Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 JUANJO URIA | JOXE MARI MUJIKA OTANO “ANATX” | JOKIN SOROZABAL ANSA 

 

bertsolariak

JOXE MARI MUJIKA OTANO “ANATX”

 

1966an Urnietan jaioa, Aitzola Bordan (Anatx baserrian)

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Etxean bertsozaleak denak izandu dira. Bertso liburu batzuk baziren eta zortzi urterekin bertsoak kantatzen genituen liburutik. Eta gurasoak erremolatxa jorran ari zirenean gu ondotik, edo sagar biltzen ari baginen arbola gainetik, ikasitako bertsoak kantatzen aritzen nintzen.

      Aita janaritara edo joaten zenean, istorio zaharrak kontatzen eta kantatzen aritzen zen. Txirritarenak ere bai. Xabier Letek kantatzen bazituen irratian, “hor laugarrena falta duk” eta zein zen kantatzen zuen. Gurean afizio ikaragarria izan da.

 

 

EREÑOZUKO SAIORA ESKAPO

 

      Hernanira eskolara etortzeko bizikleta erosi zidaten. Eta etxean ez zekitela, 14 urterekin bizikletaz eskapo egin nuen San Antonio egun batean Ereñozura, bertsolariak aditzera. Joxe Agirre eta Lizaso zaharra zirela esango nuke. Ustez etxean enteratu gabe joana nintzen, baina nabarmena, apaizaren ondoan eseri omen nintzen Ereñozun. “Mutil-kozkorra?” “Anatxenekoa!” han baten batek ezagutu egin ninduen.

 

 

BERTSOA ESKOLAN

 

      Gu Arriatsun ibiltzen ginen, eskola publikoa zen, eta kastillanoz ikasi genuen. Gero Biterira etorri ginen, hor urtebete bat edo pasako genuen. Eta azkeneko urtebetea edo bi Gaimurren egin genituen. Eta hor bazen maisu bat, Xabier Agirre (Aramaioko Manex Agirre bertsolariaren aita), euskarazko klasea ematen zuena (erdarazko eskolan). Eta han hasi zen azaltzen, bertsoa nola izaten zen eta errimak eta neurria izaten zituela...

      Nik bertsoak kantatzen nituen, ikasitakoak edo aitari hartutako doinuak, baina nola egiten zen arrastorik ez nuen. Eta maistra baten erretiroa zela eta bertsoa nola egiten zen erakutsi zigun. Eta “haren omenaldian, ze gauza polita euskaldunak hori egitea”... esan zigun. Hiru lagun animatu ginen egun hartan kantatzera: Felix Salaberria, eta bestea Pagoakoa, Joxe Luis Lizeaga; bertso pare bana edo kantatuko genituen. 1981ean izan zen. Bertso horiek osatu genituela, eta Eskolarteko I. Txapelketara joan behar genuela esan zigun Xabier Agirrek.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1981

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1982

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1983

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1984

Finalista (handitan)

 

      Eskolarteko I Txapelketa: Eguna iritsi da, eta nire lagunek atzera egin zuten. Bakar bakarrik joan nintzen baina lagunak bela egin nituen. Zabalegin egin zen idatzizko froga. Guk zer jakingo genuen kantatzen! Idatzizkoan bakarrik parte hartu nuen. Idatzian ere, nire bi bertsotatik bat poto omen da. “Suspentsoa edo kalabazen” gainean zen gaia. Bertso horiek, nire poto eta guzti finalean kantatu nituen.

      Hurrengo urteko Eskolarteko Txapelketan bat-batekoen sailean atera nintzen. Arrasaten hasi ginen. Gogoratzen naiz Eguzkitze eta biok elkarrekin egon ginela. Errimak emanda bertso bat kantatu behar zen, eta gaia jarrita beste bat.

 

 

1981 HASIERA URTEA

 

      Eskolarteko Lehen txapelketan parte hartu genuen. Amurizaren ikastaroa ere, nik esan behar banu, urte horretan izan zen. Eta ikastaro horren ostean asteartetako bileran jarraitu genuen.

      1985ean Urnietako festetara lehenengoz etorri nintzenean bertso hau entzun nion Anatxi: eliza ondoan Bar Juanito dago, eta meza ostean salda hartzen ari ziren. Hau bota zuen, gutxi gora behera:

 

Begira nola bizi diran ba-

serritarrak baserrian

meza nausira etortzen dira

fedearen indarrian

gero salda hartzen dute ta-

bernako mahai bazterrian

hoiek bai bizi dirala lehengo

usadio zaharrian.

 

      Askotan botatzen dut, sermoian ere.

[Iñaki Aranzadi]

 

 

SARIKETAK

 

Artxanberri eta Patxi Errota saria

1989

Txapeldun ordea

Lizardi saria

1983

Finalista

Lizardi saria

1984

Bertso onenaren saria

Lizardi saria

1985

Txapeldun ordea

Xenpelar saria

1984

Finalista

Xenpelar saria

1985

Txapeldun ordea

 

 

BERTSO IRAKASLE

 

      Langile ikastolan hasi zen Juanjo Uria eta ni haren laguntzaile. Bertsotan hasi eta hirugarren urtea izango zen, nik 17 urte nituela. Ordurako Joxemari Gabiria ari zen Urumean.

      Ereñozun ere egin nuen irakasle. Mikel Mendizabalek oso material ona ematen zidan, kaseteak eta dena atera zituen Ikastolen Elkarteak. Bi-hiru urte egin nituen Ereñozun, ume mordo politarekin. Jauregiko eskolan ere bai, Martutenen ere beste bi urte bai...

      Eskoletako umeekin saio bat egin genuen Biterin. Eta han eraman zuen Jon Eizmendik orain txapeldun atera den matraka hau (Maialen Lujanbio). Gogoan daukat nola esan zigun: “nik neska honekin ez diat karrerarik ateratzen. Nik baino askoz gehiago zekik eta ea zer arraio egiten duzuen berarekin!”

 

 

AUZOTAKO SAIOAK

 

      Auzotako saioetan hasitako lehenbiziko gaztea ni izango naiz. Garin, Aterpe, Argiñarena, Tapia eta horiekin. Gu hasi ginenerako Aterpe eta Garin bertsotan tapa-tapa aritzen ziren. Guk juxtu-juxtu osatzen genuen kopla, eta haiek hartu gintuzten babesean.

      Horiekin bertso eskolan konfiantza hartu eta pixka bat bertsoa osatzen ikasi genuen garaian, Hernaniko auzo gehienetan festak izaten ziren, eta bertako bertsolariak izaten ziren, Ereñozun ezik, han profesionalak aritzen baitziren. Baina han ere jardun gara bertsotan. Horrela hasi nintzen auzotako festetara joaten. Ordurako Joxe Fermin Argiñarena Nafarroan txapeldun aterea zen, eta plazetan asetuta zegoen, eta “hi, halako egunetan halakora noa, lagunduko al didak?” esaten zidan. Mutil-kozkorretan hartu ninduten, eta asko ikasi nuen nik Argiñarena, Aterpe eta Garinekin. Bai ibiltzen, bai egoten, bai aritzen. Gogoratzen naiz Argiñarenaren kotxean dezente ibilia.

 

 

PLAZAZ PLAZA

 

      Garai hartan geroni ez ginen konturatzen zertan ari ginen ere. Bertsoa gustatzen zitzaigun, lagunak topatu genituen, ondo pasatzen genuen eta jendeak txalo jotzen zuen!

      Gerora hasi ginen konturatzen “ño, hau mundu handia duk!».

      Suertea izan dut lagunak oso onak izan ditudala; Sarasua, Eguzkitze... erremesa horretan sartu ninduten edo ibili nintzen. 16-17-18 urterekin Eskolarteko Txapelketaren eta Mikel Mendizabalen laguntzaren bitartez, udara partean saio batzuk egiten genituen. Gehiena 16 urtetik 19-20ra ibili ginen Sarasua, Euzkitze, Izarzelaia, Arantzazu Loidi... sariketaz sariketa eta plazetan.

 

 

BERTSOKERA

 

      Bertso-eskolako heziketa izan arren, jario zaharreko bertsolaria : etorri erreza, golpe bizia eta hizkuntz taxuera egokia.

[Bertsolaritzaren datu-basea]

 

      Anatxek grazia zuen nabarmena.

[Iñaki Aranzadi]

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako kanporaketa

1988

 

Txapelketa Nagusia

1989

(Azken-laurdenak)

Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketa

1999

Finalerdiak (Urnieta-Andoain taldean)

 

 

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako
Gipuzkoako Kanporaketa (1988)

 

      Anatx aita eta Loidisaletxe semea. Aitak leihotik ikusten du ganaduak zaintzera joan den semea, jertse gorria hartu eta zezena toreatzen.

 

        Anatx:

Aitak leihotik jakin nahi luke

etxekuen informea,

jertse gorria hartu ta hola

zertan zabiltza semea?

 

        Loidisaletxe:

Toreroaren odol klase ho(r)i

nola detan berezkoa,

gaur edo bihar izan nahi nuke

Paquirri-ren ordezkoa.

 

        Anatx:

Aizazu seme, zure postura

ez da batere normala,

zuk badakizu korri araziz

behiak flakatzen dirala.

 

        Loidisaletxe:

Hara zu aita umore txarrez

hargatik jarri al zera?

Asto gainean jarri zaitez ta

etor zaitez pikatzera.

 

        Anatx:

Aizu semea zure joerak

ez dauka grazi askorik,

etxeko zera baina zurekin

ez daukat negoziorik.

 

        Loidisaletxe:

Esan dezu lehen behiak horrela

plakatu e(g)ingo dirala,

adarrez baino hezurrez uste(du)t

min gehio eman didala.

 

        Anatx:

Aizu semea zertako zaude

zeure aitan kontrario?

Hola okelaz galtzen duteta

esnea ere gutxio.

 

        Loidisaletxe:

Esnean ez da alde haundirik

gaur iluntzean izango,

hauek emanak trago batean

laister nituzke edango.

 

        Anatx:

Horrek emanak trago batean

honek edango lituzkela,

berriz e(re) gutxi izango dute

baldin bazabiltz horrela.

 

        Loidisaletxe:

Egia esan gauza horretan

ez det egiten okerrik,

aspaldi hontan guretzat letxe-

roak dirade alperrik.

 

        Anatx:

Zer egin ere esango dizut

azkenera iritsita,

pentsu piska bat eman zaiezu

txorakeriak utzita.

 

        Loidisaletxe:

Ni ustez ondo nengoen oso

agindutako tokian,

gustoko lana e(g)iten a(r)i naiz ta

utzi zaidazu pakian.

 

 

KANTULAGUNAK

 

      Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Mugartegi, Mañukorta, Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Jose Luis Gorrotxategi, Egileor, Txomin Garmendia, Patxi Etxeberria, Manuel Lasarte, Lazkao Txiki... garai hartako gehienak pasa ditugu.

      Andoni Egañarekin kasi batera hasi ginen gu. Urtebete lehenago hasi zen bera. Sarasua eta Euzkitzeren arrastora joan nintzen garaian Loidisaletxe eta Egaña genituen gure aurreko bi erreferentzia bakarrak. Aurreragokoak ziren Attola, Iñaki Murua, Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano. Hasiera hartan Egañarekin bastante ibili ginen. Loidisaletxerekin asko ibili naiz, egun-pasak egin ere bai.

      Mitxelenarekin ere kantatu nuen. Ikaragarri gustatzen zitzaidan.

 

 

UTZI

 

      Ni gustura ibiltzen nintzen konturatu arte asko egin behar nuela jendearen aurrean. Orduan, jada gaizki pasatzen hasi nintzen. Putzu handiegitan sartu nintzen. Haiek bertsotan ikaragarri egiten zuten eta nik banuen maila bat, sagardotegian edo afaritan bertsotan pixka bat egiteko, baina orduan jaialditan eskatzen zen beste maila hori ez.

      Akaso izan liteke, beste bertsokera bat eskatzen zutela han. Beste estilo bat. Baina ni oso gutxi gozatua naiz jaialdietan, ez zen bertsotan egiteko nire postura, ez nuen nire burua bilatzen. Ni han oso gaizki sentitzen nintzen eta ez nuen bertsotan egiten, konturatzen nintzen han ez zegoela niretzat tokirik.

      Garai hartan bertan oso plaza politak egin nituen Sorozabalekin. Gustura sentitzen nintzen bertsokera hura zen: egun osorako bi lagun joan, goizean zerbait kantatu eta bazkalondoan gaien bat edo beste jarri, eta arratsaldean berriro. Hura bai. Gipuzkoan Sorozabalek eta biok pasa gabeko herririk gutxi izango zen. Eta udara partean aste bukaerarik libre ez genuen izan ere egingo.

      Gogoratzen naiz Ereñozun Sebastian Lizaso eta Iñaki Muruarekin kristoren eguna pasea eta bertsotan gustura gelditua.

      Baina “hiru-lau bertsotan asko esan behar dik, eta asko egin behar dik”... ez zen nire modua. Han sufritu egiten nuen, asko gainera. Konturatzen nintzen ez nuela erantzuten. “Bertsoa beste zerbait duk” pentsatu nuen. Beste modu hori gero eta zailagora joan zen.

      Nik uste dut ondo egin nuela bere garaian planto emanda. Pena handiarekin bolada batean, baina jaialditarako ezezko franko eman nuen.

      Jaialdiak utzita ere Sorozabalekin egin nituen egun-pasa batzuk baina Sorozabal jada oso gora zihoan eta hari ere segitu egin behar zitzaion! Sorozabalek bertsotan ikaragarri egiten zuen eta laguna behar zuen segitzen ziona.

      Plazak utziagatik bertsoa buruan ibiltzen dut. Orain ere sagardotegira joan eta eguna parean tokatzen bazait, bertsotan edo nire gustuko horretan ariko naiz tapa-tapa. Egunak izaten dira bertsoa bere gisa etortzen dena.

 

 

SEME-ALABEKIN JOLASTU!

 

      Seme-alabak hor dabiltza bertso eskolan, eta nik derrigortu ez ditut egingo ezertan. Beti esaten dudana: Bertsoa jolastu, bertsoarekin sufritzera ez joan.

      Nik urte batzuk izan nituen bertsoarekin kristorena gozatu nuena. Lagunarte beldurgarriak egin ditut eta ikaragarri ondo pasatu dut. Eta nire umeak inora badoaz, ondo pasatzera joan daitezela. Ez txapelketako erreferentziekin. Hori ez dut nahi. Lagunarte bat egin, eta noranahi afaltzera edo meriendatzera joanda gaitasuna izan dezatela puntu bati erantzun edo bertsotan broma bat egiteko. Nik ez diet besterik esaten. Aritzen gara kotxean puntuak jarriz eta ahal duenak ahal duena egiten du, bai nik eta haiek ere bai. Baina bertsoa jostatu egin behar du edade horretan, eta gerora ere, ahal bada bai. Bertsoak hori du polita.

 

 

SAIOAK GOGOAN

 

      19 urterekin, Aitor Zinean kantatuta joan nintzen soldaduskako sorteora. Eguerdian kantatu eta Elur-Txorin zen bazkaria: Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso...

      Gero polikiroldegia egin zen eta han hasi zen saioa egiten. Lazkao Txikirekin azkeneko han kantatu nuen nik. Lazkao Txiki hil zen urtean izango zen.

 

 

1990-02-10 Antzuola Jaialdia

 

      Zuen iritzia soldaduzkari buruz.

 

        “Anatx”:

Soldaduzkataz hitzegiteko

bada arrazoi formala,

lehen Sarasuak esan dizute

ni libratua nitzala,

neronek ere libratutzeko

egin nuen eginahala,

besuagatik deitu zidaten

neri inutil totala.

 

        Jokin Sorozabal:

Zuri inutil deitu gabean

nola ez zegon uzterik,

zorionean ez zendun izan

traje berdea jazterik,

mutil ederra nitzan ni berriz

izanagatik gazterik,

eta handikan ez nun ekarri

bizio txarra besterik.

 

        Joxe Angel Lizarreta:

Arazo beltza ekartzen digu

hogei urte inguruan,

batzuk inutil dirala eta

uzten dituzte albuan,

hemendikan bi bakarrik ginan

militarraren onduan,

orain ondo nabarmentzen da

gizatasuna nork duan.

 

        Jon Iñaki Izarzelaia:

Gazteok aspaldi baditugu

soldadu kontuez lanak,

denok barnera sartu nahiean

horiek dira afanak,

nik ezpainak pinta nituen da

ez nituen hartu armak,

nola militarrek behar duten

gizon «macho»ak diranak.

 

        Jon Maia:

Oraindik ere ez zait argitu

soldaduzka horren duda,

baina gauza onik ez dago

alde horretara junda,

alegauko det «tonto completo»

ala «locura profunda»,

edozer gauza ez entzuteko

turuta hoien burrunda.

 

        Aitor Sarasua:

Soldaduzkara joan leiteke

nun dezue juizioa?

Militarrei eman behar zaie

Euskaditik lezioa,

gauza aldatzen hasi dedila

behar degun sesioa,

lehenengo behintzat objetatu ta

gero intsumisioa.

 

        “Anatx”:

Arrazoi daukak al baldin badek

hoiengana ez azaldu,

ta Sorozabalek esan duna(r)i

beharko diot nik heldu,

lehen formala zan da soldaduzkan

lehendik zeramana galdu,

ni lehen(ag)o nitzan inutila ta

hori bertan inutildu.

 

        Jokin Sorozabal:

Batzuk Loiolan egin genduen

beste batzuk Valentzian,

beste batzuek libratu ziran

inutilaren klasian,

inutil noizbait guztiok gera

mundu hontako auzian,

ni urte bete bakarrik baina

hauek bizitza guzian.

 

        Joxe Angel Lizarreta:

Istruzioa lau-bost bat ordu

jo behera eta jo gora,

modu hartako bizitzarekin

ez leike joan inora,

Jon Maia honek alegatzea

luke beretzat mejora,

traje berderik ez da egiten

bi metro t’erditik gora.

 

        Jon Iñaki Izarzelaia:

Españatik egiten digute

hara joateko dearra,

eta gazteok gutxitan degu

erakusten gure indarra,

pentsatzen jarri eta ez al degu

ho(r)i jokaera kaxkarra?

gogoaz kontra joanda ere

burua makur beharra.

 

        Jon Maia:

Buru gainean txapela jarri

ta eskuan metraileta,

badaezpada kantzontzilotan

granadaren bat gordeta,

alegatzia daukat onena

ondo zoaz Lizarreta,

nere tailako zapatilikan

inon ez daukate eta.

 

        Aitor Sarasua:

Sekula ez naiz soldadu joango

pozik esan nion ama(r)i,

zure ondoan eukiko nauzu

eta egon zaitez lasai,

horrela nik ezetz esan nien

militarre(r)i eta arma(r)i,

solda(d)utza bada gizon e(g)iteko

ez dut gizona izan nahi.

 

 JUANJO URIA | JOXE MARI MUJIKA OTANO “ANATX” | JOKIN SOROZABAL ANSA