Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JOKIN SOROZABAL ANSA

 

1967an Andoainen jaioa

 

 

      Etxean ez zen aparteko bertsozaletasunik. Familia tradizional bateko kontuak: Gure aitonak, amaren aitak, San Pedro egunean bertsoa botatzen omen zuen etxean. Gure aita Larraulgoa zen eta bertsolariak, harri-jasotzaileak eta idi-apustuak zituen gogoko. Gurasoentzat gauza normala zen radioan bertsoak entzutea, Basarri entzutea...

 

 

LASALLEKO BERTSO ESKOLA

 

      Lasallen lanbide heziketa ikasi nuen, baina ordurako Mikel Mendizabal ari zen ikastoletan eta hara ere etorri izan zen, bertako irakasleak animatzeko, materiala emateko... gu ginen eskola hartako kuadrillarik euskaldunena, erdi baserritarrak, hizketan hika egiten genuenak... “hemen inork egitez gero, hauek” esango zuten. Taldetxo batean bildu gintuzten. 17 urte izango nituen, eta hortik aurrera beste etapa bat hasi zen.

      Lehenengo bildu ginena ostiral karnabala zen. 5-6 lagun ginen. Irakasleek Anatxen osaba, Iñaki Otaño konbentzitu zuten guri klasea emateko. Lasallen, jada inork erabiltzen ez zuen erdi gimnasio erdi sozidade zahar batean biltzen ginen zerbezaren batzuk edanaz.

      Otaño hori gizon serioa da, eta ez zuen asmorik urte askoan gurekin arrastan ibiltzeko. Bilera haiek pedagogikoki gaur egun eskandaluzkoak lirateke. Bertso jarrien liburu bana ekarri zigun, Joxe Mari Arrietaren Nere ondar alea, eta aste batetik bestera sorta pare bat derrigortuta buruz ikastea zen haren lezioa. Hark sinismen handia zuen horretan: bertso asko buruz ikasi, burua bete, almazena osatu. Eta klase horretara ikasi gabe joaten zenak apuru pixka bat pasatzen zuen, gainera. Udara hartan Joxe Mari Arrietaren liburua osorik ikasi nuen. 500 bertso edo ez dakit zenbat egongo diren. Eta oraindik biltzen garenean, hango bertsoak kantatzen aritzen gara.

      Hura baserrian bizi zen, eta udaran lana, belarra eta bere istorioak izango zituen, eta “nik igande goiza daukat ba libre!” esan zigun. “zer ordutan?” guk, “8ak aldera edo!” Eta horrela, igande goizetan 8tan bildu izan ginen bertsotan egiten.

      Gure taldean astez aste diferentzia ikusten zen. Buruz ikasitakoen ostean, bat-batean kantatzen genuen. Klase haietan paperik eta lapitzik ez genuen asko gastatu.

 

 

ZALDIBIKO ARTXANBERRI SARIA, 1985

 

      Urtebete lehenago hasi ginen bertsolaritza lantzen. Sariketa hura izan zen gure debuta. Ikustekoa zen gazte sariketetan zer giro egoten zen: Zaldibiako txapelketa horretan frontoia aurretik atzeraino beteta, eta aurre aurrean hantxe Jon Azpillaga, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano... bertsoak aditzen. 19 ginen parte hartzen. Pablo Joxe Aristorenak irabazi zuen.

 

 

SARIKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1985

Finalista (handitan)

Artxanberri eta Pello Errota saria

1985

Finalista

Artxanberri eta Pello Errota saria

1989

Txapeldun

Errexil saria

1988

Finalista

Lizardi saria

1985

Finalista

Lizardi saria

1986

Txapela eta bertso onenaren saria

Osinalde saria

1985

Txapeldun ordea

Osinalde saria

1986

Txapeldun ordea

Xenpelar saria

1985

Finalista

Xenpelar saria

1986

Txapeldun

Xenpelar saria

1990

Epaile

 

 

 

SARIKETETATIK PLAZETARA

 

      Zaldibiako txapelketan kantatu eta hurrengo astean telefono deia, ea Gabiriako txapelketara joan nahi nuen. Bale, enkantau. Hara joan, eta berehalaxe, hurrengo hilean edo, Eskolarteko Txapelketa. Ni Eskolartekoan behin atera nintzen, azken urtea harrapatu nuen.

      Eta udara hartan, 15-20 plaza egin nituen, eta plaza-plazak, Oiartzungo bertso astean, Usurbilen... Sorabillan kantatu genuen Lazkao Txiki, Mitxelena, Lasarte eta Lopategirekin.

      Bertsolari sentitzeko moduan, telefonotik deitzen zidaten etxera: “ni joatea nahi badute, zeozer izango gaituk!” pentsatzen nuen. Hori gauza ederra da, zoazen tokian zure zain daudela jakitea.

      Lizardi Saria eta Xenpelar irabazi nituen 1986an. 1989an Zaldibiako Artxanberri saria, jokatu zen azkenekoa. Eta 1989an atera nintzen aurrenekoz Txapelketa Nagusian, ordurako jada plaza batzuk eginda.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketa

1999

Final-aurreak (Andoain-Urnietako taldean)
 / Antolatzaile

Gipuzkoako Kanporaketa

1988

Finalista

Gipuzkoako Txapelketa

1991

Final-aurrekoak

Gipuzkoako Txapelketa

1995

Finalista

Txapelketa Nagusia

1989

Final-aurrekoak

Txapelketa Nagusia

1993

Finalista

Txapelketa Nagusia

1997

Final-aurrekoak

Txapelketa nagusia

2001

Final-aurrekoak

 

      Oroitzapen oso ona dut 1989ko Txapelketa Nagusiarena. Puntuazioena guretzat berria zen, eta ikusten genuen sailkapenean sartzen ginela Millan Telleria, Mikel Mendizabal, Andoni Egaña... fase bat pasa eta finalera iritsi gabe, baina nahikoa eginda, lehen txapelketa izateko.

      Baina Azpeitiko finalaurrekoan gertatu zen. Ofizioaren jabe zarela uste baina oraindik ondo-ondo egiteko gai ez zarenean, eta gai konplikatuak daudenean, eta 2.000 pertsona aurrean... hori ez da bertso eskolan kantatzen aritzea eta gaiei bigarren buelta eman behar zaie txapelketan ateratzerako. Eta han sexismoan erortzeko arriskua zuen gai batean jata bete betean sartu nintzen. Momentuan gainera ez nuen erreakzionatu, nik uste mundu guztia konturatu zela “pasa egin da”, eta ni ez nintzen jabetu. Komentarioak izan ziren hurrengo egunetan, eta uste dut normala zela, hotzean aztertuta. Hori izan zen txapelketaren sentsazioa izorratu zidana. Gogoratzen naiz Imanol Lazkanok segituan nola esan zidan: “honek mesede egingo dizu zuri, luzera”. Pentsatzeko “kuidao, jada ez zabiltza edozein lekutan, pentsatu ondo zer esan behar duzun”.

      Behin ere ez dut jakin txapelketa bat ondo prestatzen, baina zeozer saiatu nintzen hor. Handik bi urtera Gipuzkoakoa etorri zen, eta han ere poto egin nuela ez nuela, bestela 1991ko hartan hantxe izango nintzen finalean.

      Ikusten duzu konfirmatzen doala gauza. Eta beste salto txiki bat egiten duzu goraxeago, eta asmatu izanaren sentsazioa daukat 1993ko Euskal Herrikoan. Preparatzeko Anjel Mari Peñagarikanorekin bildu nintzen. Han jada hasi eta bukatu erregular egin nuen, nahiz eta finalean arratsaldean nekearen ondorioz kontzentrazioak behera egin zidan pixka bat. Nolanahi ere, txapelketa hartan saiorik onena ez nuen finala egin, nik uste dut Leitzan saio hobea egin nuela. Bertsotan disfrutatzeko eta dena parean etorri izanaren sentsazioa hangoa daukat.

      1993koaz geroztik presioa, nekea sumatu nuen. Gipuzkoako bat etorri zen, 1995ean Mendiluzek irabazi zuena, eta dudak izan nituen parte hartu edo ez. Txapelketa Nagusian egondako inor ez zen joan, ni bakarrik. Nik nire burua oraindik txapelketan ikusiko nuen nonbait, beste horietatik gazteagoa ere banintzen, eta txapelketari ihes egiten hasteko azkartxo ote zen... baina Txapelketa Nagusia eta gero, dianaren erdi erdian zegoen nire argazkia, eta hori presio handia da. Nik uste ez nuela txapelketa hartara joan behar.

      Elkartearen inguruan ibili gara beti, eta txapelketak Elkartearentzat salbazio bat izan dira bai diru aldetik, bai bertsolaritzaren eskaparate diren aldetik... gure inguruko jendeak nahi zuen bai ni eta bai beste batzuk ere joatea... Laxaro Azkune asko estimatzen dut, eta hark esan zidan “orain lehenagoko maila hori konfirmatu egin behar zenuke, beste bi urtean”. Ondo egin banu ederra litzateke, baina... 1995eko hartan gauzak nahiko ondo egin nituen, baina azken orduan gauzak estutu zirenean, ezinean aritu nintzen, bi poto egin nituen...

      Bertso afari batean, lasai ari zarenean, bertsoaren bukaera etortzen zaizu bestea kantari ari den bitartean, eta hark bukatutakoan aldatu egiten duzu, hari erantzuteko. Erraztasun hori nik eduki dut, eroso ari izan naizen garaian. Txapelketan hortik oso urruti sentitu naiz, eta horrek eginarazten du behera.

      Sorozabal ere neurtuta geneukan punta-ipurdiraino, zenbat zezakeen. Pena handiak izanak gara txapelketetan. Konbentzitua nago gaur ere ez dutela neurtzen behar bezala. Ez baitu harrokeria hori! Oso suabea da.

[Iñaki Aranzadi]

 

 

 

ELKARTEAN

 

      EHBE (1992-1997); Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko idazkari (1991-2000)

      Elkartean nahiko hasieratik jardun nintzen. Bertsolarien artean antolatutako aurreneko txapelketa hartan (1986an) nahiz eta ez genuen gazteok kantatu, gu ere deitzen gintuzten bileretara. Egitura pixka bat finkatzen hasi zenean, herrialdeetako batzordeak sortu ziren eta Gipuzkoako Elkarteko ardurak hartu nituen. Alaba zaharra jaio zen arte jardun nintzen. Bertsotan bezala, hor ere faseak egoten dira, pixka bat egin behar da, egiten utzi ere bai, eta besteek nola egiten duten ikusi ere bai.

 

 

BERTSOAREKIN HARREMANA

 

      Gaur egun ia ez dut plazarik egiten. Etxean ere falta gehiago egiten dugu garai batean baino; eta familia familia da. Oso epoka polita tokatu zait asko ibiltzeko, askatasun handia eta konpromiso gutxi nuen garaian, felizidade guztia, gaztaroa bete betean... Orain pereza gehiago emango lidakeenean, eta bizitzaren beste konpromisoetan gehiago nekatzen garenean, apurka hasi naiz nire burua hortik kanpo ikusten.

      Egoerak ekarri nau albo batera jartzera. Nik ez dut bertsolaritza utzi. Igual berak utzi nau pixka bat eta orain ondo moldatzen naiz bigarren plano horretan. Suertea ere bada, sasoain ibiltzeko aukera izan eta lasaitasuna estimatzeko garaian, hura ere izatea.

 

 

BAT-BATEKO BERTSOAK

 

 

1993ko Euskal Herriko Txapelketa. (Abenduaren 19an Donostia)

 

        Puntua:

“Gerrikoa estutu”

entzuten da sarri.

        Sorozabal:

Erantzun behar zaio

jende klase horri:

“gerrikoa estutzeko

mezua ekarri,

eta berak nahi duten

neurrikoa jarri!”

 

 

1989-04-16 Zaldibia Sariketa

 

      Joxe Mari Mujika “Anatx” mutila eta Jokin Sorozabal neska azken igandetan lagun egin zarete eta gaur neskak esan dizu urtebeteko haurra duela.

 

        Anatx:

Zu ezagutu zintudan eta

ahaztu zan bihotz egurra,

hain zera polit dizdiratsua,

hain dezu bihotz samurra,

baina uste det azken kontua

ez dela hemen gezurra,

gauza ondoegi ote zijoan

baneukan nahiko beldurra,

eta mesedez esan zaidazu

nondik sortu zendun haurra.

 

        Sorozabal:

Sasoi betean oraintxe nago

dauzkat hogeita bi urte,

nere bihotza zureangandik

ez dabil oso aparte,

baina uste det izan dudala

bizitzan zuk hainbat suerte,

nere baratzan zure aurretik

norbaitek bazuen parte,

beti zain ezin egongo nitzan

zu espabilatu arte.

 

        Anatx:

Nik pentsatzen det zu ote zeran

beste askoren iguala,

ni engainatu bitartean zuk

egin dezu martingala,

lehengo batean meta atzean

jardun ginan eginahala,

eta zerorrek esan zenidan

lehenbizikoa nintzala,

nik pentsatzen det jostatu gabe

haurrikan sortzen ez dala.

 

        Sorozabal:

Zure ondoan baldin banabil

etor leike bigarrena,

baina lehenari jaiotzen utzi

beharko zaio aurrena,

dudarik gabe zu izan zera

nere lagunik onena,

nere bizitzan hauxe izan det

lantegi gustokoena,

ez zera izan lehenengoa ta

ez zera izango azkena.

 

        Anatx:

Nik jakin gabe, kontu batzuek

bazenituen gordiak,

eta uste det oraindik ere

esan dituzu erdiak,

nik zuretzako pentsamentuak

eta maitasun handiak,

nahiz fama txarra emango didan

nere auzoko jendiak

zu gabe ez naiz ni ezer eta

maiteko zaituztet biak.

 

        Sorozabal:

Bada urte bat izan nuela

harekin hasteko era,

lore polit bat sortu ere bai

harek nere baratzera,

hura bidean etorri arren

ez zazu egin atzera,

berandu baina eman deiogun

gure lanari hasera,

bizkiak igual izango dira

azkar aritzen bazera.