpoaldean familia bereko aita eta beste aldean auzoko bezeroak tragoak hartzen. Guztiak argazkilariari begira ez egon arren, nabaria da, horretarako espresuki kokatuak daudela. Bezeroen kasuan, euren poztasuna azaldu nahian agertzen dira irribarre zabal batekin, eta badirudi argazkia atera baino segundo batzuk lehenago zerbait esan duela eserita dagoen bezeroak, besteak berari begira azaltzen baitira; aita semeen begiradan atzeman daitekeen moduan.

      Urtea: 1957.

      Lekua: e/d.

      Ageri direnen izenak: Manuel Mugika eta Dioni Mugika, Axala aita semeak, eta Margarita del Puerto.

      Deskribapena: Hiru pertsona taberna batean agertzen dira, horietako bat emakumea da.

      Interpretazioa: Ez da ohiko argazkia honako hau. Argazkiaren erdialdean daude hiru pertsonak, mahaiaren bueltan. Aurrez aurre emakume bat, tabernako bakarra izan zitekeena, inguruan gizonezkoak besterik ez baitira ikusten. Kafea hartzen ari da, eta beste bi gizonekin batera dago, ez bakarrik edota ardoa edaten. Ezkerretara geratzen diren gizonak ere protagonistei begira daude, argazkiagatik ote? Edo emakumeagatik?

 

      “Las mujeres a tomar el café ya iban, pero con los maridos”. (Dominique)

 

      Azken batean poteoa edo txikiteoa horixe da, lagun artean elkartu eta tabernaz taberna ibiltzea, garai bateko sozializatzeko modu bat, oraindik ere irauten duena. Testigantzek kontatzen duten bezala, poteorako ohitura handia zegoen; eta kuadrilla asko etortzen ziren herriko tabernetara txikiteoan ibiltzera eta otorduak egitera. Ostegunetan azoka izaten zen, eta inguruko herrietako jende ugari hurbiltzen zen bertara, eta giro oso polita sortzen omen zen:

 

      “Igual etortze zan kuadrllla bat, jarriko al dezu kazuela bat?... Ta gosia zan denbora hartan, katuak bueno, nahi al dek konejua... katua jarri izandu deu behin baiño gehiyo”. (Rosi)

 

      “Ondo, menudo katxondeo. Bai, beti esatet nik taberna enuke sekula jarriko baño ze ondo pasatzen nun! Lanian pentsa, igandian etortze zian kuadrillak Donostitik eta kuadrillak gaiñea ondo kantatzen zutenak ta etortzezian ta yo ¡más feliz que veinte! ¡Qué poco necesitábamos para ser felices!”. (Rosi)

 

      “Baño lanbata ta osteguna lan asko zeon (...) dale que te pego (...) Goizeko ordu batian askotan... ez beti”. (Maixus)

 

      Garaiko tabernak ez ziren egungoak bezalakoak. Oro har, lauzpabost produktu jakin zituzten, eta horrekin moldatzen ziren. Ontziratu gabe, soltean izaten zituzten edariak, a granel deritzana. Botiletan ere saltzen omen zuten edaria, gehienbat herriko eta inguruko elkarte gastronomikoek erosten zuten horrela:

 

      “Klaro ordun ez gendun oain bezelako taberna, ardua txuriya ta beltza, mosto, besteik... Gero ba errefreskuak o eote zian baiño, bestela etzeon... anixa koñaka ta ron, ta bestela ba normal. Gero kafetera jarri zan ta kafetera horrekin... Baiño beti izandu deu a granel, beti izate zan. Enboteillatuak e bai, hantxe eote zian apaletan ta nahi zunak markatua ba markatua”. (Rosi)

 

      “Bihi hontan, Atxurren, beste aldeaiñoko almazena gendun arduana, zinsterna, hilian botatze genittun hogeita bost mila litro. Baiño enboteilatua emate zan nola soziedade Loiolatarra, ta hemengo soziedade guztita. Bai lagun askok laguntze zigun”. (Rosi)

 

      Urtea: 1969.

      Lekua: Bar Cinco-Enea.

      Ageri direnen izenak: Juli Alberdi eta Mertxe Peña lanean. Beste guztiak bezeroak dira, afari legea egin eta gero.

      Deskribapena: Gizon kuadrilla baten afaria.

      Interpretazioa: Guztiz prestatutako argazkia da honakoa. Gizon kuadrilla bat tabernan afaltzen eta xanpainarekin zerbait ospatzen ari direla dirudi. Botila asko daude mahai gainean. la gizon guztiek purua dute ahoan, eta hor eskubitan zutik daude tabernako bi emakume langileak, beren zerbitzari jantziekin. Deigarria da bestalde, lurrean erratz batekin ageri den gizona, baliteke argazkirako langileei kendu izana xelebrearen papera egiteko.

 

      “Asko, vendíamos muchísimo vino, hemos trabajado muchísimo”. (Joxepa)

 

      Publikoari eta sozializazioari hain lotutako eremuak izanik, bertako lan baldintzak gogorrak izaten ziren. Ordu askoko jarduna zen, ordutegi zehatzik gabe askotan, eta egun bat bera ere itxi gabe. Aurrez aurreko lanaz gain, barrukoa ere bazegoen, almazenean botilak garbitzen eta betetzen. Emakumeak gainera, barrako lanaz gain, sukaldekoa ere egiten zuten, denean aritzen ziren oro har:

 

      “Danian! Eta boteillak garbitzen! Danian ta enbotillatzen taberna onduan!”. (Arantxa)

 

      “Porroiak betetze genittun, porroi ttikikin, botila ardo ttikikin, ta geo enkargatzen ziguten asko,jarriko al diazu ta...”. (Arantxa)

 

      “Bai, ezta iganditan e etzan ixten e, ta asteguneko jaiyik etzeon, ordun ez (...) Gabian desde luego leno, oain ordubatak bazian, leno ez, ya itxi in behar zan. Baiña bestela goizian seitan ya iriki nahi bazenun iriki, etzeon problemik”. (Rosi)

 

      “Hasi ginan ixten, igande atsaldetan. Gañeakuan beti San Jose egunian ta San inazio egunian itxi. 6.30tan ez bazenun irikitzen aldaba jotze zuten. Eske kale hontan daude... Hoixe goizian 6.30tan irikitze gendun ta aldaba jotze ziguen irikitzeko! Hala iriki behar izate zan! Bai ta astian e goiz baiño igandetan oso goiz”. (Arantxa)

 

      “Diferentia zan igandia, ostirala desde luego zan duro, lan asko, lanbata re bai, porque zan egurra. Tenías que fregar, den ez, dena iten genun pa Semana Santa y pa Navidad. Baño lanbata ta osteguna lan asko zeon (...) dale que te pego (...) Goizeko ordu batian, askotan ez beti (...) ordun bukatu lana ta geo plantxa, holako piloak plantxan. Izan zan hola ittotzeko, fuertia izango nintzan”. (Maixus)

 

      Urtea: 1949.

      Lekua: Epeleko Etxeberri jatetxea.

      Ageri direnen izenak: e/d.

      Deskribapena: Bi emakume zerbitzari.

      Interpretazioa: Ezkontza bateko ospakizuneko argazkia dela jakinik, bi emakume hauek bazkaria zerbitzatzen aritu ziren zerbitzarietako bi dira. Garbi adierazten dute jantzita daramatzaten jantzi eleganteek, eta horietako batek gerritik zintzilik daraman trapuak. Baliteke, ezkontzako erreportajea egin zuen argazkilariak erretratatu izana bi langileak.

      Egilea: Kutxa Fototeka, Celebración boda Pilarte-Iturrarte albuma.

      Urtea: 1949.

      Lekua: Epeleko Etxeberri jatetxea.

      Ageri direnen izenak: e/d.

      Deskribapena: Gizon taldea mahai baten bueltan, emakumea zerbitzatzen.

      Interpretazioa: Ezkontza, ospakizun bereko argazkia da han ere. Oraingo honetan aldiz, jatetxearen kanpoaldean dagoela dirudi gizon kuadrillak. Zutik emakume bat ageri da, zerbitzari lanak egiten, agertzen duen posturagatik eta baita soinean daraman jantziagatik ere.

      Egilea: Kutxa Fototeka, Celebración boda Pilarte-Iturrarte albuma.

 

      “A los bares no entrábamos solas, con los chicos, estaba mal visto. Pero de allá también ya salía alguna que otra con bombo je je, je”. (Teresa)

 

      Urtea: 1974.

      Lekua: Bar El Tunel.

      Ageri direnen izenak: Barra barruan, atzetik hasita: Juana María del Carmen Cortés Gómez, Ramoni Rodríguez Cortés (alaba), José Rodríguez (senarra), Teófilo (ezkon anaia) eta Higinio Rodríguez Cortés (semea).

      Deskribapena: Taberna barruko irudia.

      Interpretazioa: Argazkia oso esanguratsua da. Argi dago, argazkilariak taberna eta bertako giroa erretratatu nahi zituela. Horretarako, pertsona guztiak “itxurak egiten” ageri dira, barra barrukoak ardoa zerbitzatzen, eta kanpoaldekoak edaten. Hau da, ez da bat-bateko argazki bat, prestatua dagoen irudi bat baizik. Barra atzealdean, bigarren plano batean ageri da Carmen Cortes, antzerkirik egiten ez duen bakarrenetakoa izanik. Kuriosoa da, bera baitzen tabernako martxa eramaten zuena, bai sukaldean, bai barran... baina argazkian aldiz erdi ezkutatua geratzen da. Honek adierazten du argazkilariaren nahia ez zela tabernaren eguneroko jarduna islatzea, une berezi eta tipiko bat erretratatzea baizik, horretarako denak bakoitzari zegokion papera antzeztuz.

      Horrez gain, barraren beste aldean emakume bat eta umetxo bat ere ageri dira. Kontuan hartu behar da argazki hau Frankismoaren azken urteetan ateratakoa dela, eta beraz, emakumeak tabernetan ikustea ez zela hain arraroa, nahiz eta ez izan gizonen kopuru berdinean.

 

      A las mujeres les gustaban mucho las orejas; y las tortillas, les gustaba mucho, yo hacía todas las tardes tres o cuatro tortillas”. (Antonia)

 

      Urtea: 1955.

      Lekua: Bar Cinco-Enea.

      Ageri direnen izenak: Ma Dolores Peña Iradi eta Joxepa Arrozpide.

      Deskribapena: San Juan jaietako kuadrillen eguneko ospakizuna.

      Interpretazioa: Gizonez osatutako “Beti jaten kuadrillak” Cinco-Enea tabernan bazkaldu eta ondorengo argazkia da hau. Ondo begiratuz gero, ezker aldean bi emakume zerbitzariak ageri dira, ia-ia ikusten ez direlarik, beren lanerako amantalak jantzita.

      Urtea: 1951.

      Lekua: Egaña taberna.

      Ageri direnen izenak: Juana Aranburu Oyarzabal eta Anttoni Egaña Aranburu (ama alabak).

      Deskribapena: Ama alabak tabernako sukaldean.

      Interpretazioa: Argazkia espresuki ateratakoa bada ere, Anttoni lanean ari dela ematen du, ez dela antzerkia egiten ari; hain zuzen ere arkumea prestatzen ari da. Ondoan ama du, nahiko heldua egon arren, sukaldean ibiltzen zen laguntzen ahal zuen neurrian.

      Horrez gain, irudian argi ikusten ez bada ere, Anttoni haurdun dago. Berak kontatu bezala, bata eta amantal zabalak janzten zituen, sabela ez nabaritzeko.

 

4.5.3. Amantalaren atzean gordetzen dena

 

      “Haurdun ta gelditzen nintzanen, poner unos vestiditos flojitos para que no te notaran, porque siempre estaba en estado, con esos delantalitos y así...”. (Joxepa)

 

      Aurreko testigantzan azaltzen duen moduan, oso ohikoa zen emakumeak askotan haurdun egotea. Erregimen Frankistak bultzatu moduan, emakumearen egitekoa bizitzan, ezkondu eta seme-alabak ekartzea zen. Emakume askok hau erregimenarekin lotzen ez bazuten ere, honen ideologia guztiz barneratua zuten, hori zen egin beharreko normalena, ezkondu eta haurrak izan. Gainera, sexua tabua zenez, eta antisorgailurik ez zegoenez, emakume batzuk behin eta berriz geratzen ziren haurdun, haur batetik bestera denbora asko igaro gabe. Hori horrela, batek baino gehiagok kontatu du, soineko zabalak jartzen zituztela lanean aritzen ziren bitartean, haurdun zeudela ez nabaritzeko. Izan ere, haurra jaio arte aritzen ziren lanean. Eta hortik egun gutxitara berriz ere buelta lanera batzuk; beste batzuk etxetik kanpoko lana utzi egiten zuten, etxea eta haurrez arduratzera pasatzeko; eta ahal zutenek, emakume bat hartzen zuten haurrez arduratzeko:

 

      “Bai, ¡encima de cesárea! Ta bueno segitun lanea. Nik ne umia, o ne semia enun hazi. Nola eongo zan amagiñarreba mostradorian da lanian ta ni pasiatzen! Pues lo imprescindible ta gero ya bea geatzezan (...) nik ez det ne haurrik hazi, oso ttikiya zala bularra eman behar zeniolako ta, ta geo paseatzea amonakin, juxtu hoi in ta paseatzen amonakin. Nola eukiko zenun ba amona lanian? Gañea fuerte lan in bihar zan, ezin zan!”. (Arantxa)

 

      “Laguntzen bai izandu naiz, baiño (...) Bai, ordun normala zan (etxetik kanpoko lana uztea). Gaiñea nik lau urtian hiru ume izan nittun!”. (Rosi)

 

      “Yo tenía una señora para los niños”. (Joxepa)

 

      Hain barneratua zegoen familia izatearen beharra, ez zela zalantzan jartzen umeak izan edo ez izatearen nahia. Geroz eta gehiago izan hobe, eta ez bazenituen, ingurukoen “txutxu-mutxua” bilakatzen zinen. Garai hartan ere, abortu ugari izaten ziren.

 

      “Hortik hiru urtea izan nun hau (semea). Baino bi urtian bi aborto izan nitun, bi aborto ta..., bat sei hilabetekua. Bai, ta bueno, bat gutxi da, iñork eluke bat eduki bihar baño bueno, bate ez dezunian (...) oain ezto problemaik, baño ordun problemak zian! Bai ba, oain bide asko daude, ordun nada, bai, gaizki pasa nun...”. (Arantxa)

 

      Zer esanik ez, ama ezkongabeen kasuan, oso gaizki ikusiak zeuden. Amatasun ereduaren aurka zihoan eta beraz, denen ahotan izaten ziren horrelako kasuak, baina egon bazeuden.

 

      “Bai izate zian, baño oso gaizki ikusia zeon”. (Arantxa)

 

      “Las que eran solteras mal vistas, sí, sí. Eso tenlo seguro”. (Maixus)

 

      Urtea: 1951.

      Lekua: Cinco-Enea Taberna.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik hasita; Juli Alberdi, Ma Dolores Peña Iradi, Mercedes Iradi (izeba).

      Deskribapena: Hiru emakume ageri dira zerbitzari jantziekin.

      Interpretazioa: Hiru emakume langileak lan egiten zuten taberna aurrean eskutik helduta, beren lanerako jantziekin. Erdian dagoenak helduagoa dirudien arren, 16 urte besterik ez ditu, eta ezkerrean dagoena haurdun dago. Beraien atzean tabernaren atea eta leihoak ikus daitezke, koadrodun gortinekin.

 

      Garaiko ideologia edo pentsamoldeak, behin eta berriz, azpimarratzen zuen ama onaren eredua, eta bere funtzioak. Honek kontraesan eta egonezin asko sortzen zituen emakumeen artean; familia aurrera ateratzeko etxetik kanpo ere lan egin behar baitzuten, baina aldi berean, lanera joateko haurrak beste norbaitekin uztea ez zen egokia:

 

      “Bai klaro, umiak ya koxkortuta zeudela. Cuando yo me iba pallá (...) a mi aquello de dejar la familia y marcharme... Batzutan autobusian marruakin. Bai, oso gaizki pasatzen nun. Hara lanbatetan familia utzi ta jun biharra (...) ta geo, klaro autobusa hartu ta etxea etorri, igual senarra estaba en la sociedad... Oain que hagan mis hijos lo mismo que aquello me dolería”. (Maixus)

 

      Amatasunaren eredu hau oso barneratua zegoen, ez aldiz aitatasunarena. Haurren zaintza amaren egitekoa zen eta gizonak bitartean, sozializatzeko eremuetan ibiltzen ziren:tabernak, elkarte gastronomikoak....

 

      Mi marido también hijo tras hijo, adiós cariño, él era de Sociedad”. (Maixus)

 

      Amatasunaren gaia hain idealizatua eta arautua egonik, edozein gertaera bekatu bihurtzen zen eta berehala epaitzen ziren emakumeak. Ondorengo kasuan agertzen den moduan:

 

      “Te casas y... pero luego ¿qué pasa? Te casas virgen y (...) a la primera pum! Oye que aquí no aparece nada, ¡no puede ser! Después de tres días de viaje de novios, oye, que me quedo embarazada (...) ni, como siempre bruta, corriendo ta eskailerak, klaro etzeon aszensoreik, iba a la pescadería y me caigo de las escaleras, digamos de esta casa y nace sin cumplir los nueve meses. Dos me echaron en cara, mi madre también, ez da allatu! Ama, y yo ¡qué voy a hacer! Quedarte en estado y nacer antes de los nueve meses (...) el comentario de la gente, marmarreo, (...) la verdad que lo pasas mal (...) Y mi madre también disgustada porque había nacido antes, entonces era muy sagrado eso (...) realidad y disgusto”. (Maixus)

 

      Frankismoak bultzatutako pentsamoldean sexualitateak toki berezia eduki zuen. Garai hartaz, sexua erreprodukziorako zen, eta hau ezkontzaren barruan zen soilik posible. Horren arabera, ezkontzak porrot ez egiteko modu bakarra, ezkontzara harreman sexualak mantendu gabe iristea zela azpimarratzen zen behin eta berriz. Testigantzan argi azaltzen da hori, nolabait traizioa egitea atxikitzen zioten ama izan berri zen andreari, arauakez betetzea leporatuta.

 

      Urtea: 1951.

      Lekua: Egaña Taberna.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik eskubitara Juani Aranburu, Anttoniren haurren zaintzailea, Anttoni Egaña Aranburu, Balbina eta Juana Aranburu Oyarzabal.

      Deskribapena: Bost emakumeak tabernako sukaldean.

      Interpretazioa: Sukaldean 5 emakume ageri diren arren, argi ikus daiteke, eskubian dauden bi emakumeak laneko jantziekin daudela, sukaldeko jardunean geldialdi bat egin balute bezala argazkian ateratzeko. Behean ama, etxeko nagusia eserita dago. Eskuinaldean aldiz, Anttoniren seme-alabak zaintzen zituen neska gaztetxoa ageri da, txukun-txukun jantzita. Bera arduratzen zen Anttoniren haurrez, honek lanean jarrai zezan. Ezkerrean dagoena ere txukun jantzita ageri da, suposa daiteke zerbitzari lanak egingo zituela.

 

      “Mi madre era la trabajadora, era muy trabajadora”. (Joxepa)

 

      Urtea: 1961.

      Lekua: Egaña Taberna.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik hasita; Pilar Arbiza, Juana Aranburu, Maria Arbiza (Pilar-en ahizpa), Anttoni Egaña Aranburu eta Mari Jose Mendiola Egaña (haurra).

      Deskribapena: Lau emakumeak tabernan kafea hartzen.

      Interpretazioa: Esan daiteke, lan egin ondorengo otordua dela honako argazki hau. Bezerorik gabeko momentu hori aprobetxatuz, baliteke, Anttoniren seme-alabak zaintzen zituen emakumeak bisita bat egin izana ama haurrarekin egon zedin une batez, edota haurra amari eramatera gerturatu izana tabernara. Jantziei begiratuz, garbi ikusten da zeintzuk ibili ziren lanean eta nor zen umearen zaintza lanak egiten zituena.

      Urtea: 1964.

      Lekua: Fagollaga jatetxea.

      Ageri direnen izenak: Ma Jesus, Joakini eta Marixa Bengoetxea Azpeitia ahizpak, Joxepa eta Maddi Azpeitia ahizpak, Juanita Bengoetxea, Guadalupe eta Nati Iribarri, Jexuxa Zugasti, Ixabel Apalategi.

      Deskribapena: Emakume taldea sukaldean.

      Interpretazioa: Sukalde bat dirudien eremuan hainbat emakume ageri dira argazkirako pausatuta. Erdian ezkontzeke edota ezkondu berri den emakume bat ageri da zuriz jantzita. Beste hainbat emakume ere jantzi dotoreekin ageri dira, ezkontzako gonbidatuak seguruenik. Azkenik hiru emakume inguru zerbitzari jantziekin ageri dira, jantzi zuri beltzekin. Pentsatzekoa da gonbidatuak zein zerbitzariak izan arren, harremana bazutela euren artean, argazkirako pausatzen badaude ere, ez baita ezkontza argazkietako ohiko irudia, egoera naturalago batean daudela esan daiteke eta.

      Urtea: 1961 inguru.

      Lekua: Etxeko balkoian.

      Ageri direnen izenak: Adeli Erdozia Iribarren eta bere semea Juan Ignacio Azurmendi Erdozia.

      Deskribapena: Ama semeak balkoian.

      Interpretazioa: Ama poztasunez ageri da, haurra besotan duela, harro egongo balitz bezala. Espresuki ateratako argazkia da, biak ere begira daude. Badirudi, eguneroko irudi bat dela, etxeko zereginak egiten zituen bitartean, haurra kontu egiteko momentuak aurkituz; honako hau bezalaxe.

 

 

4.5.4. Aldaba jo eta batetik bestera

 

      Lan honetan zehar azaltzen joan den moduan, lana kontzeptua modu zabalean ulertu izan da. Halere, historikoki zatiketa nabarmena egin izan da, enplegua eta enplegu ezaren artean (ordaindua eta ez ordaindua). Ikertua izan den garaian zatiketa hau oso nabarmena zen, enplegatua gizonarekin lotzen zelarik, eta emakumea enplegurik gabekoarekin. Edonola ere, ikusi da emakumeak enpleguan aritu izan direla, baina horretaz gain, etxeari lotutako lanak ez zituztela alde batera utzi. Lan hauek, hain beharrezkoak, emakumeek egiten zituzten, baina ez zuten ez errekonozimendu, ez inolako ordainsaririk. Beraz, emakume guzti hauek lan bikoitza egin behar izaten zuten, etxetik kanpokoa eta barrukoa:

 

      “Aurreneko lana oyak iriki ta behera jeitsi. Jeitsi ta amai lagundu, ya martxan jartzen zenunian iyo gora ta joe, hasi etxeko lanak iten ta aldaba. Etortze ziñan, haste ziñan gauzak iten, danak utzi ta gero gabian etortze ziñanian in ta oyea”. (Rosi)

 

      “Behin baiño gehiagotan etxea etorri (tabernatik) ta hasi ohiak iten, ez oaingo ohiak lehengo ohiak zea lanazko koltxoi haik ta jira batea, egunero buelta eman behar izate zitzaion bestela etzun itxurik hartzen (...) hasi ohia iten ta aldaba, pim pam pum! hiru aldaba. Ta jetsi honi gosaya prepatzea (...) ta ni korrika behera. Ta geo etortzian eskobak bere tokia eaman, ohia in, behin baño gehitan bai”. (Rosi)

 

      “Y luego por la tarde, cuando terminaba de comer y arreglar un poquito la cocina y eso, me iba a casa, que vivíamos ahí cerca, me iba a casa y hacer cosas de casa, tenía que poner la lavadora, hacer las camas, tenía que limpiar... cuando daban las siete de la tarde, me bajaba otra vez (al bar), tenía que hacer las tortillas. Y cuando sacaba las tortillas, a la barra”. (Antonia)

 

      “Para la casa tenía una interina, ya verás cuanta gente trabajaba en mi casa. Claro, en aquellos años hacíamos mucho trabajo”. (Joxepa)

 

      “Ordun etzian ni interinas, bueno bazian baño guk ez genun beiñe izan. Beti juxtu juxtu, hortxe bizimodua ateatzen”. (Rosi)

 

      “¡A mano! Cuando me casé, en el cincuenta y seis una media ducha, media bañera ta han, sacabas el esto... ¿Tú sabes para mí lo que aquello supuso? Umian erropak ta... klaro han jaboiakin jartzen zendun y luego arrascabas así, o limpiabas con esas tablas que había ta gero a aclarar allá”. (Maixus)

 

      “Ni orduako lurra garbitzen izaten nintzan, zeatik etxeko lanak, etxekuak ez dituzu beñe uzten, ezin dezu utzi pentsatzen zu, nei e, jornal bat kentzezu. Ez bazaude oso brillante ezin da utzi. Ta ordun itte zan gutxio irabazi ta lan asko ta gehio, zeatikan etzan marjenik geatzen”. (Arantxa)

 

      Batzuek, ahalmen ekonomiko handia zutenek etxean laguntzeko interina edota neskame bat hartu ohi zuten, beti ere neska; horrelako jarduerak femeninoak kontsideratzen baitziren guztiz. Etxea zen emakumearen tokia eta hau horrela, andrazkoak ziren askotan etxeko gora beherez arduratzen zirenak, bai eguneroko kontuez baita diruaren erabileraz ere:

 

      “Nik, biharko. Zenbat aldiz esate niyon: Ai Joxe, Joxe, zuk eman bazenu etxeko gora beherak ezta gartzandak hola iñe ez gendun izango! Segitun kartera atea ta aiba ze hartukozu, ze eango zu? (...) ne gizonak ez du jakin beiñe... honbre, zorra etorri balitzaio enteatu beharko zun baiño sekulan e... beak entregatuko zun hartzen zun bezela, eta punto. Be orduakin ta bea manejatzen zan, eta jornala dana entregatzen zun”. (Rosi)

 

      “Gue etxian emakumiak eman bihar du etxeko martxa, bestela alperrik da gizonak lana ittia ez bakizu ondo administratzen”. (Arantxa)

 

      “Nik bai bai (...) yo le daba el diez por cien (...) siempre de lo que ganaba el diez por cien a él, eso siempre y siempre hemos respetado”. (Maixus)

 

      Urtea: 1970 inguru.

      Lekua: Egaña taberna.

      Ageri direnen izenak: Anttoni Egaña Aranburu eta Joxe Mendiola (senarra) hauen bilobekin.

      Deskribapena: Taberna kanpoaldean familia.

      Interpretazioa: Familia zoriontsuaren irudia erretratatu nahi izan zutela dirudi. Gizon eta emakumea eta azken honek besoetan haur txiki bat duela eta bestetik mutil koxkorra ageri da batasun itxura emanez. Anttonik poztasun aurpegia dauka, bere bilobez harro balego bezala.

 

 

[2] Sehaska kanta herrikoia:
      “Haurtxo txikia negarrez dago
      Ama eman iezadazu titia
      Aita gaiztoa tabernan dago
      pikaro jokalaria”.