Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 IÑAKI ARANZADI | PABLO JOXE ARISTORENA LASA | ERNANI ETA EUSKERA 

 

bertsolariak

PABLO JOXE ARISTORENA LASA

 

1968an Kardaberaz kalean jaioa

Iruñean bizi da

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

 

ETXEKO GIROA

 

      Banuen aitona bat, Pablo Lasa, oso bertsozalea zena. Uztargilea zen eta Atzietan zeukan bere lantegia. Bertso asko entzuten genizkion aitonari. Handik zerbait etorriko zen.

 

 

1981. HASIERAK

 

      1981ean izan zen I. Eskolarteko Txapelketa. Ordurako, Urumea ikastolan bertsolaritza lantzen genuen Joseba Labururekin eta Joxe Mari Gabiriarekin. Urumeatik ume talde bat joan ginen Baldako saio hartara, ikasitako bertsoak abestera: Jon Eizmendi, Joxe Mari Aizaga, anaia Juan Batti Aristorena, Niko Lizeaga... Nik 12 urte nituen. Egun hartan liburu bana eman ziguten opari eta 2.000 pezeta.

      Ordurako Xabier Amuriza bertso ikastaroak ematen hasi zen, eta Hernanikoa urte hartan bertan azaroan izan zen. Ni ikastaroko gazteena izan nintzen. Izena ematera joan nintzen eta udaletxeko idazkariak, Pilar de Simonek, ezetz esan zidan, txikiegia nintzela. Ez zitzaidan batere gustatu, eta alkatearengana, Juanjo Uriarengana joan nintzen eta gertatutakoa azaldu eta esan nion “hau ez da posible! nire ilusio guztiarekin etorri naiz eta!” Juanjo Uria nirekin etorri zen eta izena eman nuen. Hala, Eskolarteko Txapelketan jaso nituen 2.000 pezeta haiek inbertitu nituen Amurizaren ikastaroan. Ehundik gora lagun bildu ginen astearte arratsero, azarotik abendu erdira arte. Xabier Amurizak izugarrizko glamourra zeukan eta komunikatzeko gaitasun itzela: denak inplikatzen zituen jarritako ariketetan.

 

 

ASTEARTETAKO TALDEA

 

      Ikastaroa bukatu zenean, Iñaki Aranzadi apaizak esan zuen mereziko zukeela Hernanin jarraipenik ematea. Taldea osatu zen, eta asteartero biltzen jarraitu genuen, Udaletxeko azken solairuko sala handi batean. Oso talde handia zen, jendea ahal zuenean etortzen zen, inolako loturarik ez zegoen borondatea salbu. Askotan eta askotan Joxe Mari Mujika “Anatx” eta biok bakarrik bildu izan ginen.

      Urtean behin edo bitan Benta-Berrira joaten ginen, egun pasa. Aurrena pilota partida egiten genuen, gero bazkaria eta ostean gure arteko txapelketa.

 

 

SAKRISTIAKO BERTSO ESKOLA

 

      Garai hartan monagiloa nintzen. Larunbatetan, Iñaki Aranzadik arratsaldeko 18:00etako meza eman ondoren, sekulako bertso saioa egiten genuen Hernaniko parrokiako sakristian. Hor bertsotan aritzen ginen Iñaki Aranzadi, Manuel Beraza apaiza, eta hiru monagiloak: Joxe Domingo Lopetegi, anaia Juan Batti eta ni. Joakin Dorronsorok noizean behin punturen bat botatzen zuen eta entzule pribilegiatua izaten genuen don Eusebio parrokoa, bere pipatzarra errez. Jo eta fuego aritzen ginen bertsotan, niretzat sekulako entrenamendua zen.

      Askotan sakristiatik Kristina Egigurenen etxera joaten ginen, Iñaki Aranzadi han bizi baitzen. Kristinak sekulako afariak jartzen zituen eta hor jarraitzen genuen bertsotan. Kristinaren etxea pieza klabea izan zen. Askotan Jon Eizmendi eta biok izaten ginen han afaltzen eta kantuan. Aranzadik bere soldataren zati handia horrelako afaritan jartzen zuen. Afaloste horietan ohorezko entzule bat izaten genuen: Iñakiren anaia Dionisio Aranzadi, Deustuko Unibertsitateko errektorea. Jon Eizmendi eta biok mutikoak ginen, eta Iñaki Aranzadiri esker lortzen genuen etxean baimena halako ordutan erretiratzeko.

 

 

1982. BOOMA

 

      II. Eskolarteko Txapelketan, Jon Eizmendik eta biok sari bana jaso genuen. Gure belaunaldikoak dira Sarasua anaiak, Felix Iñurrategi, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Aitor Arbelaitz oiartzuarra... 1982ko txapelketa horren ondoren, udara hartan eman zen fenomeno bat izan zen haur-gazte bertsolarien saioak antolatzea. Sekulako saio pila antolatu ziren Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa iparraldean.

      Nik 13 urte nituen eta Jon Eizmendik 12. Uda hartan Hernaniko auzoetako festetan 10 saio egingo genituen. Oiartzunen beste saio mordo bat, Aranon, Goizuetan, Donostian ia auzo guztietan... Gipuzkoako beste zenbait herritan eta Bizkaian ere ibili ginen.

      Bazirudien zernahi gauza antolatuta ere, bertsoak tartean behar zuela. Gehiegizkoa izan zen. Uda hartan igual egingo genituen 80-90 saio, ia egunero. Neurria galarazi zigun, agian denbora baino lehenago nekarazi ninduen.

      Donostiako Marianistetan ikasten nuen eta bula bereziak izaten genituen batera eta bestera kantatzera joateko. Uztapideren hiletara bertsotara joan ginen Jon Eizmendi eta ni! Gaurtik ikusita oso frikia iruditzen zait, nire seme-alabei ez nieke utziko. Baina orduan hala gertatu ziren gauzak.

 

 

KANTULAGUNAK

 

      Normalean beste gazteekin aritzen ginen, eta noizean behin helduekin ere kantatzen genuen.

      Ilusio berezia egin zigun Hernaniko plazan egindako saioak. Bertan kantatu genuen Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jon Eizmendi eta hiruok, Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Lazkao Txikirekin. Gu bezalako mukitsu hasiberrientzat horiekin kantatzea izugarria zen! Lazkao Txikirekin beste pare bat saio ere egin genituen.

      1985-86an besteak beste Sebastian Lizaso, Mikel Mendizabal, Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikanorekin aritu ginen.

 

 

NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETAN

 

      Iruñera bertsotan egiten genuen ikasle andana iritsi ginen: Nikolas Izeta, Felix Iñurrategi, Manu Gomez, ni... gipuzkoarrak denak. 1988an Nafarroako txapelketan parte hartzera gonbidatu gintuzten eta han atera ginen. Mixel Xalbadorrek irabazi zuen txapela, baina ni ere zori zorian egon nintzen. 19 urteko kanpoko batek Nafarroako Txapelketa dantzan jartzea oso desegokia izan zen. Antolatzaile aritzen zen Eugenio Arraiza eta esan zidan “agian komeniko da datorren urtean zu ere antolatzen aritzea, baina ez parte hartzea”, “bai, bai, lasai” erantzun nion. Nik ez nuen gehiago parte hartu. Nafarroako Bertsolari Elkartean aritu ginen lanean Lontxo Aburuzarekin, 1990 arte edo, saioak antolatzen eta gazte sariketen bidez Nafarroako bertsolari gazteen mugimendua bultzatzen (Estitxu Arozena, Xabier Silveira...). Iruñeko kazetaritza ikastaroak burutu eta orduan utzi nuen Elkartea eta baita bertsoa ere.

 

1987ko Nafarroako Txapelketako kanporaketan.
Ondoan Felix Iñurrategi eta Joxe Fermin Argiñarena dituela.
Argazkia: Argia.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Kanporaketa

1988

 

Nafarroako Txapelketa

1987

Finalista

Nafarroako Txapelketa

1988

Finalista

Txapelketa Nagusia

1989

Azken-laurdenak

 

 

BAT-BATEKO SARIKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1982

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1984

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1985

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1986

Txapeldun (txikitan)

Artxanberri Saria

1984

Txapeldun

Lizardi Saria

1985

Txapeldun

Osinalde Saria

1985

Txapeldun

Xenpelar Saria

198

Txapeldun

 

 

BERTSOA UTZI

 

      Hainbeste, hainbeste ibili ginen, ze bertsoz ase nintzen. Denak ere entrenamendu oso onak ziren, baina pentsa zer saturazio maila nuen: Asteartetan udaletxean biltzen ginen bertso eskolan, larunbata goizetan Urumea ikastolak bertso eskola antolatu zuen, bertako ikasleentzat. Oarson zituen lokaletan biltzen ginen Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia, Jon Eizmendi... Larunbata arratsaldetan, meza ondoren, sakristiako bertso saioa egiten genuen. Larunbata askotan sakristiatik atera eta Kristina Egigurenen etxera afaltzera, eta hor beste saioa... hori bai, oso gustura ibiltzen ginen denetan, lagunarte zabala genuen...

      Horri gehitu, gainera, 1982an izan zen booma, ume eta gaztetxo denok asko ibili ginen. Ez dut uste 12-13 urteko ume batentzat egokiena denik. Ordukoetatik ez dakit egun inork bertsotan jarraitzen duen.

      Bestalde, kazetaritza ikasketak egiten ari nintzela kanpora ateratzen hasi nintzen, Frantziara, Alemaniara... konturatu nintzen gazte bezala banituela ezagutu nahi nituen beste esparru batzuk. Ordurako bertsoa utzia nuen, baina 1991-1992an seminariora sartzea erabakigarria izan zen, orduan dena utzi bainuen. Agian erradikalegi utzi nuen bertsoa.

 

 

BERTSOAK EMAN DIDANA

 

      Aukera izan nuen Euskal Herria ongi ezagutzekoa eta harreman asko egin genituen. Asko ibili nintzen Ipar Euskal Herrian, asko. 80ko hamarkada bukaeran egindako harremanak mantentzen ditut. Hori da bertsotatik gelditzen zaidana. Besterik apenas. Noizean behin punturen bat botatzeko gai naiz, gehiago ez.

 

1989ko Euskal Herriko Txapelketan.
Argazkia: Argia.

 

 

IKASKETAK ETA BIZILEKUAK

 

      Iruñean kazetaritza ikasi nuen. Teologia ikasketak Donostiako seminarioan hasi nituen eta 1996an Madrilera joan nintzen. Ikasketak bukatu eta ez apaiztea erabaki nuen. 2002an Parisera joan nintzen eta 2010ean itzuli nintzen Iruñera. 14 urte bizi izan naiz Euskal Herritik kanpo.

 

 

LANA

 

      Batez ere kazetari lanetan aritu naiz eta dokumentalista. Parisen Euskal Etxean aritu nintzen bolada batez lanean eta finantza munduan beste pare bat urtean. Egun Eugenio Arraizaren morroi egiten dut lan. Bere memoriak idazten ari da eta memoriak dokumentatzeko agiriak bilatzen dizkiot, testuak zuzendu...

      Argitaratutako liburuak: Nafarroako bertsolaritza. Nafarroako Gobernua, Iruñea.

      Liburu hori 1991n idatzi zen, korrika eta presaka eta hamar eskurekin. Garai hartan, Bertsolari Egunean bertsolari zaharrak omentzen ziren. 1991koan Teodoro Hernandorena, Emile Larre eta Mariano Izetaren omenaldia egin zen. Hiru horiek izan ziren Nafarroa osoan (Ipar eta Hego Euskal Herrikoan) bertsolaritza mantendu zutenak. Eta omenaldirako liburua idaztera bultza gintuen Eugenio Arraizak. Lontxo Aburuza, Kike Diez Ultzurrun eta hiruok egin genuen, nahiz eta nire izena jarri zen.

 

 

1988 Txapelketa Nagusirako
Gipuzkoako kanporaketa (azaroaren 20a, Villabona)

 

      Jubilatuen bidaian doaz eta Joxe Mari Izeta amona ohartu da Pablo Joxe Aristorena aitona gidari bezala doan neska gazteari kinuka ari dela.

 

        Izeta:

Gure aiton koskorrari

lerdea dario,

begiak okertuak

zer erremedio,

neskatxa gazte horri

eginaz adio,

zure amona zaharrak

ez al du balio?

 

        Aristorena:

Noski balio dezu

hala ere apurra,

zergatikan ez egin

neskari agurra,

maitea daukazu hain

azala zimurra,

zaharra naiz baina nahi det

haragi samurra.

 

        Izeta:

Baina zuk zahartzaroa

daukazu baldintza,

beraz ahaztu ezazu

holako langintza,

nahiz ahotik darizun

lerde eta bitsa,

ez zaitu onartuko

alperrik zabiltza.

 

        Aristorena:

Ilusioak egin

gaur bere kontura,

ni ez nau onartuko

ta ez zait ardura,

baina ene maitea

ikustean hura,

zurekin e(g)indakoak

datozkit burura.

 

        Izeta:

Beraz gure bizitza

ez dezu ahaztua,

orain lasaitua naiz

lehen nengon estua

oraindik aurkitzen naiz

amona preskua,

gozatu genezake

luzatu eskua.

 

        Aristorena:

Amonak bota dizkit

hainbeste enbite,

emakumeek ondo

hortan badakite,

oraindik maite zaitut

maite nere maite,

hura kapritxua zan

lasai egon zaite.

 

 

1988-08-20 Goizueta, jaialdia

 

      Nolako emakumeak gustatzen zaizkizue.

 

        Sebastian Lizaso:

Askorentzako emakumea

haurrak e(g)iteko makina,

baina neretzat eskubidetan

gizonezkoen berdina,

eta neretzat nik zer nahi detan

esanez hau da mitina:

gizonezkoan hutsegiteak

errez barkatzen dakina.

 

        Jon Lopategi:

Hutsagitetan errez jauzten da

gizonezkoaren jira,

emakumea, maitasun hori,

ez zazu inoiz erretira,

nere bihotza zabal da beti

lore hoieri begira,

eta gehienak gustatzen zaizkit

borondatetsu badira.

 

        Imanol Lazkano:

Emakumeak gure eskubide

berdinetan balirake,

zalantzarikan ez dut batere

denok hobeki ginake,

baina barkatzen jakitez gero

gure hutseginen truke,

apaizek baino barkamen gehigo

eman beharko lukete.

 

        Joxe Fermin Argiñarena:

Gure andreak, lagun Lazkano,

bazekitek bai barkatzen,

estualditan oso maitakor

nola gaitun besarkatzen,

pikaro samar jokatzen degu

ta horrekin naiz kezkatzen,

sentzila behintzat izan dadila

besterik ez det eskatzen.

 

        Pablo Joxe Aristorena:

Neronek oraindik asko ez dut

emakumeen dotrina,

baina halare egina daukat

maite dudan imajina,

izan dedila euskaldun ona

langilea eta fina,

izan dedila eman bezela

berake(re) hartzen dakina.

 

        Manolo Arozena:

Esijentziak haunditzen ere

ez naiz askorik aritzen,

edozertako tokatu ere

gaur ez da inor harritzen,

tarteka a(r)i naiz lehen daukatena(r)i

ta beste batzuei beitzen,

gutxieneko jakin dezala

arrautza batzuk prejitzen.

 

        Sebastian Lizaso:

Gizonezkoak bakardadean

ez daduka zer eginik,

amarengandik hasi begira

zer degu haren berdinik,

Goizuetako andrezko danak

utzi nahi ditut jakinik,

nahiz ta Lizaso inork ez maite

denak maite zaituztet nik.

 

        Jon Lopategi:

Maitagarriak dira izan ere

nola egun hala gaba,

nahiz ta noizbehinka jartzen diguten

oztopoa edo traba,

geu golfo izan eta aingeru

batzun bila joaten gara,

eta emakume txar asko ez da

norbera gizona bada.

 

        Imanol Lazkano:

Nunbait nahi zuen sentimentuak

guk azaltzea kanpora,

galdetu digu zer ote leike

bakoitzak gustoko lora,

eskerrak bera(r)i galdetutzea

honi ez zaiola gogora,

bestela ziur ginake bai gu

lista hortatik kanpora.

 

        Joxe Fermin Argiñarena:

Emakumeak ez du behar da

inoiz gizonan esklabo,

hori gertatzen baldin bada inoiz

maitasun danak akabo,

emakumearen alde mintza

naiz gaur baino lehenago

nerea ni hainbeste bada ta

ni oso konforme nago.

 

        Pablo Joxe Aristorena:

Konforme dago beraz gizona

zuhurra eta apala,

neronek berriz ez daukat eta

kezketan nabil zabala,

emakumerik ez dut neurtzen

neska orok jakin dezala,

bat maite banu, maiteko nuke

soilik bera dan bezala.

 

        Manolo Arozena:

Emakumeen meritu asko

hartzen ditugu serio,

edo bestela gure ondotik

egingo dute adio,

sentimentutan baikorra nahi dut

edo zer erremedio,

gure erristak aguantatzeko

denak ez dute balio.

 

 IÑAKI ARANZADI | PABLO JOXE ARISTORENA LASA | ERNANI ETA EUSKERA