Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JON EIZMENDI GOIBURU

 

1970an jaioa, Portu auzoan

 

 

      Suertea eduki genuen: Urumea ikastolan ibili ginen denboran bertsolaritza indartu nahi izan zuten eta LHko 7.-8. mailan ikasgai moduan eman ziguten. Majo lagundu ziguten irakasleek (gure bertso maisu Joxemari Gabiria izan zen). Gu gara ikastoletatik ateratako bertsolarien lehen belaunaldia.

      Ondoren ikastolan 4-5 bereizi gintuzten, eskola orduz kanpo geure kasa aritzeko. Pablo Joxe Aristorena, Joxe Mari Aizega, Estibaliz Urrestila, Ruth Martin...

 

 

ASTEARTETAKO BILERAK

 

      Herrian Xabier Amurizaren ikastarora joandako jendearekin egokitu ginen. Ni ez nintzen Amurizaren ikastaroan izan, gero batu nintzen haiengana. Astean behin biltzen hasiak ziren eta gu ikastolatik haiengana joan ginen. Orduan egin genituen Anatxekin eta beste jende zenbaitekin ezagupenak. 82-83 urtea zen. 11-12 urte izango nituen.

      Jon Eizmendik ere, Otañorekin, mutil-kozkorra zela zer jende pila bildu zuen Zinko enean bere bueltan! Eizmendi galtzamotzekin, hura da bertsotan egitea mutil-koxkorrak! Hori etorri zen artista! Bederatzikoa zortziko txikia bezala botatzen zuen, bata bestearen segidan puntua erantsita! Bizkorra harrigarria.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Bakailaoa saltzen zuen bat bazen, Kardaberaz kalean. Ezkonduko al nituen galdetu zidaten, Lezon zela elizkizuna eta ea bertsolari pare bat eramango nituen. Nik baietz. Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendiri esan nien. Bertso pare bana bota zituzten. Eizmendi puntu hauek bota zituen, gutxi-gorabehera:

      Mundu honetan gauzarik ederrenak bi dia:

      txerria hiltzen den astia

      andrea hartzen den urtia

      nik ere hortan noizbait hartuko al det partia.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Antiguoko Lurdes Txikin, ezkontza batean ideia hauxe bota zuen: Lasto bat puskatzea erraza da; baina bi-hiru elkarrekin bilduta zaila; horixe da ezkontza.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Beste batean perretxikotara eraman ditut Aristorena bi anaiak, Eizmendi... gibelurdin bat ikusi eta “kontuz, gibelurdin bat dagoen tokian gehiago ere badaude, ondo begiratu hemen!” bila jardun ginen. Hurrengo egunean Donostiako Kilometroak jaia ari ziren ematen irratitik, eta Jon Eizmendiren bertsoa:

 

Gibelurdin bat dagon tokian

beste asko den bezela

euskaldun bat dagoen tokian

gehio bildu gaitezela!

 

[Iñaki Aranzadi]

 

Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendi.

Argazkia: Argia.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1981

 

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1982

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1983

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1984

Txapeldun (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1986

Txapeldun ordea (handitan)

Gipuzkoako eskolarteko txapelketa

1988

Finalista (handitan)

Eskolartekoan 9 puntukoa bota duen bakarrenetakoa da.

 

 

SARIKETAK

 

Fernando Amezketarra

1985

 

Lizardi saria

1983

Finalista

Lizardi saria

1984

Finalista

Lizardi saria

1985

Finalista

Lizardi saria

1986

Finalista

Lizardi saria

1987

Txapeldun ordea

Lizardi saria

1990

Txapeldun

Xenpelar saria

1983

3.

Xenpelar saria

1984

Finalista

Xenpelar saria

1985

Finalista

 

 

 

PLAZAK

 

      Batez ere taldean deitzen ziguten batetik bestera joateko. Talde horretan ginen, batez ere Arrasateko Almen ikastolatik etorritako laukote bat (Sarasuatarrak, Danel Goikolea, Arantzazu Loidi, Felix Iñurrategi, Jon Iñaki Izarzelaia), inguru honetatik Pablo Joxe Aristorena, Joxemari Mujika “Anatx” eta hirurok, Xabier Euzkitze, Usurbilgo Joxemari Izeta... Horrela ibili ginen lauzpabost urtez, poliki, hango eta hemengo plazatan. Oiartzun aldetik asko deitzen ziguten, Bizkaira pixka bat iritsi ginen eta Iparraldera noiz edo noiz ere bai. 82tik 86ra edo iraungo zuen bolada hark. Gure hasiera hartan, orduan gehien ibiltzen zirenekin tokatu ginen: Imanol Lazkano, Jon Lopategi, Millan Telleria, Anjel Mari Peñagarikano. Baita ere Lertxundi, Otaño...

 

 

17 URTEREKIN

 

      Ume denboran bertsoa oso oso gertutik bizi nuen, baina nerabezaroan sartzean, ume aroko gauzak atzean uztean, buruan gauza berriak sortzen hasten dira, beste kezka batzuk, galdera berriak... beharbada galdera horiek bertsoa egiteko moduan txertatu nahi nituen, estilo baten bila ibili nintzen, behar bada kontzienteki, estilo propio bat landu nahi izan nuen, galdera asko nituen, erantzun gutxi... kezka horiek bertsotan transmititzeko gogoa nuen, baina zailtasuna ere bai. Esaten zuten halako “batxe aldi batean” nenbilela. Ordurako plazetan poliki ibiltzen nintzen, gero deiak bakantzen joan ziren eta harrezkero ezin izan dut lehengo trena berriz hartu. Esango nuke 17 urteez geroztik plazatan halako ibilera handirik ez dudala egin, oso plaza gutxi zanpatu dudala.

 

 

BERTSOA BETI BURUAN

 

      Jarraitu nuen, bai, zaleturik eta neure kasa lantzen urte askoan ibili naiz. Nire moduan, bertsozaletasuna bero mantentzen saiatu naiz, erreflexuak ez galtzeko. Nire kabuz irakurriz, besteek botatakoa jarraituz... Bertso txispa hori nire bizitzan toki handia hartu duen afizioa izan da. Bertsoa beti buruan ibili dut: garai batean ikasitako bertsoak berriz buruan erabiliz, pixka bat horien inguruan pentsatzen jardunaz, bertso liburuak patxadaz hartu eta buruan irauliz...

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

1991

Kanporaketak

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

1995

Finalaurrekoak

Euskal Herriko Txapelketa

1997

Azken-laurdenak

 

 

ESTILOA

 

      Asko edan dugu bertso zaharretatik. Bertso zaharrak gure belarri barruan nolabaiteko oihartzunak izan ditu eta nolabaiteko gure ametsa izan da oihartzun horri jarraipen bat ematen asmatzea. Ez da erraza, bat-batean ari garelako.

 

 

1995eko Gipuzkoako Txapelketa (Apirilak 29, Urnieta)

 

      Gaia: Gauzak ondo lotuta uzteko asmoz, hiltzen zarenean zure gorputzari zer egin bertsoz idaztera zoaz.

 

Badakit edozein orduz

gertatu dakidakeela,

jaio guztiak hiltzea zor du

legeak dion bezela.

Etxetik hurbil baratz bat dugu

nahiko terreno ospela,

nere errautsak udazken arte

kajan gorde ditzatela,

gero han bertan barreiatzeko

haizeak narabilela.

 

Joan beharrean gaude guztiok

jarria dagon bidetik

eta laguntza hel dakigula

amaieraren beretik.

Nik famili bat utzi beharko det

beraien eskumenetik

eta nahiz ta ni berak ez nauten

izango aldamenetik,

baratz hortantxe lagunduko’iet

nere biharamonetik.

 

 

1990-04-07 Hernani, jaialdia

 

        Objetua: Jeringila bat.

 

Gaur e(re) berriz zein ez da izango

drogaditoen kupiran?

Sobredosisak hildakoak e(re)

edo eroriak SIDAn,

gaur la(run)batean bostak aldera

zoazte Hernanitik jiran,

hainbeste gazte ikusiko da

kale ertzean segiran,

ezin asmatu bizirik hiltzen

edo hilak piztu diran.

 

Jeringilak e(re) gaitzaz batera

zenbat utzi ditun larri...

Ospitaleko argi urdinaz

itsuak eta elbarri,

baina hala ere gorputza nekez

oraindik gehio(re)n egarri,

gure heroinak bere eskutik

jaso ditu beldurgarri,

harek aspaldi e(ra)mandakoak

berriz ez zitun ekarri.

 

Hirugarrena kantatzea(re)kin

nik behar nuke bukatu,

nahiz ta honetaz bat hitzegiten

ezin den be(reha)la nekatu,

zuek guziok badakizute

osasuna(re)kin jokatu,

lehenago hortan sartutakoak

ez bitez berriz drogatu,

eta zaudeten gazte maiteak

ez zazutela probatu.

 

 

1995-01-06 Hernani, jaialdia

 

      Hi, Xebastian Lizaso, esploradorea haiz eta hi, Eizmendi, kanibala. Afrikako lurrak esploratzera joan eta kanibalaren pertzan bukatu duk.

 

        Lizaso:

Nere intentzioak

ziran nabarmenak,

baina ezin domatu

nik honen kemenak.

Asko dira oraindik

hau ez dakitenak:

jangarriak ez dira

animali denak.

 

        Eizmendi:

Gizon jakia ere

oso det graziko,

horrelako piezarik

noiz zan ikusiko!

Bertatik alde egiten

ez diot utziko,

nahiko jakia badet

nik negu guziko.

 

        Lizaso:

Aspaldi heldu nintzan

zuen parajera,

ta galdu dutxatzeko

lehen nuen aukera.

Garbitu gabe sartu

zuk zure pertzera,

hasi hanketatikan,

aspertuko zera!

 

        Eizmendi:

Pertza txikiak kasi

egin du enbazu,

oso lodia zaude

hala dirudizu.

Behetik eman nahi diot

ahal baldin bada su,

metxerorik ez det ta

puru hoi ekazu.

 

        Lizaso:

Ni ohartu berri naiz

beronek esanda,

egin beharko diot

neronek demanda.

Sua pizteko ere

gero omen txanda,

Bizkaiko txerriana

selban pasako da.

 

        Eizmendi:

Laster egosiko det

honi su emanik,

jateko esperantza

behintzat badaukat nik.

Holako lodi eta

zabala izanik,

gizenak apartatzen

ez daukagu lanik.

 

        Lizaso:

Ni kolpetik jatea

zuretzat kalteko,

nola tribu guztia

ez dezun beteko.

Armak ere badauzkat

ehizera joateko,

neuk ekarriko dizut

nahikoa jateko.

 

        Eizmendi:

Holako ehiz onikan

noiz zan bereziko?

Tribu honek ez al zun

hainbat mereziko?

Esan dizut, ez dezu

hortik ihesiko,

zure hezur askorik

ez dut ikusiko.

 

        Lizaso:

Kanibal honek ez du

normalan itxurik,

sua pizteko ere

ez baitu bururik;

ez metxero, ez poxpolo,

ez daduka surik,

euria hasi du-ta

ez dut arriskurik.

 

        Eizmendi:

Lehenago Bizkaikoa

aipatu duela,

orain jarraitu nahi det

nik lehengo nobela,

eta esango dizut

Lizaso honela:

bizarrez sutuko det

txerria bezela.