Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 JOXE BLANCO SALVADOR | ZUBIARRAINDARRAK PAULO ZUBIARRAIN OTXOTORENA “HERNANI TXIKIA” | ZUBIARRAINDARRAK ANTONIO ZUBIARRAIN 

 

bertsolariak

ZUBIARRAINDARRAK
PAULO ZUBIARRAIN OTXOTORENA
“HERNANI TXIKIA”

 

1912an jaioa, Ereñozuko Telleria baserrian

2002an Hernanin hila

 

Hernaniko bertsolarien zubi izan zen Paulo Txikia.
Txirritarekin hasi eta 90eko hamarkadako bertsolariekin kantatua.
Argazkia: Argia.

 

 

ETXEAK

 

      Gure jaiotetxea, Telleria baserria, orain botea dago. Epele’n zegoen, Floricloro fabrika baiño pixka-pixka bat lentxeago, Ernani’tik Ereñotzu’ra goazela. Erreka txiki bat baserriaren azpiko aldean, ta gero Urumea ibaia.

      Sei anai ta bi arreba, zortzi senide izan giñan.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Epelen bizitu zen ezkondu arte. Geroztik, Manoli emaztearekin bizi izandu da Villa Manolitan eta Lasarten, eta azken hamar urteotan Zaharren Egoitzan, Sandiusterrin.

[Hernaniko Kronika, 2002ko apirilaren 5ean]

 

 

HASIERA

 

      Etxean bertso asko zan: bertso-paperak-eta. Orregatik, bertso berriak kantatzen ziran gurean, geok asmatuta, ta lengo zarrak ere bai.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Etxean denak aritzen ginen bertsotan, anai guziak. Aitona ere, Joxe Migel Otxotorena, bertsolaria genuen, eta bere anaia itsua ere bai.

      Lehenengo plaza San Antoniotan egin nuen, Hernaniko Ereñozu auzoan bertan, 17 urterekin. Jose Oiarbide lagunak eta biok, Txirrita eta Saibururekin kantatu genuen.

      Baina lehendik Txirritari bertsoa bota nion, bai. Hiru Bidieta tabernan bertsotan aritzen zen Txirrita, eta han ari zen orduan Prantzesa esaten zioten batekin, qso ona zen Prantzesa bertsolari hura.

      14 urte izango nituen, eta lehengusua eta biak eskaileretatik gora igo, eta, han ari ginen “bota bihar ziou”, ta “bota bihar ziou”. Eskaileretatik bota nion bertsoa eta alde korrika! “Nongoa zen ume hura?” galdetu omen zuen Txirritak. Handik berehalaxe hasi nintzen Txirritarekin, gure aitonaren laguna baitzen.

[Paulo Ttikia, Argia 1831 zenbakia, 2001eko azaroaren 25a]

 

      Gero, badakizu, tabernara edo sagardotegira joaten ere asi giñan, ta ari egiten giñan bertsotan-da an. Ernani’n bazan orduan, Joxe Goiarro esaten zioten guarda bat. Ta arek nunbait ere gu bertsotan aditu ta onela esan zidan:

      — Ola ta ola bertsotara joan bear dezute, Ereñotzu’ko festetan.

      Joxe Oiarbide zan bestea; Joxe Ttanttua esaten diotena. Ori ere pixka bat aritzen zan, ba. Ura ta biak izan giñan. Txirrita ta Saiburu ekartzen zituzten orduan, ta aiekin kantatu genduen. Ori izan zan nere lendabiziko asiera plazetan. Neronek ez nekien zenbat urte nituen orduan, ta gero orrek esan zidan, Joxe Oiarbide’k:

      — Nik onenbeste urte nizkin, ta diferentzi au diagu, ta ik amazazpi bear ituken izan.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

 

BERE BURUAREKIN BERTSOTAN

 

      Orduan hizketan baino bertsotan gustorago aritzen nintzen. Aisa etortzen bertsoa eta, neronek bai saio ikaragarriak, neure buruarekin! Bat bota, eta neronek botatakoari neronek erantzun; eta denboretan gainera, ordubete eta gehiago!

      Anaia defuntuarekin ere bai. Aitak mendian janariak egitera, ebakitzera bidali eta, sega bizkarrean hartuta joanda, sagarraren ipurdian jartzen ginen. Aitak esaten zigun “joango nauk hemendik ordu erdi batera-edo, karroarekin bila!”. Gu sagarraren azpian, bi anaiak bertsotan. Gero larri, janariak egiteko!

[Paulo Txikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]

 

 

BERTSO IBILERAK

 

      Erruz ibilli nintzan bolara batean. Txirritarekin ere bai. Nerekin ondo itzegin ta ondo aritzen zan, gazteari lagunduz. Gero, ordea, gerra etorri zan. Ederki aztu ziran orduan bertsoak. Aztu bearko.

[Paulo Txikia, Txirrita liburua]

 

      Ernani’n, San Juanetako fiesta batzutan, Paulo Txikia zapaterua bazen or bertsolaria, ta ura, Saiburu ta Txirrita, irurak atera ziran plazara. Paulo zapatero orrek Txirritari bota zion bertsoa, arentzako aña lan ia ez al zen emen, urrutira joan gabe; Frantzian barrena ibillia zen ba ura, Txirrita, argintzan. Eta Txirritak:

 

Aldian lanik ez nualako

juan nitzan urrutieta,

amaika bider nere bizkarrin

ibillia naiz maleta;

oraiñ etxian alperrik dauzkat

mallua eta paleta,

gusto badezu emango’izkizut

ni ez naiz aien zale-ta.

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

      (Gerra) Bukatu zanean, berriz ere asi giñan. Mitxelena’rekin ibilli nintzan asko. Zepai’rekin ere bai. Txapelekin ere bai, Zaldibi’n da. Uztapiderekin, berriz, zer esanik ez. Basarrirekin ere bai zenbait lekutan. Baiña ez orain bezela ibillita: artu kotxea ta aide. Olako erreztasunik etzegoen orduan.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Gaur bezala ez zegoen beste herrietara joateko konbinaziorik.

      Gehiegi aritzen ginen gu. Uztapidek esan zidan: “Tontoak galantak izandu gaituk, motel. 30 duro kobratu beharrean 100 duro kobratu bagenitu, berdin berdin herriarentzako eta guretzako mesede ederra!”. Ez etortzen burura orduan, ordea! Zugarramurdin behin 40 duro kobratu genituen, urruti zegoela-eta. Bizikletan joaten ginen haraino.

      Balkoitik kantatzen genuen. Behin Mitxelena eta biak hitzik egiten ez genuela geratu eta etxera etorri ginen. 7 egunetan 9 herritan izandu ginen. Beste bi herritarako enkargua hartuak geunden. Baina, gastatu zen eztarria eta, bestela ere txarra-eta, orduan bat ere ez! Hitzik ezin egin! Hartu bizikleta Arizkunen iluntzean, eta benga, bizikletan triki-traka. Goizeko ordu bietan-edo Irunera ailegatu ginen. Artean tabernak irekiak zeuden. Sartu tabernan, zerbeza puska bat edan, diru kontuak egin eta etxera. Uztapideri kontatu genion batean, esan zigun: “Ni hamabi egunean hamabost herritan izandu nauk. Etxera joan ninduan hanka tartean isatsa sartuta joaten den zakurra baino umilago!”

[Paulo Txikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]

 

 

 

MANUEL ZUBIARRAIN

 

      Gure anai difuntu arek oso ondo egiten zuen bertsotan. Arrazoi zorrotzak eta bai ederrak. Manuel zuen izena.

      Orain il da Julian Barrenetxea, Ernani’koa bera. Orrek, gau batean, oietik sumatu zuen, goizeko ordubietan:

      — Zein dek or bertsotan ari dan ori?

      Jeiki oietik eta leiotik aren bertsoak aditzera. Portu, Ernani’ko barrio txiki bat da, eta ango festak ziran. Ta gure anai ori parrandan, gaztea zan baiña. Julian Barrenetxea orrek ere esan izan zidan:

      — Zure anaiak Karabel’en kantatzen zuena ere, kaletik, gure etxetik, aditzen genduen. Arek zuen eztarria, arek!

      Biok aritzen giñan bertsotan. Aitak janariak egitera bialdu mendira, ta jarri biok sagar baten azpian. Ni ordurako pixka bat asia plazetan Txirritarrekin-da, ta malizia geixeago. Baiña arek etorri izugarria zuen. Biok, jo ta fuego, igual ordubeteko saioa.

      Oso mutil ederra zan nere anai ori. Altua ta zabala. Bikaiña mutilla. (...) Gerra etorri zanean, gaixotu egin zan. Eraman da operatu zuten. Ta geiago ondo jarri ez. Esteetan tumor bat-edo omen zeukan. (...)Eraman zuten etxera ta an il zan.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Beste batean, Beruete’n izan giñan Zepai ta biak. Iru egun pasa genituen bertsotan. Kontuak egin genituenean, etxera etorri bear, ba, noizbait ere; ta orduan, etzegoen gaur bezelako konbenientzirik. Joateko ere gaizki ta etortzeko ere bai. Beruete’tik Lekunberri’ra oiñez etorri bear genduen.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Naparroa’n asko ibilli nintzan ni. Arizkun’a bastante urtetan joan nintzan. Larralde pelotaria an ezagutu nuen. Zugarramurdi’ra ere bai. Geiena ni an ibilli nintzan. Gustora joaten ginan Naparroa’ra. Bertsolarientzat toki ona da ura. Orduan beintzat ala zan.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Ni larri ibiltzen nintzen bozarekin. Urrutira joaten zen nire boza, baina mehea nuen. Leku itxian oso ondo kantatzen nuen.

[Paulo Txikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]

 

      Ereñozun tabernan ere kantatzen zuen Paulok Txirritarekin.

[Antonio Zubiarrain]

 

 

EGINDAKO PLAZAK

 

      Zein herritara joan zen bertso lanetan, zerrenda bat egina du Paulok:

 

— Oiartzun (4 bider)

— Irun (2)

— Hondarribia (3)

— Donostia (Igeldo, Gros, Alde Zaharra, Antiguo, Fronton Moderno, Astoria, Loiola, Martutene, Astigarraga, Ergobia, Intxaurrondo) (1)

— Urnieta (1)

— Errenteria (3)

— Tolosa (2)

— Usurbil (3)

— Andoain (2)

— Villabona (2)

— Alkiza (1)

— Amasa (1)

— Sorabilla (1)

— Belauntza (2]

— Amezketa (1)

— Zaldibia (1)

— Legazpia (1)

— Aztiria (1)

— Urkizu (2)

— Beasain (1)

— Lezo (3)

— Aia (2)

— Zestoa (1)

— Beizama (3)

— Nuarbe (4)

— Azkoitia (2)

— Elgoibar (4)

— Ondarru (3)

— Lekeitio (1)

— Marin (Eskoriatza) (1)

— Berriz (1)

— Zugarramurdi (1)

— Arizkun (4)

— Amaiur (1)

— Legasa (1)

— Lekarotz (1)

— Doneztebe (1)

— Etxalar (1)

— Zubieta (3)

— Donamaria (2)

— Ezkurra (2)

— Lesaka (2)

— Arano (4)

— Goizueta (2)

— Lekunberri (7)

— Beruete (1)

— Leitza (2)

— Baraibar (3)

— Betelu (2)

— Alkoz (Baztan) (1)

 

1945eko Txapelketa, Tolosan.
Ezkerretik bigarrena Saiburu, Paulo Zubiarrain,
Basarri, Uztapide, Ondartza eta Zepai.

Argazkia: Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak.

 

 

TXAPELKETAK

 

      Milla ta bederatzireun da berrogei ta bostean izan zan Tolosan bertsolarien txapelketa bat. An giñan gu ere. San Migel biaramona zan, Agorraren ogei ta amarra. (...)

      Zazpi bertsolari giñan: Zepai, Asteasuko Batista Kortajarena, Saiburu edo Lujanbio, Mitxelena, Pablo Zubiarrain Ernani-Txikia, Basarri eta ni, Uztapide. (...)

      Alako batean jaikitzen da don Benantzio Errekalde, ta lenbiziko saria Basarrirentzat zala ta bigarrena Uztapiderentzat; irugarrena Mitxelena, eta laugarrena Pablo Zubiarrain, Ernani-Txikia”.

[Uztapide, Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak]

 

      Batean Txapelketa Bergaran jokatu, eta Mitxelena aurrena, eta bigarren Paulo Txikiarekin enpate Altxo. Gero finala jokatu behar zuten, eta Mitxelenak irabazi eta bigarren Paulo, eta gure Altxo bosgarren geratu omen zen. Seigarren Zepai eta zazpigarren Txapel izan ziren.

[Florian Oiarbide]

 

 

BERTSO IDATZIAK

 

      Ia orain denbora gutxi arte kantatu det plazetan. Orain amar bat urte edo ola geratu. Baiña bertsorik ez det orain arte paperean jarri. Ezta bein ere burura etorri. Ez nuen jarriko ere nik bertsorik sekulan. Baiña orain bi-iru urte, txerria iltzera etzi joan bear dedan anai orrek, Joxe Mari, Lexotiren koñadua, Epeleko Bordaberri’n bizi danak, onela esan zidan:

      — Ez al dek bein ere bertso-aldi bat edo zerbait jarri bear, señalea uzteko bertsolaria izan aizela? Jar itzik, motell; besterik ez bada, Adarra mendiko bordari. Ta uraxe buruan artu ta artantxetik asi. Bestela, nik ez nuen bertsorik jarriko. Orain, berriz, orixe ari naiz pentsatzen: zapateriko traste zar oiek danak saldu, badaukat erostuna gaiñera. Ta, urte asko ez baidauzkat nik mundu ontan bizitzeko, irurogei ta amalaugarren urtean banoa-ta, ortan bakarrik ariko nintzake: bertso jartzen.

      Mendi zoko batean dago gure beste anai baten etxea: Labezarreta. An bakar bakarrik jarri, goizean jeiki ta antxe, beste gauzik buruan ez daukatala.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]

 

      Gure Paulo artzain ibilia zen, Adarra mendin. Adarrako iturritik, Iturri goxotik haruntzaxeago zegoen borda zahar-zahar bat: Agerre. Huraxe zen Epeleko gure aitonaren borda. Bertso ederrak badauzka bordari jarriak gure mutilak:

 

Borda xar honek ematen zigun

nahiko esnia eta zezina

orain besterik ez dago hemen

pinua eta zikina

borda gaixuak bueltan daduka

uhuntza, larra ta osina

aitona laxte hilko zinake

berriz pixtuko bazina.

 

[Antonio Zubiarrain]

 

      Bi liburu argitaratuak ditut: “Ia kantatuz bezela” (Auspoa, 190) eta “Gaziak eta gozoak” (Auspoa, 194). Eta beste liburu bat ateratzeko adina ere badut idatzia. Nik buruan beti bertsoa ibiltzen dut bueltaka. Bertsoari diodan maitasunagatik. Eskopeta, ehizako txakurra eta bertsoa. Hiru horiek nire-nireak ditut.

[Paulo Txikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]

 

2001ean egindako elkarrizketaren ostean
Hernaniko bertso eskolako kideekin.

 

 

OMENALDIAK

 

      Paulori bi omenaldi egin zizkioten, bat Euskal Herri mailan, Loidisaletxerekin batera. Hango bertsoak:

 

Eskertu nahi zaituztet

ahal nezaken gisan

guretzako gaiztoak

ez zerate izan

erregutuko diot

jaunari elizan

entzule maite hauek

zintzo gorde ditzan

norbere etxean ta

geroko bizitzan.

 

      Eta beste omenaldia Elur Txori elkartean egin zioten, 1987an.

[Juanjo Uria]

 

 

GERRAKO BIZIPENAK

 

      Paulok izugarri sufritu zuen gerran. Teruelen ikasi zuen galtzerdi egiten. “Hamar fusilatu behar dira!” zozketa egin eta jarri hiru-lau hormaren kontra, eta “horiek fusilatu behar dituzue!” “Kaben dio, nik ez dut inor hil nahi”! pentsatzen duzu, baina ez baduzu bestea hiltzen zerorri hilko zaituzte! Paulori aditu izan nion fusilatzera derrigortu zuten batek fusila jira egin zuela eta ra! bere buruari tiro jo.

[Antonio Zubiarrain]

 

 

NERE BURUARI

 

        1

Gaztea izan nintzan

baiñan orain zartu,

ondu egin bearrean

jenioa txartu.

Burua zuritu ta

gerria gogortu,

ez det aspaldi ontan

asko aurreratu.

 

        2

Zartzea da sendatu

ez liteken miña,

orrek txikitutzen du

gizonik aundiña.

Orain naiko txuleta

badaukagu baiña,

alare ez naiz leno

aza janda aiña.

 

        3

Txori-kabien billa,

saltoka jostatzen,

orduan ez giñaden

askorik nekatzen.

Garai artan ez gendun

orrela pentsatzen,

ara uste gabean

nola dan etortzen.

 

        4

Ez giñan nekatutzen

igotzen mendira,

errez joaten giñan

nai gendun tokira.

Salto egin da igual

aidean bi jira,

orain ementxe nago

besteai begira.

 

        5

Len ibiltzen giñanak

salto eta dantza,

ustegabe asi naiz

egiten balantza.

Ondo ibilitzeko

au da esperantza,

eserita jartzean

ezin gaituk altza.

 

        6

Etzanda jartzen banaiz

gero nork mugitu?

Belarritikan ere

ezin det aditu.

Bista’re bajatu ta

ajeak berritu,

demoniño gaiztoak

arrapatu gaitu.

 

        7

Gabez igual parranda

ta egunez lanean,

asko nekatu gabe

sasoia zanean.

Beti ibiltzen giñan

umore onean,

eziña etorri da

zartu geranean.

 

        8

Guk ere len ez gendun

sasoiaren palta,

orain leno bezela

ezin degu salta.

Desgastea ta reuma,

kojua galanta,

arpegia zimurra,

au degu au planta!

 

        9

Lagunikan onena

andrea orduan,

naiz beti ez ibilli

beraren onduan.

Aren esanak zintzo

egin baginduan,

geren buruarentzat

obeko genduan.

 

[Paulo Txikia, Gaziak eta gozoak, Auspoa 194]

 

 

HARITZ BATEN BIZITZA

 

        1

Ni arbol bat naiz sortu nintzana

mendian arkaitz onduan,

ezkur-ale bat nunbait bizirik

an gelditu zan neguan.

Udaberria etorri zan da

aretxek piztu ninduan,

pixkabanaka azi nedien

gero urteen buruan.

 

        2

Ezkur artatik muskil txiki bat

azaldu nintzan aurrena,

lurrean zaiña itsatsi eta

gora jo nuen urrena.

Gorputza gero adar da ostoz

tapatu zitzaidan dena,

ta izan nintzan mendi artako

arbolikan ederrena.

 

        3

Urte askoren buruan baiña

ni azitzen egunero,

bitarte artan pasea nintzan

amaika otz eta bero.

Jela, elurra ta aize miña

eta eguzkia gero,

zer izaten dan badaki batek

aurrez probatu ezkero.

 

        4

Nere garaian ni ere asi

nintzan ezkurra ematen,

usoak eta ango piztiak

maitasuna bazidaten.

Zenbat basurde aundi ta txiki

an allegatu zan jaten?

Nere frutuak pizti aientzat

etziran txarrak izaten.

 

        5

Amaika txori politen kantak

pozez entzuna nago ta

txantxangorria egunsentian

an asiko zan txioka.

Ark bazekien arbol-zuloan

nola egoten zan ontza,

arentzat biak berdiñak ziran

beroa bezela otza.

 

        6

Ez dakit zenbat urte dituten

baiñan bai zarra naizela,

ni ez ninduen aizeak orren

errez botako bestela.

Obe luteke an banengoke

zutik lenago bezela,

seguru nago ango piztiak

pena izango dutela.

 

        7

Nere frutua jaten zenduten

ainbeste uso ta txerrik,

pena bat daukat: zuek goseak

utzi bearra bakarrik.

Nere adarrak igartu ziran,

ez det emango ezkurrik,

emen ez baita iñor betiko

etorritako pizkorrik.

 

        8

Arbol azpian ainbeste pizti,

nik goitik ezkurra bota,

jan zezatela nai zuten aiña

ortarakoxe nago-ta.

Muxarra ere nere gaiñean

an ibiltzen zan saltoka,

sapelaitzak’e ni izan nindun

lo egiten zuen kota.

 

        9

Ni arrapatu ninduen gero

ezkurrik eman eziñak,

gorputza untzak tapatu zidan

ta igartu zaizkit zaiñak.

Txepetxak ere nere gerrian

amaika kabi egiñak,

piztiak izan ziraden nere

maitalerikan aundiñak.

 

        10

Zer gauza piska geran lur ontan

ez naiz oroitu izandu

—au aize arek len botatako

arbola zarrak esan du—.

Sortu nintzaden da gero azi,

igartu eta usteldu,

emen gizonik jakintsuenak

ere ala egiten du.

 

[Paulo Txikia, Gaziak eta gozoak, Auspoa 194]

 

 JOXE BLANCO SALVADOR | ZUBIARRAINDARRAK PAULO ZUBIARRAIN OTXOTORENA “HERNANI TXIKIA” | ZUBIARRAINDARRAK ANTONIO ZUBIARRAIN