Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

IÑAKI ARANZADI

 

1937an jaioa Seguran

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Misteriosoa da. Gure etxetik inor ez da bertsotarako zaletasuna duenik. Bazegoen ohitura esaerak bat-batean botatzekoa “paseon? gauza onen deseon!”; “ilustre? zuk hala uste!” eta antzerakoak, horrelako joerak gure aitari entzuten nizkion. Baina elizan bertsoak kantatzea oso kontrakoa zuen bai aitak eta baita anaiek ere “elizan nola kantatuko duk bada?”.

 

 

ELIZAN BERTSOAK KANTATU?

 

      Ahal dudan guztietan! Baditut bertsolariei momentu bakoitzerako harrapatutako bertsoak, eta haiek erabiltzen ditut bataioetan, ezkontzetan... Hiletetan beti nik egindakoak botatzen ditut. Bertsoak jarri egiten ditut baina denak bota egiten ditut, ez daukat bat bakarrik ere gordeta! Ursuaranen (Idiazabalgo auzoan, apaiz egon nintzen lehenbiziko herrian), duela 48 urte bertso hau jarri nuen ezkontza baterako eta geroztik hau erabiltzen dut:

 

Senideekin bildurik

zaudete gaur alai

denbora igaro da

une honetxen zai

zuen amets ederrak

biziz bihurtu nahi

Idoia eta Jexux

heldu baita garai

esateko elkarri

bihotzetikan bai.

 

      Hiletetan askotan botatzen dut Xalbadorren hau, eder askoa:

 

Penatan da etxea,

penatan auzoa

horrekilan batera

herri bat osoa

gizon bat galtzea ez

baita gauz gozoa

baldin gizona bazan

zu bezelakoa.

 

      Ni bertsoaz izugarri baliatu naiz.

 

 

HERNANIN

 

      1968an etorri nintzen eta 1985ean joan. Tartean hiru urte Ameriketan egin nituen: 1972tik 1975era motxila hartu eta Hego Amerikari buelta eman nion. Argentinako panpan hasi eta Amazonasen bukatu nuen.

      70eko hamarkadaren hasieran ibili nintzen auzotako festetan kantuan, Txintxuaneko hartan, Zikuñagan... beste bi-hiru bertsolarirekin: Xanxanategi, Tapia... Ni ez nintzen kantatzera ausartzen, oso lotsatia izan naiz, baina horiekin animatu egiten nintzen.

      Plazan oso zeharka aritu naiz, asteartetako taldean egiten nuen bertsotan.

      1985ean Urnietara etorri nintzenean utzi behar izan nion Hernanira bertso eskolara joateari. Etxeko andre batekin bizi nintzen (Kristina Egiguren) eta gauean berandu etortzea ez zitzaion gustatzen. Pena handiarekin utzi nion.

 

 

JUAN MARI LEKUONA PEÑA OTAÑON

 

      Boladatan mutilzahar batzuek biltzen ginen Elur-Txori eta Peña Otañon ere bai... Ohitura xelebrea genuen, igandetan oesteko pelikula botatzen zuten Aitor zineman, eta haruntza joaten ginen, gallinerora. Behin bururatu zitzaidan afaltzera Juan Mari Lekuona ekartzea. Nire bizitzan pasa dudan arratsalde onena izan zen hura. Harrigarria. Kitarrarekin etorri zen eta Txirritaren bertsoak kantatu zituen. Gero berari mila bider esan nion: “Bertsoa kantatzeko hire xarma ez zioat inon inori entzun”.