Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

ERNANI ETA EUSKERA

 

      Bertso auek jarri nituen, len nola izaten giñan gogoratuta: orduko sagardotegi eta umorea, bertso zar eta berriak eta alkartasuna; eta gaurko diferentzia ikusita. Beste mundu bat baizan. Gaur kanpotarrez beteta dago dana, eta lengo sanidade ura falta da.

 

        1

Iru edo lau bertso

bear dizkat jarri,

bizia zor diodan

erri polit orri.

Iñork ez du joan nai,

pillaka etorri,

or dago ispillua

zerdegun Ernani.

 

        2

Nere erri maitea,

etzaitut aztutzen,

umetako garaia

zait gogoratutzen.

Arrats osoak igual

ditut pasatutzen,

oiera joan eta

zutaz pentsatutzen.

 

        3

Askotan egiten det

ixilik negarra,

ain baizaitut maitea,

jaioterri zarra.

Izango degu seme

leialen bearra,

ez dezatela egin

gugatikan parra.

 

        4

Bat badegu balio

duena urria,

alkate izandua

Juan Joxe Uria.

Ura saiatutzen da

ematen beria,

alako asko bear

ditugu ordia.

 

        5

Saia gaitezen danok

euskera il ez dedin,

seme danen laguntza

litzake atsegin.

Ez jakiteak ditu

ainbeste utsegin:

euskaldunak izan da

erderaz itzegin.

 

        6

Ola ikusten ditut

beatzitik zazpi,

beren umetxoairi

erakusten gaizki.

Esnatzeko ordua

izango da noski,

ez da «euskalduna naiz»

esatea aski.

 

        7

Orrela guk euskera

nola aberastu?

Damakigun jokerak

zentzurikan eztu.

Emen au pasa baietz

egin leike apostu:

kanpokuak ikasi

ta etxekoai aztu.

 

        8

Izkuntza guztietan

lenengo lorea

dala esaten dute

munduan gurea.

Garbia ta apala,

biraorik gabea,

gordetzen dakiena

Jaunaren legea.

 

        9

Izkuntza maite duten

zenbait seme abil,

bere etsaien kontra

borrokan badabil.

Asi zaigu piztutzen,

egondu zan umil,

lagun zaiguzu, Jauna,

ez dezatela il.

 

[Paulo Zubiarrain, Gaziak eta gozoak, Auspoa]

 

      Kalean, Zikuñagan, dena erdaraz egiten zen: guk 10 urte genituenetik aurrera jende guztia kanpokoa zen, andaluzak, Extremadurakoak, eta dena erdaraz egiten genuen. Hernanin kalean ere dena erdaraz egiten zen, eta etxekoak salbatu zuen gure euskara.

[Juanjo Uria]

 

 

TABERNA GIROA

 

      Orduan bazen bertsotarako giroa! Edozein tabernetan! Azurmendi, Egañanea, Amerikanuanea (peri kalearen bukaeran, behean), Zinko enea, Deportivo... “txissst! bertsotan ari dituk eta!” jendea adi jartzen zen. Eta bertsoa kantatuta merienda zenuen! Gerora, plazan pixka bat galdu egin zaio errespetu hori bertsoari.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Guk 17-18 urte genituela Xamarbide ostegunero etortzen zen. Gu lanetik etorri zain egoten zen eta Zinko ene, Justo, Huizi, hiru-lau tabernetan aritzen ginen, eta 30-40 lagun atzetik ibiltzen genituen. Ardoa debalde nahi adina, eta kantatu beldurrik gabe. Hasteko lotsarik gutxiena hark izaten zuen, eta guk segi. Hark giro hori jarri egiten zuen. Orduan bertsoa sumatzen bazen jendea biltzen zen bela. Ostegun iluntzean baso erditan jende pila ibiltzen zen. “Hi, etorri hai, ikasikok bai, nekin aitzebayaz” esaten zidan.

[Joxe Mari Mujika’Anatx”]

 

      Orain baino gehiago kantatzen zen. Nire kuadrillakoek “hi Kaxka, bota bertsoa!” esaten zidaten (orduan kaskagorria nintzen, orain kaskazuria naiz baina...). Sagardotegira joaten ginenean dozena erdi bertso bota gabe ez ginen ateratzen. Ohitura hori bagenuen.

[Antton Garin]

 

      Kontraste handia zen. Andoainen gerora bertso eskola sortu zen baina kalean ez zegoen Hernanin zegoen girorik. Niretzat sekulakoa zen hainbesteko kuadrilla elkartzea, bertsoez entenditu, egin edo jolasteko ahaleginean.

[Aitor Mendiluze]

 

 

BERTSOLARIAK

 

      Tturkorekin asko aritu nintzen tabernan. Eta Joxe Manuel Errazkin “Otsua”k ere bertsotan asko egiten zuen. 1985-86an, kalean bertsotan egiten zuen aitona mordoa zegoen. Etxaniz karnizeroaren aita eta... Iñaki Aranzadi apaizarekin joaten bazinen, “hau nire laguna da eta kantatu ezaiozu bertso bat”, kalea goitik behera pasatzerako dozena bertso bota beharko zenituen.

[Joxe Mari Mujika’Anatx”]

 

      Salto handia zegoen garai eta baldintza jakin batzuetatik sortutako bertsolarietatik gerora sortzen hasi zirenetara. Koska ikaragarria zegoen bai denbora aldetik, bai perfil aldetik eta baita adinaren aldetik ere. Garai hartan kalean oso presentzia ahula zuen bertsolariak, eta presentzia zeukanak oso irudi txarra. Niri etxean beti esan didate “baina hik ba al dakik zertan ari haizen?” Bertsolaria taberna-zuloa, fama txarra... orain ez dakit irudi ona daukan, baina orduan behintzat txarra zuen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

 

SAIOAK

 

      Gogorra izaten zen niretzat gaiak jartzera jende aurrera ateratzea. Ezinean aritzen nintzen. Azkenerako sortu zen Xoxuatarretako Juanjo Uria eta bera aritu zen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Portuko festetan eta Karabelen kantatzen genuen. Karabelen batean jendea builan ari zen eta kantatu ezinik genbiltzala, Anatxek kantatu zuen “bialdu behar ditugu belarrimotzak”.

[Jokin Sorozabal]

 

      Arriatsun, Nemesio Zeberioren aitak urtero ekartzen zituen Uztapide eta Lizaso zaharra.

[Iñaki Aranzadi]